Urdaibaiko errotagintza hidraulikoz idatzitako lehenengo datua 1095ekoa da. Orduan, Tecla Andere kontesak, Lopez Iñigezen emaztea, San Millan de la Cogollako monastegiari Bermeoko Almikeko monastegia eta bere ondasunak (errotak barne) dohaintzan eman zizkion.
Datu honek oso argi uzten du erroten jabegoa eta beraz, urarena eta airearena, idatzizko frogak daudenetik aurrera behintzat, Konteen, Konteseen eta Jauntxoenak zirela.
1452ko Foru Zaharrean zein 1526ko Foru Berrian eta ordutik aurrerako Batzar Nagusietako Dekretuetan garauen, uzten, erroten eta olen inguruan arau praktikoak ezartzen dira.
Hiri-Gutunek, Hirien eskuetan uzten zuen bere lurraldetik igarotzen ziren urak herritarrek erabiltzeko eta urez gozatzeko zuten eskubidea.
Burdinolen funtzionamendurako urak zuen garrantzia dela eta bere aprobetxamenduak gatazkak sortzen zituen burdinola eta erroten artean. Foru-arautegiak, edozein ur-emariz baliatzeko lehentasuna ematen zion burdinolei. Ur eskasia zegoen garaietan errotek produkzioa eten behar izaten zuten.
Horrelako egoeran aurkitu zen 1701ean, Arrietako Errotakuria errota. Aurreko errota horrek ura pilatzen zuenean Errigoitiko olak jasaten zuen kaltearen berri jaso zuen Korrejimenduak. Aurreko demandan, 1663koan alegia, uztaila, abuztua eta iraileko hileetan ura pilatzea baimendu zitzaion errotari, hain zuzen hilabete horietan burdinolak ez zuelako lanik egiten. Baina, nonbait, akordio hau ez zen ondo bete eta arestian aipatutako ondorengo demanda jarri zen.
Errotak ugaritzearen aurrean, uren aprobetxamendua, presen eraiketa, erroten kokalekua eta besteak arautu behar izan ziren. Errota “suseroa” edo goikoak, lehentasuna zuen “yusero” edo behekoaren aurrean, lehenengoa bigarrena baino antzinakoagoa zela egiaztatzen bazen behinik behin. Halere, erroten arteko liskarrak agertzen ziren. Arazoa, ura hartzeko orduan sortzen zen, errota berrientzako presak eraikitzean, alegia. Esate baterako, 1806an, Bermeoko Domingo Beitia Olakoak, Laatxu errotaren jabeak, Manuel Aldamiz salatu zuen, bere errotaren goialdean eraiki zuelako errota eta ondorioz, ez zelako ur nahikorik bere errotarentzat, ura presan batu eta desbideratu egiten zuelako Manuel Aldamizek. Antepara eta ur-biltegia jartzea debekatu zitzaion; horren ordez, Laatxukoa besteko zabalerako presa eta antepara jartzea baimendu zioten; urak bideari jarraitzeko, antepara eta kanpoko errotarriarentzako ubidea, berdinak izan beharko zuten.
Erroten jabegoa XVIII. mendean (errota hidraulikoen urrezko mendean) bi eratakoa izan zitekeen:
+ Udal-jabegoa: 1704ko sutegi-erroldan ondokoak ageri dira: Morgako Elizateak Zubizarretako errota zuen errentan, Forun Errepublikaren errota berria aipatzen da, Ereñoko Elizatean Zea Basterretxea errota aipatzen da Bilbo Hirikoarena. Bestalde, Gernikako Hiriak errota bat zuen alokairuan eta 44 erreal kobratzen zituen urtero eta Foruko Elizateak, berriz, Errotabarri, Asparroaga eta Belabeaskoa errotak zituen errentan 363 errealetan lehenengo biak eta 198 errealetan hirugarrena. Baina, Independentziaren Gerraren osteko Foruko udalerriaren zorpetze-maila altuak saltzea ekarri zuen eta horrela igaro ziren esku pribatuetara.
+ Pribatua: Errota gehienak esku partikularretan zeuden. Jabego-sistema honen barruan, ekoizpena errazteko bi eratako jabeak zeuden:
a) euren errota errentan ematen zutenak.
b) errotan bertan bizi eta ustiapenarekin arduratzen zirenak, errota-etxea alegia. 1799an bakarrik Arratzun 4 (Agirreelespeiti, Zubiate, Ubakela eta Barroetabeazkoa) zeuden. Bermeon, 1704an, 2 ziren. Busturian, 1629an, 1 (Olaerrota). Ean, 1746ra arte, bakarra (Urtubiaga). Ibarrangelun, 1787an, 6 (Laa, Laatxu, Oxinbaltz, Malgarraz, Ibarra eta Zobaran Etxebarria) ziren. Ereñon 1704n, 1 (Cea) zen eta 1745ean Aldekoerrota. Nabarnizen, 1745ean 1 (Goikolea) zen. Gautegiz Arteagan, 1745ean, 10 ziren eta, 1810ean, 5 ziren. Kortezubin, 1745ean, 2 ziren. Foruan 1795etik 1814ra 2 (Urkieta eta Patxoerrota) ziren. Errigoitin, 1745ean, 6, eta 1799an, 5 (Barrenerrota Behekoa, Barrenerrota Goikoa, Bolinaga, Aurten Errota eta Errotatxu) ziren. Munitibar-Arbatzegi-Gerrikaitzen, 1799an, 3 (Uribai, Agorria eta Goikolea) ziren. Mendatan, 1799an, 3 (Gogortza, Ikadia eta Olako errota) ziren. Muxikan, 1799an, 1 (Pardila) zen. Morgan, 1799an, 1 (Errotatxu) zen.
Errota-etxeen barruan errotarena egiten zuen gela ohi zen, gainontzeko geletatik bereiztua.
Errotek XVIII. mendera arte jabego bakarra izan bazezaketen ere, honen eraikuntza-gastuengatik eta aurrekoari aurre egiteko orduan oso baliabide gutxiko ekonomia duen Herrialdean eskasean sortuko ziren zailtasunengatik eraiki ahal izateko gizabanako desberdinak elkartu ziren. Jabego-mota honi jabetza indibisoa deitu zitzaion. 1745ean, Muxikan, Uriguenengoa errotak bi jabe zituen baina bakarrik batek ustiatzen zuen. 1795ean jabego-mota honek oso harrera ona izan zuen Gautegiz Arteagan (12 errotatik 8 dira indibisoak), Busturian (14tik 3 dira indibisoak), Kortezubin (4 errotatik 3 dira indibiso eta hiruretan ageri dira jabe berberak). Ez zen izan hainbesterik Mendatan (Osoroaga errota), Muxikan (Bolunaga errota), Arratzun (Usabal eta Uharka errotak), Ajangizen (Urrengoerrota errota), Natxitua-Ean (Olagarte errota), Morgan (Añaka errota), Ereñon (Bollar)...
Kortezubin, dirudienez, bazegoen herri-errota, Oma auzoko Bolunzulo Goikoa alegia. 1775ean, 11 auzokideren eskuetan, gehienak auzokoak, zegoen eta 1796an esaten zenez jabeek euren etxetik erabiltzen zuten.
1656tik 1746ra Ea Urtubiaga errota indibisoa zen eta errentariek ustiatzen zuten eta ez, beste kasu gehienetan gertatzen den bezalaxe, jabeek. Berezitasun honen azalpena honetan egon daiteke: ur-errota izan arren, izen bereko burdinolari lotuta egotea. 1779an, Ean, bakarrik Ubillagako errotak erabiltzen du sistema hau. Data horretatik aurrera jabego indibisoa desagertuko da Ean, Bizkaian gertatuko den bezalaxe.
Taula honetan Urdaibai eta Busturialdean errota-rekin edo erroten elementuren batekin osatutako zenbait toponimo eta oikonimo bildu dira. Ezer arkitu ez denean marrak (---) jarri dira. Amorebieta-Etxanoren kasuan bakarrik begiratu da Biosfera Erreserban sartzen den eremua.Busturialdean bazeuden senide ospetsuenak ziren errotak, Madrilgo Jose Maria Allendesalazar (Arratzuko Zubiaur errotako jabe bakarra) eta Montijo eta Bañosko Kontesa (Usabal errotako eta Gautegiz Arteagako Goenerrotako jabe indibisoa zen) esaterako. Zenbait kasutan jabe batek bere kideen zati guztiak eskuratzen zituen eta jabe bakarra izatera igarotzen zen. Horrela gertatu zen Busturian Torre Altako Markesarekin Apraiz errotaren jabe bakarra (1745ean birena izan zen) bihurtu zenean. Baina hain jabe ospetsu ez zuten errota ugarik ere bide berbera jarraitu zuen. Adibide ugari daude: Gautegiz Arteagan, 1795ean, Osinaga eta Ozollokoerrota errotak eta 1810ean Orueko errota; Mendatan, 1814an, Olakoerrota errotarekin edo Errigoitin, 1810ean, Ikaran errotarekin.
XVIII. mendean errentan zeuden errota batzuk soilik ordaintzen zuten espeziatan, Gautegiz Arteagako Ozollokoerrota esaterako 15,5 anega gari ordaintzen zuen. Bazeuden Mendatan, Arratzun, Ajangizen, Kortezubin...
Bazeuden zergak ordaintzen zituztenak ere. 1795ean, Montijoko Kontesari Arratzuko Errotatxu errotak (16 lakari) eta Gautegiz Arteagako Olalde (2 anega gari), Ozollokoerrota (1 anega gari) eta Ojangoitia (70 duket) errotek ordaintzen zizkioten. Urte horretan, Arratzun, Belendizko eta Goikoerrotako errotek Manuel Maria Urdaibairi 2 anega gari ordaintzen zizkioten hurrenez hurren. Jauntxo honek erroten alokairutik lortzen zituen irabazien %40 baino gehiago Foruko Urerrota errotatik lortzen zituen. Ez da harritzekoa beraz, XVI. mendearen amaieratik gutxienez XIX. mendearen erdialderaino Urdaibai familiaren jabetzakoa izatea. Kortezubin, Errotabarriko errotak Bañosko Kontesari 1 anega gari ordaintzen zion eta, Bolunzulo Goikoak, 3 peso Olako etxeari.
Gaur egun, errota gehienak jabego pribatukoak diren bitartean, ura eta aire guztia, printzipioz, ez da inorena.
Artisautzazko errota-instalakuntzen urrezko mendea XVIII. gizaldia izan zen ezbairik gabe. José Angel Barrio Loza eta beste batzuen aburuz (Arqueología, Urbanismo y Arquitectura Histórica) Bizkaian 600 irin-errota ziren, baina Ana M. Gutierrez Ibarrechebea, Juan José Muñoz Lobo eta Salbador Ariztondo Akarregi ikertzaileek (La industria molinera en Vizcaya en el siglo XVIII) 1796ko fogerazioan oinarrituta 703 zirela diote.
La industria molinera en Vizcaya en el siglo XVIII deitutako lanari erreparatzea mende horretan errotagintzak izan zuen garrantziaz ohartzeko ezinbestekoa da. Horrela, Busturialdean, 1704ko sutegi-erroldaren arabera 36 errota ziren (Bakio ere zenbatzen da, nahiz eta azken hau gaur egun beste eskualde batekoa izan). 1745ean, aipatzen den gorakada nabarmena da, 119 errota daude. Hortik, 19 errotetxeak eta 5 ola-errotak dira. Errotetxeak 12 eta ola-errotak 10 dira. Hazkundea eskualdean, orokorrean, jarraia da. Gernika lehendabizi ageri da sutegi-erroldan, 1796an hain zuzen, 6 errotekin.
Iturri bibliografiko desbedinetan bildutako datuetan (Protokolo Notarialak, Propio eta Arielak, Fogerazioak, Estatistikak, Pleitoak eta Autoak, udal-artxibategiak, herritarrek emandako datuak... ).Ajangizen, 1635ean, 3 errota zeuden. Horietako bat Larruzondo izenekoa eta 1602ko errenta batetik 1746ko sutegi-erroldaraino iraun zuela badakigu, baina aurrera egin ahala erreferentziak desagertu egiten dira eta bere lekuan Arestietako errota eta burdinola izendatuko dira. 1862an 4 errota ziren: Berrekondo errekaren urak aprobetxatuz bi Goikoerrota eta Bekoerrota edo Errotabarri), Oka ibaiarenak aprobetxatuz Arabietakoa eta laugarrena zen. Arestietakoa berriz ez da ageri, nahiz eta 1825ra arte gutxienez martxan egon zen. Litekeena da Goikoerrota errota antzinako Arestieta burdinola izatea.
Arratzun errota asko egon ziren eta urteekin kopurua ez da askorik aldatu. 1635ean 10 zeuden eta 1825ean 10 ere. 1799an, berriz, 13 izatera (Agirreelespeiti, Arrandieta, Barroetabeazkoa, Bekoerrota, Goikoerrota, Errotabarria, Errotatxu, Motxobegoikoa, Ubalekua, Uharka, Usabal, Zubiate eta Zubiaur) heldu ziren. 1815ean Urbitarte errota aipatzen da. Erroten irabazi gehienak kanpoko jabeentzat izaten ziren.
Arrietan, errota-kopurua altua da. 1635ean 4 egotetik 1745 eta 1746 urteetan 9 izatera (Arkatxegi, Mutiondo, Elordizelai, Olatxua, Kornabiz, Villanza, Elorriaga, Oxinaga eta Beresondo) igaroko dira. Hortik aurrera, kopurua (6) nahiko konstante mantenduko da. XVIII. mendean Bekoerrota, Barrenerrota eta Cruceta errotak agertuko dira.
Bermeon, Artike eta Arronategi erreken arroak, ura Oka ibaira isurtzen dutenak, ibai-arro txikiak izan arren errotak izan zituzten bakarrak izan ziren. Agirietako albisterik zaharrena Çelaya errotarena (“sito en la Artigas de dha. villa”) da eta 1567an eraiki zen. Beranduago, 1635ean, Bermeon egindako erroten bisitaldi orokorrean 12 errota aipatzen dira. 1704ko sutegi-erroldaren arabera 14 ziren. Iturrizaren aburuz, 1787ko bere “Historia General de Vizcaya” lanean 22 errota aipatzen ditu Bermeon eta horietako bat, Santa Mariñako errebalean zegoena, lurrunezkoa zela zehaztu zuen. Iradik, 1844ean, harri biko (bata garirako eta bestea artorako) 24 irin-errota aipatu zituen. Labayruk, XIX. mendearen amaierarako 7 bildu zituen Bermeo eta Almike artean, nahiz eta ikertzaileak berak onartzen zuen datu hori ez zela oso zehatza. Hauek datu guzti hauek argi uzten digute zer-nolako garrantzia lortu zuten errotek Bermeon eta bere jurisdikzioan. Alberto K. Astuy Zarragak, 1985ean, “Bermeoko Errotak” artikuluan Iturrizak aipaturiko 22 horietatik 16 (Beledrone, Erramuene, Estrada, Eskerrota, Landa, Mazaleriaga, Olaerrota, Ondarre, Santierrotane, Tranpa, Tribizkoerrota –Busturiari dagokio-, Txominantone, Txukene, Utzuene eta Frantzune) bakarrik aurkitu zituela dio. Irune Allikak eta Bitor Uriartek 2007an argitaratutako “Bermeoko Toponimia” lanean, beste 13 (Azatarro, Agirre, Barruti, Errotabarria, Errotamodorra, Errotaederra, Errotatxu, Errotazarra, Etxebarrierrekako errota, Kafrankako errota, Landagoiko, Nafarrolako errota, Oiangortako errota, Olazarreta eta Trake) gehitzen dituzte.
1629an, Busturian, 16 errota (Akerrota, Almika, Amasaoch, Apraiz, Asquicua, Basabe, Bi Errotabarria, Errotaederra, Errotamodorra, Errotazarra, Mazaleriaga, Olaerrota, Ondarre, Tribizkoerrota, Zelaia) izan ziren. Olaerrota izan ezik beste guztiak alokatuta zeuden. Harritzekoa da 1665ean 9 bakarrik egotea. Hori horrela izan daiteke sasoi horretan Bermeo inguruko elizateekin auzietan ari zelako, Busturiako elizatearekin besteak beste. 1704ean 9 (Amasaoch, Apraiz, Beotegi, Gordoniz, Olaerrota, Oxinbaltzaga, Tellaetxe, Tribiz eta Zeleta) ziren. 1745ean Arbe errota agertzen da. 1795ean 13 (Alarbin Bekoa, Alarbin Goikoa, Amasaoch, Amunategi, Apraiz, Arbe, Beotegi, Charapiola, Olaerrota, Oxinbaltzaga, Tellaetxe, Tribizkoerrota eta Zeleta) ziren. 1799an, lehen aldiz, aipatzen da Erdiko Errota. 1810ean ere 16 (batzuk izenez aldatuta: Oñarte, Renteria eta Muxua) izan zituen. Jabe gehienak Busturiatik kanpo bizi dira eta udalerri honetako auzokideei alokatu dizkiote errotak. 1823an beste berri bat, Txukurriaga edo Etxetxubarri izan daitekeena, agertzen da. 1838ko errolda (Zubiondo errota aipatzen da) 1810ekoaren antzekoa da. Jabegoaren egituran, ustiaketa-eran eta jabeen bizitza-egoitzari dagokienez aldaketa batzuk eman ziren. Erroten jabegoa zabaldu egiten da, bi errotatan izan ezik beste guztietan euren jabeak ari dira lanean eta azken hauek Busturian bizi dira orain.
Natxituako eta Bedaronako Elizateek, gaur egun Eako udalerria osatzen dutenak, jada 1635etik errotak izan zituzten. 1746an 7 (3 Natxituan: Legarza, Urtubiaga eta Ea, 4 Bedaronan: Irubeta, Ojarbe, Ubillaga Erdikoa eta Ubillaga Bekoa) ziren. 1799an 8 (4 Natxituan: Legarza, Urtubiaga, Ea eta Olagorta; 4 Bedaronan: Ojarbe, Ubillaga Goikoa, Ubillaga Erdikoa eta Ubillaga Bekoa) zeuden. 1863an 8 (3 Natxituan: Urtubiaga, Ea eta Olagorta; 5 Bedaronan: Ojarbe, Ubillaga Goikoa, Ubillaga Erdikoa, Ubillaga Bekoa eta Goikoetxe) ziren. 1925ean, Ean, 3 errota (bi errotari bakarrekoak eta bat bikoa) ziren eta horietako bik 1935era arte martxan egotea lortu zuten. 1947ra arte errotak martxan egon zirela baiezta daiteke.
Ereñok 1704ean Zeako errota-etxebizitza zuen. 1745an bi errota (Aldekoerrota eta Zeakoerrota) zituen. 1796an 5 izatera (Zeakoerrota, Aldekoerrota, Urrutia, Bollar eta Zea Basterretxea) igaro zen.
Errigoitin, XVII. gizaldian zortzi errota, aipatzen dira. Horien artean, Uriarriko olako errota eta Goikoerrota ez dira XVIII. mendean aipatu ere egingo. XVIIIan 12 izatera (Aikarangoerrota, Artetxea, Artzaga, Aldaikoerrota, Aurtenerrota, Barrengoerrota, Bolinaga, Errotabarri, Errotatxu edo Errekalde, Mosueta, Olapreseaga eta Oxinbaltzaga) igaroko dira. XIX. mendean, lehenengoz, Bekoerrota aipatzen da.
Foruan, gunerik garaienetan kokatuko dira, Urberuaga eta Baldatika auzoetan eta Baldatikaerreka errekaren inguruan. Padura-eremuan, berriz, itsas-errotak kokatuko dira. Baina Foruan ez zen inolako itsas-errotarik egon.
XVII eta XVIII mendeen artean Foruako errota-kopurua handitu egingo da. Luberriketa-lanen areagotzea alde batetik eta arto-sailak handitzea bestetik errota gehiago egotea eskatuko dute. Horrela bada, Forun, XVIII. mendean zehar hamar errota (Asparroaga, Belabeazkoa, Belaerrota, Errotabarria, Gorritiz, Pachoerrota, Txominerrota, Urerrota, Urjausi eta Urkieta) izan ziren. XIX.ean zehar bostera (mende honen hasieran berri bat aipatzen da, Gasteluerrota errota) murriztu ziren.
Gautegiz Arteagako eta Kortezubiko elizateek orografia malkartsua erakusten dute. Bertako ibai-arroaren malda handiak eta mendiak itsasadarraren bokaletik gertu egoteak errotak kokatzea erraztu egin dute. Horrela, 1635etik aurrera errotak egon dira bi udalerri hauetan. 1704ean 2 errota (Olakoerrota eta Errotabarria –itsas-errota-) zeuden Kortezubin eta 3 (Goenerrota, Barrenerrota eta Olaldea) Gautegiz Arteagan. 1745ean Kortezubin 5 errota (Olakoerrota, Oronzulo, Errotabarri, Errotabarri Andicoa eta Martimonte) eta Gautegiz Arteagan 14 (Olalde, Barrenerrota, Olabeta, Goenerrota, Ojangoitia, Oxinaga, Orue, Baraiz-ondo –itsas-errota-, Ozollo mendicoa, Ozollocoa –itsas-errota-, Urizar, Isidoro, Atxandiaga-I eta II, eta Kanala.) ziren. 1796an Kortezubin 4 (Homa –Olakoerrota-, Bolunzulo eta Bolunzulo Goicoa, eta Errotabarri) dira eta Gautegiz Arteagan 12 (Barrenerrota, Goenerrota, Olalde, Arriandiaga, Icoaco errota –itsas-errota-, Oleta, Ozolloco errota –itsas-errota-, Oxangoitia, Arostegi –itsas-errota-, Baster erreca –itsas-errota-, Baraiz –itsas-errota-, Atxandiaga). Gautegiz Arteagak izandako errota-arro garrantzitsuena Errekaldekoa, hots, Ereñozar mendiaren magaletik doan errekastoaren ertza izan da. Kortezubin, berriz, Omako haraneko arroan kokatu ziren gehienak. Udalerri biek itsas-errotak ere izan zituzten.
Gernika-Lumoren kasuan nekez jakin daiteke une bakoitzean zenbat errota egon ziren, eta, gainera, ogasuneko iturriek oso bakanetan zehazten zuten non zeuden kokatuta. 1745eko sutegi-erroldan Gernikako Hiribilduan ez da errotarik aipatzen eta Lumoko Elizatean bi (Etxebarrikoerrota eta Madura). 1793an, San Pedro parrokiako agiri batek 7 errota aipatzen ditu. 1796ko fogerazioaren arabera, Gernikako Uribilduan, 6 errota zeuden, eta batere ez bere jurisdikzioan. Bazeuden bi Mendatan (Estiolaza eta Lamikizko Kofradiako errotak), bat Muxikan (Ibarruriko Mauma), beste bat Ereñon (Zea), beste bat Foruan (Migel Maria Urdaibairen errota Baldatikan. Agian, gaur egungo Goikoerrota?) eta seigarrenaren inguruan ez dago inolako daturik. Sutegi horretan, Lumoko Elizatean, errota bi aipatzen ditu, Etxebarriko errota eta Madura. 1799ko udal-errenten eta arielen zerrendan Goikoerrota errotaren zergak baino ez ziren jaso. 1845ean Madozek 7 bolu edo errota aipatzen ditu. Badaude aurkituta Madura, Etxebarrierrota, Goikoerrota, Aizerrota -haize-errota-, Olaerrota eta Ibaibarria -zalantzazko itsas-errota-, baina besteetaz ez dago inolako aztarnarik. Agian, Madozek Lumoko Elizatetik gertu zeudenak, baina beste jurisdikziokoak zirenak zenbatu zituen. XX. mendearen azken laurdenean Errenteria auzoa Gernika-Lumoren parte izatera igaro zen. Orduz geroztik, Urrengoerrota errota ere Gernika-Lumon dago.
Ibarrangelun, 1635erako 4 erroten (Oxinbaltz, Laa, Malgarrax eta lastarria) berri ezagutzen ditugu. 1638an 5 (Oxinbaltz, Laa, Malgarrax, Lastarria eta Iturriotz) ziren. 1746an 8 errota (Laa, Laatxu, Oxinbaltz, Iturriotz, Zubibarriagatxu, Arriandiaga I eta II, eta Apraizbeaskoa) zeuden. Lastarria auzotik Elexalderaino 5 errota eta Zobaran eta Apraiz auzoan beste hiru. 1.800ean 9 errota (Arriandiaga, Apraizbeaskoa, Ibarra, Iturriotz, Laandia, Laatxu, Lastarriaandia, Oxinbaltz eta Zobaranetxebarria) zeuden. 1805ean Urreta errota eraiki zen. Denak Laga errekaren ertzeetan zeuden, zaharrenak Laga errekaren behealdean eta berrienak goialdean. 1975ean lau (Laandia, Laatxu, Oxinbaltz eta Malgarrax) errota aritzen ziren.
Mundakak ez zuen errotagintza-industriarik izan.
Munitibar-Arbatzegi-Gerrikaitzgo erroten inguruko agirien artean zaharrenetariko bat 1502koa da. Horren arabera, Ziortzako kolejiatak Zuzaeta baserriarekin erdibana zuen 300 sagarrondoko errenta baserri horretako jabeek eraikitako errotaren erdiaren truke aldatu zuten.
XIX. mendean zehar, errota-kopurua, Munitibar-Arbatzegi-Gerrikaitzen zein Mendatan XVIII. mendearen amaieran baino txikiagoa izango da. Mendatan 1799an 12 (Olatxu, Olazarra, Goenolea, Ororoaga, Olabeko Errotabarria, Beazkoerrota, Albizondo, Trebolaerrota, Olabebeazkoetxea, Gogorza, Ikadia eta Olakoerrota) zeuden. Mendatako Zarrako Errotabarria, Errotazuri eta Estillotza errotak berriagoak direla pentsa dezakegu 1799raino, gutxienez, ez direlako aipatzen. Egoeren arabera, errota askok euren funtzionamendua eten zuten, baina mantendu egin ziztuzten instalakuntzak aurrerago lan egin ahal izateko. 1799an 9 errota (Munditibar, Olatxua, Kubo, Uribai, Bengolea, Garro, Agorria, Goikolea eta Elortza) izan zien. Egoera on horren ostean beherakada nabarmena gertatzen da Munitibar-Arbatzegi-Gerrikaitzen. Horretan, gerran izandako kalteak, baina, batez ere, lanik ez izateagatik errota askok gelditu behar izatea eragingo zuketen.
Morgako errotei buruzko lehendabiziko berri zehatza 1704ko sutegi-erroldakoa da. Bertan bost errota aipatzen badira ere, ez dira euren izenak ageri. XVIII. mendearen amaieran, iturriek erroten izenak aipatzen dituzte, nahiz eta bat gehiago sartzen duten. Ondoko hauek ziren: Errotatxu, Sagasti, Larrabarrieta –udalarena dela aipatzen zen, baina 1704an Zubibarrietako errota zen udal-jabegokoa-, Erroteta, Ubilla eta Meakaurekoa, izen bereko olaren aldamenean. 1746an ondoko errotak aipatzen dira: Meakaur, Ubilla, Erroteta, Sagastierrota, Errotatxu, Zubibarrieta, Zugazaga eta Zorrozondo.
Muruetako elizatean 1639an Gana errota (beranduago Matorduene moduan ezagutuko dena) deiturikoa izan zen, gaur egun Busturiako udalerrian dagoena. 1745ean Maiukitzako itsas-errota eta Olatxua errota izan ziren. Azken hau burdinola izan zen lehenago.
Muxikan, 1799an, 21 errota ziren, era honetara bananduta: 12 Muxikan (Bekoerrota, Errotabarri, Erzila, Eskoakoerrota, Galzarre, Igartua, Pardilla, Txorierrota, Ugarte, Uriguen, Zarrakoa eta Zubieta), 7 Ibarrurin (Errotatxu, Errotabarri, Errotazarra, Gomeztegi, Olatxua, Olatxua Maguna eta Maguna) eta 2 Gorozikan (Arbina eta Zugaztieta).
Nabarnizko lehendabiziko errotak 1745. urte aldera agertu ziren. Hiru (Goenerrota, Aurtinaerrota eta Goikolea) ziren. 1796an 4 (Goikolea, Carrera, Guenerrota eta Aurtenerrota) ziren. 1817ra arte bost izan zituen.
Sukarrietak hiru errota izan zituen. Porturas errota Sukarrietan (1746ko sutegi-errolda), Baster Erreka Kanalan (1766ko notaritza aurreko eskritura) eta beste bat Sukarrietan (1800eko errolda). Litekeena da hiru errota hauek itsas-errotak izatea.
Urdaibain oraindik ere martxan dauden ibai-errotak aurki daitezke. Eurei erreparatuz oinarrizko eredua jarraitzen dutela esan dezakegu: errekan bertan eraikitako harrizko aurpegi leuneko presa txikiak dituzte eta euren betebehar bakarra hegaletik doan ubide luzetik (500 m baino luzeago Gernika-Lumoko Madura Errotan, eta 1000 m baino gehiago Mendatako Errotabarrin) errotaren presara edo antaparara ibaiko ura bideratzea da. Beranduago, antaparako konporta irekitakoan, ura indar handian ateratzen da zulotik, txifloitik alegia, gehienetan hasieran egurrezkoa bazen ere Errotabarrin (Mendata) harrizkoa zen eta gaur egun gehienetan metalezkoa da. Ur-zorrotada honek gurpil edo errude horizontaleko hegalen kontra jotzen du. Gurpil hori ardatz bertikalari lotuta dago eta ardatzak harriak eragingo ditu. (Artoan artoaren lantzea argudiotzat hartuta erroten funtzionamenduaren eta bestelakoen inguruan infomazio gehiago sakontzeko aukera dago).
Bi errota-ardatz izatea ohikoena zen, nahiz eta ardatz bakarreko eraikin txikiak egon baziren, Kortezubiko Oma auzoko Bolunzulo esaterako.
Zenbait kasutan, ezaugarri orografikoen arabera, instalazio gehigarriak lekuz aldatzen ziren. Horrela, ibaiaren ur-emari handiak, haran sakon eta estuan sartuta egoteak edo hondoaren maldak ubide luze eta antapararik gabe energia nahiko ematen duenean, ubidea eta antapara eraiki beharrean, errotarriak zuzen-zuzenean kokatzen dira presaren oinean. Honen adibide Gautegiz Arteagako Errekalde auzoko Oleta eta arestian aipatutako Bolunzulo errotak ditugu.
Goikoerrota errota (Ajangiz) oso kasu deigarria da. Presazarreko errekatxuan eta Berrekondo errekan kokatutako presa bi ditu eta bion urak antapara bakar batera eta berera isurtzen dira.
Urdaibain, udalerriz udalerri, ondo kontserbatutako edo funtzionamenduan dauden ibai-erroten jarraipena eginez gero hauxe lortuko genuke:
Ajangiz: Bekoerrota edo Errotabarri, Arabieta eta Goikoerrota.
+ Arratzu: Uarka.
+ Arrieta: Olatxu errota.
+ Bermeo: Batere ez dago martxan, baina Txomindone errota da hoberen kontserbatuta dagoena.
+ Busturia: Batere ez dago martxan, baina Alarbin Goikoa eta Apraizko errota ondo kontserbatuta daude.
+ Ea: Urtubiaga errota.
+ Elantxobe: Batere ez.
+ Ereño: Urrutia errotan oso egoera onean dago, martxan ez badago ere.
+ Errigoiti: Berrengoerrota errekaren inguruan Aldaikoerrota errota, Errekalde auzoan. Madalenerreka errekaren eta Butroe ibaiaren urak erabiltzen zituen Olabarri errota Olabarri auzoan.
+ Forua: Bertan erroten aztarna gutxi daude, gehienez hondarrak eta euren kokapenaren oroigarriak. Hoberen kontserbatutakoa Urerrota da.
+ Gautegiz-Arteaga: Oleta oso ondo dago eta Goenerrota.
+ Gernika-Lumo: Goikoerrota.
+ Ibarrangelu: Lastarria.
+ Kortezubi: Bolunzulo eta Goikolea.
+ Mendata: Gogortza, Errotabarri (Olabe), Estilotza (Lamikiz), Beaskoerrota, Olatxu, Errotazuri (Olabe) eta Ikeria. Batere ez dago martxan, nahiz eta Errotazurikoa bisitak hartzeko egokituta dagoen. Aurreko guztiak Golako ibaiaren arroan kokatzen dira.
+ Morga: Ubilla Errota eta Errotatxu (Erroteta), Sagasti (Sagasti) Zorrotzondo eta Zugazaga (Ganbe), Errotaolea (Ola), Zubibarrieta (Morgaondo).
+ Munitibar-Arbatzegi-Gerrikaitz: Goikolea, Olatxu, Uribai eta Elortza errotak.
+ Mundaka: Batere ez.
+ Murueta: Batere ez.
+ Muxika: Oraindik badaude egoera onean dauden errotak; horien artean, Maume Errota (Maume), Bekoerrota (Oka), Olaerrota (Zugaztieta), eta Iberreko Errota (Ariatza, -izen horrekin ez dugu ezer aurkitu agirietan-).
+ Nabarniz: Goikolea errotak oraindik tresneria osoa du.
+ Sukarrieta: Batere ez.
Gaur egun, Busturialdean eta bere ingururik gertuenean funtzionamenduan dauden bakarrak Zugaztieta edo Olaerrota (Zugaztieta-Muxika) eta Olatxuerrota (Arrieta) errotak dira.
Urdaibaiko Galtzagorriak © 2017. Kontaktatu gurekin: galtzagorriak@urdaibai.org
Babesleak: Eusko Jaurlaritza, Gernika-Lumoko Udala eta Urdaibai Biosfera Erreserba.