Urdaibai Biosfera Erreserba » Arkitektura » Arkitektura Industriala » Errotak » Ibai errotak

Bermeoko Artika auzoan kokatuta zegoen.

Frantzuenerreka errekaren urak erabiltzen zituen.

Errota honi buruzko berri ziur goiztiarrenak, XVIII. mendearen erdialdekoak dira; 1745-46ko fogerakoak. Hala ere, baliteke errota hau zaharragoa izatea.

Hemen jasotzen diren aipuak “Tranpa” izenez adierazten direnak dira. Hala ere, izan daiteke, aurreko mendeetan errota hau eraikita egonik, beste izen baten azpian ezkutatuta egotea. Oso argigarria da, zentzu honetan, Elizaren hamarrekoak eta nobaliak jasotzeko zerrendak; 1791tik 1850era hutsik egin gabe aipatzen dira Artikako errotak, bere izen aldaketak nabari geratzen direlarik bertan. Dokumentazio honi esker identifikatu ahal izan da XVIII. mendean Aspegortaren errota legez azaltzen zena Tranpa errotari dagokiola.

XVIII. mendean, jabetza banatutako errota izan zen: Pedro Aspegortakoa eta Gabriel Munitizkoa agertzen dira bere jabe 1745-46ko fogeran; mende amaieran, Azpigortakoaren eta Abaroakoaren jabetzan azaltzen da. XIX. mendean, Anpara familiakoen jabetzan agertzen da errota hau eta 1847-74ean, berriro jabe birekin: Fernando Aparan eta Nikolas Arostegi. 1854ko “molino Amparan” aipuak, jabearen izenari erreferentzia egiten dio, ez da ulertu behar, bada, Enparane baserriarekin inolako lotura duenik.

1925ean itxi zen.

Tranpa
Gaur egungo Tranpa baserri-etxea.

1862ko agirian agertzen denez artoa ehotzeko bi errota-ardatz izan zituen.

Gaur egun ez du funtzionatzen, baina errotetxearen azpialdean oraindik aztarnak ikus daitezke.

Urdaibaiko Galtzagorriak © 2017. Kontaktatu gurekin: galtzagorriak@urdaibai.org

Babesleak: Eusko Jaurlaritza, Gernika-Lumoko Udala eta Urdaibai Biosfera Erreserba.