Santa Luzia baseliza Zallo auzoan –gaur egunean Lurgorri ere esaten zaio-, harizti baten ondoan eta Santa Luzia baserri-etxeari erantsita kokatuta dago.
Oin-plano errektangeluarra (13,20 x 9,72 m) du eta neurri txikikoa da. Harlangaitzezko hormak eta harlanduzko ertzak ditu. Hormak luzituta daude. Hiru isurialdeko teilatua du. Harlanduzko kanpai-horma, bao bakarrekoa eta kanpaiduna. Hegoaldean puntadun arkua duen atea dauka eta hortik sartzen da barnera. Leiho bi ditu, bata ajimez-formako zorrotza eta bestea, arku eskartzano txikiagoa duena; leiho horretatik sartzen da argia barnera. Gezi-leihoa du hegoaldeko aldean. Sortaldeko horman dinteldutako leiho bi ditu aldare atzean. Zoladura baldosazkoa da nabean eta egurrezkoa presbiterioan.
Barnean Santa Luziaren, San Lorentzoren, Piedadearen eta Santa Marinaren irudiak daude.
Artapen-egoera onena dago.
Kalagorriko gotzaindegiko bisitatzaile orokorra zen Juan Millan Lopez Dabalos Larrea –Santo Domingo de la Calzadako presbitero ere bazena- 1829ko urtarrilaren 13an parrokiara eta bere baselizetara egindako bisita baten inguruko akta jasotzen da Lumoko Elizateko San Pedro Apostolua Parrokia-Eliza Monasterial Fabrika-Liburuan. Bertan badio: “También visitaron las ermitas de San Martín, Santa Lucía, San Cristóbal y San Bernardo, y hallaron éstas corrientes, excepto la de Santa Lucía, en la que según se ha informado está su patrono para hacer en ella varias obras a virtud del despacho del Tribunal Eclesiástico; en esta atención manda su merced a las personas obligadas a su ornato y compostura, que en adelante las tengan todas en estado de que en ellas pueda celebrase el Santo Sacrifico de la Misa; bajo todo apercibimiento”.
Santa Luziako baseliza, Lumoko San Pedroko elizaren laguntzaile izan den heinean, hainbat jauntxo edo oinetxeen –Allende Salazar, Mezeta, Montefuerteko Kondea- patronatuaren parte izan da aspalditik. Martin Coscojales Fraileak XVI. mendean egindako idatzian Lumo aipatzen duenean badio patronato “mercenario” dela, baina “divisero para siempre” moduan geratu zela. Elizate honetan baselizarik aipatzen ez den arren, parrokiari laguntzen diotenak, beste leku askotan legez, jatorrizkoaren patrono bera zutela pentsa genezake.
Beraz, Montefuerte kondearen jabetzakoa dela esaten da.
Iturrizak dio baseliza honetan hilobi batzuk egon zirela; gaur egunean, berriz, auzotarrek hilobietako harlauzatzat zituzten harri zabal handiak ezin dira ermitaren ondoan ikusi.
Urdaibaiko Galtzagorriak © 2017. Kontaktatu gurekin: galtzagorriak@urdaibai.org
Babesleak: Eusko Jaurlaritza, Gernika-Lumoko Udala eta Urdaibai Biosfera Erreserba.