San Pedro eta San Pablo baseliza Eleizalde auzoan dago, Asuntzioko Andra Mariren elizatik 150 metrora.
1928an sutea jasan zuen Ibarruriko antzinako parrokiak betetzen zuen tokitik hasten den Gurutze Bidea baseliza honetan amaiera du.
Eraikin honek 13,55 x 5,10 m-ko neurrietako oin errektangeluar sakona dauka, nabe bakarra eta abside zuzena, zertxobait estuagoa. Hormak harlanduz eraikiak ditu. Teilatua isurialde bikoa da eta bost zertxaren gainean jarrita dago; ez dauka gangarik barruan. Mendebaldeko aurrealdean ia horma osoa hartzen duen sarrera dauka. Portada hau da arreta gehien erakartzen duena. Mako-zorrotz estilokoa da eta turuta antzekoa; gainean tinpanoa daukan arku okertua da izatez, ornatua eta arkiboltekin; arku-barneak lau iruditxo dauzka: muturretakoak musika-joleak dira eta beste biak, San Pedro giltzarekin eta San Pablo liburuarekin. Egitura osoa arku apuntatua da; harroin-gainak gerlari iruditxoez ornaturik daude, eta ikusten dira beste elementu ornagarri batzuk ere. Sarrera-ate honetaz aparte, badago beste bat hegoaldeko aurrealdean, bakunagoa. Berau ere arku apuntatua da, arkuarriak harroin-gainetan eutsirik dauzkana. Absidean badago zutarri bi eutsirik dagoen leiho bitxia; gotikoa izan arren, erromanikoaren tipologian dirauen huts-gunea da.
Barruan, absidera sartzeko arkuari dieten harroin-gain bako zutarriak aipatzekoak dira.
San Pedro eta San Gregorio Handiaren bi irudi barroko (1730) gordetzen dira barnean.
Bizkaiko nekazal gotikoaren eraikinik erakargarrienetarikoa da.
Gaur egun ondo artaturik dago, 1.980 berriztatu egin zelako, auzokoek ordaindurik.
1.970 urte ingururako, baseliza barruan egiten hasi ziren lan batzuk zirela-eta, giza aztarnak agertu ziren aldarea dagoen tokian.
Aztarnategiaren barruan harri-gizon baten osagaitzat jo izan diren kareharrizko zatiak daude. Hiru biribil erdikide ikusten dira.
Urdaibaiko Galtzagorriak © 2017. Kontaktatu gurekin: galtzagorriak@urdaibai.org
Babesleak: Eusko Jaurlaritza, Gernika-Lumoko Udala eta Urdaibai Biosfera Erreserba.