Andra Mariako parrokia-eliza Zelaieta auzoan kokatuta dago, Gautegiz Arteagako elizatearen auzo-hiriburuan; auzoarena bezala, esangura handiko kokalekua da. Eraikin-multzo hori Oka haranaren behealdean garatzen da, Ereñozar mendiaren hegalean, Gernika-Lumo eta Bizkaiko ekialdeko kostaldea lotzen dituen bidearen gainean hain zuzen ere.
Aipatutako auzo horretan, eliza lehentasunezko lekuan dago, muino txiki baten gainaldean, Urdaibaiko itsasadarraren eta, mendebaldeko isurialdearen, haranaren barreneko auzoak hegoaldetik haranera sarrera Kortezubitik, Errekalde errekaren arroa eta haren kokalekuaren ekialdetik, Ereñozarren hegalean kokatutako udalerri zati osoa azpian dituelarik. Gauzak honela, parrokia-eliza oso urrunetik ikusten da Oka haranaren barrualdetik.
Asentamendu horren garrantzia oso handia izan zen eta elizaren patroiak izandako jauntxoen dorretxea ere hurbil zegoen; gainera, parrokia-elizaren eraikinean, XII-XIV gizaldietako behe erdi aroko elementuak agertzen dira eta, beraz, erdi arotik eraikin bat zegoela adierazten dute.
DESKRIBAPENA
Erromanikoaren aztarnak Andra Maria parrokiaren Hegoaldeko sarbide txikian ikus daitezke. Lan berantiarra da, XIII. mendearen erdialdekoa gutxienez. Kapitelak, tradizio zistertziensekoak, gunera lotuta ageri dira.
Gotikoaren azken aldiko eliza da, hiru tarteetan, altuera bereko hiru nabe ditu, erdikoa alboetakoa baino handiagoa da eta basilika oinplanoduna da; erdiko nabea oinplano karratuko abside poligonalarekin erremataturik dago. Eraikinaren estalkia harlanduzko zutabe klasikoetan oinarritutako gurutze-ganga ederrekin osatuta dago. Eliza guztia harlanduz egokituta dago eta lurra edo behegaina harrizko lauza handiekin hornituta. Oinarri-oinarrian, dorre angeluarra dauka eta hegoaldea eta mendebaldea babestuz, estalitako arkupea garatu zen eta hor baseliza txikia zegoen, gaur egun batzarretarako erabiltzen dena. Elizak hiru sarbide ditu eta horietako bat itxita dago gaur egun; aberastasun tipologiko handia antzematen da baina zehaztasunak geroago emango ditugu. Nabearen oinarrian batisterioa dago, burdinsarearekin babestuta; barnean, hareharriz egindako sekzio zirkularreko bateo-harri handia dago sekzio bereko taparekin estalita eta txori txikiaren irudiarekin erremataturik. Bateo-harriaren gaur egungo estalkia eta batisterioa ixteko burdinsarea XIX. gizaldiaren azken aldian, 1887an egindakoak ziren, bateo-harria bera baino berriagoak beraz.
Andra Maria eliza monumentu elizatzat hartu daiteke, ohiko “hallenkirche” delakoa edota eliza-areto konpentsatua; maisutasun handiz konbinaturik agertzen dira zenbait elementu eta, beraz, eraikin hau eraikuntza garaiko esanguratsuenetarikoa izango litzateke. Kokaleku horretan, lehenago beste eliza batzuk egon zirela frogatzeko elementuak dauden arren, gaur egun bisitatu genezakeen eraikina ia osorik XVII. gizaldiaren amaieran amaitu zuten. Aztarnen arabera, badirudi eliza horrek XII. gizaldiaren erromatar aurrerakina izan zuela eta Iturriza bezalako egile batzuen esanetan, X. gizaldian sortua izan zen. Ebanjelioaren aldeko horman elementu gotikoak agertzen dira, hau da, baoa eta sarbidea eta horrek gaur egungo itxura emateko egindako zaharberrikuntza-lanen aurretik, neurri handiko eliza zegoela erakusten dute.
Eraikuntzaren ondoren, elizan konponketa eta berrikuntza asko egin dira eraikinaren atal ezberdinetan, batez ere, artapen-egoera txarragatik. Elizaren estalkia osotzen duten gangak baten baino gehiagotan konpondu ziren; 1722an, 1738an, berreraikuntza sakona eta 1755ean ere, eraikinaren konponketa orokorraren barruan. Dorrea 1681-1685 bitartean konpondu zuten. 1779an, berriz, presbiterioaren lauzaduraren txanda izan zen eta 1806. urtean eliza eta inguruko arkupea zaharberritu zuten. 1855ean Juan Urrunagak eta Jose Maria Goitisolok zenbait lan egin zuten kaperan, aldare nagusian, gangetan eta elizako beste puntu batzuetan.
Eraikin horrek interes handiko zenbait elementu gordetzen ditu, besteak beste, gorago aipatutako nabe guztietan agertzen diren sarbide edo erretaula ederrak, geroago sakonago aztertuko ditugunak. Horrezaz gainera, elizaren barrualdean gurutziltzatutako Kristoren estatua ederra dago hegoaldeko sarbidearen ondoan, arkupeko baselizan zegoen irudia zen hain zuzen; horrekin batera, ebanjelioaren nabeko erretaularen ondoan, nitxo batean beste irudi bat dago eta erdiko nabeko aldarearen oinarrian Ama Birjinaren taila ederra. Irudi horren egileak eta noizkoak diren ez dago jakiterik baina azken horiek garaikideak izan daitezke.
Azken buruan, elizaren arkupean, lehenago Jesus Gurutziltzatuaren baseliza zegoen lekuan, lurretik metro bateko altueran, arrosa koloreko kareharrizko mahaia gorde da eta, pentsa daiteke, leku horretan elkartzen zirela auzotarrak udalerriko arazo orokorrak eztabaidatu eta konponbideak emateko; tesi horren arabera, kareharrizko mahai horretan idatziz jartzen ziren elizateko herritarrek hartutako erabakiak.
SARBIDEAK
Gorago esan dugun moduan, parrokia-elizak aldaera tipologiko islaturik dauka hiru sarbideetan. Eraikinaren hegoaldean portada erromanikoa dago, aurreko elizaren aztarna. Turuta-itxura handiarekin, itxiera arkuarekin eta bereziki seinalatutako hiru arkibolta dituela: kanpoaldekoa horman euskarrituta, soingaineko zereginarekin eta, beste biak bezala, baketoi eta ziritxoarekin nabarmendurik. Itxiera arkua, leuna eta ertz bizikoa, bitan banatzen duen lerro birmailatuko listel lodian zeharreko inpostadun janbetan euskarriturik; behekoan, janben aurpegietan buru lodiak, arraroak eta efektu ederrekoak ditu ezkerreko janbakoak ia-ia desagertu egin badira ere. Bitarteko arkibolta biek ere inposta dute euskarri, kasu honetan, kapitel alturik gabeko zutabearekin zurkaizturik eta arrakala duen listeldun abakoekin. Guztia hareharriz egin zen.
Zutabe horien kapitelak korintio ordenakoak dira nukleora itsatsitako hosto pedunkulatuen pisu birekin eta, egia esan, zartailuak dira. Beste alde batetik, eskuinaldean aipatutako hostoak akantoetan itxuraldatzen dira eta otzaratxoenaren goiko ertzetan buruak kizkurtuko dituzte. Fusteak meheak dira eta kolore ezberdinekoak: batzuk beltzaranak eta beste batzuk horixkak. Harroinak klasikoak dira atiko estiloarekin barnekoak: oso artikulaturik eta lurretik metro erdira (modernitatearen ezaugarri) plintoaren gaineko zezenak erpe eta guzti ageri dira.
Multzo osoa XIII. gizaldiaren hasieran egindakoa dela pentsatu daiteke, euskal erromanikoaren azken aldiko bertsio kultoa eratuz, cisterciensearen purismoak eraginda dagoeneko, batez ere, ikonografia kontuan izanik, hau da, baketoien esklusibitatea, bereziki nabarmendutako arkua eta plinto altuak.
Ebanjelioaren alboko horman, gotiko estiloko beste sarbide bat dago, hau ere, lehenagoko elizaren aztarna. Eliza honetan, kronologikoki aurkitzen dugun bigarren sarbidea gaur egun takaturik dago eta ez dauka azpimarratzeko moduko berezitasunik, izan ere, estilo arkitektoniko honetako eraikinaren barruan, ohiko tipologiaduna delako.
Eraikinaren oinaldeko sarbidea, berriz, apartekoa da, XVII. gizaldian eraikitako portada barroko klasikoa. Juan Ortiz Olaetak elementu hau kareharri gorriz egindakoa da eta inguruan material hori ohikoa zen eskualdean bai Ereñoko harrobietan zein Gautegiz Arteagakoetan. Portadaren alde bietan, apaindu edo dekoratu gabeko oinarri laukiduneko pilastra bi eta kanalatutako fusteak ditu, atearen gainaldetik, edertasun arkitektoniko handiko gorputz batez loturik, sarbidearen multzoari izaera kultoagoa emanez.
Juan Ortiz Olaetak egindako obra 1635ean hasi zen eta , badirudi, 1661. urtera arte ez zuela amaitu; parrokia txiki honentzat gastua oso handia izan zen eta, horren erakusgarri, gizaldiko hiru laurden egin zuten obraren inbertsio osoa ordaintzeko.
ERRETAULAK
Eraikinaren barrualdean, nabeetako erretaulak dira zalantza barik elementurik azpimagarrienak eta, guztien artean, nabe nagusian buru dena, berau errematatzen duen absidekoa nabarmendu behar da.Erretaula hori erakitzeko baimena gotzaitegiak eman zuen 1790. urtean eta 1810ean egin zen maisu batzuen jarduketari esker. Oso ederra da, hiru gorputz ditu, aldarea, sagrarioa, maileria eta zokalo bat arrosa koloreko kareharriz egina. Urre-koloreko tabernakulu zirkularra dauka, konposatutako eta parekatutako zutabeekin apainduta, albo bietan belaunikatutako aingeruak dituelarik. Erdian angeluzuzena duen medailoia dago baxuerliebean (3,74 x 2,30), Ama Birjinaren Jasokundeari buruzko irudikapenarekin. Erremateko zirkuluerdian beste baxuerliebe batean Ama Birjina Koroatzeko jarreran dagoen Hirutasun Txit Santua irudikaturik dago. Goialdean aingeru bi agertzen dira garaipen alegoriak eskainiz eta zutabe-artekoetan, 1,96 metroko figura bi daude San Pedro eta San Joan apostoluak irudikatuta; aingeru eta apostoluen figurak zurezkoak dira.
Aipatutako zurezko erretaulak Juan Bautista Mendizabal eskultoreak egin zituen eta medailoiak, berriz, Bernardo Costa pintoreak, multzo guztia Juan Bautista Balauzaran arkitektoak sortutako erretaularen diseinuan, hau da, 1810ean San Fernandoko Erret Akademiak onartutako diseinuan. Elementu apaingarri eder horrek nabarmen goratzen du elizaren barrualdea eta, gizaldi bi lehenago, elizaren sarbide nagusiarekin gertatu zen bezala, inbertsio ekonomiko oso handia izan zen eta, beharbada horregatik, tirabira handiak sortu ziren gehiegizko aberastasunagatik, nekazaritzako eremuko eliza zela kontuan izanik. Geroago, 1867. urtean berriro margotu eta urre-kolorez apaindua izen zen erretaula.
Eraikinaren alboko nabeak koroatzen dituen erretaulei dagokienean, dokumentazio aztertu ondoren, ez dago zehazterik noiz egindakoak diren; dena dela, 1792an Arrosarioaren eta San Polikarporen aldareak aipatzen dira, hau da, erretaulen irudi nagusiak; berdin gertatzen da 1804an ere, baina orduan erretaulatzat hartzen dira eta ez aldaretzat.
Ebanjelioaren aldeko erretaula hiru gorputzez osotutakoa da eta erdian Arrosarioaren Gure Amaren irudi bat dauka (1,39 metroko altuerakoa), eta albo bietan San Joakin eta Santa Anaren irudiak (biak 1,45 metroko altuerakoak). Hirugarren gorputzean, Jose Deuna umeari eskua luzatuz duen taila agertzen da tamaina naturalekoa. Lehen gorputzean, Bihotz Sakratuaren koadro bat margotu zen (0,75 x 0,55 m) urre-koloreko markoarekin eta, antza denez, udalerriko norbanako baten, hau da, Anselma Goitiaren oparia izan zen. Egitura osoa urre-kolorekoa da.
Beste nabeko erretaula ere urre-kolorekoa da eta erdialdean San Polikarporen irudi bat dauka (1,70 m) alde banatan San Antonio Abad eta San Isidroren (1,37 m) irudikapenekin. Hirugarren gorputzean Santa Ursularen tamaina naturaleko irudia dago; hormaren ondoan, Paduako San Antonioren irudia dago (0,83 m). Aurrekoan legez, erretaula honetako irudi guztiak zurezkoak dira.
1887an egindako elizaren ondasunei buruzko inbentarioan zenbait figura eta aldare agertzen dira eta gehienak gaur egun ez daude. Horien artean, Nekaneren aldarea azpimarratu behar da, erretaularik barik eta Kristo Arkutxetan irudiekin (1,44 m). Nekane Ama Birjina (1,25 m), San Joan (1,32 m) eta Kristo Santua (0,76 m). Arima eta Karmen Ama Birjinaren aldareetan, olio-koadroa jartzen zen bakoitzaren ondoan (1,22 x 1,93 m): lehenengoan, purgatorioko arima bedeinkatuak irudikatuz eta, bigarrenean, berriz, Karmen Ama Birjina.
Beste alde batetik, Arrosario Ama Birjinaren olio-koadroa (1,60 x 0,83 m), inbentario honen aurretik, 1848an zaharberritua, Salbatzailea ortuan otoitzean aingeru batekin imajina (1,31 m) eta Bernabe Garamendik egindako eta Juan Manuel Ibañez Aldekoak oparitutako erresel-erako monumentua zeuden. Batisterioan Kristoren Jaiotza berregiten zuen koadroa (0,94 x 1,19 m); Lekona batek margotuta eta Maria Dolores Etxebarrik oparitutakoa. Elizako irudien multzoa osotzeko zenbait gurutze zeuden sakristian (0,60 m) eta pulpituan (0,43 m) eta neurri txikiagoko beste batzuk.
Inbentario horretatik kanpo, 1816an Bakardadearen Ama Birjinari dedikatutako aldarea aipatzen da zaharberrikuntza baten ondorioz. Urte horretan, 1816an Juan Bautista Mendizabalek irudi horren beste imajina bat egin zuen; badirudi aldarearen lekuan, Francisco Toñak egindako erretaula berria jarri zuela. Elizako aldare desberdinetan zaharberrikuntza asko egin ziren denboran zehar baina nagusienak 1720 eta 1769an egin ziren; azken urte horretan, burdinsarea jarri zen aldare nagusiaren presbiterioan.
Azken buruan, eraikin osoaren egitura, gaur egun, erlijiosoa ez den beste elementu batez osotuta dago; portada nagusira itsatsita 1867an eraikitako pisu biko eraikina dago, maila morfologikoan inolako interesik bakoa; eraikin hori elizateko umeen eskola legez erabiltzen zen eta eskola umeen maistraren etxe edo egoitza legez.
Urdaibaiko Galtzagorriak © 2017. Kontaktatu gurekin: galtzagorriak@urdaibai.org
Babesleak: Eusko Jaurlaritza, Gernika-Lumoko Udala eta Urdaibai Biosfera Erreserba.