San Joan Bataiatzailea baseliza Ajuria auzoan dago. Baselizaren ondoan iturria dago. Bere ingurutik PR-BI 177 ibilbide laburra igarotzen da.
19,40 x 8,40 m-ko neurriak dituen nabe bakarreko oin angeluzuzena dauka. Horma harlangaitzez apainduz eginda daude, ertz eta huts-gunetan harlanduz gogorturik. Isurialde biko teilatua dauka eta barrualdea gangatu barik dago. Argia altura bitan kokaturik daude eta denak dira harlanduz adintelatuak. Sarrera-ate bi dauzka, bata mendebaldean, arku apuntatua, eta bestea ekialdean, adintelatua. Zoladura zurezkoa da. Sarrera-ate apuntatuaren ondoan 1.880 urtean eraikitako dorrea dago, harrian zizelatutako inskripzioak dioenez. Elizapea oinetan eta Epistolaren aldetik dago.
Barnealdean ondoko irudiak gordetzen dira: San Joan, San Jose, Mirarietako Ama Birjina, San Antonio, Errosarioko Ama, Bihotz Sakratua eta San Isidro.
1723-40 bitartean, baseliza oso hondaturik zegoen. 1.891 urtean oso lan garrantzitsuak burutu ziren bertan, Iturrioz eta Gandariasek egindako aurreproiektu eta planoen arabera. Beraz, orokorrean, gaur ikusten dena XIX. gizaldikoa gehien bat, sarrera-ate apuntatua izan ezik. Esan daiteke, bada, osagai gotikoa eta neoklasikoak dauzkala.
Oso bikaina da gaur egun Gasteizko Elizbarrutiko Museoan dagoen erretaula; behealdean 1.532 urteko hilobi inskripzioa du. Margoak estilo flamenkokoak dira zalantza barik. Jesus Gurutzean eta alboetan Ama Birjina eta San Juan ageri dira irudikaturik.
Urdaibaiko Galtzagorriak © 2017. Kontaktatu gurekin: galtzagorriak@urdaibai.org
Babesleak: Eusko Jaurlaritza, Gernika-Lumoko Udala eta Urdaibai Biosfera Erreserba.