Mendatako San Migel eliza bizkar batean dago.
Bizkaiko jaun-andreen mendeko nekazari kolonoek sortu omen zuten X. mendean. XVI. eta XVIII. mendeetan berriro eraiki eta zabaldu zuten.
1744an korua berreraiki zuten eta gaur ikusten dugun moduan itxi zuten. Koruaren itxura Juan Herdoizak marraztu zuen, obretako maisu durangarrak. Obrak, guztira, 11.873 erreal balio zuen.
Gero berritzeko lan txikiak egin ziren, sarritan gotzainak bidalitako bisitatzaileek agindutakoak, berbarako, 1766an sakristian egindakoa. Era honetan, harrizko zoru hotz eta umela kendu eta, horren tokian, oholtza ipini zuten. Juan Olabek zurgin-ofizialak egin zuen hori lan hori. Domingo Berreño hargin-maisuak ere esku hartu zuen. Konponketa batzuk egin zituen eta sabaileihoa zabaldu zuen, horrela, umeltasun gutxiago egon dadin. Eta, Domingo Izagirre, igeltsugin- eta igeltsero-maisua, sakristiako ganga eta elizaren gainerako tokiak zuritzeaz arduratu zen.
Berriztatze txiki horrek, guztira, 1.345 erreal inguru balio zuen.
Azkenik, 1838an obra garrantzitsuagoak egin ziren. Izan ere, tenpluaren zenbait osagai erortzeko zorian zeuden. Durangoko Francisco Maria Agirre arkitektoak egin zituen obra horiek. Jaun horrek azaldu zigun nola zegoen eliza orduan. Gutxi gorabehera, gaur dagoen legez zegoen, baina orduko sabaia ez zen ganga-itxurakoa. Hori bai gaztainondozko ohola zuen betegarri modura ipinita. Aldatu zuen beste atal bat dorrea da, hain zuzen, dorrearekin arazoak izan direlako beti. 1838an, bere hormetako bat erortzeko zorian zegoen, hain zuzen, sartaldeko elizpearen erdian zegoena. Horma hori elizaren hormarekin kateatuta zegoen, eta bost arku zirkularrek eusten zuten. Arku horietako bat, gaur egun, horma eginda dago. Arkitektoak zioenez, hormak okertuta zeuden, baina elizak eutsi zezakeen. Horretarako, sartaldera begira zegoen horma berriro eraiki behar zen, hori horma hori konkortuta zegoelako, eta txarto lotuta zegoelako, hala-moduzko harria hormarekin eta oso kalitate eskaseko morteroarekin.
Beste atal batzuetan ere behar egiteko premia zegoen. Esate baterako, lehen teilatua eusten duten hiru arku eliptikoetatik azken biak lekuz mugituta zeuden, elurteen eraginez. Egurrezko hiru arku horiek eutsi ezean, sabaia jausi egingo zen eta, horrela, mugitu egingo ziren alboetako hormak, erretaulak eta bestelako atalak. Arkitektoak gura zutena hondatuta zeuden egurrezko osagai batzuk aldatu eta burdinazko xaflekin sendotu. Azkenez, teilatua konpondu ostean, elizako, sakristiako eta elizpeetako teila guztiak konpondu gura zituzten. Dena dela, arkitektoak ez zituen aipatu handik denbora gutxira egin ziren beharrak. Izan ere, 1856an, Antonio Gandariasek barrualdeari ganga-itxura eman zion. Obrak, guztira, 6.400 erreal balio zuen.
Gaur egun, eliza-arkitekto horrek deskribatu zigun legez dago. Eraikinak oinplano angelu zuzena dauka eta nabe bakarrekoa da. Ganga batek estaltzen du nabea, presbiterioan hasi eta korua amaitzen dena. Lau lunetek zeharkatzen dute ganga. Horiek ez dute itxura bera horma guztietan: presbiterioa inguratzen dutenak oso zabalak dira, baina ingurukoak askoz estuagoak dira. Luneta horien ertzak lau angeluko zutabe handitan oinarrituta daude. Harrizkoak dira zutabe horiek, eta harroin eta ateburu zabala dute. Gainean harrizko hiru arku dituzte. Erdi-puntakoak dira eta ganga zeharkatzen dute alderik alde.
Nabe nagusia argitzen duten bao bakarrak eskumako horman sartuta daude, lunetetan. Lau bao handi dira, arku zorrotzekoak. Arkiboltekin apainduta daude. Argiz betetzen da tenplua.
Aurreko horma itsuan kapera eder bi daude, lunetetan sartuta. Aldi desberdinetan eraiki zuten. Lehena, aldaretik gatozela, burdin langa flamigero eder batek itsutzen du. Harrizkoa da, sasoi gotikokoa. Borlazko eskubanda batekin apainduta dago. Arkua dauka molduraz atondutakoa. Erdi-puntukoa eta xumea da. Arkua fuste biribileko zutabeerdi batetan oinarrituta dago. Gurutze-ganga txikiak estaltzen du. Gangaren ertzak harrizko frisoaren gainean daude. Frisoan inskripzioa dago, jabeak zeintzuk ziren eta tenplua zortzi urteetan egin zuten dioana: Juan Ortiz Bidaosolo eta Juan José Olaeta jaunak eta oinordekoak, 1527. Kapera horiek erretaula txikia dauka, eder-ederra. Eraistearen gainean irudia du. Hobian dago sartuta. Bertan, molduraz apainduta, arku eskartzanoa dauka. Hilobi zaharra dela uste da.
Bigarren kapera, Fernando Abad Lamiquizek egin arazi zuen, Mendatako onuraduna zenak. Jaun horrek, 1622an, baimena eskatu zion bere nagusiari, hau da, Gonzalo Ugarte Zaldibar eta Mallea jaunari. Kaperak garaipen-arkua dauka, erdi-puntukoa eta oso lisatua, pilastra artean dagoena. Horiek dadoetan daude, barruan erronboak dauzkanak. Errenazimenduko arkuaren dobelek kasetoien apaindurak dituzte eta frisoari eusten diote. Frisoa triglifokekin eta metopekin atonduta dago eta gainean frontoi klasikoa du. Gurutze-gangak estaltzen du, aurreko ganga baino apaindura gehiagokoa. Nerbioen artean margoak ditu, freskoak. Ertzak frisoan oinarrituta daude, eta bertan ondokoa irakurri dezakegu: Juan Ortiz Bidasolo Lamíquiz Bulucua, 1626ko urtea. Aurreko kaperak legez, erretaula txikia dauka. Hori erretaula hori harrizko hobian sartuta dago. Arku eskartzanoa dauka. Erretaulan irudi bi daude, konkor biribilekoak eta garrantzi handirik bakoak. Sasoi gotikoko burdin langa flamigeroak ixten du.
Kaperak dauden horma berean, presbiterioa dauden alderdian, atea dago, ateburua daukana. Sakristiarako sarbidea da. Sakristia angelu zuzeneko gune txikia da. Oso xumea da eta gaur egungo kajoneria du. Goian zabaldutako argizuloak argitzen du barrualdea. Baina, albo batean, bao txikia ere badu, leihoburuekin.
Kaperaren alboetako horman erdi-puntuko arku txikia dago. Puntu beheratua du. Itsua da. Ateburuetan eta harrizko atezango sendoetan ditu oinarriak. Ez dakigu zertarako balio zuen.
Apaindura artean azpil bat nabarmendu behar dugu. Kolore berdeko jaspezkoa da. Horma erantsita dago. Baliteke 1733an egin zena izatea. 1.200 erreal balio zuen hark eta Juan Urkizak egin zuen. Durangoko tailugile horrek enkargu asko izan zituen eliza honetarako.
Azkenik, harrizko koru bikaina dago, tenpluaren oinetan. XVIII. mendekoa da. Hiru arku karpanel bikainek eusten dute. Arkiboltekin apainduta daudenak. Lau angeluko zutabe sendoetan oinarrituta daude, harroinekin eta ateburuekin. Erremate modura erlaitza dago. Molduraz atonduta dago eta burdinazko balaustrada du.
Koruaren azpian, erdialdean, egurrezko kutxa dago, tenpluaren sarrerako batean (nagusian ez). Kutxaren alboan, ezkerraldetik, gune txikia dago. Harrizko petrilak eta burdin hesi garaiak mugatzen dute gunea. Barruan bataiarri ederra dago, harrizkoa, apainduraz hornituta. Harrizko plataformaren gainean dago. Ondoan, korura igotzeko eskailera dauka. "L" letraren itxura du. Lehen zatia harrizkoa da, baranda burdinazkoa da eta eskubanda egurrezkoa.
Koruak egurrezko egitura dauka. Atea dauka, arku eskartzanokoa dena, dorrera igotzeko.
Kanpotik ikusita, eliza handia ematen du. Lau harresi sendo ditu, harrizkoak. Harlanduzko lau horma-bular handik eskumako hormari eusten diote. Erdian bao zorrotzak daude, argia sar dadin.
Kaperak eta sakristiak betetzen duten gunea kanpotik sumatu daiteke, zati erantsia delako, nabe nagusiak baino garaiera eta luzera gutxiagokoa.
Teilapea daukan elizpe batek eraikuntza osoa inguratzen du. Harlauza onak ditu eta banku luzea du petrilari atxikia. Barrualdean harlandu ona du; bertan egurrezko zutoin sendoak ipinita daude, teilatuaren zurajeari eusten diotenak.
Gaur egun, elizpearen zati bat botata dago, berritze-lanak egiten dihardutelako.
Lehenago esandako moduan, sarrera bi ditu. Sarrera nagusia eskumaldean dago. Portada errenazentista ederra da, Manierista. Litekeena da Martin Hormaechea eta Pedro Bengoechea harginen lana izatea, horiek 1635ean dorrearen beharrean jardun zuten-eta. Erdi-puntuko arkua da, hainbat moldura ditu eta pilastra biren erdian dago. Pilastrak idulkiei atxikita daude, eta horiek karratuak eta erronboak dituzte. Ateburua duten hainbat osagaiek eusten diote horiek pilastrek.
Beste sarrera oinetan dago. Erdi-puntuko arku soila da. Dobela nabarmenak ditu eta erdi-puntuko arku handi bi ditu inguruan. Hiruren artean, gaur hormatuta dauden beste batekin, gunea osatzen dute elizpean. Dorrea horren gainean dago.
Dorre-elizpea oinetan dago. Buruhauste handiak sortu zituen. 1635ean Martin Hormaechea eta Pedro Bengoechea harginek konponketa batzuk egin zituzten. 1785ean beste konponketa egin behar izan zen, premia handiz gainera, oinaztarria batek jo zuelako. Gabriek Capalastegik egin zuen beharra. 1838an, lehen ikusitako moduan, horma bat bota zuen eta berriro eraiki zuten, jausteko zorian zegoelako. Konponketa-lanak behin eta berriro egin dira; dorrearen egituran horren arrastoa sumatu liteke.
Eraikinak hiru atal ditu. Inposta-lerroek bereizten dituzte atalok. Harrizko erlaitza dago, eta gainean, lau isurialdeko teilatua eta linterna txikia du. Bigarren ataleko alboetan leihoburua duten bao bi ditu. Horiek, azken atalean, erdi-puntuko arku bihurtzen dira. Dorrearen inguruan elizpea dago. Hormarrizko harresi batek estaltzen du. Elizpearen barrualdean harrizko eskailera dago, eskailera-buru batera doana, dorrearen lehen atalaren garaieran.
Hormarrizkoa da, eliza osoa legez, baoak, izkinak, sarrerak eta horma-bularrak izan ezik. Aurrealdean erlaitzen hondakinak daude. Litekeena da aurreko eraikuntza-aldikoak izatea.
Eraikuntzak isurialde biko teilatua dauka. Ezkerraldeko horman beste teilatu bat dago, nagusia baino apur bat txikerragoa dena, eta horrek kaperak eta sakristia estaltzen ditu.
Barruko apaindurari dagokionez, erretaula interesgarri batzuk daude, batez ere erretaula nagusia, balio handiko eredu errenazentista da-eta. Ez dakigu nork egin zuen, ezta noiz egin zuen ere. Baina baliteke errenazimenduko aldi klasikokoa izatea.
Bestaldetik, egindako konponketa-lanen, margo-lanen, erantsitako pusken eta holakoen berri badugu agirietan. 1670ean garbitu zuten, baita margotu eta urreztatu ere. Bilboko Nicolas eta Domingo Brustin maisuek egin zuten. Horiek sitsa kendu ostean, oinak eta eskuak bernizatu eta erlaitzak, zutabeak, idulkiak, kapitelak eta harroinak urreztatu zituzten. Berriztatze-lanek, guztira, 1230 dukat balio zuten.
Geroago, 1757an Juan Urkizak, Lekeitioko tailugile-maisuak, erretaularen basamentua erantsi zuen, eta Luis Foncuebak margotu eta jaspeztatu zuen, marmola imitatuz.
Erretaula bikaina da, oso bertikala. Honako atal hauek ditu: basamentua, lau atal eta, ardatz horizontalean, hiru kale-arte; horietako bi albokoak eta zeiharrak dira, beste biak kaleen artean kokatuta daude.
Basamentua XVIII. mendean egin zuten. Ebakia da eta margotuta dago., marmolaren antzera. Landare itxurako apainduraz hornituta dago, eta urreztatutako zatiak eta biribilak ere baditu. Ateburu bati eusten dio. Horren gainean lehen atala dago.
Lehen atalean Jesusen Pasioaren gaineko irudiak daude. Ezkerraldean, alboko kalean, ortuko otoitzaren irudia dago; eskuman, Judasen musuarena. Erliebe horiek kolore asko dituzte. Artistak baxuerliebeak ipini zituen atzealdean eta altuerliebeak kanpoan. Era horretan perspektiba-sentsazioa sortu zuen. Irudiak dituen plafoi horiek pilastretan sartuta daude. Pilastrak santuen baxuerliebeekin atonduta daude eta friso baten bermea dira. Frisoan aingerutxoen buruak daude. Kale-arte bietan eta erretaularen izkina zeiharretan, santu fundatzailearen altuerliebeak daude, idulki txikerren gainean ipinita. Eskultura guztiek ezaugarri beretsuak dituzte: ile eta bizar kiribilduak, tamaina handiko gorputzak, muskulu nabarmenak, adierazkortasunik bako aurpegiak, kapen oihalak oso landuta daude eta malguak dira. Ezaugarri horien arabera, Errenazimenduaren bigarren aldikoa dela esan dezakegu, 1570 eta 1630 bitartekoa. Dena dela, itxura denez, 1570 urtetik gertuago dagoela ematen du, mugikortasun handia dagoelako, batez ere bigarren eta hirugarren atalean. Lehen atalean, erdiko kalean, Kristo Gurutziltzatuaren akaberan ohikoak ziren kateak. Pilastrek ateburu bati eusten diote. Horren gainean San Migelen irudia dago. Barrutik, Kristo Gurutziltzatuaren arku karpanel baten azpian dago.
Bigarren atala joniar ordenakoa da. Alboetako kaleetan plafoiak ditu, fuste ildaskatua duten zutabe joniarren artean sartuta. San Migelen bizitzako pasarteak agertzen dira bertan; eskumakoan, deabruak garaitu zituenekoa. Lehengo ataleko eskulturak deskribatzen aipatutako ezaugarriak honetan ere topatuko ditugu eta gainera, mugikortasun handia du. Lehenengo kalean legez, kale-arteetan, santuen irudiak daude. Erdiko kalearen inguruan, lau ebanjelarien irudiak daude, idulki karratuen gainean eta erdi-puntuko arkuen azpian ipinita. Konkor biribila dute ia eta Errenazimenduaren bigarren aldiko ezaugarri gehienak dituzte agerian, baita Migel Angelek egindako San Pedroren moduko bizar luzeak ere. Erdiko kalea zutabe joniarren artean sartuta dago. Horiek arku karpanel bati eusten diote. Barruan San Migel Goiaingeruaren antzinako irudia dago. Armaduraz jantzia eta lantza eskuan agertzen da, dragoia hiltzen. Zutabe joniarrak friso biren bermea dira; bata aingeruaren buru handiz atonduta dago, bigarrenak triglifoak eta metopak ditu, lehen aipatu ditugun katea geometrikoekin batera.
Hirugarren atalean Birjinaren bizitza agertzen da. Ordena konposatutako da. Alboetako kaleetako plafoiak zutabeen artean daude. Zutabe horiek kapitel konposatua eta fustea ildaskatua dituzte, ildaska-mota birekin. Beheko tertzioa zabalagoa da; goiko tertzioak estuagoak. Ezkerreko plafoian Deikundearen irudia dago, eta eskumakoan familia-eszena bat. Kale-arteetan, erdiko kalearen inguruan, beste Ebanjelari biren irudiak daude, konkor biribilekoak ia, eta beheko atalean daudenen ezaugarri berberekin.
Erdiko kalean, katea geometrikoekin apaindutako mentsulen artean, eskultura bat dago. Bertan, Birjinaren koroatzea irudikatuta dago. Aingerutxoz inguratuta agertzen da.
Hirugarren atal horren gainean, frisoa dago, aingeruen buruz atonduta dagoena. Eta alboetakok aleetan, erretaularen alkabera dago, frontoi klasiko txikerretan. Horiek, tinpanoan, aingeruen buruak eta izkinetan pitxerrak dituzte.
Erdiko kalearen gainean beste atal bat dago, azkena, ordena konposatuko zutabez eta fustez inguratuta. Horiek apaindutako pilastra txikiek eusten diote. Azken horien gainean ateburu zuzena dago. Bertan eskultura handiak daude, konkor biribilekoak: Kristo Gurutziltzatua eta, alboetan, Birjina eta San Joan.
Erretaula honetan Juan Antxieta euskal eskulturagile errenazentistaren eragina suma dezakegu; oihalak marratzeko moduan eta, batez ere, gorputz indartsuko eta bizar askoko pertsonaiak, Migel Angelek egiten zituenaren modukoak direnak.
Kaperetan beste erretaula interesgarri bi daude. Lehenengoan, Eraistea irudikatzen duena, erretaula nagusiaren sasoi berekoa da. Atal bakarra da eta inguruan lau zutabe joniar dituzten fuste ildaskatua dutenak, eta friso bat eusten dutenak. Frisoa triglifoz eta metopaz apainduta daude eta erretaula guztiak ate geometrikoaz atondutako atal txiki baten gainean dago. Erliebearen atzealdea margotuta dago. Urrun dauden irudietan baxuerliebea dago eta hurbil daudenetan altuerliebea, perspektiba-sentsazioa sorrarazteko.
Bigarren erretaula errenazentista da baina aurrekoa baino klasikoagoa eta latzagoa da. Atal bakarra dauka, ordena konposatutako lau zutabe eta fuste ildaskatuaren artean sartutako itxurakoak; eta hirugarrenean ildaskak zabalagoak dira; bigarrenean moldurak dituzte, landare-itxurakoak; eta hirugarrenean ildaskak artezagoak dira baita txikerragoak ere. Zutabe horiek roleoz apaindutako friso bati eusten diote, eta horren gainean frontoi klasiko bat dago. Konkor biribileko estatua bi ditu, erdi-puntuko arkuaren azpian. Mentsula batzuk bereizten dituzte, apaindu eta urreztatutakoak; balio gutxikoak direnak.
Azkenik, aldarearen alde bietan, erretaula rococo txiki bi daude. Juan Urkizak egin zituen 1757an, 10.000 errealen truke. Erretaula horiek atal bakarrekoak dira eta akaberan errematea daukate. Atal hori zutabe handiek inguratzen dituzte, kapitel konposatuta eta fuste ildaskatuak dituztenak. Fusteak apaindura asko dauka, ispiluak eta, inguruan, arroka ugari, landare-itxurako osagaiak. Gainean, hainbat atal dituzte, ateburua dutenak, oso mugituak eta ebakiak. Erdian erdi-puntuko arku zentrokideak daude. Txikerrena, zutabe soilak ditu, fuste laukoak eta landarez atonduta daudenak. Ganga-itxurako gunea sortzen da horrela. Horren barnean kasetoi txikiak daude apaindura gisa. Gune horietan eskulturak daude, konkor biribilekoak: San Jose ezkerraldean, eta Birjina eskuman.
Erremateak apaindura asko ditu eta mugitua da. Rococo estilokoa da, osteran apaindurak legez, berbarako, ispiluak, izkinetako aingeruen buruak, arrokaia, palmak eta landare itxurako osagaiak. Urreztatuta dago eta atzealdea urdin argia da.
San Jose eta Birjinaren irudiak kalitate txikikoak dira, aurpegian eta eskuetan egindako lanak oso zakarra da. Oihalen moldurak ikusita, rococo estiloari dagokiela esan dezakegu. Dena dela, kalitate txikikoa da. Alboetan, lau Ebanjelialarien eskulturak daude, idulkien gainean ipinita eta frontoiaz eta hegatsez estalita.
Azken erretaula, rococo estilokoa ere, albo batean dago. Atal bi ditu, ordena konposatukoak, zutabe zuzenak ditu, fuste ildaskatua eta atonduta dauzkatenak. Hiru kale ere baditu: erdikoa zuzena da eta alboetakoak zeiharrak. Aurreko atalak legetxe, honek ere apaindura asko ditu eta urreztatuta dago, ispiluak arrokaia, kateatutako “ze”ak ditu eta, izkinetan, aingeruen buruak. Erdiko irudia, konkor biribilekoa dena, Orbanbakoa irudikatzen da eta oso eskasa da.
Azkenez, pulpitua nabarmendu behar dugu, apaindura ederrak dituelako. Sakristiaren sarrerako atearen alboetan dago. Burdina landuzkoa da. Elorriko Balendin Ojangurenek eta Andres Uribek egin zuten, 1726an, eta 1.946 erreal inguru balio zuen. Apaindura asko ditu. Burdinazko baranda bikaina dauka, pera bikoitzekoa, hostoz estalitakoa, pulpituaren gainetik dagoena, apaindura ebakiz. Beltzez margotuta dago eta apaindura batzuk urre kolorekoak dira.
Urdaibaiko Galtzagorriak © 2017. Kontaktatu gurekin: galtzagorriak@urdaibai.org
Babesleak: Eusko Jaurlaritza, Gernika-Lumoko Udala eta Urdaibai Biosfera Erreserba.