Eliza hau Almika auzoan dago, Bermeoko hirigunea hedatzen den muinotik menperatzen den baserri-auzoan. Almikari buruzko lehen erreferentzia XI. gizaldikoa da, 1093koa hain zuzen, Tekla andreak San Millan de la Cogollako zenobioari Almikako eliza eta bertako ondasun guztiak dohaintzan eman ziotenekoa. Ostean, XV. gizaldiaren erdialdean, Bizkaiko buru ziren Tello eta Juana Jaun-Andereek Bermeoko San Frantzisko komentuari eman zioten dohaintzan.
Almika toponimoaren jatorri linguistikoaren eta populatzearen antzinatasunari buruzko ikerketa asko daude. Iritzi zabalduenari jarraituta, leku-izen honek, beste askoren moduan, latinezko patronimiko bat du oinarrian eta –ka atzizkia erantsita. Anton Erkorekak izenaren ustezko jatorri erromatarra proposatzen du, Andra Mari elizan aurkitu zen txanpon erromatar batez eta Bilbo-Bermeo Bide Zaharra ingurunetatik igarotzen zelako eta erlazionatuz.
Auzo eta tenplu beraren populatze-okupazioa unea edozein izanda ere, bertoko harri-fabrika zaharraren (XI. gizaldia) aztarnarik ez da gorde, 1565ean sute bat jasan zuen-eta. Hauts bihurtu zen eliza, sarrera eta medailoi batzuk bakarrik mantendu zirela. Gau egungo Almikako Andra Mari eliza errenazentista estilokoa da, sei tartedun barne-luzego bakar eta elizaburu zuzena dauzkala. Oparotasun askoko estilo errenazentistako sarbide bi ditu. Sarbideetako bat elizaren oinetara irekitzen da, eta medailoi bik dobelatutako dintel faltsua eratzen dute. Ebanjelioan dagoen bigarrena, erdi puntuko arkuan zabaltzen da, teilatutxoarekin.
Elizak berriztapen asko izan zuen, 1647an lehenengoa. Gaur egungo harri-fabrika 1892-1901 bitartekoa da eta Gregorio Arriolaren planoen arabera egin zen.
Altzariei dagokionez, azpimarragarria da Umetxoa besoetan duen Andra Maria, XVI. gizaldikotzat dauka Lizarraldek, gotiko estilokoa. Irudi hau birritan berriztatu zen, 1657n eta 1706an.
Urdaibaiko Galtzagorriak © 2017. Kontaktatu gurekin: galtzagorriak@urdaibai.org
Babesleak: Eusko Jaurlaritza, Gernika-Lumoko Udala eta Urdaibai Biosfera Erreserba.