Iturrizak dioenez, San Bizenteren eliza zaharra, Bizkaiko jaun-andreen mende erroldatutako nekazariek sortu zuten X. mendean, Arbatzegiko bizkarrean. Iturrizak gaur egungo San Migelen ermitarekin lotzen du hori eliza hori. San Migelen ermita gaur nola dagoen ikusita, ez zaigu burura etortzen beste sasoi baten parrokia izan zitekeenik. Iturrizak dio, bere garaian (XVIII. mendearen bigarren erdian), ermitaren zatirik gehiena botata egon arren, hegoko hegalean zati bat zutik dagoela, eta oso arkitektura landukoa zela hori zati hori. Delmasek kontu bera esaten du mende bat geroago. Hegoaldeko hegalean polito landutako ate gotiko bikaina zegoela diosku.
1550ean, batetik, Munitibarko oinetxeko etxaguna eta ugazaba zenak eta, bestetik, Totorikako, Aldakako eta Berreñoko kofradia-kideek euren egoitza lekuz aldatzea erabaki zuten. Arbatzegiko San Migeletik Munitibarrera eraman gura zuten, hau da, gaur egun dagoen tokira. Aurka izan zituen Arbatzegiko, Uriona eta Gerrikako kofradia-kideak. Lekualdaketa hori dela-eta, borroka bortitzak izan ziren auzoetako kofradien artean. Lekuz aldatu gura zutenek honako arrazoi honek eman zituen horren alde: jatorrizko tokia menditsua eta hotza zela, hondatzen hasia zela eta, gainera, Munitibar auzoa zela parrokiaren erdigunea.
Ez dakigu ezer parrokia berriaren jatorrizko estiloaz, ezta eraiki zenetik eduki duen bilakaerarekin. Guk ditugun lehenengo berriak 1850-1851koaok dira; orduantxe parrokia berriro eraiki zutelako. Lan horretatik sortu zen gaur egungo eraikina. Eraikin neoklasikoa da, oin-planta berrikoa. Hasieran horma batzuk berriro erabiltzea pentsatu zuten baina, azkenean, dena bota zuten behera, zimenduetaraino. Aurreko aldietatik gorde den zati bakarra kanpandorrea da, eraikinaren oinetan dagoena. Hori dorre hori barrokoa da. Marcos de Santa Theresa karmeldarrak egin arazi zuen 1724an.
Pedro Arginzonizek, Berrizko hargintza-maisua zenak, egin zuen dorrea, 1724an karmeldar anaiak eskatutako baldintzak betez. Baldintza hauek ipini zizkion:
* Hiru atal eta bederatzi leiho izatea. Zimenduak lur sendoan ipintzea, hondo lauetako harri handiekin, 4,5 zabalerako oinekin.
* Kanpoaldeko harria zizelkatzea, piko txikiaz. Azken ilara, zerrenda deitutakoa apur bat gehiago gailentzea; bertan hasiko da harri-horma.
* Dorrearen behe-aldean, elizpean, arkuak egitea. Arku horien inposta lauak oin bateko garaiera eta ontza biko irteera edukiko du. Arkuek zerrenda bat eduki dezakete inguruaren kanpoaldetik, apaindura legez.
* Ertz-ganga eraikitzea. Gangaren eta kanpoko kanpaien lurraren arteko gunean, horma bakoitzean, leiho bana egingo da, 4 oineko garaiera eta zabalerakoa.
* Dorreari akabera emateko erlaitz bat egingo da, usoaren paparra deitutakoa, baita berunez estalitako kapitel bat ere.
* Dorreak, guztira, kobrezko txanponen 585 dukat balio zuen.
1851n eliza berriro eraiki zuten, baina arkitektoak dorrea gorde zuen. Mariano Jose Laskurain arkitekto bergararrak marraztu zuen eraikin berria. Neoklasikoa zen, nabe bakarrekoa. Kapera handi bi zituen, gurutzadura modura zabalduta. Dorrearen lehenengo atala gorde zuen, baita atzeko harresia ere. Eliza berriro eraikitzeko, honako baldintzak hauek bete behar izan zituen:
* Hargintza-lanak batera egitea. Era horretan, aldi berean helduko ziren erlaitzetako gurutzaketara eta, horrela, hormak elkarren artean lotuko ziren, baina aurreko hormekin kateatu barik.
* Izkinak, baoak, erlaitzak eta inpostak Okizko harrobietako harlanduarekin egitea, kalitate oneko eta tamaina egokiko harriekin. Agerian dagoen aldea landu behar zuten trintxeta arruntez, eta dagozkion mugimenduak eginda, baina uhindura eta kopadura barik.
* Presbiterioko zoladuran, bataiarrian, nabe nagusiaren kaietan eta kapera batetik besterako tartean dauden kaietan harlauzak ipini behar zituzten, piko txikiaz zizelkatutakoak.
* Baldintza tekniko batzuk betetzea ere eskatu zen, teilatuko zuraje nagusiari euste-moduaren gainekoak.
Baldintza horien barnean, lehen azaldutako hargintza-lanez gainera, zurgintza- eta igeltserotza-beharrak daude. Zurgintzari dagokionez, ganga nagusiaren egituraren baldintzak ezarri zituen. Altueran 4 hazbete eta bazterretan 2,5 hazbete eduki behar zituen. Kutxen guztietako loturak elkartu behar ziren, egurraren erdian, eta horretarako, muturrak arku erdirantz zuzendu behar ziren eta hegaletan ondo lotu behar ziren, ohol sendoekin. Era berean, zurginak doriar ordenako erretaula bi egin behar zituen kapera berri bientzat, bi aldare-mahaia ere. Mahaiak gaztainondo-egurrez egin eta margotu behar zuten
Koruan, presbiterioan, kaperetan eta nabe nagusian, sabaiek ganga-formakoak izan behar zuten.
Hargintza-lanak Juan Malax Echevarríak egin zituen, Markinako hargin-maisua zenak. Markinako Pedro Jose Loyolak hartu zuen zurgintza-lanen ardura, eta igeltserotzan Aretxabalako Victoriano Altunak jardun zuen. Guztira, obra horiek egiteko 110.656 erreal behar izan zituen.
1875ean berritze-lanak egin zituzten ostera ere, nabe nagusiko gangan gehienak. Izan ere, uste zuten kanoi-ganga, jarraian profil eliptikoa zuena, lar txikerra zela, tenpluak zuen garaiera aintzat hartuta. Gainera, leihoak eta haizebideak zabaldu behar zirela pentsatu zuten, argi gutxi sartzen zelako eta aireztapen txarra zegoelako.
Horrela, ganga altxatu gura zuten eta, modu horretan lerdenago ipini. Horrezaz gainera, leiho bi zabaldu gura zituzten hegoko aldean, eta barrualdea margotu gura zuten tenpera- eta fresko-pinturaz.
Liho bi zabaldu zuten hegoko alderdian, inposta-lerroaren gainean. Leihoek 4 eta 6,5 oin zituen harkantoietan. Leihoburuak, leiho-ertzak eta karelak zizelez eta trintxetez landutako harlanduz inguratu zituen. Leiho bi horiek zabaldu zituztenean, alboko aldareen gainean zeuden leihoak itxi ahal izain zituzten, eta horrela, aldareen garaiera goratu.
Berritze-lanik nagusia gangakoa izan zen. Ganga igo gura zuten, korbatoien kopurua handituz, 6 lerro gehiagotan. Horrela, korbatoi bakoitza, luzeka, hiru zati edukiko zukeen; muturretan bi, bihurgune gehiagokoak, eta bat erdian, edo plafoian, bihurgune gutxiagokoa. Bestalde, areago jasotzeko, sei tinpano egin zituzten, horma bakoitzean hiru, lerden-lerdenak eta ondo finkatuta zeudenak bridaz eta torlojuz.
Geroago, barrualde apaindu zuten. Horretarako, hiru lora handi egin zituzten, bost oineko diametrokoak. Lora handi horiek kristalez estali zitezkeen, barrura argi gehiago sar zedin. Azkenik, zokalo bat margotu zuten, 4 oineko garaierakoa, eta panelaz atondutako 16 pilastra margotu zituzten inposta nagusiraino, harlandua imitatuz. Inpostaren gainean, lau harroin egin zituen alde bakoitzean, sotobankoen modura. Horra gangen ertzak heltzen ziren. Ertzek zerrendak zituzten, eta euren gerizpeetan eta bitarteko tinpanoetan panelak egin zituzten. Panelak hiru kolorekoak ziren eta bakoitzaren erdian medailoi eliptiko bat ipini zuten. Plafoia apaindutako erdian panal handi bat ipini zuten eta, bertan, erdiko hiru lora handiak, ertzak margoz atonduta zituztenak.
Berritze-lan horiek, guztira, kobrezko txanponen 9.885 dukat balio zuten, baina ez dakigu nork egin zituen.
1875ean berritze-lan hori egin ostean, ez da besterik egin gaur egun arte eta hori dela eta, elizak 1875ean zuen itxura bera du. Tenplua angelu zuzeneko nabea da. Presbiterioa dagoen alderdian, beso batek zeharkatzen du, eta kapera handi bi osotzen dituen muturretan, gurutzadura modura. Hala ere, esan liteke gurutze latindarreko oinplanoa duela.
Kanpoaldean, nabe nagusiko eraikina nabarmentzen da duen tamainagatik. Teilatua hiru isurialdekoa da. Horren amaieran horma bietan, kapera bien eraikinak agertzen dira. Burualdean, lau angeluko absidea dago, bi mailatan egituratutakoa: goikoan, presbiterioa dago, eta aurrekoa inguratzen duen beheko mailan, sakristia.
Dorrea eraikinaren behealdean dago, sarrera nagusiaren gainean. Bere beheko atalak elizpea du, erdi-puntuko arku handi birekin. Horrela, elizpe zabala osatzen du tenpluaren aurreko eta alboetako aurrealdeak bete eta kaperetaraino heltzen dena.
Barrualdean, nabe nagusia presbiterioraino zabaltzen da. Presbiterioa harrizko plataforman baten gainean dago eta bertara sartzeko erdi-puntuko arku handi baten azpitik igaro behar da. Arku horrek tamaina bereko beste arku bi ditu inguruan, kaperen sarbidea direnak. Presbiterioko guneak eta kaperak kanoi-ganga txikiz estalita daude.
Ikusi denez, erdiko nabea estalita dago kanoi-ganga batez, jarraian profil eliptikoena zuena. Baina, 1875eko berritze-lanen ostean, ganga jaso zen sei tinpanoren bidez, horma bakoitzean hiru ipiniz. Ertzak inposta-lerro batean amaitzen dira. Lerro horiek gune guztia zeharkatzen dute, tertzio biko garaieran. Koruaren zati bat ganga-formakoa da. Eraikinaren oinetan dago, sarrera nagusiaren gainean. Horixe da eraikin guztiaren atalik interesgarriena.
Koru txikia da, zuzena eta harrizkoa. Harrizko pilastra handi bik euste dute, tenpluaren sarreran daudenak. Korura heltzeko egurrezko eskailera dago, "L" letraren itxura duena. Estalkia, alboetan zuzena da eta, erdian, ganga-forma dauka. Pilastra bik eusten dute, beheko solairuan dauden pilastren jarraipena direnak. Bertan amaitzen da inposta-lerroa.
Sakristia tenpluaren burualdean dago, lau angeluko absidearen mailarik baxuenean. Bertara ailegatzeko, ateburua duen ate batetik igaro behar da. Presbiterioaren hegoaldeko horman dago ate hori. Tamaina erdia eta sabai laua daukan gune angeluzuzen batek presbiterio ainguratzen du, eskumako hormatik eta atzealdetik, hau da, sakristiatik. Ederto argituta dago, leihoburua duten bost leiho ditu-eta.
1875ean egin ziren berritze-lanek beste helburu bat ere izan zuten: argiztapena hobetzea. Horrela, hegoko aldean leiho bi zabaldu zituzten. Inposta-lerroaren gainean ipini zituzten, eta arku eskartzanoarekin eta harlanduz inguratu zituzten. Iparreko horman, ostera, ez zuten leihorik zabaldu. Horma horrek eraikin txiki bat du erantsita, elizpearen gainean. Horrek eragin disimetrikoa sortzen du barrualdean.
Beste bao guztiak simetrikoak dira. Kapera bietan bao handia dago, erdi-puntuko arku batekin eta, horrela, aldarerako igoera ederto argiztatuta dago. Gainera, beste leiho bi daude, simetrikoak direnak eta leihoburuak dituenak.
Azkenik, koruan beste hiru bao daude, leihoburuduna dutenak. Horietako bi handi-handiak dira eta koruaren aurrealdeko horman daude era simetrikoan ipinita. Hirugarren baoa txikiagoa da eta hegoko horman dago.
Argiztapen-modua ona da, tenpluaren tamaina aintzat hartuta. Bao gehiago daude hegoko horman. Izan ere, horma horiek, hegorantz zuzenduta dagoenez, argi gehiago jasotzen du eta eguzkitsuagoa da.
Lehenago ikusi dugu eraikinaren kanpoaldean nola banatuta dagoen. Eraikin osoa harlanduzkoa edo harri-hormazkoa da, honako atal hauek kenduta, harlanduz eginda daude-eta: izkinak, baoak eta sarreren markoa, eraikinaren erdialdeko horma-bular bi (bata horma bakoitzean) eta kapera bien goiko aldera (bertan dagoen erlaitz txiki bat, tinpano bat osotzen duena, eta leihateko erdi-puntuko arkua).
Arreta berezia egin beharko zaio dorre barrokoari. 1725ekoa da. Atal bi ditu, lauangelukoak, elizpearen gainean eta eraikinaren oinetan daudenak. Lehenengo atala harlanduzkoa da eta harri-hormazkoa den bigarren ataletik bereizita dago, inposta-lerro batez. Marcos de Sta. Theresa karmeldarraren planoak erabili ziren hori egiteko, baina hasierako proiektuari aldaketa batzuk egin zizkioten. Bigarren atalak lau bao ditu, alboko horma bakoitzean bi. Goikoak erdi-puntuko arkua eta behekoak ateburua dauka.
Sartzeko hiru ate daude. Horietatik bi alboetan daude, ateburua dute eta oso apalak dira. Ate nagusia dorrearen azpian dago, elizpeak estalita. Elizpeak erdi-puntuko arku handia dauka baita hainbat moldura ere. Portada errenazentista ederra da.
Esan dugunez, elizpeak elizaren oinak eta alboak inguratzen ditu, kaperak dauden alderaino. Egurrezko egitura dauka, zazpi zutabe toskanarrek eusten dutena. Zutabe horiek familia-jabearen jauregitik hartu zituen (orain frontoia dagoen alderdian zegoena), bertan behera jausi zenean.
Neoklasizismoan ohikoa zen apaindura gutxi ipintzea eta, gainera, baserri inguruetan, are apaindura gutxiago ipintzen zituzten. Eliza honek dituen apaindura bakarrak hauexek dira: kaperak dauden eraikinetan, harrizko erlaitzekin egindako tinpanoak, klasikoen imitazioa direnak; portadan, erdi-puntuko arkua, molduraz atondutakoa; eta, hegoko horman, Arteaga etxeko armarri txiki bat, seguru asko aurreko eraikinetik hartuko zuena.
Barrualdean dauden apaindura bakarrak erretaulak dira: erretaula nagusia, alboetako erretaula txiki biak, eta kaperatan daudenak, interes gutxikoak direnak.
Aldare nagusiko erretaula barrokoaren bigarren aldiko eredu polita da. Apaindura ederra da. Txikia da, eta bi atal, erlaitza eta hiru kale ditu. Lehenengo atalak, erdiko kalean, erdi-puntuko arku handia dauka. Maskorrez eta “ze” handiz atonduta dago. Kristo gurutziltzatuaren irudia dago bertan. Albo bietan, Jesusen Bihotz Sakratuaren eta Mariaren estatua bi daude, horma-konketan ipinita, maskor itxurako droselrez apainduta. Apaindura asko dago bertan: lora handiak, bihurguneak, kiribilduak eta modiloi handiak. Horren gainean, bigarren atalaren erlaitza dago.
Bigarren atala korintiarra da. Apaindura asko ditu eta urreztatuta dago. Salomondar zutabeak nabarmentzeko modukoak dira. Bikoteka, azken erlaitz zabalari eusten diete. Zutabe horiek apaindura asko dauzkate, mahatsondoak eta mahatsak batez ere. Akabera emateko, korintiar ordenako kapitelak dituzte, urreztatuta daudenak. Erdian, San Joan ebanjelariaren eta San Antonioren estatuak daude idulkien gainean ipinita eta drosel birekin. Erdiko kalean San Bizenteren irudia dago, erdi-puntuko arkuaren azpian. Urre-koloreko palma handi eta aldare-itxurako apaindura asko ditu. Erretaulan, horixe da apaindura gehiago daukan aldea. Gehienbat landare itxurakoak dira. Erlaitzak erretaularen bertikaltasuna agerian uzten du. Eliza barroko askoren antza dauka, berbarako, Romako Gesu elizarena. Frontoi klasikoa dauka, bigarren atalari lotuta dagoena hegatsen bidez. Errematearen alde bietan, Arteaga etxeko armarri bi daude; jabeak bertakoak ziren-eta. Errematearen erdian arrosa-leihoa dago, beiratez estalitakoa. Horrek kolorea aberasten du.
Eskulturei dagokionez, Kristo Gurutziltzatua aipatu behar dugu. Bitxiak dira bere itxura eta mugimenduak; besoetako zainak nabarmenduta daude baina aurpegikoak polito landu dira. Adatsean eta bizarrean ile asko ditu. Oihalak gorputzari estu-estuki erantsita daude. Litekeena da eskultura errenazentista izatea, manierista sasoikoa.
Presbiteriora igotzeko harmailan parean, eta albo bietan, erretaula txiki bi daude. Atal txiki bat eta errematea dituzte. Aldareen gainetik barreiatuta daude. Erretaula barrokoak dira eta eskultura txiki batzuen markoa izateko egin zituzten. Eskultura horiek lau zutabe biribildu dituzte inguruan, bi albo bakoitzean. Harroina eta kapitel konposatua dauzka. Zutabeen ondoan, kapitel konposatua daukan pilastra txikia dago. Horiek guztiek erlaitz txikiari eusten diete. Erlaitza zatituta eta mugituta dago eta, jarraian, erremate txikia dauka, aldare nagusian dauden modukoak. Frontoi klasikoa dauka, hegatsez inguratutakoa, eta barnean eskultura txikia dago.
Apaindura asko dago eta oso fin da, gehienbat hosto txikiak eta landareak daude, aldare nagusian legez. Harroinak, erlaitzak eta bestelakoak ere badaude. Urre kolorea dute, kolore krema duen atzealdearen gainean.
Ezkerreko erretaulan Andra Mari bat dago. Itxura denez, gotikoa da. Haurra albo batean dauka, ezkerreko belaunaren gainean ipinita. Oso fina da, batez ere aurpegia. Ohiko barre gotikoa dauka, marra finekoa. Kolore asko ditu eta eder askoa da.
Eskumako erretaulan, Errosarioko Ama Birjinaren irudia dago. Otoitz egiten dago, eskuak elkarri lotuta. Aurpegia eta eskuak polito egin zituzten, baita kaparen oihal leunduta ere. Ezaugarri horien arabera eta eskulturak ardatz itxura daukala ikusita, esan dezakegu barrokoaren erdiko aldian egingo zutela.
Azkenik, kaperetako erretaulak daude. 1851n, tenplua berriro eraiki zutenean, kaperetako doriar ordenako beste erretaula bi egiteko agindua egin zioten Markinako Pedro Jose Loiola zurginari. Erretaula horietako bat ezkerreko kaperan dago; bestea apurtu zen, gerra zibilean obus batek jo eta suntsitu zuelako.
Ezkerrekoa ohiko erretaula neoklasikoa da. Doriar ordena erraldoikoa da eta kolore asko margotuta dago, marmola imitatuz. Barruan eskultura bi ditu. Bata eder-ederra da. Doloretako Ama Birjina da. Bere eskuek arren eskatzen dute, aurpegia minak zeharkatuta dago. Kolore askokoa da. Tunika urrez estalita dago. Barrokoaren bigarren aldikoa izan daiteke. Hala ere, oihaletan egindako lana rococoari dagokio, oihal modelatuak ordukoak dira-eta.
Eskumako erretaula Gerra Zibilaren ostean berritu zuten. Erretaula soila egin zuten. Erdi-puntuko arkua dauka, ordena konposatutako estipite bik eusten dutena. Barruan San Joakin eta Santa Anaren eskultura handi bi daude. Ybarraren arabera, desagertutako erretaulari dagokie. Giharretan ez dan lan onik egin. San Joakinek bizar sarria du, Migel Angelen Moisesen moduan. Errenazimendukoak direla ematen du. Osterantzean, sasoi horretako ezaugarriak dituen aldaera izango da.
Urdaibaiko Galtzagorriak © 2017. Kontaktatu gurekin: galtzagorriak@urdaibai.org
Babesleak: Eusko Jaurlaritza, Gernika-Lumoko Udala eta Urdaibai Biosfera Erreserba.