Urdaibai Biosfera Erreserba » Arkitektura » Arkitektura Erlijiosoa » Elizak, baselizak, komentuak eta klaustroak

Gernikako Batzar Etxetik metro gutxira, Foru Hiribilduko hiri-aldearen eta Lumoko elizatearen jurisdikzioaren arteko muga izan zen oso aldapa maldatsuan, Andre Maria eliza dago.

Andre Maria eliza
Andre Maria eliza.

Tenplua eraikitzen XV. mendearen erdialdean hasi zen, indarreko eredu gotikoari jarraiki. Hala ere, mende bat geroago hallenkirche sistemarantz birziklatu zen. Estiloak nahastea –portadan gotikoa, barrualdean errenazentista- eliza honen ezaugarririk berezienetakoa da.

Obrak beste mende bat behar izan zuen bukatzeko, 1660 inguruan bukatu baitzen. Urte horretakoak dira errespetuzko estilo errenazentistako korua eta azken gangen iraulketa. Lan hori Antonio Ortiz Colina hargin menditarrarena da.

Eraikina

Kanpotik, Gernika-Lumoko Andre Maria bolumen trinko itzel eta adiezin bezala ikusten da, harri landuko eta hargin-laneko puska itzel gisa.

Tenpluaren barrualdea
Tenpluaren barrualdea.

Beraren teilatu zabalak gune handi-handia ezkutatzen du, bost tartetako hiru nabetan antolatua. Nabeok abside poligonalak errematatuta daude.

Oin-planoa
Oin-planoa.

Absideak eta nabeak goiera berean eta gurutze-gangaz estalita daude era gotikora –ganga horiek izartsuak dira lehenengo tartean, eta sinpleak gainerakoetan-. Ganga horiek harresietan eta joniar ordenako zortzi zutabe klasiko gorretan zurkaiztuak dira. Haiek Bizkaiko ederrenetakoak dira, ederrenak ez esatearren.

Fatxada noblea Iparraldera orientatuta dago, eta alde horretako horma-bularrak lotzen dituzten arku gogor-gogorrez modulatuta. Ardatza finkatzen dute, goian, 1775eko hiru gorputzeko kanpai-horma barroko handiak eta, behean, mainelak bereizitako bi sarrera-arku beheratutako portadak.

Hori guztia bozinako arkibolten eta janben klasikoan sartuta dago. Egitura hori santuen irudi tailatuek joriturik dago. Tinpanoa hutsik ageri da baina eraikinaren biografiarako testu interesgarria du: Myll et ccc et IXL años Sanch / o de enparan. Aipu horren arabera, 1449an obrako arduraduna Santxo Enparan maisua zen.

Tenpluaren barrualdean honakoak nabarmentzen dira: gela estaliaren eta zutabeen handitasun-sentsazioa, hiru nabeak ukitzen dituen oinetako korua eta goiera handiko buruaren hiru inguruneotako harresietako pasabide hustua.

Portada
Portada.
Ganga
Ganga.

Altzariak

Egun elizak ez du altzari garrantzitsurik. Rococoko estiloko zenbait irudi daude, haren azken erretauletako batetik berreskuratuta. Lehenengo kaperan apaindu gabeko barroko erretaula dago, Joan Azkunaga Foruko maisuaren lan interesgarria.

Portadaren xehetasuna
Portadaren xehetasuna.

Sakristian Pasioko eszenadun mihise barrokoen bilduma ikus daiteke, Ildefonso Bustrinek XVIII. mendearen erdialdean egindako lana. Artista hori Bizkaiko tradizio piktorikoa bizirik eta maila duinean mantentzen zuen artista bakanetakoa zen.

Koruaren peko arkua
Koruaren peko arkua.

2011n zenbait lan aurrera eraman dira, besteak beste, fatxada nagusiaren garbiketa orokorra, San Pedroren irudiaren konponketa, hondatutako fatxada zatien konponketa eta argiztapenari buruzko azterketa.

Erretaula-xehetasuna
Erretaula-xehetasuna.

Urdaibaiko Galtzagorriak © 2017. Kontaktatu gurekin: galtzagorriak@urdaibai.org

Babesleak: Eusko Jaurlaritza, Gernika-Lumoko Udala eta Urdaibai Biosfera Erreserba.