Busturialdean inguruko jendearen adierazgarri diren elementu sozial eta erlijioso desberdinak (elizak, ermitak, gurutze-bideak, komentuak, klaustroak...) auki ditzakegu. Atal honetan estilo artistiko nagusiek bolumenik handieneko eraikin erlijiosoetan (elizetan, ermitetan, komentuetan eta klaustroetan) nolako eragina izan duten bakarrik aztertuko dugu. Joera artistiko desberdinen eraginak aurkituko ditugu. Prerromanikotik eta Erromanikotik gutxi azalduko zaigu, bakarrik leihoak edo portadak bezalako elementu batzuk. Gotikoa eta Errenazimentua oso emankorrak izan dira geure eskualdean. Estilo horietako izaera monumentala duten taldeak eta altzariak agertuko zaizkigu. Barrokoaren eragina txikia izan da eta Neoklasizismoa, berriz, oso ondo ordezkatuta dago. Seguruenez Bizkaiko eraikin neoklasiko onenak hemen daude. Arkitektura erlijioso Garaikidearen inguruan gutxi esan dezakegu, oso gutxi ordezkatuta dagoelako eta dagoena kalitate eskasekoa delako. Proposamen hau aurrera eramateko José Ángel Barrio Loza eta beste batzuen Arqueología, Urbanismo y Arquitectura Histórica. Bizkaia II. Markina-Ondarroa, Gernika-Bermeo, Plentzia-Mungia lanean oinarrituko gara.
Goi Erdi Aroko informazio dokumentala lekuko monumentuekin erdizka dago baieztatuta. Gehiena, zatikatuta badago ere, bereziki iluna den historiaren etapa bat berreraikitzeko oso interesgarriak deritzogun eraikitako lekukoak biltzen dira eskualdean.
Eskualdeko arte erlijiosoa, momentu honetan, espekulazio-eremu hutsa da. XII. mendea baino lehenagokoa den eraikin osorik ez dago lurralde osoan. Halere, Busturialdean, ikertzaileen ustez, garai prerromanikoaren estilo-ezaugarriak dituzten lau leiho aurkitu dira. Ondoko eraikinetan aurkitu dira: San Lorentzo (Isla, Gautegiz Arteaga), San Juan eta San Lorentzo (Lamikiz, Mendata), Urrielduko San Migel, gaur egun Urrieldo baserri-etxea (Gorozika, Muxika), Garaiko Santa Luzian (Gerrika) eta San Salbatore (Berreño) (biak Munitibar-Arbatzegi-Gerrikaitzen) eta Apraiz-Barrenengoa baserri-etxean (Altamira, Busturia). Kasu guztietan bao geminatu estuak dira. Zutabe txiki batez edo biz bananduta daude eta, kasu batzuetan, okolu gabeak dira, eta daudenean, bi edo hiru okolu simetrikotan azkena emanda daude. Pieza osoa harrizko bloke batean landuta dago beti, Busturiakoaren kasuan izan ezik, banandutako bi harlandutan hustuta baitago.
Europa osoan errekuperazio arkitektonikoaren oinarriak ezartzen dira etapa erromanikoan. Garai honetako testigantzak ere zatituta daude. Erdi Aroko dokumentuetan aipatutako eliza bat ere ez da osotasunean kontserbatu, nahiz eta batzuk, erraz, XVI. mendera arte edo XVIII. mendera arte egoera hobeagoan edo txarragoan helduko ziratekeen. Momentu honetan, (Elizalde, Gautegiz Arteaga) edo San Bizente (Ugarte, Muxika) tenpluak berreskuratzeari ekingo zaio. Bi leku horietako aztarna erromanikoak eta (Almike, Bermeo) elizakoak horrela baieztatzen dute: zistertar jatorriko portada Gautegiz Arteagan, puntu erdian beste bat Almikan, horma bat harburu-lerro batekin Ugarten…, bagaje gutxi edozein kasutan ere.
Bestalde, San Migel (Arbatzegi, Munitibar-Arbatzegi-Gerrikaitz) (udalerri hau ez dago Busturialde barnean, baina bere lurraldearen zati bat Urdaibain dagoenez atal honetan sartu dugu) ermitan kapitel txiki bat (gaur egun Garro baserri-etxean gordeta dagoena) eta zutabe-harroin bat bere ipar-ekialdeko angeluan sartuta agertu ziren.
Estilo gotikoak, ostera, portaera desberdina du. Askoz ere eskuzabalagoa da. Bizkaia osoan zehar estetika hau oso hedatuta dago. Lekuko gotikoak bakarrik ez dira ugariak –eta hori altzariak kontuan hartu gabe-, izaera monumentala duten taldeak ere osatzen dituzte-eta. Bertan jasotzen dituzten herrien historia soziala eta erlijiosoa dira euretariko gehienak.
Zentzu honetan, udalerririk interesgarriena Bermeo da, juxtu kaiaren gainean dagoen eta herriko familia garrantzitsuen hilobi-lekua den bere Santa Eufemia elizarekin edota hiriko familia burges indartsuenen kapera-hilobiak eraikitzeko hormak zulatu zaizkion San Frantzisko komentua. Tenplu frantziskotar honek oraindik bere klaustro gotikoa kontserbatu egiten du. Klaustro hau adibide nabarmena da eskualde honetan, izan ere Erdi Aroko oso lekuko garrantzitsua da. XV-XVI mendeen artean emandako aldaketaren isla da. Berau, eskekoen eliza handi baten osagarria da.
Eliza biek gurutzeria-ganga nabe bakarreko adibidea jarraitzen dute. Komentuko nabea berria da. Euren estiloan oso ondo erantzuten dute maila ertaineko hiriko tenpluari eta eskekoen elizari, hurrenez hurren. Komentuaren sustatzailea Muxika-Butron familia da, une eta leku horretan indartsuena. Parrokia, berriz, patronatu herrikoia du, desagertutako Talaia alegia. Bere gainean dauden lekuko grafikoen arabera, bera ere tenplu gotikoa zen. Hiru nabe zituen. Handia zen eta luxuz beteta zegoen.
Bermeoko komentua baino zaharragoa eta Santa Eufemiazko elizaren garai berekoa da eliza (Gernika-Lumo). Honen portada 1449an datatuta dago. Bera eliza gotiko izateko pentsatu bazen ere, geroago, XVI. mendean zehar, irizpide errenazentisten arabera eraiki zen. Oinarria hiru nabetan hedatuta dago eta abside poligonalen bidez amaiera eman zaio. Absidearen alde garaian oso erabilgarria den eremua du, Lekeitioko elizaren tipologia berekoa alegia. Beraz, euskal tradizio gotikoan txertatutako eraikina da, baina argitu gabeko gertaerak direla medio, lan gotikoa egin eta mende erdira, errenazentista erako batutako espazioaren ereduan eraldatu zen. Ganga guztiak zutabe klasikoen gainean oinarrituta daude, XVI. mendearen erdialdetik aurrera eraikitako euskal tenplu serie zabal batekin gertatzen den legez. Momentuz, esandakoaz aparte, irudiz beteta dagoen bere portada nagusiaren balioa nabarmenduko dugu. Esandakoagatik, aipaturiko Lekeitioko elizarekin batera Bizkaikoen artean nabarmentzeko modukoa da.
(Axpe, Busturia) elizaren fabrika oso sendoa da eta oso antolaketa espazial soila du: buru zapaleko nabe bakarra. Baina, bertan, aipagarriena Epistola alderantz eraikitako portada irekia da, Bizkaian "Errege Katolikoen" estilora garamatzan horietako bat.
Monumentuen artean sartu beharreko beste bat San Pedro (Ibarruri, Muxika) ermita da. Buru errektangeluarra du eta nabea baino estuagoa da. Eraikinaren oin luzea, bere proportzioak, eta baita bere aparejua ere, ez dago oso argi tradizio erromanikokoa direnik. Gauza bera gertatzen da bere leiho absidialarekin. Garrantzitsuena ermita honetan (ez zaiola ganga-era ematen garai honetan behintzat) bere sarrera nagusian, axialean, dago. Bizkaiko gotikoaren barnean interesgarrienetakoa da. Sestaokoaren, Mungiakoaren, Erandiokoaren, etabarren antzekoa da. Izan ere, ondoko ezaugarriak erakusten ditu: atezango txaranbelduak zutabe listelatu serieekin, gauza bereko arkiboltak eta tinpano leuna.
Hain monumentala ez den gotikoa, argitze aldera, landatar edo herrikoi deitu dezakegu, gehienetan horrela delako. Sarri, baseliza honek apareju soila dute eta ez dute gangarik izaten. Estilo landuetatik aurrekoetarako jausia ematen denean aldaketak sarbidean (puntaduna eta molduraziorik gabekoa) eta leiho batzuetan ematen dira. Denak aipatuez gero zerrenda luze izango litzateke. Horregatik, Santa Marina (Kurtzio, Bermeo) –antza denez antzinako San Lazaro ospitaleko egoitza izandakoa da, eta duela gutxi bertan egindako indusketaren arabera behe Erdi Aroko nekropoliaren aztarnak aurkitu dira- edo San Migel (Urrialdua) ermita, San Erroman (San Roman) baselizaren bikia, biak Muxikan, aipatu behar dira, batez ere duten sarreragatik. San Roman, erromaniko berantiarraren baitan sailkatu izan ohi da, goian oinarrizko burbuila duten turuta-antzeko baoak dituelako. Elementu osoa XV. mendearen amaieran eta gotiko estiloan sailkatzea onargarria da, atzean utzitako formak eduki arren, hori delako izaera orokorra.
Gotiko estiloaren arabera eraikitako elementu erlijioso txikien zerrenda ondokoekin handitzen da: San Antolin (Muruetagana, Gautegiz Arteaga); San Millan (Idokiliz, Kortezubi); Santa Eufemia (Santa Eufemia (Gola, Munitibar-Arbatzegi-Gerrikaitz); San Gregorio (Triñe, Forua); San Joan (Ajurias) eta San Migel (Usparitza), Muxikan; eta San Kristobal (Ikazurieta), Nabarnizkoa; a (Kanpantxu, Ajangiz); Santa Ana (Santa Ana) edota Santa Luzia (Zallo) biak Gernika-Lumon. Azken hau, denetatik garrantzitsuenetarikoa da, nahiz eta, beraiek bezala, ez du ganga-erarik. Bere gotiko flamigerotik trazeria-sabaileihoa nabarmendu behar da.
San Joan ateaan (Totorika, Munitibar-Arbatzegi-Gerrikaitz) dauden ateburuak, agian, estilo honen baitan sar daitezke.
Errenazimenduak oso panorama ona eskaintzen du Gernika-Lumon. Bermeon, berriz, ez dago ia ezer, nahiz eta testuren baten Talaia zaharreko hondarrak berdindutako hiru nabe direla aipatzen den. Hortaz, estilo honetakoa litzateke eta, zehaztasunez esanez, espazio bateratua dutenen artean sartu beharko litzateke; halere, aurrekoaren inguruan ez dago ziurtasunik.
Gaur egun, errenazimentuaren adibiderik onena Gernika_lumoko Andra mari eliza da, besteak beste, ondoko ezaugarriengatik: inguratzen ditu Martin Omar, Elorrioko maisua, eta eskualdeko jatorria (Gautegiz Arteaga) duena, garai errenazentista honetan aritzea. Kaperetako batzuetan, XVI. mendearen erdiko urteak bete orduko, Domingo Iturrieta lanean zebilen. Azken hau, errenazimenduko hargintzan pertsonai garrantzitsua izan zen.
Gautegiz Arteagako eliza ere hallenkirche bat da. Oso orekatuta edo konpentsatuta dago, mota klasikoko euskarrien gainean jarritako nerbio-ganga izateagatik hain zuzen ere.
Nabe bakarreko elizak logikoki ugariagoak dira. Are gehiago, euretariko bostek ia izaera monumentala dute: San Andres (Elizalde, Ibarrangelu) –egurrezko nerbio-ganga du-, San Migel (Mendata), San Martin (Morga), San Migel (Ereño) eta Andra Mari (Mundaka); eta aurrekoekin batera hain garrantzitsuak ez diren beste batzuk gehitu behar dira: Legendikako Ama (Kanala, Sukarrieta), Andra Mari (Gorozika, Muxika), Akordako Garazi Santa (Ibarrangelu), Santiago (Kortezubi), San Pedro (Lumo, Gernika-Lumo), Andra Mari (Almike, Bermeo), Magdalena (Albiz, Mendata) eta San Joan Bataiatzailea (Gabika, Ereño). Bakoitzak bere irtenbideekin, estaltzeko-eratan batez ere, oso interesgarriak zenbait kasutan.
Eskualdeko hallenkrichen batzuk, XVI. mendean ez, askoz ere beranduagoan baino, XIX. mendean alegia, estilo horretara egokitu ziren. Izan ere, perimetroko hormekin –eraikin zaharretik geratzen dena izaten da- alturan berdindutako zutabe-ilara biren gainean oinarritutako tabikedun ganga jartzen zaie. Era honetara, ez Kontsolazio Ama (Natxitua, Ea), ez Idibaltzagako Andra Maria (Elexalde, Errigoiti), ezta San Martin (Elexalde, Forua) elizak ez dira zutabe-eliza hutsak, XIX. mendean estilo horretara egokitutakoak baino.
Santo Tomas elizaren (Elizalde, Arratzu) kasua, bere aldetik, ez dago argi, berez konplikatua dena dokumentazioak argitzen ez duelako. Izan ere, arkitekto neoklasikoen bigarren belaunaldiak (Juan Bautista Belaunzaran, Francisco Maria Agirre, Martin Etxaburu) euskarri zilidrinkoa sistematikoki erabiltzen dute Bizkaian, Alejo Miranda eta Ventura Rodriguez bezalako aitzindariek urte batzuk lehenago proposatzen zutena, pilarea, hots, lauangeluko oinarria duen apeoa erabiltzea ahaztuz. Eta zutabeak, zenbait kasutan, elementu nahasiak dira.
San Martin eliza (Libano, Arrieta) (udalerri hau ez da Busturialdearen mugen barnean sartzen, baina bere lurraldearen zati bat Urdaibai denez atal honetan sartu dugu) aipamen luzeagoa merezi du. Ez da batere zaila bere barnera sartzen den edonork eraikin errenazentistaren –horman kokaturiko toskanar erako barne euskarriak ditu; euren gainean apalategiz trenkatutako estalkia oinarritzen da-barnean dagoela interpretatzea. Ez da, halere, errenazimentuko eraikina, neoklasikoa baino. Errenazimentukoa dorrea besterik ez du eta XVI. mendekoa, gotiko-errenazentista, da. Portada, berriz, klasikoa da.
Bestalde, arestian aipatzen genituen nabe bakarreko tenpluak ez ditugu ahaztu behar oso ugariak direlako, eta batez ere hurrengoak: San Migel (Ereño), San Andres (Elizalde, Ibarrangelu), San Martin (Morga), San Migel (Mendata) eta Santa María (Mundaka). Lehena eta azkena leku bitxietan kokatuta daude: lehena, tontor batean, eta bigarrena, itsasbazterrean, harkaitz baten gainean. San Andres eliza (Elizalde, Ibarrangelu) oso adibide bitxia da Bizkaian, egurrezko gurutzeria-ganga 1559an dataturiko motibo manieristekin margotuta agertzen da. Horrelakoak ikustea zaila denez, oso ale bikaina da.
Besteak ez du hainbeste garrantzirik, baina errenazimentuko panorama artistiko oso emankorra osatzen du. Legendika Ama (Kanala, Sukarrieta), Santiago (Kortezubi), San Pedro (Lumo, Gernika-Lumo), etabar... elizekin batera, badaude beste tenplu txikiagoak, hots, baselizak, batzuk apareju eta portada (baina gangarik gabe) politak dituztenak, aipatu behar direnak: San Millan (Idokiliz, Kortezubi), San Esteban (Enderika) eta San Pedro Apostolua (Oma), Kortezubin; San Pedro eta San Kristobal (Zarra), San Martin (Unda), Mendatan; San Kristobal (Armotxerri, Forua); San Lorentzo (Isla Bekoa, Gautegiz Arteaga); San Joan (Kanpantxu, Ajangiz); San Martin eta Santa Eufemia, (Zallo, Gernika-Lumo); San Lorentzo (Belendiz, Arratzu), eta San Joanen (Ganbe, Morga) zati bat; etabar... arkitektura erlijiosoaren esparru honetan XVI. mendearen eskuzabaltasuna erakusten duena. Aipatutako taldetxotik Kortezubiko biak azpimarratu beharko lirateke euren sarrera konopialengatik. Aparejuak, berriz, pobreagoak dira. Aurreko guztiagatik nahiko zehaztasun handiz datatu daitezke.
Azken horren harira, garaipen-arku manieristan egindako fatxada (edo portada) talde batek duen garrantziaz ohartarazi beharko litzateke: San Migel (Mendata), San Pedro (Lumo, Gernika-Lumo), Idibaltzagako Andra Mari (Elexalde, Errigoiti), San Martin (Morga)... Liraintasunean, zutabean… eragina duten errenazimentuko arkitekturaren ekarpen nabarmena.
Santa Luzia (Gerrika), San Salbatore (Berreño) eta San Esteban (Zuzaeta) baselizek, denak Munitibar-Arbatzegi-Gerrikaitzen kokatutakoak, estilo errenazentistako zaharberritzeak erakusten dituzte.
XVII. mendea, zati bat bai behintzat, aurreko mendeko formen –manierista-erromanista etapakoa- ondorio logikoa da. Horrela gertatzen da ondokoekin: Lumoko San Pedro eta ako koruak (biak Gernika-Lumon), San Migel elizaren (Ereño) amaiera eta ako (Mundaka) azken tramua bere portada erromanista zoragarriarekin. Beti eliza errenazentistatan egindako lan betegarriak dira. San Tomas (Elizalde, Arratzu), Andra Maria (Busturia) eta Idibaltzagako Andra Mari (Elexalde, Errigoiti) elizen dorreak ere kontuan hartu behar dira. Errenterian (Gernika-Lumo) kokatutako gurutzadura manierista da. Beno, mende hau ez da oso aktiboa; talde-ekimenen garaia baino gehiago betegarriena da. Panorama urria da. Urritasun hori handitu egiten da erlijio-ordenentzako oso erakarpen eskasa duelako lekuak. Komentuen arkitektura barrokoa argi dago hirietatik kanpo dagoela eta Mesedetako Amaren Komentuko eliza (Errenteria, Gernika-Lumo) bakarrik eraikiko da. Tenplu hori, dena baino pentsatuagoa eta orekatuagoa izango zen. Gurutze-formakoa da, trantseptuaren erdian kupula du, eta gangak trenkatuak ditu. Dena oso berreginda dago. Hala ere, Ebanjelioaren ondoko portada aipatzekoa da. Garbia da eta barroko klasizistaren estiloarekin oso lotuta dago. Martin Ibañez Zalbideak izan zen horren trazatzailea eta honek bere lanei ematen dien linealtasunaren enkantua erakusten du.
Klasizismoaren garaiko beste trazatzaile eta hargin-maisu ospetsua Juan Ortiz Olaeta izan zen. a elizaren (Gautegiz Arteaga) portada lirainaren egilea da. Inguruko jaspe harrian eginda da.
Barroko klasikoak ezta ere ez du interesik eskualde honetan. Funtzio erlijiosoetako arteari dagokionez badirudi XVIII. gizaldira arte ez dela berriro esnatuko. Andra Mari eliza (Ea, Ea) -oso eraikin diskretua eta gurutze-formakoa da-, eta Sukarrietakoaz -basilika-erakoa, oso apala eta berantiarra dena- aparte momentuko onena San Bizente elizaren (Ugarte, Muxika) handitzea da. Honetan, Frai Antonio Manzanaresek erdi aroko elizari gurutze-forma eman zion.
Ezaugarri osagarrien artean kanpaietarako dorreak dira eta Bizkaiko beste leku batzuetan oso garrantzi handia hartzen badute ere, hemen ez dute inolako erlieberik. Honi dagokionez, Gernika-Lumoko Andra Mari elizaren kanpai-horma salbuespena da eta beraz elementu isolatua baino ez da. Sarrerek, norbanakoen kaperek… ez dute garrantzi handirik; dena interes gabekoa da.
Ezta arkitektura erlijiosoak ere ez du hobetzen itzalitako barroko hau. Zerbait aipatzekotan Idibaltzagako San Antonio ermita (Errigoiti) -teilapedun arkupe ikaragarria eta tenpluaren barnealdea ikusten uzten duen batere mesprezagarria ez den burdin hesia ditu- eta Andra Maria elizaren (Busturia) alboan dagoen krutziperioa aipa daitezke. Ermita guztiak fatxadan irekita daude eta proportzio karratuak dituzte. Era horretakoak Jaurerriak oso ugariak dira. Hurrengoak ere kontuan hartu beharrekoak dira: Gaztelugatxe Donieneko ermita (Bermeo) bitxia -oinarrizkoan neoklasikoa gehien bat eta behin baino gehiagotan berregin dena-, eta Santo Domingo Guzman (Gorozika, Muxika), San Kristobal eta San Migel (Nabarniz) ermiten taldetxoa –barnealdera agertzen uzten duen egurrezko hesia edo sarea eusten ari diren antak dituzte, eta batzuetan datazio-elementu moduan erabil daitezke-, eta ia erabat deseginda dagoen Bermeoko Aingeru Guardako ermita (1686).
Sukarrietako San Andres eliza, 1785ekoa dena, eta San Joan Bataiatzailea (Ea) barrokoaren barnean sailkatzen dira.
Eskualde honetan, Bizkaiko besteetan bezalaxe, bigarren mailako eraikin erlijioso ugari daude, gehien bat ermitak, estiloen zein mendeen barnean sailkatzeko momentuan arazoak sortzen dituztenak. Euretariko gehienak barrokoaren gizaldietan eraiki edo berreraiki egingo ziren; hori dela eta, puntu zehatz honetan sar daitezke.
Elementu-mota hau eskualde honetako eta inguruko udalerri guztietan banatzen dira. Hauek dira: Kristo Santua (Libano) eta San Kristobal (Gereka), Arrietan; Kristo Santua (Kanala, Gautegiz Arteaga); San Joan Bataiatzailea (Mendata); Ama Mesedeetako Komentuko eliza (Errenteria, Gernika-Lumo); San Bizente (Meaka, Morga); Emeterio eta Zeledonio (Barrutia, Arratzu); San Marko (Unda) eta Etxeandia Etxe Serorategia (Ibarruri) Muxikan; San Kristobal (1773), San Migel (1758), Elurretako Ama (Parezi), San Bartolome (1794) (San Bartolome) eta Jesus Gurultzitzatua (Axpe), Busturian; a (Arratzu); San Bartolome (Bedarona, Ea) -azken hirurak aurreko paragrafo batean sartuta daude duten antak direla eta-; San Martin (Gautegiz Arteaga); San Pedro (Gorozika, Arratzu); Santo Domingo Guzman (Terlegiz, Kortezubi); Kristo Santua Gurultzitzatua (Meakaur), Erremedioetako Ama edo a (), San Joan (Ganbe), denak Morgan; San Migel Goiaingerua (Uribarri, Nabarniz), etabar. Aldakako Santiago –baseliza herrikoia eta arraroa- eta apur bat zaharragoa den Oizko San Kristobal –oso kokapen bitxian eraiki zen eta 1642an aurreko eraikin baten gainean altxatu zenetik lau konponketa gehiago jasan ditu- ermitekin osa daiteke zerrenda. Biak Munitibar-Arbatzegi-Gerrikaitzen daude.
Aipatutako kalitatea apur bat gainditzen duten XVII eta XVIII mendeen artekoen artean ondokoak daude: Zubieteko San Pedro (Arratzu) –jabaloiak dituzten hiru zutabek eusten dute arkupea-, San Bartolome (Busturia) –XVIII. mendeko toskanar biren gainean ezarritako arkupea du-, Santa Katalina (Ereño), San Joan Bataiatzailea (Morga) –eraikin handia da, giro adsidala eta kanpai-horma ditu-, eta Ajuriako taldea (Ibarruri, Muxika). Azken hau, jatorriz XV-XVI (sarreragatik) mendeetakoa da. Geroago dorre prismatiko-karratua jasoko du, Bizkaiko baselizetan hain ohikoa ez dena, eta azkenez, XIX. mendean berregingo da zehaztu ezin daiteken estiloan, nahiz eta apaindurarik gabeko tradizio barrokoko post-neoklasikotzat har daitekeen ere.
Bigarren mailako garrantzia duen kapitulu hau apur bat luzatzea bada ere Urdaibaiko itsasadarreko baseliza biak, Atxerreko San Pedro (Ibarrangelu) eta Ereñozarreko San Migel (Ereño) –Atxerre eta Ereñozar tontorren gainean kokatuta, hurrenez hurren- ondo legoke kontuan hartzea. Eraikin hauek, bestalde, herrikoiak, bitxiak eta elementuek eta gizakiaren eskuak kaltetutakoak izan dira.
Panorama barroko pobrea ikusi ondoren, esango dugu XVIII. mendearen amaieratik aurrera betebehar erlijiosoa duen arkitektura neoklasikoaren aldetik Bizkaiko eskualderik aberatsena dela Busturialdea. Aurreko gertaera honek ez du azalpen errazik. Elementu-dentsitatea aipatzekoa bada, eraikuntza erlijiosoaren panoraman dagoen proposamenen aldakortasuna kontuan hartzekoa da: basilika-oina, oin erdiratua, -hau batez ere-, gurutze-formakoak eta batez ere "txikitu" -agiriek esaten zuten moduan- direnak. Azken honetan, eliza zaharrak, errenazentistak, birmoldatu egiten dira altuera bereko ganga-itxurako hiru nabetako hallenkirchen erara. Gorago ondokoak adierazi dira: Kontsolazioko Amaren eliza (Natxitua, Ea), -honetan sar daitekeena-, eta adibiderik argienak diren San Martin (Elizalde, Forua), Idibaltzagako (Elexalde, Errigoiti) eta agian Santo Tomas (Elizalde, Arratzu). Izan ere, agiriak ez baleude errenazentistatzat har zitezkeen. Nabe basilikala dutenek garrantzi eskasa dutenez Bariko San Nikolas (Elantxobe) bakarrik aipatzea merezi du. San Lorentzo (Metxika, Errigoiti) gurutze-erakoa da. Baina oina erdian dutenak oso ugariak dira. Silvestre Perezek Andra Mariko elizan (Bermeo) saiatutako eskemak oso hedadura zabala izan du eskualdean. Beste batzuen artean ondokoak aipa daitezke: Gorostizako Andra Mari (Nabarniz) (Bermeoko Andra Maria baino lehenago eraikitakoa da), Igokundekoa (Ajangiz), Natibitatearen Ama (Murueta), eta Antiguakoa (Juntetxea) Gernika-Lumokoa. Halere, trazatzaileak ere ezin dira ahaztu: Silvestre Perez, Alejo Miranda, Juan Bautista Belaunzaran, Antonio Etxebarria, Antonio Goikoetxea eta beste batzuk.
San Lorentzo (Metxika, Errigoiti) eta Kristo Santua (Ariatza, Muxika) ermitak neoklasikoak dira, baina nortasun handirik gabekoak. Azken hau gainera, neoklasiko isabelinoa da.
Akordako Andra Maria (Ibarrangelu) eta Libanoko San Martin (Arrieta) elizak garai honetakoak dira. Azken hau aipagarriagoa da. Bost tarte labur ditu eta elizaren pareta soilei erantsitako zutabe toskanarren gainean oinarritutako gangadun estalkia du. Abside-giroak, ostera, kupula txikia du. Atariaren frontisa estilo neoklasikoan eraiki zen XIX. gizaldian. Honetan, eliza eta dorrea bi arku handiz lotuta daude.
Munitibar-Arbatzegi-Gerrikaitz udalerriko eliza parrokial biak Arbatzegiko San Bizente -Mariano Jose Laskurainek (1851) proiektatutakoa- eta Gerrikaitzgo akoa -Hermenegildo Belaunzaranen (1847-48) lana- ia behetik gora berriztatutako egiturak dira. Lehenengoan oinetako eta dorreko –honen azpian portada manierista polita babestuta dago- paretak errespetatu ziren. Bestea, erabat berria da, nahiz eta antzinako zimenduen gainean eraikita egon daitekeen.
Arkitektura erlijioso garaikideak ez du komentario luzerik behar oso gutxi ordezkatuta dagoelako eta bere elementuak kalitate eskasekoak direlako. Garai honetako elizak ondokoak dira: Karmengo Ama (Mañu, Bermeo), San Pedro (Bedarona, Ea), San Migel (Altamira, Busturia) eta Andra Mari (Ibarruri, Muxika). Tenplu hibridoak dira, azkena izan ezik, Erdi Aroko, neoerromanikoaren eta neogotikoaren arteko, eraikin polita eta interesgarria baita. Aurrekoekin batera Santa Katalina (Mundaka) ermita, Azillonatarren hileta-kapera San Martinen (Arrieta), eta klarisen (Lumo, Gernika-Lumo) eta frantziskotarren (Forua) komentuak gehitu behar dira, garrantzi handirik ez badute ere.
Baseliza batzuen estilo-ezaugarriak direla-eta aurreko ataletan ezin sailka daitezkeenez hemen bildu ditugu. Bere izaera herrikoiagatik eta erabilitako materialen izaera pobreagatik nabarmentzen dira, nahiz eta eraikuntza barrokoen, gotikoen… eredu orokorrari aldagai desberdinak gehitzen dizkieten. Gaur egun, zutik dirauten eta, orain arte, aipatu ez ditugun ermitei dagokie. Adibideen artean ondokoak dauzkagu: Santimamiñe edo San Mames eta San Antolin, Kortezubin; Karmengo Ama eta San Bartolome, Gautegiz Arteagan; Kristo Santua (Areatza), San Lorentzo (Maume), Elurretako Ama (Gorozika), Muxikan. (Herri- edo auzo-baselizen inguruan informazio gehiago www.urdaibai.org/etnografia/baselizak atalean dago).
Eskualdean garrantzi artistiko apur bat izan duten eliza eta komentu batzuk desagertu dira. Esate baterako, Talako aren eliza eta Izaro irlako aren komentua, Bermeon, eta San Juan, Gernika-Lumon.
Azkenez, aipatu behar da Urdaibaiko udalerri batzuetan ermita txikia duten baserri-etxeak aurki daitezkeela. Horren adibide dira: Aristieta Jauregia (Kanpantxu, Ajangiz); San Bizente (Meakas) eta Altamirako San Migel (Oñarte), biak Morgan, edo San Jose Langilea (Olabarri, Errigoiti). Denak, beraz, estilo artistiko batean edo bestean taldekatzeko zailak dira.
+ AA.EE. Bizkaiko Ondare Historikoa/Patrimonio Histórico de Bizkaia. Busturialdea. Bizkaiko Foru Aldundia. Bilbo, 2003.
+ BARRIO LOZA, José Ángel eta bestre batzuk. Arqueología, Urbanismo y Arquitectura Histórica. Bizkaia II. Markina-Ondarroa, Gernika-Bermeo, Plentzia-Mungia. Bizkaiko Foru Aldundia eta Deustuko Unibertsitatea-Deiker, Bilbo, 1990.
+ BLASCO MARTÍN, Ana. Bizkaiko Herrien Monografiak. Mundaka eta Sukarrieta: Ikerketa Historiko-Artistikoa. Bizkaiko Foru Aldundia. Bilbo, 1998.
+ CARBALLO ALBERDI Juan Antonio. 4ª Parte: Ama Sortzez Birginako (Inmaculada) Baseliza. Txirene Sainduak. Revista Aldaba, 116 zkia, martxoa-apirila, Gernika-Lumo, 2002.
+ DEL PALACIO SÁNCHEZ, Vicente. 1ª Parte: Ermita Santa Ana. Revista Aldaba, 110 zkia, martxo-apirila, Gernika-Lumo, 2001.
+ DEL PALACIO SÁNCHEZ, Vicente; ETXANIZ ORTUÑEZ, José Ángel; ITURRIARTE MARTÍNEZ, Alberto eta ZARRABEITIA BENGOA, Alberto. Historia de Lumo. Gernikazarra Historia Taldea. Gernika-Lumo, 1999.
+ ENSUNZA ARRIEN, Maider. Bizkaiko Herrien Monografiak. Gernika-Lumo: Ikerketa Historiko-Artistikoa. Bizkaiko Foru Aldundia. Bilbo, 2003.
+ ETXABE ORIBE, Igone. Bizkaiko Herrien Monografiak. Ereño eta Nabarniz: Ikerketa Historiko-Artistikoa. Bizkaiko Foru Aldundia. Bilbo, 1996.
+ ETXANIZ ORTUÑEZ, José Ángel. El Beaterio de Ibarruri. Urremendi, Busturialdeko doako aldizkaria. 27. zbk, Gernika-Lumo, 2009.
+ GARATE MAIDAGAN, Diego. Bizkaiko Herrien Monografiak. Ajangiz eta Arratzu. Ikerketa Historiko-Artistikoa. Bizkaiko Foru Aldundia. Bilbo, 2003.
+ Monumentos de Bizkaia. Monumentos Nacionales. I eta II liburu-aleak. Kultura-Saila, Eusko Jaurlaritza. Bilbo, 1987.
+ OLABARRIA LONGARTE, Francisco Javier. Bizkaiko Herrien Monografiak. Munitibar-Arbatzegi-Gerrikaitz eta Mendata: Ikerketa Historiko-Artistikoa. Bizkaiko Foru Aldundia. Bilbo, 1997.
+ PÉREZ GOIKOETXEA, Eneko. Bizkaiko Herrien Monografiak. Errigoiti: Ikerketa Historiko-Artistikoa. Bizkaiko Foru Aldundia. Bilbo, 1993.
+ PRADO ANTÚNEZ, Ana Isabel. Bizkaiko Herrien Monografiak. Forua eta Murueta: Ikerketa Historiko-Artistikoa. Bizkaiko Foru Aldundia. Bilbo, 1997.
+ PRIETO IBARRONDO, Javier N. Bizkaiko Herrien Monografiak. Gautegiz Arteaga eta Kortezubi: Ikerketa Historiko-Artistikoa. Bizkaiko Foru Aldundia. Bilbo, 1997.
+ RAMOS LARRIBA, Cipriano. Bizkaiko Herrien Monografiak. Busturia: Ikerketa Historiko-Artistikoa. Bizkaiko Foru Aldundia. Bilbo, 1997.
+ SANTAMARÍA ALONSO, Rakel. Bizkaiko Herrien Monografiak. Muxika: Ikerketa Historiko-Artistikoa. Bizkaiko Foru Aldundia. Bilbo, 1993.
+ UNZUETA PORTILLO, Mikel. La iglesia de San Martín de Tours y el Poblado romano de Forua. Urremendi aldizkaria, 33 zkia, Gernika-Lumo, 2010.
+ NEIRA, Mikel. Ereñozar, un castillo y una necrópolis por descubrir. Urremendi aldizkaria, 32 zkia, Gernika-Lumo, 2010.
+ URRUTIA BÁRCENA, Javier. 3ª Parte: Ermita de Santa Lucía. Revista Aldaba, 115 zkia, urtarrila-otsaila, Gernika-Lumo, 2002.
+ ZARRABEITIA BENGOA, Alberto. 5ª Parte: Ermita de San Martín de Amillaga. Revista Aldaba, 119 zkia, iraila-urria, Gernika-Lumo, 2002.
Urdaibaiko Galtzagorriak © 2017. Kontaktatu gurekin: galtzagorriak@urdaibai.org
Babesleak: Eusko Jaurlaritza, Gernika-Lumoko Udala eta Urdaibai Biosfera Erreserba.