San Joan Bataiatzailearen ezaugarri nagusiena bere fabrikaren gehiegizko apaltasuna eta pobrezia da eta, horrek, nortasun gabeko eliza izatea dakar; ondorioz, oso zail egiten da estilo honetan edo bestean sartzean.
Ereño eta Nabarniz artean, Gabika auzoko tontor batean, kokatuta dago. Bertatik mendiaren magalaren zehar, hain juxtu errepidearen beste aldean, barreiatu ziren baserriak ikusten dira; elizaren aurrealdean ortu txikia duen abade-etxea dago. Eraikin horretan elizaren giltza duen eta eliza eta ortua egoera onean egoteko ardura duen abadearen laguntzailea bizi da ia urte osoan zehar.
Nabe errektangeluar bakarreko eta dorrea albo batean duen eraikina da. Sarrerako atea, arkupeak babesten du eta presbiterioaren aurkako aldean kokatuta dago. Presbiterioak ez du absidean edo zirkuluerdian amaitzen, forma zuzenean baizik.
Kanpo-aldetik, fabrika, zuritutako harlangaitzezkoa da. Ertzak, ostera, baserri-etxe eta baseliza askotan legez harlanduzkoa da. Hala ere, fabrikak ez du gehiegizko kalitaterik, eta atzealdean fabrika agerian geratzen da. Lehen begirada baten taldea ez dela oso altua argi geratzen da eta gehien nabarmentzen dena kanpandorrea da. Kanpaia puntu erdiko lau arkuz inguratuta dago eta bigarren gorputzaren goialdean ordularia dago.
Elizaren barnealdeak ere kanpoaldearen bezalako nortasun-eza du. Barnera sartzeko atea arkupean dago eta erdi puntuko arkuak inguratzen du. Baliteke arkupe horretan guztion iritzia eskatzen zuen erabakia hartzeko edo mantentzeko parrokiako eliztar guztiak bildu izana. Elizara sartzen garenean, kapera nagusiaren aurkako aldean hain juxtu, neurri apaleko eta hormak margotutako gelan egongo gara. Atearen ezkerraldean kareharrian egindako pilastra itzela dago. Eskumaldean, ostera, guadamedil txikia dago. Barneko argitasuna alboko horma batean dagoen huts-guneetatik sartzen da; huts-guneak, kanpoaldetik, sare metalikoz estalita daude.
Elizaren gainontzekoak ez du garrantzi berezirik, gutxi altxatutako tarima gainean kokatutako aldare apalak ez du erretaularik eta mahai apalez osatuta dago. Zerbait aipatzekotan, frontisean kokatuta dagoen eta hain ohikoa ez den haur formako San Joan Bataiatzailearen irudi txikia aipatu behar da; Errosarioko Amaren irudi txikia ere bada sakristiaren atearen ondoan. Sakristia, neurri txikiko gela da eta tiraderen apaingarrien gainean egurrezko errotuluan hauxe irakur daiteke: “obras expensas de don Pedro de Kobiaga y Maria Josefa de Ispisua, conyuges, año de 1882”.
Agirietako zenbait albiste
Auzo baten inguruan pilatutako baserri-talde bat sortzeak ekarri zuen hazkunde demografikoak ondorioztatu zuen 1560an Gabikan parrokia hau eraikitzea. Egoera ekonomiko onean zeuden herritarrek eurentzako eliza parrokiala eraikitzea erabaki zuten. Honela, inguruko biztanleentzat eskuragarriago geratzen zitzaien. Hala ere, inguruan dauden Ereño eta Nabarnizko (Akorda, Ikazuriaga…) elizateetatik ere joango ziren.
Parrokia honetako XVII. mendetik XVIII. mendera (1748) arteko Fabrika-Liburuak gordetzen badira ere, onartu beharra dago zaharrenak oso kaltetuta daudela eta oso gaizki irakurtzen direla; halere, euretan agertzen diren kontuetan oinarrituta elizate honen baliabide urritasunaz ohartu ahal gara, zeren eta hamarrenen eta primizien dotazioekin kultuak eskatzen zuen gastu minimoa ordain zitekeen bakarrik eta batzuetan ezta horretarako ere. Honelako kasu bat 1712. urteko bisitaldiaren bitartez konproba daiteke. Bisitatzailearen arabera meza ospatzeko zenbait objektu faltan egotearekin batera, leihoetan beirateak falta dira. Haize gogorrak izaten diren lekuan beiraterik ez egotea arriskutsua da. Bisitatzaileak, era berean, tarimak nibelatzea agindu zuen, alde batzuetan besteetan baino gorago zegoelako. Konponketa guztiak Bañosko Kondearen hamarrenekin egin behar ziren, zeren eta Gabikako Fabrikak aipatutako konponketak egiteko ez zuen baliabide nahikorik eta horrela egin ezean beharrezko baliabideak errekisatuko ziren. Honek erakusten du eliza txiki honetako patronoek interes eskasa erakusten zutela.
1736rako aurreko aginduak beteta zeuden. Erreformen gastu osoa 1.700 erreal eta 9 marakoa izan zen eta orduan agindutako hamarrenen produktuekin ordaindu zen. Urte honetan beste lan bat egin zen. Honetan, barneko elementuen kokapenean aldaketak egon ziren. Zentzu horretan Ygnacio Homavesti abadeak Amaren eta San Sebastianen Aldarea Aldare Nagusiaren alde bietara, momentu horretan zeuden bi sakristien alde horretara, eramateko beharraren berri ematen du. Era berean, elizatik kanpo baina elizari itsatsita sakristia berria behar dela dio, betiere hamarrenen fruituen kontura.
Halere, 1741eko bisita-autoari erreparatuz gero, agindutako sakristia eta beste elementu batzuk badirudi oraindik orain ez zirela eraikitzen hasi. 1741 eta 1742 urteetako kontuek lanak egin zirela islatzen dute. Elizaren koroan leiho berria atera eta zegokion beiratea jarri zitzaion. Ignacio Ybarecheak egin zuen eta 365 erreal kobratu zituen.
Eliza honen inguruan ez dago inolako beste aipamen dokumentalik garrantzi gutxiko datuak baino ez; esaterako, 1743 eta 1744 urteen artean egindako kanpai-dorrearen konponketa edo bataio-ontzirako balaustrada bat egitea.
Egia esateko, baliabideen urritasunak nortasun artistiko gehiago emango zion lan garrantzitsuak egitea galazo zuen. Izan ere, baserriak barreiatuta dituen landa-eremu honetan bizi ziren pertsonek garatu duten herriko artearen adierazpenen baitan kokatutako egitura-ezaugarriengatik eta apaltasunagatik nabarmentzen da San Joan.
Urdaibaiko Galtzagorriak © 2017. Kontaktatu gurekin: galtzagorriak@urdaibai.org
Babesleak: Eusko Jaurlaritza, Gernika-Lumoko Udala eta Urdaibai Biosfera Erreserba.