Karmengo Andra Mari, herritarrentzat Karmengo Birjiñie, Mañu auzoan, Laubidieta deituriko leku bateko espaldan kokatuta dago, Bilbao-Bermeo errepidearen aldamenean hain zuzen ere.
Oin-plano errektangeluarra (19,70 x 11,50 m) du. Bost aldeko abside poligonala du. Alde bakoitza 3,30 m-koa da. Barnealdean, presbiterioa eta nabea puntu erdiko arkuan banatzen dira. Harlangaitzezko hormak eta harlanduzko ertzak ditu. Hiru bular-horma Iparraldean eta Hegoaldean ditu. Bi isurialdeko teilatua du. Lau baodun dorrea kanpaiarekin eta burdinazko gurutzean errematatuta mendebaldean dauka. Puntu erdiko arkua duen atea mendebaldean eta hegoaldean dauzka. Fatxada nagusian bao zirkularra du eta beste hiru hegoaldean. Harlauzazko zorua du. Egurrezko korua du. Oinetatik zabaltzen den arkupea du, Ebanjelioaren eta Epistolaren aldean. Mendebaldean hilobiak jartzeko harrizko mahaia dago. Ataripera sartzeko eskalinata bat igo behar da.
Bertan ondoko irudiak daude: Karmengo Birjina, Santa Luzia, San Antonio Abate eta Jose Maria Muñozek egindako Erdi Aroko margoak. Sakristian ondoko irudiak gordeta daude: Paduako San Antonio, Jesusen Bihotz Sakratua, San Jose eta Karmengo Andra Mari.
Artapen-egoera onean dago.
Kanposantu propioa du. 1968an eraberritu zen Gotzon Garitaonaindia hildako parrokoaren zuzendaritzapean. Hilobien gainean hilarri diskoideak kokatu ziren. Beranduago, XXI. mendearen hasieran, berriz eraberritu da.
Ipar-ekialdeko horman harrian ondoko inskripzioa dago:
GARITAONANDIA TA GORORDO TAR / GOTZON / GURE ABADEA / MAÑUN 1963-70 / "Guk, zure eŕi / eskeŕak / emongo dautsuguz beti Jauna / 78 gn. Salmotik".
Zabalaren arabera, 1887ko uztailaren 16an sagaratu zen.
"...Dando cima al proyecto por los vecinos de Mañúa y parte de Arronátegui y San Miguel dentro de los 22.400 metros cuadrados adquiridos en Laubidieta, la ermita fue consagrada a Nuestra Señora del Carmen el 16 de julio de 1887, asistiendo a la ceremonia el ayuntamiento en pleno y con bandera":
Almikeko Parrokiako Artxibategian Mañuko eliza honen Bedeinkazio-Akta, Gotzainaren baimena eta bestelako agiri batzuk (1888. urtea) gordetzen dira.
Urdaibaiko Galtzagorriak © 2017. Kontaktatu gurekin: galtzagorriak@urdaibai.org
Babesleak: Eusko Jaurlaritza, Gernika-Lumoko Udala eta Urdaibai Biosfera Erreserba.