Komentu hau lehendabizi 1422an kokatu zen. Arteagako oinetxeko bi alaba -eta Izaro irlako Lehen Zaintzailearen Martin Arteaga Fraide Aitaren arrebak zirenak- bakardadean eta bertutean oinarritutako bizitza aurrera eramateko leku horretan gorde ziren. San Frantziskoren Hirugarren Agindua hartu zuten. Beranduago, bi ahizpa hauen adibidea erreferentziatzat hartuta eta bertutearen bidean nola ari ziren aurreratzen ikusirik, beste batzuk gehitu zitzaizkien Isabel Santaren Araua gordez eta San Frantziskoren Hirugarren Aginduaren beaten titulua hartuz. Horrela egon ziren 1618ra arte, hau da, 196 urte. Urte horretan klausura-botoa egin eta Kantabriako Probintzialari (orduan Juan Solaguren Fraidea zen) Santa Klarako ordenako Abadesa bat izenda zezala sortzailea eta erreformatzailea izan zedin, arau horren parte-hartzaile izateko gogo biziak zituzten eta; aipaturiko Aitak horien desioak benetakoak zirela ikusirik, Antonio Caetano Nuntzio Apostolikoaren baimenarekin, Maria Arteaga Anderea Abadesa izendatu zuen. Emakume hau Medina de Pomar herriko Santa Klara Komentuko moja zen. Santa Klararen Arauen oinarriak erakusten hasi zen eta helburu hori bete ahal izateko Santa Klarako Araua eta Ordena komentu honetan sortu eta oraindik orain hor dirau.
Sortze-ekimen ofiziala 1619ko irailaren 16an ospatu zen, Frantzisko Zerain Fraidea Probintziala zelarik.
Gernikako Hiritik kanpo, Lumoko jurisdikziopeko lurretan, Antiguako Amaren ermitaren ondoan, “hamazazpi kanatara eta sortaldean, Gernikako Arbola entzutetsua dago; bere azpian egiten ziren Bizkaiko Jaurerriko Batzar Nagusiak (…)”. Komentu hau, hiritik eta bizkaitarrek zituzten botere politiko eta askatasunaren toki enblematikotik hur zegoenez, hainbat gudarostek hartu eta okupatu zuten, frantsesek besteak beste.
Erlijio-arkitektura garaikidetik, aipagarria da Lumoko klaratarren komentua; bertan eraikin zaharrak errekuperatu direnez, Erdi Aroko estiloa (neorromanikoa eta neogotikoa konbinatzen ditu) nagusitu da. Komentuaren ondo-ondoan dagoen elizak (egia esan, komentuarena da) Italiako neoklasizismoari jarraitzen diola esango genuke. Elizaren kanpoko fatxada, zati baten, Ereñoko kareharri gorriarekin eginda dago eta bi ataletan bananduta dago; goian kanpandorrerako linterna dauka. Barruan nabe bakarra eta alboko kapera handi bi ditu; pilastren gaineko puntu erdiko arkuak dituen arkupe batetik sartzen da barnera. Bigarren mailan, alboetako puntu erdiko arkuek triangelu-formako frontoiak dituzte goian. Fatxadaren simetria-ardatz nagusia errematatuaz, dorre oktogonal bat dago.
Lumoko klaratarren komentuan obra batzuk egitea aurreikusita zegoen, zeren eta 1638an idatzizko aipamen bat dago eta bertan ageri denez, Juan Bastegieta harginak harri-hormazko harri oneko ehun gurditxo ekartzea eskaini zion komentuari; 20 gurditxo bi erreal eta erdi kobratuko zituen eta gainerakoak, beste laurogeiak, bi erreal; hori bai, 40 gurditxo Gabonak aurretik entregatu behar zituen eta gainerakoak, Pazko egunean.
Urdaibaiko Galtzagorriak © 2017. Kontaktatu gurekin: galtzagorriak@urdaibai.org
Babesleak: Eusko Jaurlaritza, Gernika-Lumoko Udala eta Urdaibai Biosfera Erreserba.