Urdaibai Biosfera Erreserba » Arkitektura » Arkitektura Erlijiosoa » Elizak, baselizak, komentuak eta klaustroak

San Migel eliza Ereñoko Elizalde auzoan dago.

Itxura trinkoa eta monumentaleko eraikin eder hau inguruan nabarmendu egiten da, eta ez bakarrik bere kokapenagatik, bere ezohiko monumentaltasunagatik ere baizik. Kanpotik zein barnetik duen artapen-egoera ona gaineratu behar zaio. Izan ere, 1986an eraberritu egin zen. Elizate hau beti baliabide urriak izan dituela kontuan hartuta lanaren handitasuna gehiegizkoa dela pentsa liteke, baina egoera ekonomiko onean eraiki zen zalantzarik gabe. Mende batzuk beranduago, hamazortzigarrenean, egoera ekonomiko oneko momentuan ere, handitu egin zen.

Goragune batean kokatuta egoteak itxura berezia ematen dio, baina denboran zehar hainbat arazo sortu dizkio, haizeen eta eurien eraginez sarritan eraikina erori egin baita, eta 1815eko azaroan izandako tximista baten eraginez, hain zuzen ere, eliza hau berreraiki behar izan da. Aurreko mendeetan, ezaugarri hori nabarmenagoa zen, paraje ezezagun despopulatuan kokatuta zegoenez, gaur baino askoz babes gutxiago zeukan. Zentzu honetan, Ereñoko parrokia-elizatik gertu abade-etxea eraiki behar zelako, 1716an, Juan Gizaburuaga (Murelaga) notario aurrean aitortutakoa oso argigarria da:

“atendiendo a que la cercanía de esta iglesia está muy despoblada de casas por lo cual no se puede lograr la conveniencia de que habite cerca de ella el cura y beneficiado de esta resultando graves inconvenientes para la administración en el servicio de la iglesia”.

Parrokia honetako fabrika, kanpoaldetik, harlandu onekoa da. Eraikin honen monumentaltasunean ez du eragin txarrik. 1560an eraikitzen hasi eta XVII. mendean amaitu zen. Eraikin errenazentista hau nabe bakarreko eta dorrea hegalean duten estilo horretako tenpluen adibiderik onenetarikoa da.

Ereñoko San Migel eliza
Ereñoko San Migel eliza. Harlanduzko mole
nabarmen honek ganga eusteko horma-ular
sendoak ditu. Hiru tartetan egindako eraikina
da; aparejua eta leihoak XVI. mendekoak
dira eta errenazimendu landuan eginda daude.

Eraikina

Kanpoaldetik, oinarri errektangeluarreko bederatzi ostiko ditu, gorputz desberdinetan bananduta eta teilekin zeiharki estalita dago. Hiru gurutzeria-gangak sakristia eta arkupea baino askoz ere altuera handiagoan kokatuta daude; azken bi elementu horiek kanpai-dorrearen aurkako aldean kokatuta daude, elizaren nabe bakarra hegaletik luzatzen duten elementu bakarrak dira.

Orohar, elizak, irekigune gutxi ditu. Ganga-itxura duen nabearen altuera handiak aurrekoa konpentsatzen du. Elementu horrek, aldare nagusian sistema erretikulatua eta, burualdean, izar-itxurakoa duenez dauden bao gutxietatik argitasun nahikoa sartzen da. Honek, XVI. mendera eramaten gaitu.

Arkupeak elizaren nabe bakarra hegaletik luzatzen du, eta sakristiarekin batera, egurrezko jesarlekuz inguratuta dago eta altura baxuan egurrezko armazoiz eta teila kurbatuz estalita dago. Elizarako sartzeko atea kareharrizko bi bataio-ontziz inguratuta dago. Ezkerrekoa, tamaina txikikoa da eta arkupearen zoruaren gainean atseden hartzen duen zutabetxoan oinarrituta dago; zirkuluerdi-itxurako ontzia du eta fruta-atal formakoekin apainduta dago. Eskumakoa, neurri handiagokoa da. Mutur bietan idunekoekin errematatutako harroin karratuan oinarrituta dago eta erradioz abaleko ontzi zirkularra du. Arkupean, baita hormako harri batean ere, heriotzaren ikurra den gurutzea buru-hezur gainean eta tibiak aspa-eran jarrita ikus daitezke. Horrek hezurtegia erakusten du.; izan ere, duela gutxira arte, hilobiak mugitutakoan agertutako hezurrak hor pilatzen ziren. Era berean, burdinazko kako berezi bat ere ikus daiteke. Etxolaren erdian dago eta seguruenez, aitzinean, tenpluaren sarrera edota bertan egiten ziren bilerak argiztatzeko kriseilua bertan jarriko zen.

Arkupea
Arkupea.

Barnealdea

Elizaren barnera erdi puntuko arkuak inguratutako egurrezko ate handitik sartzen da. Paduako San Antonioren plaka bat du. Tenpluaren sarrerako horman leiho bateko harrizko markoa ikus daiteke. Zirkuluerdiko formakoa da eta, agian, Ereñozarreko antzinako parrokiakoa -gaur egun San Migeleko baseliza dena- izan daiteke. Sarrerako atea gurutzatutakoan hegaletik tenpluaren nabe bakarreko atzealdera sartuko gara. Aurrekoa, tarteetan, gurutzeria-gangen eta burualdean kasetoiekin estalita dago. Eraikitako garairako (XVI. mendea) oso berrikuntza handia da eta, bestalde, barnealdearen estaltzeko orduan ikuspegi artistiko nabarmena ematen dio. Karpanel-erako arkuarekin gauza bera gertatzen da. Arkua, XVIII. mendearen amaieran eraikitakoa da eta egilea Lekeitio Ignacio Ibarretxe hargina da. XIX. mendean, akademizisten harridura sortu zuen, arkuaren irekidura handiagatik, baina baita ere kolore desberdinetako dobelak alternatiboki erabiliz sortzen zuen konposizioak oso izaera artistiko nabarmena ematen ziolako. Arkuaren erdigunean dagokion 1787ko data jarrita du eta koruaren oinarria da. Korua, solairuan, egurrezko taulamenduan eginda dago eta bere erdigunean, aurrealdeko horman, lekuari argitasun apur bat ematen dion okolua zabaltzen da.

Lehen begirada batean eta argitasun nahikorik gabe gure begiei ihes egiten dien elementua nabarmendu behar da: koruaren beheko horman zehar doan habe handia. Gainazala errosetonekin edo eguzki-ikurrez tailatuta dago. Herri hauetako herri-arkitekturaren ohiko adierazpenak dira eta adierazpen artistiko desberdinetan beha daitezke; esaterako, zenbait baserri-etxeetako atariak eusten dituzten zutabeetan -Ereñoko Gabika auzoko Gabikaetxebarriakoa adibidez-, zenbait garaixetan –Nabarnizko Intxaurraga auzoko Ibarguenekoa adibidez-. Koruaren gainean eta beraren ezkerraldeko muturrean hiru gorputzeko egurrezko organoa -Ortuzar Etxearena- dago. 1872an, estilo erromantikoan, eraikitakoa da. Aurkako hegaleko muturrean arku eskartzar itxurako baoa irekitzen da eta aurrealdetik egurrezko barandaz babestuta dago. Koroarean behetik ere, egurrezko ate txiki batetik, kanpaien dorrera igo daiteke.

Koroa
Koroa, Bizkaiko ausartenetakoa da, XIX.
mendeko akademikoen artean harridura sortu
zuelarik. Ignacio Ibarretxe hargin lekeitiarrak
egindakoa da.

Orain arte komentutako bi elementuen (gangak eta koroa) originaltasuna eta edertasuna -ia osotasunean Ereñoko kareharri gorrian egindakoa da- paregabekoak izan arren, eliza txiki hau lehen aldiz bisitatzen duen ororentzat arreta gehien deituko diona presbiterioan eta erretaula nagusian ikusiko du. Elizako burualdearen elementuen diseinua Juan Bautista Belaunzaranek egin zuen. Neoklasizismoaren bigarren belaunaldiko arkitekto honek estilo honen baitan kokatutako joera nagusien arabera prestatu zituen planoak. Horrela, aldare nagusia korintiar erakoa da eta kareharrizko bi zokalo ederren gainean atseden hartzen du. Era berean, elizara sartzeko eskalinata eta zorua, eta aldarera igo baino apur bat lehenago kokatutako bataio-ontzi handia ere kareharri gorrian eginda daude. Beraz, guztiak, talde osoa polita da eta balio artistiko eztabaidaezina du.

Absidearen amaierako horma osoa betetzen duen erretaula zoragarriak zirkuluerdiko forma du eta oso soila bada ere, edertasun handikoa da era berean. Erretaula honetako zokaloa, XVIII. mendekoa da eta presbiterioko elementu guztien material berarekin, kareharri gorriarekin alegia, eginda dago. Diseinua Gipuzkoako Domingo Pellón eta Domngo Laka egin zuten. Presbiterioaren eskumaldean ateburudun atea dago. Hemendik sakristiara sartuko gara. Oin errektangeluarreko eraikin txikia da. Kanpoaldetik nabarmenki ateratzen da. Barnealdean purgatorioko arimen inguruan margo-lan handia ikus daiteke. Birjinak arima horiek babesten ari da. Bere eskuetan eta bere besoek eusten duten Haurraren eskuetan arrosarioak eskegita daude.

Sakristia neoklasikoa
Sakristia neoklasikoa da. 1800 urtearen
aldera eraiki zen eta kanpai-dorrean, 1816an,
Juan Bautista Belauzaranek parte hartu behar
izan zuen. Beraz, tenplua, XVI. mendearen
erdialdean gotikoerrenazentista ezaugarrietan
oinarritutako gangadun eraikin handia eta
izaera manierista onekoa bada ere, apurka-
apurka bestelako ezaugarriak gehitzen
joandako emaitza da.

Egurrezko erretaula horizontalean zein bertikalean hiru kaletan bananduta dago. Zabalenak norantza bietako erdialdekoak dira. Tabernakulu desberdinak zabaltzen dira eta bertan bulto borobilik ez duten lau irudi daude: San Migel –parrokiako titularra-, San Rafael, San José eta San Isidro Laboraria. Erdiko gorputza zabalena da eta behetik gora hiru elementu eskultoriko desberdinak ditu. Horrela, lehendabizi, tenplete antzeko eraikina dago. Zutabe joniarrez inguratuta dago eta erdialdean arkudun atea dago. Lehen elementu honen gainean horma-hodia dago, albo bietara joniar estiloko bi zutabe daude, eta San Migelen efigie polikromatua ezarrita dago. Ereñoko eliztarrek Manuel Acebo eskultoreari esan zioten irudi hori egitea eta, era berean, ondoko ezaugarria izatea eskatu zioten: “San Miguel con su espada en la mano derecha como que está batallando y el dragón a los pies”. Irudia egiteko orduan Bilboko Gerónimo Argosek lagundu zion. Beraz, Santuaren irudiak hegoak, kaskoa eta gudako jantziak ditu. Joniar estiloko bi zutaberen artean sartuta dago eta erdiko gorputzarekin amaitzeko gurutze beltz soila du. Goian, San Rafaelen irudia dago. Manuel eta Roque Fernandez de la Vega eta Ramon Felix Pazos artista ezagunek, 1790ean egindako eraldaketen ondorioz sortutako erdi puntuko arkuaren formako horma-hodian kokatuta dago. Aipatutako artista horiek Ereñon zeuden erretaulei urre-kolorea ematen.

Erdiko kalean kokatutako San Migelen irudia alde bietara zutabeen bidez banatzen da. Erretaulako hegaletako kaleetan Jose eta Isidro Laborariaren irudiak daude; lehenengoak, umea besoetan du eta, bigarrena, laborantzarako ohiko elementua eusten ari da. Bi santuekiko debozioa oso hedatuta dago elizate honetan; izan ere, mendeetan, Ereñoko komunitatea oso lotuta egon da baserri mundura. Era berean, artisautza ere oso hedatuta egon da eta horren emaitza herri-artearen adierazpen desberdinak landu zuten bertute handiko hargin eta arotz ugari sortu ziren. Santu biak, laukizuzeneko oinarri soila duten zutabeen artean sartuta daude eta kerubin baten burua erdian duen oinarrian oinarrituta daude.

San Rafaelen irudia erdiko kalearen goialdean kokatuta dago. Hegaletan ez du besterik, egurra baino (gaur egun kenduta dago). Erretaularen goialde osoan urre-kolore asko duten apaindura-motiboekin (landareak) apianduta dago. Urre-kolorea erretaulako elementu batzuetan bakarrik dago, gainontzekoa berde argi kolorez margotuta dago. Horrek, ikuspuntu artistikotik balio erantsia ematen dio.

Erretaula
Erretaula.

Hegaletako bi aldareak, ezkerrekoa, Errosarioko Amari, eta eskumakoa, San Pedrori, zuzenduta daude. Barrokoan kokatu behar dira; halere, izen nagusia duten santuen gaineko irudiak –San Gabriel Goiaingerurena eta San Antonioarena- balio artistiko handiagoa dute. Presbiterioaren alde bietara kokatutako aldare txiki hauek euren kokalekua baino apur bat aurreratuago daude. Urre-kolore askoko erretaula txikiak dituzten mahaitxoak dira. Irudiek, berriz, ez dute hainbesteko urre-kolorerik. Horrela bada, bi irudi nagusiak, Errosariokoa eta San Pedrokoa bi zutabe salomonikoen artean inguratutako horma-hodietan sartuta daude. Hauek ere barrokoak dira, baina gehiegi betetakoak eta atzerago kokatutako beste plano batean estilo bereko beste zutabe batzuk daude. Guztiek urre-kolore sendoa dute. Behealdeko horma-hodian neurri txikiagoko beste bat dago. Bere nitxoetan, arrosarioaren gainean, San Gabrielen irudia -eskua aurrerantz luzatuta du-, batez ere San Pedrorena eta San Antoniorena daude. Azken hau, neurri txikiagoko zutabetxo tolestuen artean dago. Erretaulari azken ukitua emanez egurrezkoa eta urre-kolore ugariko lana dago. Honen erdialdean, izar-erako konposaketa du. Konposaketa berekoa ere bada erretaularen behealdea bi gorputzetan banatzen duena egitura.

Erdiko eta hegaletako erretaulekin batera elizaren nabearen ezkerraldean, atzealdean, dauden jesarlekuen lau ilarak ere aipagarriak dira. Jesarlekuetan azpizatituta daude eta gerrialdean XVIII. mendean egondako baserrien eta familien izenak tailatuta daude. Hauetxek dira: Akordaetxea, Bengoetxea, Belaustegi, Ugaldea, Gabika Bekoa, Goitia-Aldekorda, Arrupe, Urrutia (beso biak jartzeko duen bakarra), Aurrekoetxea, Aldekozea, Sarruaga, Bollar-B eta Bollar-A, Bidaurreta, Gabikaga, Asrua-B, Astegi, Sendagorta, Andikoetxea, Beitia-Akorda, Arrotegi-G, Mendibil, Arrotegierdikoa, Ortuzar, Arrotegibekoa eta Hereño (sico), eta jesarleku hauek egin zirenean parrokiako eliztar guztientzat erei zango zen seguruenez, nahiz eta kontserbatu ez diren.

Agirietan oinarritutako historia

Iturrizaren aburuz, San Migeleko gaur egungo parrokia gaur egungo lekuan eraiki zen 1560. urtean. Antzinako kokagunetik, hots, gaur egun izen bereko baseliza dagoen Ereñozarreko mendi-tontorretik jaitsi zuten.

Lanaren finantzaketa eliztarrek patronoei ordaintzen zieten hamarrenen zati batekin eta eliztarrek eurek boluntarioki jarritako limosnekin egin zen. XVI. mendearen amaierako eta XVII. mendearen hasierako testamendu ugaritan ikus daiteke hori.

Jaurerriko elizako Artxibategian (Derio) gordetako zenbait agiritan eraikin honen eraikuntzaren inguruan hainbat informazio dago. Hemendik aurrera horretaz hitz egingo da.

1763an Francisco Lopez Ruidiaz bilbotar maisu zilargileak zilarrezko gurutzea egin zuen. Maisuz ilargile berak, hiru urte beranduago, kanpai berri bat egin zuen eta 1765ean, San Migel egunean, dorrean kokatu zuten. 164 eta erdi ontzako masa zuen. Aurreko kanpai zaharra 1748an urtu zuten eta horren lekuan ezarri zen arestian aipaturiko kanpai berria; geroago, Francisco López Ruidiazek Errosario Amaren Aldarean jartzeko zilarrezko gurutzea egin zuen.

Hezurtegia
Hezurtegia.

Elizaren kanpoaldeko zein barnealdeko egitura arkitektonikoan eragina izan zuten lanak XVIII eta XIX mendeen artean amaitu ziren; horrela bada, 1776 eta 1780 artean erretaula nagusiko eta hegaletakoen erreforma egin zen. Era berean, koroa eta bere oinarria den arku karpanela eraberritu ziren. XIX. mendean, berriz, tenpluaren espazioa handitzeko lanak hasi ziren. Horretarako, 1800 urtean, sakristia zabaldu egin zuten. 1816an kanpai-dorrea eta azkenez 1851n Presbiterioa eraberritu zen.

Kapera Nagusiko erretaula 1780ko maiatzean eraikitzen hasi zen eta 1780an lanak amaituta zeudenean entregatu egin zuten. Diseinua Gabriel Kapalastegirena izan zen eta azken ukitua Francisco Ruicavado eta bere kideak Miguel Ignacio Etxaniz eta Sebastián Zenabilla arkitekto ofizial lekeitiarrena izan zen. 1776an, erretaula nagusiaren diseinu berria egitea Juan Iturbururi eskatu zitzaion. Erretaula hau ezartzeko harri-oina Jose Goerretxea, Domingo Goitia Garetxana eta Mateo Etxano aulestiar harginek egin zuten. Ereñoko harrobietatik ateratako harrian egin ziren oinarri horiek.

XVII. mendearen amaieran parrokiaren alde nagusiaren itxura aldatu zuen oinarrizko lanari bukaera eman zitzaion. 1792an, korintiar estiloan egindako aldare nagusiko mahairen Errosarioaren eta Arimen kapitalaren hegaleko aldare bien lanei bukaera eman zitzaien. Lanon finantzaketa kofradia desberdinetako partaideen esku geratu zen.

1792an, Jose Idoiaga errementariak eta Domingo Idoiaga harginak Arimen erretaula egin zuten. Erretaula honen apainketa 1793an Juan Jose Lanz urre-koloregileak eta margolariak egin zuen.

1973an Erretaula Nagusiari eta San Pedroren erretaulari urre-kolorea eman eta margotu egin zituzten, dena Gregorio de las Cagigasen eta Joachin Zillaren ardurapean.

1800ean sakristia berria eta Bakardadearen albokoaren egitura eraiki ziren. Azken honen egilea Miguel Uriona Barrenetxea izan zen.

1815ean, ekaitz egun baten tximista batek suntsitutako dorrea eraberritu zen. Disenatzailea Juan R. Belaunzaran izan zen eta kanpaiaren ardura Agustín Garetxanarena.

1837an ganga berrien lanak hasi ziren.

Lanik berriena eta interesgarriena (1852) presbiterioan egindakoa da eta Ereñoko harrobietatik ateratako kareharri gorrian batez ere eraiki zen.

Urdaibaiko Galtzagorriak © 2017. Kontaktatu gurekin: galtzagorriak@urdaibai.org

Babesleak: Eusko Jaurlaritza, Gernika-Lumoko Udala eta Urdaibai Biosfera Erreserba.