Errigoitiolea errota Errigoitiko Olabarri auzoan dago.
1745eko sutegi-erroldan ikus daitekeenaren arabera Bilboko Pedro Antonio Arana zen jabea eta errota errentan emanda zuen. 1799an Alejandro Egia Aranaren jabegopean zegoen errota hau eta Ignacio Llonak zuen errentan hartuta 946 errealetan. 1863an Andres Abrengoarena zen errota eta 2970 errealetako guztizko errenta ateratzen zuen. Gaur egun, berriz, errotetxea da.
Antepara berara ura eramaten duten bi ibai (Madalenaerreka erreka eta Butroe ibaia) ezberdinetan kokaturiko bi presa zituen. Beraz, bi ibai horien arteko ibiltokian dago, udalerriaren lekurik lauenetariko batean eta urik gehien helduko litzatekeen tokian.
Oin lauangeluarra da eta teilatuak bi isurialde ditu. Hiru solairukoa da. Bigarrenean, errotaria bizi da. Behekoan, atzealdean errota dago. Errotak hiru errotarri-pare zituen.
Gaur egun ez dago martxan.
Errotarekin batera burdinola ere bazen eta hainbat dokumentutan aipatzen da.
1663n, uraren erabilpenean sortutako arazoa konpondu nahian, Arrietako Errotakuria errotak urtero ekainaren batetik urriaren azkenerarte ura bildu zezala erabaki zen, Errigoitiolea edo Olabarri burdinolaren lan-aldia azarotik maiatzara arte zihoan-eta.
1668an Erandioko herritar batek eta Sondikako beste batek euren berba eman zuten berrehun kintal “burdin mehe” Somorrostrotik Asuako portura eramateko eta itzultzerakoan berrehun kintal “meadar” ekarriko zuela, eta horrela ez egiteagatik Antonio Errenteriak, Errigoitiolea eta Arrieta-Olatxu burdinoletako errentadoreak 800 erreal baino gehiago galdu zuen. Mineral meadarra itsasontziz eramaten zen Foruko porturaino eta gero Errigoitiko herritarrek eramaten zuten burdinolaraino.
1680an, Uribilduko agintariek, Arrietako Juan Alonso Butroe Uriandiri, Errigoitiolea burdinola nagusiaren eta txikiaren jabe zenari, eskatu zioten “burdinolak berriro martxan jar zitzatela, horiek Uribilduari eta herritar eta kanpotarrei egiten zieten mesedeagatik”. Eskari hori kontuan izanda, Butroek “1680. urteko Gabonetarako martxan jar zitezela agindu zuen”.
1734ean Errigoitiko Frantzisko Egiarrek eta Busturiako Inazio Gurbistondok berba eman zuten Errigoitiolea eta Arrietaolea burdinoletara, beronen jabe zen Pedro Antonio Arana Butroik Uribilduari erositako mila ikatz-karga enborretan eramateko, eta lan honen truke, Aranak zulo-gunetik kanpoko hemeretzi lauren ordainduko liekela eta gurdietan eramango zituzten milatik gainerako kargak eramatearren, erreal bi, hauek ere zulo-gunetik kanpo. Gainera, lanean hasitakoan, hamabi anega arto jasoko zituztela eta beste guztia dirutan edo artotan kobratuko luketela.
XVII. gizaldian Errigoitiolea burdinolak funtzio biak betetzen zituen, baina ez dago ekoizpenari buruzko daturik.
Errigoitin, XVII. mendearen hasieran bi burdinola zeuden: Errigoitiolea eta Uriarri. Azken hau, ordura arteko dokumentuetan aipatzen da, baina mende horren krisialdiagatik desagertu egin zela pentsa genezake XVIII. mendean aipatu ere egiten ez delako. Beraz, XVIII. mendetik aurrera, Errigoitiko Uribilduko burdinola bakarra Errigoitiolea, Olabarri izenez ere ezaguna, izango zen.
1752. urte inguruan Errigoitiolea burdinolaren errentadorea Martin Labaien zen; aurreko urteetan, inguruetako herrietan gertatu zen legez, burdinola ez zebilen martxan. Errigoitik eta Arrietak, beharrizanei aurre egiteko, 12000 ikatz-karga baino gehiago eman zioten ezeren truke, Bilboko Alejandro Egia Aranak dioenez, Errigoitiolea burdinolaren jabeak esaten duenez.
Ez dakigu zehatz-mehatz, Errigoitolea edo Olabarri burdinola noiz geratu zen behin betirako. Azkenengo testu idatzia 1864koa da.
Norberaren jabegokoa denez ezin sar daiteke bere barnera.
Urdaibaiko Galtzagorriak © 2017. Kontaktatu gurekin: galtzagorriak@urdaibai.org
Babesleak: Eusko Jaurlaritza, Gernika-Lumoko Udala eta Urdaibai Biosfera Erreserba.