San Joan Bataiatzailea baseliza Totorika auzoan, mendiska garai baten kokatuta dago. Baseliza kokatutako lekuari Ermitondo deritzo.
Tenplua angelu zuzena (10,20 x 6,95 m) da eta nahiko handia da. Teilatu isurialde bikoa da eta egurrezko bi zinbrien gainean dago ipinita. Bistan dagoen harlangaitzezko hormak eta harlanduzko ertzak ditu. Sarrerak ateburua du. Hegoaldeko aurrealdean dago. Bere atezango batean harlauza bat dago, Behe Erdi Aroko hilobiari dagokiona. Aurrealde horretan bao bat dago, orain dela gutxi egindakoa.
Baselizaren barnean kanpaia dago. Zementuzko zorua eta lurrezkoa presbiterioan.
Barrualdeko estalki modura, teilatuak egurrezko egitura dauka. Egurrezko zinbria handi bik oratzen dute.
San Joanen eta Birjinaren irudiak gordetzen ditu.
Artapen-egoera onean dago. 1966an eraberritu zen baseliza. Data hori baseliza sartzeko mailan adierazita dago. Oraintsuago, teilatua konpondu zaio.
Baselizaren inguruan, erromatarren sasoiko aztarnategia egon liteke, hilarri paralelelipedoa topatu da-eta. Hilarri hori apainduta dago; lerro bikoitza duten zerrenda elkartzut bi, elkartzean, gurutze latindarra osotzen dutenak. Antza handia du Lemoako multzo epigrafikoko hilarri batzuekin. Baina anepigrafikoa da, zakarrago eginda dago eta profila sendoagoa da. Baliteke gure aroko I. mendekoa izatea. Indusketa-lanak egiten direnean gehiago jakingo dugu horien gainean.
Urdaibaiko Galtzagorriak © 2017. Kontaktatu gurekin: galtzagorriak@urdaibai.org
Babesleak: Eusko Jaurlaritza, Gernika-Lumoko Udala eta Urdaibai Biosfera Erreserba.