San Salbatore ermita BerreƱo auzoan, Kanpona mendiaren hegalean, bertan behera utzitako igeltsu meategi baten aldamenean kokatuta dago. Baseliza honetatik Santiago Apostoluarena ikusten da.
Eraikin txikia da, nabe bakarrekoa eta oinplano sakonekoa (8,80 x 6,30 m). Harlandu dotorez eginda dago, izkinak, baoak eta sarrera kenduta. Isurialde biko teilatua dauka, eraikinaren oinetan elizpe txikia osotzen duena. Egurrezko zinbria handi batek eusten dio, izkinako zutoinen gainean dagoena. Elizpearen azpian, sarrera nagusia dago. Arku errenazentista garrantzitsua dago bertan. Erdi-puntukoa da, dobelak nabarmen ikusten dira, eta giltzarri handia dauka, kanporantz irteten duena.
Burualdean, leiho monolitikoa dago, prerromanikoa. Sigi-saga itxurako lerroekin atonduta dago, Garaiko Santa Luziaren baselizaren antzera, baina lana baldarrago eginda dago.
Barrualdean estalkia ganga-itxurakoa da. Haga batetik kanpaia eskegita dago. Erretaula neoklasiko txikia dago.
Barruan Salbatoreren (Igokundea) irudia gordetzen da. Erretaulan, berriz, San Pedroren eta San Pauloren (erliebean) irudiak daude. Era berean, margo-lanak ere badaude: Jesusen Bihotz Sakratua, Birjina, Aingeru Zaintzailea eta Gurutzetik Jaitsiera.
Bere artapen-egoera ona da, apur bat kaltetuta dagoen arren.
Baselizaren hormetan sartutako XI. mendeko leihoa nabarmendu behar da. Hareaharrizko bloke monolitikoan landuta dago. Erdialdean angeluzuzeneko huts-gunea du. Bere argia ajime batek bitan banatzen du. Argien gainean ez du okulorik.
Bao honen orijinaltasuna bere apainduran dago. Lerro ebakidun batek inguratzen du. Bular-aurrean beste bi lerro horizontal eta paralelo berriren laguntza du. Sigi-saga itxurako lerroekin zeharkatuta dago.
Lerro ebaki baldarrekin lortuta dagoen apaindura honek Islako (Gautegiz Arteaga) leihoen artetik gehien landuta dagoena gogora ekartzen du.
Urdaibaiko Galtzagorriak © 2017. Kontaktatu gurekin: galtzagorriak@urdaibai.org
Babesleak: Eusko Jaurlaritza, Gernika-Lumoko Udala eta Urdaibai Biosfera Erreserba.