Ibarruriko Andra Mariaren eliza, Ama Birjina Agorrilekoaren izenekoa, Elizalde auzoan kokaturik dago, sakantxo batean.
Baina zehaztu beharrean gaude gaur ikusten dugun elizak XX. mendeko 20 hamarkadara arte egon zenarekin ez daukala ezelango erlaziorik; toki berean ere ez da dago, oso hur egon arren. Lehengoa XII. gizaldikoan eraiki zen; eraikuntzari buruz badago gau bakarrean eraiki zela dioen kondaira, ohiko leku batetik besterako eraikin-gai aldakuntzaren bidez. XVI. gizaldian handitu egin zuten eta kanpandorrearen eraikuntza 1.705ean amaitu zen. 1.928an erre egin zen, ondoren gaur egungoa eraiki zela lehengoaz egoen tokitik zerbait aldendurik.
Eliza hau 1.930 urteko ekainaren 29an eraiki zen, elizapeko inskripzioan ageri denez, Maria Kontzezinoko eta Maria Paz Arano Zobaran andereen eskuzabaltasunari esker, Ameriketatik dirua bidali zuten ahizpak, Gillermo Elgezabal arkitektoa izan zela.
Elizak gurutze oina dauka, planoetan zein alturan ageri dena. Nabe bakarra dauka, neurri bereko hiru zati errektangeluarretan banatuta, hauetariko bat, oinetakoa, koruaren esertokia dela, eliza-bular itxurako eliza-buruan amaiturik. Zeharretara alboetan kaperak dauzkan beste nabe bat dago.
Eraikin guztia dago harlanduztatuta kanpoaldetik; barrualdean lehenengo 75 zentimetroa bakarrik daude harlanduz eginak, hormaren gainontzekoa harlandua irudikatu nahi duen pinturaz estalita dagoela.
Isurialde biko bizkar-zorua dauka, eta barrualdean nabarmengarriak dira nabe nagusian, zeharkakoan eta eliza-buruan dauden gurutze-gangak, zazpi denetara. Nabean zati bakoitzean era berdinean eginda daude, lau zain dauzkala, eliza-bularrekoak izan ezik, zazpi ditu eta.
Ganga arku fajoi apuntatuek zatitzen dute; arkuok zutabeen gainean daude eta zainak zutabeei dieten zutarri meheen gainean. Batzuen zein besteen harroin-gainetan harroin-gain korintiarrenak bezalako landare-itxurako apaingarriak ikusi daitezke, baina hauetan molorrika orriak sinkretikoagoak dira. Zutabe eta zutarriok erlaitz oxkatu txiki baten bitartez lotzen dira; erlaitz honek horma zati bitan banatzen du altueran, huts-guneak goikoan daudela. Zutabe eta zutarrien oinarriak lehen deskribatu dugun harlanduzko hormaren altueran daude. Alboetako kapera biez orain arte esandako guztia esan daiteke, gauza batetan izan ezik, zainei eusten dieten zutarriak behegaineraino heldu beharrean bide erdian moztuta daudelako.
Kanpoaldeko elementu euskarriak barneko banaketaren adierazle ere badiren oin errektangeluarreko zurkaitzak dira. Mota bikoak dira: alboetako eta eliza-bularrekoak mehetuz doan gora doazen heinean, baina zati bitan, nahiko pendoitz nabarian amaituz; aurrealde nagusikoak ere pendoitzean amaitzen dira, baina mailaka, zati bitan barik. Ez bata ez bestea ez dira teilatu gainera heltzen.
Argi-sarrera guztiak daude altuera berean; nabe nagusian elizpearen gainetik. Eliza-bularrean hiru huts-gune daude, bat alboetako kapera bakoitzean eta sei nabe nagusian, bi banaturik dagoen zati bakoitzean, ezker-eskuman. Denak dira ezaugarri berekoak: puntu erdikoan turuta-antzekoak eta barrualdean ebakidura nabarmen bakoak, kanpoaldean oxkadura konbexo txikiak buruturik daudela. Oinetan, alboetan kanpotik arku lobulatuak diren gezi-leiho antzeko leiho dinteldun txiki bi dituen argi-behea dago. Deskribatu berri dugun multzo hau kanpoaldean arku apuntatu handi batean bornaturik dago. Aipagarria da deskribatu ditugun huts-gunen guztietan argi-bahe polikromatuak daudela, irudi geometrikoez apaindurik.
Elizara sartzeko hiru ate daude. Hiru sarrerotatik garrantzitsuena oinetan dago eta beste biak nabe nagusiaren alboetan. Azken bi hauek berdin samarrak dira, barnean zein kanpoan, erdi-puntu arku bi dira. Sarrera ate nagusia oinetan dago; gainean, sarrerari turuta-itxura emanez, erdi-puntuko hiru arku dauzkan ate dintelduna da. Azkeneko arkibolta zehar-mehaka egindako irudi batez apainduta ageri da, eta baita gainean arkuak dauzkan harroin-gainean ere, dintelarena egiten duela. Arkuok elkarri dioten zutabeen gainean daude, lehenengoa izan ezik, hau landare apaingarriz apaindutako harroin eta harroin-gaindun zutarri txikia da eta. Tinpanoko apaingarria argi-bahe erdia da.
Elizapea nabe nagusiaren inguruetan dago, nola ebanjelioaren aldetik, hala eta epistolarenetik, āuā itxura hartuz, nahiz eta aldeetariko bat kanpandorrearen egiturak mozturik egon eta Epistolaren aldean zeharkako naberaino heldu beharrekoan zerbait aurrerago baino ez heldu. Isurialde biko sarrera-ate nagusiaren aldean ezik, isurialde bakarreko bizkar zorua dauka eraikinak. Guztia ere, harroin-gainak baina ezelango apaingarririk ez daukaten oin karratuko zutarrien gainean eraikita dago. Goren dagoen aldeari arku fajoi okertuek eusten diote eta kanpoaldean teilatutxoaren tontorrera heltzen ez diren oin errektangeluarreko zurkaitz bik, pendoitz nabarian amaituz. Elizpearen gainontzekoa dintelduna da, baina erdigune honetara goialdean hiru errosetoi dauzkan puntadun arku bat igaroz sartzen da.
Koruak azkeneko zati guztia betetzen du; sarrera nagusia beronen azpian dago. Hiru arkuk eusten diote, alboetako biak puntu erdikoak eta erdikoa karpanela.
Honez gain, zoko-dorrea dauka oinetan. Lau zati desberdinez osoturik dago: behekoa elizpearen goialderaino heltzen dena eta beronen osagai ere bada, bertara puntu erdiko arkuen bidez heltzen dela; bigarrena nabe nagusiaren altuerara heltzen da eta bertan puntu erdiko arkuetan bornatutako gezi-leiho antzeko lau huts-gunen nabarmendu behar dira hurrengo zatia kanpandorrerako bidea ematen duen tartekoa da, bere alde bakoitzean puntu erdiko hiru huts-gunez osaturik dagoena eta goitik zein behetik beste zatiengandik bereizteko oxkadura konkaboz apaindutako erlaitza daukana; goikoa xake-koadroren imitazioa da, baina mukulu kurboekin; honenbestez, kanpandorrera heldu gara, azkeneko zatira: lau aldeetan arku puntadunetan irekita dago eta alderik batean puntu erdiko arku bi daude. Eraikin guztian ertzak zurkaitzez buruturik ageri dira, lehen deskribatutako erakoak.
Beraz, eraikin hau estilo neoerromanikoa da eta kalitate handikoa; ezer bereziki aipatzekotan bere mukuluen biribiltasuna litzateke.
Altzariek ez daukate aparteko interesik.
Urdaibaiko Galtzagorriak © 2017. Kontaktatu gurekin: galtzagorriak@urdaibai.org
Babesleak: Eusko Jaurlaritza, Gernika-Lumoko Udala eta Urdaibai Biosfera Erreserba.