Urdaibai Biosfera Erreserba » Arkitektura » Arkitektura Erlijiosoa » Elizak, baselizak, komentuak eta klaustroak

San Gregorio ermita Gaitoka edo Triñe auzoan, tontor batean, Triñe baserri-etxearen aldamenean kokatuta dago. Bertatik PR-BI 78 ibilbide laburra igarotzen da.

Bere izena mendeetan zehar asko aldatu da. Lehendabizi San Adrian moduan ezagutuko zen, 1565eko agiri batean horrela agertzen baita. XVII. Foruko Santa Katalina izenarekin ermita bat aipatzen da eta San Adriangoarekin lotu daiteke elizateko Kontu-Liburuan oinarrituta. Bertan ondokoa aipatzen da: “(...) quatro reales en la hermita de Santa Catalina y San Adrián de limosna”. San Gregorio eta Trinitatearen Andra Mari izenak XVIII. mendean agertzen dira. Lehenengoa, lurra izurriteetatik babestu eta garbitu egiten denean. Bigarrena, mendearen erdialdean Karlos III.ak sartutako debozioa delako. Herritarren artean Triñe deitzen da.

Eraikinak 14,15 x 7,30 m-ko oin-plano errektangeluarra du. Hormak harlangaitz zurituan eta ertzak harlanduan egindakoak dira. Hiru isurialdeko estalkia bi zinbrien gainean du. Zementuzko bao bakarreko kanpai-horma du. Kanpaian inskripzioa du. Gainean burdinazko gurutzea du. IM-an ateak duen puntadun arkua aipatzekoa da. HM-an bi leiho dinteldun daude. Zementuzko zorua du.

Barnean ondoko irudiak daude: San Gregorio, Bisitazioa, San Marko, San Antonio, San Joan eta Doloreetako Birjina. Erretaularen oinarrian hamabi apostoluren irudiak landuta daude. Erretaula honen jatorria Gernika-Lumoko San Juan elizakoa da, 1937ko bonbardaketan suntsitu zena. San Gregorio Nanziazenoren neurri txikiko artisautzazko taila dago horma-ontzi batean gordeta. Paduako San Antonio. Gainera, margo-lan bat dago, prozesioa San Gregorioren irudiarekin alegia.

Sarreraren ondoan, bata bestearen aurrean, jesarleku legez erabiltzen diren bi zokalo lerrokatzen dira. Agian, jesarlekuok, baseliza honen ardura zuen Arrosarioko Andra Mariaren Kofradiaren bileratan erabiliko ziren.

Artapen-egoera ona da. 1911an eraberritu zen. Barnean dagoen argazki batek horixe gogoratzen du. 1970an azken konponketa egin zen.

San Gregorio
San Gregorio. Trinitatea.

Baselizaren kanpo-aldean, sarrerako atearen eskumaldean eta lehe ur bedeinkatuaren ontzi moduan erabiltzen zen lekuan ehorzketa-hilarria edo aldare-harria zegoen. 40 m-ko altuera eta 0,60 m-ko zabalera duen Ereñoko kareharri gorrian egindako blokea da. Hilarri hau 1911n aurkitu zen baselizaren barnean, beraren zorua jaitsi zenean.

1906an, baseliza honetatik ez oso urrun, Foruko Aita Frantziskotarren komentuaren ondoko orubea hondeatu zenean 86 cm-ko altuera eta 45 cm-ko zabalera duen beste aldare-harri bat aurkitu zen. Gaur egun, Foruko San Martin elizaren atarian dago eta hori ere ur bedeinkatuaren ontzia eusteko erabiltzen da.

Ondoren, Trinitatearen baseliza honetako hilarrian edo aldare-harrian irakur daitekeena transkribatuta dago. Autore desberdinen transkripzioak agertuko dira:

1. Baraibaren aburuz, Carmelo Echegarayk aipatzen duenez, inskripzioa honela irakurri behar da:

IVNIO-NER
F.Q. AEMILI
ANO
VXXV
LARVS-F-C

Autore horren arabera honela interpretatu beharko litzakete: "A Junio Emiliano Hijo de (Nerio?) de la tribu Quirina, de 25 años de edad, Hilaro procuró que se hiciese (monumentu hau)". Baraibaren ustez, hilarriaren buruan, seguruenez, D. M. siglak (Diis manibus) egongo ziren.

2. Gómez Morenoren ustez inskripzioak hauxe dio:

IVNIO-NERO
NS-F-Q-AEMIL
AÑO
AN-XXV
CN-LARVS-F

Honela interpretatu beharko litzateke:

... Iunio Nero-
nis f. Q. Aemili-
ano
An. XXV
Gn Iarus f.

Gaineratzen du: "Su letra es como del siglo I de nuestra era. Ilegible el prenombre inicial; la Q que sigue al f(ilio) corresponde a la tribu Quirina; inusitado, pero seguro, el nombre Iarus. Baraibar leyó una C, que no aparece, al fin de la línea última habiéndose de leer solamente f(ecit), y no faciendum curavit. Nótese la escasez del Dis Manibus en todos estos epitafios y la ausencia de siglas finales expresivas del hic situs est, sit tibi terra levis, como si, en realidad, hubiese repulsión al formulario oficial pagano."

3. Antonio Rodríguez Colmenero eta María Covadonga Carreño ikertzaileek, Revisión y nuevas aportaciones de epigrafía vizcaína lanean ondoko irakurketa eta interpretazioa egiten dute:

...IVNIO ...NLI
I. F. Q. AEMILI
ANO
AN XXV
...N IARVSF

Interpretazioa: N(umerio) IVNIO N(umerii) LIBERI F(ilio) Q(uirina) AEMILIANO AN (norum) XXV CN (eus) IARUS F(ecit).

Itzulpena: A Numerio Junio Emiliano, hijo de Libero, de la tribu Quirina, de 25 años; lo ejecutó Cneo Iaro.

4. Hilarri biak, Taracena eta Fernández de Avilés egileen Memoria sobre las excavaciones en el castro de Nabarniz lanean diotenez, erromatarrak dira eta Kristoren osteko II. mendekoak dira.

Urdaibaiko Galtzagorriak © 2017. Kontaktatu gurekin: galtzagorriak@urdaibai.org

Babesleak: Eusko Jaurlaritza, Gernika-Lumoko Udala eta Urdaibai Biosfera Erreserba.