Urdaibai Biosfera Erreserba » Arkitektura » Arkitektura Industriala » Errotak » Ibai errotak

Gomeztegi errota, gaur egun, Txakille errota moduan ezaguna da.

Orduko Ibarrurin (gaur egungo Muxika Ibarruri, Zugaztieta eta Muxikaren batura da) kokatuta zegoen, Oka ibaiaren ertzean, lurralde honetako ibairik handienaren ertzean hain zuzen ere.

Ormaetxe auzoan kokaturiko errota honek Gomeztegi edo Otxotia errekaren urak erabiltzen zituen.

1799ko Propio eta Arielak dokumentuaren arabera jabea Josef Gomeztegi zen eta errota errentan emanda zuen, 429 errealetan.

Aipaturiko jabe horren jabegoaren errenta guztira 1.634 errealekoa zen. Garai hartan, beraz, errotaren jabetza jabe handiak, hots, 1200 erreal baino gehiago zuena, kontrolaturik zuen. Izan ere, errota bat jardunean ipintzea oso enpresa arriskutsua zen eta hasieran inbertsio handia eskatzen zuen. Arrazoi hori dela eta errentarik gehien zuenak eraikitzen edo eskuratzen zuen.

Txakille
Gomeztegi edo Txakilla errota (Muxika).

XX. mendearen azken herenera arte martxan aritu zen.

Artoa ehotzeko errota-ardatz bakarra izan zuen.

1983ko uholdeetan nahiko kaltetuta suertatu zenez berriztatu egin zen. Oin kuadrangularra dauka eta isurialde biko teilatua. Harlanduz buruturik dauden ertzak kenduta, gainontzekoa harlangaitzezkoa da. Aurrealde nagusian burdinazko eta egurrezko pendizteria bi ditu. Hiru solairu ditu, bata lurrazpikoa eta errota berton zegoen.

Kanpoan, presaren aztarna baino ez dago. Barnetik, ia ez du errotaren aztarnarik.

Gaur egun ez dago martxan.

2003ko Urdaibai Biosfera Erreserbako Erabilpen eta Kudeaketa Egitamu Gidarian aipatu egiten da III. Eranskinean, Ondare Kultural eta Historiko-Artistikoaren baitan hain zuzen ere, 71. zenbakiarekin eta 62-37(W) 5126. O. erreferentziarekin.

Bestalde, orduko Muxikan (gaur egungo Muxika Ibarruri, Zugaztieta eta Muxikaren batura da) Santiagoerrota errota aurki daiteke.

Maume auzoan kokaturiko errota honek Orobio errekaren urak erabiltzen zituen.

1799ko Propio eta Arielak dokumentuaren arabera jabea Mortarako Markiza zen eta errotaren ustiapen-erregimena maiztergoa zen. Errotaren errenta 550 errealekoa zen.

Santiagoerrota
Santiagoerrota (Muxika).

Errota-ardatz bakarra izan zuen.

XX. mendearen hasieran geratu zen.

Ez kanpoaldetik ez barnealdetik ez du errotaren aztarnarik erakusten, kanpoan, apaingarri gisa kokaturiko errotarriak izan ezik.

Aipaturiko errota biak norberaren jabegokoak direnez ezin sar daitezke beren barnera.

Urdaibaiko Galtzagorriak © 2017. Kontaktatu gurekin: galtzagorriak@urdaibai.org

Babesleak: Eusko Jaurlaritza, Gernika-Lumoko Udala eta Urdaibai Biosfera Erreserba.