Urdaibai Biosfera Erreserba » Arkitektura » Arkitektura Erlijiosoa » Elizak, baselizak, komentuak eta klaustroak

Kortezubiko auzo-hiriburuan kokatutako eliza, udaletxearekin, frontoiarekin eta probalekuarekin konpartitzen duen plaza txikian dago. Gautegiz Arteagako parrokia legez, Gernika-Lumo eta kostaldea lotzen dituen errepidearen ondoan dago, Oka haranaren behealdean, Urdaibaiko itsasadarraren ibarra zabaltzen hasten den tokian hain zuzen ere. Elizaren kokapena altuera txikienean dago elizateko gainerako eraikuntza erlijiosoekin konparatuz eta, beraz, erdi aroko gizaldietan zehar, biztanleriak haran barrenetara jaisteko zuen joera jarraituz.

Atal honetan, parrokia, lurraren gainean egindako goragune artifizialaren gainean eraikita dagoela azpimarratu behar da, izan ere, parrokiaren kokapera ia-ia itsasadarraren maila berean dago eta, horren ondorioz, ur-mailak gora egiten duenean, ibar osoa urpean geratzen zen eta jakina, maila horretan zeuden eraikin guztiak kaltetzen ziren. Gauzak honela, elizaren goragune artifizial horri esker, uholdeak ekiditen ziren.

Abate Padua
Kortezubiko Santiago elizaren argazkia
udalerri horretako Enderika auzotik aterata.
XVII. mendeko dorre prismatiko-lau
angeluarrak erantsitako zutabeen gainean
bistan duen egurrez beti estali den eliza
osatzen du.

DESKRIBAPENA

XV. gizaldian eraikitako gotiko estiloko eliza da, errege katolikoen erregealdian zehar, eliztar multzo txikien ohiko elizen adierazle argia eta, beraz, multzoaren apaindura handirik eza izango da ezaugarri nagusia, batez ere, erkidegoren aukera ekonomikoak ere urriak zirelako.

Nabe bakarreko basilika oinplanodun eraikuntza da, izar-gangekin alakatutako absidearekin eta zutabe dorikoen gaineko garaipen-arkuarekin. Ateburu gisa zurezko armadura dauka eta alboko horma bakoitzean zehar lau paldo daude; bat kenduta beste guztiak lurrean euskarritzen dira. Nabearen barrenean, koru txikia dago, seguruenik garaikideak diren burdinazko zutabe txikiez euskarriturik. Eraikinak sarbide bi ditu: oinaldekoak, nazelatuak, ez dauka aparteko garrantzirik eta, hegoaldekoak, inposta eta moldurak ditu eta bakuna den arren, multzoaren barruan azpimarragarria da.

Eliza honetan, ur bedeinkatuaren pontea elementu interesgarria da, kapitel erromanikoa dauka aipatutako erabilerarako berraprobetxatuta; kronologikoki, XII. gizaldikoa dela baieztatu daiteke. Pieza hau hareharrizko silarria da (0,30 x 0,30 x 0,20 m) eta aurrealdea baldarki tailatua dauka; badirudi, jatorrian harburu-modiloi gisa erabili zela kapitel gisa baino gehiago. Erliebea ohikoa da eta suge bi irudikatzen ditu: gizonari helduz edota emakumear bularra hartuz. Pontearen aurkitzaileak, hau da, P. Vazquez delakoak uste du Ugarteko San Bizentetik ekarritakoa dela eta erdi aroko ohiko irudia agertzen duela: gizon bat sugeez inguratuta eta erabat mindurik, sabelpea estaliz.

Eraikinaren barruko dekorazioari dagokionean, aldarearen absidean kokatutako urre-koloreko erretaula ederra aipatu behar da; churrigueresco estiloko pieza interesgarria da eta, batez ere, gehiegi apaindutako zutabe salomonikoak nabarmentzen dira, hiru kale ezberdinetan agertarazten dituen pisu biak bereiziz. Multzoan, lehen pisuko erdiko kalerik bako tabernakulua gailentzen da; toki horretan, Santiago matamoros delakoaren irudia dago eta alboetan San Jose eta Santa Anaren taila bi. Goiko kalean, interes txikiagoko beste irudi batzuk daude.

Kortezubiko Santiago
Kortezubiko Santiago elizako ponte
erromanikoa.

Gorago adierazitakoarekin gainera, badirudi parrokian Bakardadearen Ana Birjinari dedikaturiko aldarea izan zela. Beste alde batetik, dokumentazioan Francisco Toña aipatzen da elizako pintura batzuen eta, 1850ean eta 1865an, aldarearen urreztatzearen egile legez. 1865an, obra batzuetarako aurkeztutako aurrekontuan, Arrosarioa, Santa Marina, San Joan, Sorkundea eta Santa Bitalinaren irudiak aipatzen dira, horietako batzuk dagoeneko desagertuta dauden arren. Azkenik, badirudi beste osagai bat izan zela: alde batetik, apaingarria eta, bestetik, funtzionala, hau da, sermoietarako pulpitua; pulpitu hori 1691n eraiki zen baina gaur egun ez da horren aztarnarik geratzen.

Eraikinaren multzoan, estalitako arkupea ere ezin da ahaztu; hegoaldean kenduta, kanpoaldera takaturik dago inguruan zehar; kanpoaldetik, harri-hormazko eskailera dauka eta, hegoaldera, hiru maila tarte, batez ere, gorago adierazitako desnibela gainditzeko.

Arkupe horretan, eraikinaren hegoaldeko atearen ondoan “santutxua” dago burdinsarez itxita; barnean, adierazpen handiko irudi barrokoa dago Clavijon, Santiago mairuak hiltzen eszena irudikatuz.

Kortezubiko Santiago
Kortezubiko Santiago elizaren barnealdea.

Gure eskuetara heldu diren agirietan ez da gauza handirik esaten eraikinean egindako zaharberrikuntza lanen gainean. Ildo horri jarraituz, 1660an eta 1865an aldarearen egindako zaharberrikuntza lanei buruzko xehetasunak ematea ezinezkoa da (urte horietan egin ziren lanik garrantzitsuenak). Bestalde, 1676an inbertsio handia egin zen kanpaien eraikuntzarako eta 1668an ate berria jarri zuten. Geroago, 1854. urtean, ganga bat eraiki zen sakristian.

DORREA

Elizaren oinaldean, eraikinaren mendebaldean, XVII. gizaldiaren lehen erdialdean amaitutako dorrea dago; prismatiko-triangeluar oinplanoduna eta estilo zorrotzekoa sustrai klasizistaren ondorioz. Elementu hau harlanduz eraiki zen.

Dorre horren eraikuntza-prozesua luze eta nahasia izan zen, hau da, obrak gizaldiko hiru laurden luzatu ziren eta eraikuntzan zenbait harginek esku hartu zuten. Lehendabizi, parrokiako etxezainak, herriarekin bat eginik, Pedro Ruiz Aboitizi agindu zizkion lanak eta Martin Omarekin batera, 1581ean hasi ziren pare bat urteko epean amaitzeko asmoarekin. Dena dela, 1595. urtean oraindik lanak amaitu barik zeuden eta lau urteko beste epe bat eman zitzaien baina, lau urte horiek igarota ere, lanak amaitu barik zeuden. Egoera horren aurrean, herriarekin bat eginda, etxezainak 1600. urtean akordioa bertan beheratu eta lanak amaitzeko beste hargin bat bilatzea erabaki zuten.

Kortezubiko Santiago
Kortezubiko Santiago elizako aldareko
absidean dagoen erretaula.

Lanak erdi eginda zeuden eta eraikitako atalak hondatzen zihoazen denborarekin eta beraz, berehala lanak erremate publikora ateratzea erabaki zen. Hala eta guztiz ere, erremate hori zelan egin zehazteko tirabirak izan ziren abade-parrokoaren eta etxezainaren artean eta, ondorioz, lanaren emakida asko atzeratu zen.

Azkenik, 1602an lanen errematea sinatu zen eta ardura Miguel Aurtenetxeari eman zitzaion. Erremate-agirian, geroago dorrea izango zena deskribatzen da: 30 oin altueraduna, teilatuan arkua duena, harlanduzko hiru leiho eta goialdean, frisoa, alkitrabea eta erlaitza beherago, berriz, harri osoa. Koruaren ondoan oholtza edo taulatua eraiki behar zen sarbidea egiteko. Lanak amaitzeko sei urteko epea zegoen baina gehiago luzatu ziren: hala ere, eskura dagoen informazioarekin ezin da zehaztu zein urtetan amaitu ziren. 1660. urtean, koruan atea zabaldu zuten dorrera sarbide legez.

Kortezubiko Santiago
Kortezubiko Santiago elizaren sarbideko
“Santiago mairuak hiltzen Clavijon” deituriko
irudi barrokoa.

XXI. mendearen hasieran elizaren teilatu osoa berreraiki zen.

Urdaibaiko Galtzagorriak © 2017. Kontaktatu gurekin: galtzagorriak@urdaibai.org

Babesleak: Eusko Jaurlaritza, Gernika-Lumoko Udala eta Urdaibai Biosfera Erreserba.