Eliza parrokial hau Bizkargitik jaisten diren erreka bik sortu duten sakan batean kokaturik dago; errekok inguruan edukitzeak gotorleku antza ematen dio, antzeko hormapean daukan hobiak antz hori eduki dezan laguntzen duela, eta ondorioz esan dezakegu ondo baino hobeto dagokiola Erdi Arotik daukan izena, “Ugarte”ren esanahia “ur arte” delako, ur arteko edo urez inguratutako tokia hain zuzen. Gaur egun, lurralde honetan dago udalerriko administrazioaren erdigunea den udaletxea; antzina Muxika elizatearen hirigunea izan zen.
Eliza ipar-ekialderantz begira eraikita dagoen nabe nagusiari itsatsitako zenbait eraikinez osaturik dago, hauen artean daudela sakristia, eliza-buruaren hegalean, eta kanpandorrea, oinetan.
Elizak nabe bakarreko oina dauka, uztaiez estalduriko hiru zati errektangeluar berdinetan bananduta, honi kapera nagusi karratua gehitu behar zaiola. Berau zeharkatuz eliza-besoa sortzen duen zeharkako nabea dago, oinean azaltzen dena. Eliza-besoaren gainean elipse-itxurako estalkia dago eraikirik, indar dinamikoak eta estatikoak orekatuz.
Harlangaitzez eginda dago oro har, baina ertz, zurkaitz eta leihoak harlandurik daude. Elizpean eta eliza-besoan harlangaitza ageri da. Hegoaldeko horman kolore desberdinetako zati bi nabari daitezke altueraren arabera, ondorioz pentsa daitekeela eraikuntza desberdinak egon zirela eta lehenengoa eta ondoren erantsia bereizi daitezkeela. Barrualdean, hormak pintura zuriz estalirik daudela dirudi, zenbait tokitan, arkuetan eta euren euskarrietan adibidez, polikromatuz pintaturik badaude ere, zutabeak direlakoa emanez. Eliza-besoa arkitektura margoz pintatuta dago eta dizkion tronpetan lau ebanjelistak ageri dira.
Nabe nagusia karpanel-motako arku fajoiei eutsitako ganga batez estalirik dago, honen behealdean hozka-irudi txikiak dirudienak daudela. Zeharkako nabean tutu erdiko ganga dago, eliza-besoan tronpa gaineko esfera-erdi oinarri eliptikoa sortzen duena. Kanpoaldean sei horma-bular ageri dira.
Argiak hegoaldeko horman daude; horma honetan lau leiho daude, bat nabe nagusiaren zati bakoitzean eta bat zeharkako nabean, denak ere dinteldunak. Iparraldeko horman gaur egun itxita dauden leiho bi ageri dira. Oinetatik hasita bigarren zatikoa puntu erdiko huts-gune geminatua da, kanpoaldean ebakidura okertua daukana horman, leiho-habean gringazko dekorazioa agertzen dela. Honen gainean arku apuntatu bi daude; bere tinpanoak gurutze txikia irudikatzen duen okolu bakuna dauka. Huts-gune hau San Romanen ikusiko ditugunen sailkapen berean sartu behar da, baina haiek baino landuagoa da, kultuagoa. Oinetako zatiaren huts-gunea geminatua da, baina ez dauka ebakidurarik. Leiho-habe lodi eta latzaren gainean huts-gune dinteldun eta zertxobait apuntatu bi daude. Hauek San Romaneko oinetako huts-guneen antza dute, eta besteak berriz eliza-bularrekoena.
Korua oinetan dago, harroin-gain joniarra daukan zutarri batek eusten diola.
Sarbide bi dauzka. Nagusia hegoaldeko horman dago eta arku eskartzanodun atea da. Ez da inondik ageri Iturrizak aipatutako ate artistikoa. Bigarrena oinetan dago, kanpandorrearen azpian, eta erdiko arkuarrian zizelatutakoak biribilean izar bi, bata bestearen gainean, dauzkan puntu erdiko atea da.Elizpea hegoaldeko horma guztian zehar dago. Elizpe txiroa da, zurezko sabaia dauka eta zurezko zenekin gogorturiko zutarriek eusten diote. Gauzarik nabarmengarrienak nabe nagusiaren bigarren eta hirugarren zatietan dauden zortzi habetxo eta arte-motibo legez hosto-irudiko apaingarriak dituen erlaitz zati batzuk dira. Naturaltasuna harrigarria da eta sortzen duen efektu ederra, landubako zizelaketaren emaitzak izan arren. Irudiak, naturalistak direla esan badaiteke ere, zalantzagarriak dira habetxoetan. Lehenengoak ezkerretik hasia eliza-jantzia daukan irudia dela ematen du. Bigarrenak turut handiaren antzekoa joten dagoen gudari lantzaduna. Hirugarrenak gudari gaztea. Hurrengoa berriz ezagutezina da eta bosgarrenak pizti bat irudikatzen du. Hurrengo zatian hiru habetxok eusten dioten erlaitz zati txikia dago; ezkerrekoa besoak luzaturik dauzkan irudia dago, erdikoa Ama Birjina Umearekin beharbada, eta hirugarrena apezpikua, abadeak edo meza-mutilak lagun dituela. Zizelketa-teknika hezibakoa da eta erabat sintetikoa, baina samurra.
Sakristia, lehen esan dugunez, eliza-buruan dago eta oin errektangeluarra dauka. Bere ezaugarririk bikainena altzariei buruzko atalean aztertuko dugun kajoitegia da.
Kanpandorrea oinetan dago eta oina karratua da. Alaka batek bereizten dituen zatiz osaturik dago. Behekoa hutsik dago; honen azpian lehen aipatu dugun erdi puntuko atea dago. Hona sartzeko atean ere erdi puntuko arku handia dago, baina kasu honetan elizapeko teilapeak zati bat ezkutatzen duela. Bigarren eta hirugarren zatiak harlangaitzezkoak dira, ertzak harlanduz eginda duela. Azkeneko zatian kanpandorrea bera dago, lau aldeetara erdi puntuko lau arkutan zabaldurik, euretariko bi gaur egun itxita egon arren; Fabrika-Liburuan ageri denez, 1.909 urtean itxi ziren. Hauxe da agerian dagoen dorrearen zati bakarra. Teilatuaren hegalean muturretan bolak dituen lau txuntxur daude.
Dituen elementuak banan-banan aztertu ondoren, herri-eliza honen eraikuntzaren historia azalduko dugu, Jose Angel Barrio Loza irakaslearen ikerketei jarraituz. Honen ustez eliza “kristau-komunitate txiki batek, elizateak, bere ondarea artatzeko daukan gogo beroaren islapen zuzena da”.
Gaur egungo eraikina jarraikako handiagoketen ondorioa da. Eliza honi buruz artaturik dagoen agiririk zaharrena 1.802 urtekoa da. Bizkaiko Jaunek, Lope Iñigez jaunak eta Tekla bere emazteak, San Millan de la Cogolla monasterioari bere hiru dekaniekin batera dohaindu ziotenekoa. Iturriza, Delmas eta beste batzuen esanetan X. gizaldia erasi zuten. Lehenengo eraikinaren aztarna bakarrak lehen aipatu ditugun hagatxoak eta iparreko hormako leiho biak dira. Eurei buruz egindako ikerketan aita Vazquez honako ondorio honetara heldu zen, “Muxikako San Bizenteren antzinako eliza, Iturrizak eta Delmasek diotenez, X. gizaldian erasi izan arren, aztertu ditugun aztarnak iraspenaren ondorengoak direla uste dugu; gure ustez XI. gizaldiaren azken herenekoak dira, eliza Errioxako monasterioari dohaindu ziotenekoa hain zuzen”. Idazle honek beronek dioskunez, irudiek eta leihoek dituzten ezaugarriak IX-X-XI gizaldietako monumentuetakoak bezalakoak edo antzekoak dira, baina kontuan hartzen badugu herrialde honetan (Bizkaian) artea Espainiako gainontzeko lurraldeetan baino beranduago zabaldu zela, ondorioz pentsatu behar dugu eraikinak eta arte-emaitzak euren ezaugarriek adierazten dutena baino berriagoak izango direla.
Barrio Lozaren ustez, 1.105 inguruan eraiki zuten, batez ere hagatxoak baserri giroko erromanikokoak direlako. Ikonografia-motak ezin bihurtu dezake berriagoa.
Antzinako lehenengo eliza erromaniko estilodun eraikin bikaina bide zen, gugana heldu diren garai haietako aztarnen arabera. Zalantzan ipini ezin daitekeena erromanikoaren garaian eraiki zela da.
Errenazimenduaren garairako lehengo eraikina agiriko hondamendiaren egon bide zen, berriztapen ugari egin zitzaion eta; oinetarako sarbideak, huts-guneren bat, zurkaitzak..Kanpandorrea 1.652-69 bitartean eraiki zuen auzoko Pedro Miango Pedro hargin maisuak. Hasikeran urte bitan eraikitzeko egin zitzaion kontratua, baina, finantziazio-arazoak izan zirela-eta, 1.668an amaitu barik zegoen oraindik; amaitu zutenean oso txarto eginda zegoen, 1.607rako hondamendi-arriskuan zegoen-eta; 1.695 urtean elizaren teilatua ere egoera berean zegoen, jausi beharrean. 1.700 urtean biak konpondu ziren.
Elizaren egitura erabat aldarazi zuena XVIII. gizaldian egin zen berriztapena izan zen. Berriztapenean eliza-bururantzeko handiagoketa egin zen eta oina zabaldu zen eliza-beso, sakristia eta elizpea eraikiz. Berriztapen-prozesu hau oso arrunta izan zen Euskal Herri guztian.
Altzariak
Begirune berezia merezi duten altzariek Barrokoaren azkeneko urteetakoak dira, 1.780-83 bitartekoak zehatzago, Muxikako komunitateak elizan lan aipagarriak egiteari ekin ziotenekoak. Maiordomoek eta udalbatzak lanok egiteko erabiltzen zuten arrazoia Muxikak, zuten errentak edukita, bere eliza ekonomia-maila horretara egoki zitzaion luxuz apaindu behar zela zen.
Garai honetan eginak dira sakristiako kutxatileria eta erretaula nagusia, alboetakoak eta kofradienak; denak ere artapen-egoera onean daude gaur egun.
Juan Iturburuk urte bi izan behar izan zituen lana burutzeko. Badirudi Iturburuk egin behar zuenetariko batzuk beste maisu batzuei agindu ziotela, hala nola Jose Arazosari eta Frantzisko Ruizi, edo behintzat hauxe da agirietan azken biok agertzean suposatu daitekeena; lehenengoa Lumoko galdatzailea zen eta kutxatileria egiteagatik ordaindu zitzaion, eta bigarrenak erretaulak urrezko pintatzeagatik kobratu zuen. Frantzisko Ruizek erretauletako mukuluak bakarrik margotu zuen.
Kapera nagusirako proiektutako erretaulak jarraikako hiru eraikuntzek estalirik dagoen eliza-bularraren aurreko horma-aldean lerroturik daude. Zabalerako neurriak nagusi dira.
Erretaula honen planoak nahiko bereziak dira, irudi batzuk (Borrominiren aspaldiko asmaketa bati jarraituz) nabarmendurik eta besteak barruraturik ageri direlako, argi-iluneko efektuak sortuz. Egitura bera, berriz, ez da oso bizia; badirudi erretaula honek artearen sentsibilitatea ulertzeko kontzeptu desberdin biren arteko aldaketa-unean egin zirela; barrokoa (edo rococo hobeto) eta neoklasikoa. Iturburuk egindako eraikuntzan ezelako apaingarrik ez daukan era klasikoko euskarri lauan eta rococoaren gehiegikerietatik aske dauden apaingarri batzuk ageri dira dagoeneko. Lehen zatiak ia-ia neoklasikotzat jo dezakegun argitasuna dauka, hiru kaleen alboetan kokatutako bere zutarri elkartuekin. Atikoa osatuagoa da, zurezko erlaitz okertua, frontoi apurtu edo mixtilineoak, plakak, kiribilak, eta lagarrak dauzka-eta.
Hiru erretauletan nagusitzen zaie eszenarioa irudiei. Erretaula nagusian besteengandik nabarmentzen diren irudiak daude: San Bizente, beronen alboetan dauden San Pedro eta San Pablo, eta kristo bat atikoan. Zenbait aingerutxo ere badago irudikaturik. Alboetako irudiak ere zutarri eta zutabe elkartuen gainean egituraturik irudikaturik. Alboetako irudiak ere zutarri eta zutabe elkartuen gainean egituraturik daude. Irudiak horma-aldean ageri dira; bi dira, bata San Anton eta Arimena, aingerutxo, kerubin eta santuek lagundurik, eta bestea Santa Luzia, San Frantzisko Asiskoa, San Jose eta Santa Apolonia agertzen direna.
1.900 urteko bisitaldi batean jasorik dagoenez, biak dira Frantzisko Oleagak oleoz pintatuak.
Vera Cruz eta Errosarioaren kofradien erretaulak, eliza-besoetako kaperetan kokatuak, aldare-aurreko hirurei egokitzen zaie (“bostak elkarri egokiturik egon daitezen”), besteek legez egituraturik daudelako: zutarri eta zutabe elkartuak, aurrera doan erdiko zatia eta atzerantz okertutako Kaleak muturretan. Atikoa erretaula nagusikoa baino latzagoa da.
Errosarioaren erretaulan, izena ematen diona beheko zatian kokaturik dago, atikoko horma-konka San Agustinentzat itxi dela, irudi nabarmena berau ere. Vera Cruzenean titularraren tokian gaur egungo Ama Birjina dago ipinita. Atikoan San Roman Jaiobakoaren irudia dago. Nahiz eta erretaula hauek rococo modaren barruan sailkatu, Iturburuk ezagutzen zituen zizelaketa-modu berriagoak, apaingarri bigun eta konplexuen aurkakoak hain zuzen ere; Muxikako erretaulak neoklasizismoaren atarian daude arkitekturari dagokionez.
Irudien balio plastikoei dagokionez berriz, esan behar dugu beranduko barrokoen emaitza egokienetarikoak direla. Ondo margoturik egon arren, gehiegizko laztasuna eta soineko mugituak erakusteko zaletasuna ere ageri daude. Kalitatez nahiko duinak dira, Bilbon orduan egin ohi zirenen antzekoak.
Urdaibaiko Galtzagorriak © 2017. Kontaktatu gurekin: galtzagorriak@urdaibai.org
Babesleak: Eusko Jaurlaritza, Gernika-Lumoko Udala eta Urdaibai Biosfera Erreserba.