Urdaibai Biosfera Erreserba » Arkitektura » Arkitektura Erlijiosoa » Elizak, baselizak, komentuak eta klaustroak

Bariko San Nikolas eliza zabalgunetxo batean dago kokatuta, udalerriaren goialdean.

Oin laukizuzena dauka, barne-luzego bakarrekoa, gorantz jasotako kapera erdibiribila barrutik eta karratua kanpotik daukala. Oinetan koru txikia dauka, eta atxekitutako dorrea Epistolearen aldean, bateo-harriaren gainean; otoizleku txikia dago alde honetantxe, aro modernoan eraikia.

Sakristia laukizuzena, Ebanjelioaren buru aldean dagoena, eraiki eta gero atxiki zitzaion elizari. Kanpoaldean eta hormari itsatsitako horma-bularrak hori ematen digu aditzera behintzat.

Eliza, ilargi erdiaren itxuradun gangatxoek estaltzen dute, tarteetan banatuta erlatxek eusten duten erdipuntuko arkuak direla bide; bestalde, kainoi itxurako gangak estaltzen du presbitergoa.

Eliza iluna ezbai barik, huts-gune bi baino ez ditu eta, bata Epistola aldean eta bestea oinetan. Koroaren aldean bao bat du.

Landubako harrizko hormak dira eta harlanduzkoak horma-bular, ertz eta huts-guneak. Horma-bularrak teilatuaren pareraino heltzen dira; alboetako horma bakoitzean bi daude. Ertzak ere horma-bularrak dituzte; inoiz gutxi ikusten da horrelakorik eta baliteke lurraren egonenzinkorrari ziurtasun handiago emateko jarri izana.

San Nikolas eliza
San Nikolas eliza. Estribuak oso sendoak izan arren,
tabikedun ganga arina eusten dute. Eraikin osoa
oso arkaikoa da data horretarako (1803).

Ebanjelioaren aldean, arkupea dago eta arkupean, sarrera bakarra. Elizaren aurrea buruduna da eta gurutze eta zirkuludun zutabe urreztatuak saihesten dute. Ereñoko harrobietako kareharri gorriko harrizkoak dira zutabeak eta harlandua, eta Durangoko hareharrizkoa ate-zubia.

1.803an eraiki zuen Itsasgizon eta Arrantzaleen Kofradiak eliza, 1.750ean altxatutako baseliza ordezkatuz. Iturrizak dionez, “1.750ean eraiki zuen Itsasgizonen Kofradiak Elantxobeko San Nikolas eta paraje eroso eta egonkorragoan egitea pentsatu zuten, egunen batean handitu eta Parrokia ere izateko”.

Urte batzuk beranduago, 1.755ean, eraikia izana posible izan arren, urte horretako zemendiaren 28an Kalagorriko Hornitzaile eta Bikario Nagusiari parrokiako onuradun baten alde baseliza altxatu berrian meza ospatzeko baimena eskatu zioten Elantxobeko portuko txalupa-buruek:

“...Ibarrangeluko San Andres Parrokiatik gutxienez leko erdira dagoelako portua, eta jaiegunetan, arrantzan irteten uzten digutenez, meza entzun barik geratzen direlako hamaikatxo itsasgizon, euren arimen kaltetarako. Hori ez da zuzena eta aurrerantzean kristautasunak agintzen duen moduan bizi izateko, Bariko San Nikolas izeneko baseliza eraiki dugu”.

Hiru hilabete beranduago, 1.756ko zezeilaren 23an, untzi-buruek, baseliza eurek zainduko zutelako berba eman zuten, beste herritarren laguntza barik “garbikuzi, argitasun eta Meza-opari Santua ospatzeko beharrezkoak direnekin”; baina teilatua eta berreraikitze ardurez kargutuko zirelako ere.

Eskritura berean Laidako Santiago untzi-burua arduradun izendatu zutela aipatzen da, mezak ospatzeko baimena luzatutakoan emoiak batu zituzten eta urte bakoitzaren amaieran San Andreseko apaiza eta arduradun berriari kontuak aurkeztu zizkion. 1.708an, Juan Antonio Ibarraran aukeratu zuten eliza berriko arduradun eta horrek 1.805 urtera arte bete zuen bere eginbeharra.

Ibarrangeluko herritarrekin piztutako auziaren ostean, hitzarmen batetara heldu ziren 1.756ko abuztuan: Ibarrangeluko parrokiako hiru apaiza onuraduneetatik bat jaiegun, agindutako egun eta domeketan baselizara joango zen meza ospatzera.

San Nikolas elizaren barnealdea.
San Nikolas elizaren barnealdea.

Kofradiak Hornitzailearen baimena lortu zuen agindutako egunetan, bisigu arroba, itsasoratze edota atunetan irtendako txalupa bakoitzaren lan-saripeko modura laumaria emateko. Irabaziak baselizarentzat ziren eta urte batzuk beranduago, parrokiarentzat.

XIX. gizaldi hasieran, biztanleria-kopuruak gorantz egin zuen eta baseliza txiki geratu zen; horrezkero, eliza eraikitzea erabaki zuen Kofradiak bere kontura, Iturrizak esandakoaren arabera baselizak hartzen zuen lekuan barik, beste nonbaiten. 1.803ko abenduaren 6an, eliza berria bedeinkatu eta Sakramentu Santua zegokion lekuan jarri zen. Txalupa-buruek berriro sinatu zuten eskritura formala, honako honetarako behintzat berba emanez:

“berez eta Kofradia eta bertara joaten zirenen ordezkari legez, eta kofradian euren lekua hartuko zutenen izenean, eliza berria Jaungoikoa gurtzeko behar den moduan gorde eta mantenduko zutela”.

Bautista Onaindia eta Franzisko Goitia izan ziren hargin eta arotz lanetako arduradunak, 1.807an 6.700 erreal ordaindu zitzaiela. Ordura arte lanen kostua guztira 205.908 erreal eta 9 maraitakoa izan zen.

Altxatzeko baimena eskatzeak tirabiraren bat edo beste sortu zuen, eta Erret Ganbarara jo zuen Kofradiak. Portuan onuradunaren behin betiko bizilekua finkatzeko eskariak ere ekarri zuen tirabirarik (horren gainean 1.797an jada sortu ziren arazoak). Denbora joan ahala eztabaidatu eta eztabaidatu ibili ostean, akordio batetara heldu ziren 1.807an: onuradun bat Elantxobeko elizan geratuko zen.

Erretaula nagusia
Erretaula nagusia.

Luzaroan egon zen eliza amaitzeke. 1.821ean, Elantxobe auzunea Ibarrangelurengandik lehenengoz banatu zenean, Ibarrangeluko idazki batean eliza gangaz estali barik zegoela aipatzen da:

“Modu berean, aipatutako Bariko San Nikolas elizan ganga, aldare eta barrualdeko lanak egin beharrean erakusten ahalegindu zen, eta horrenbestez, Elantxoberi ez ezik, Ibarrangeluri ere zegokiola eliza berria eta iturriak eraikitzen egindako zorrak ordaintzea”.

Azken batean, 1835ean amaitu zen eliza, Florentino Renteria elantxobetarra izanik ganga lanen enkante hartzailea:

“Lanak amaituta utzi gurean, Herriari erakutsi nion eliza; haren sendotasuna eta nire berba beteta zegoela ikusirik, Herriak ondo amaitutzat jo zituen lanok...”

Ahapaldi honetan enkante hartzailea eta herritarren arteko adostasuna antzeman badaiteke ere, ez ziren beti bat etorri herriak ez zuelako sasoiz ordaindu aurresandako diru-kopurua. Hitzarmenaren arabera, 2.500 errealetan enkanteratu zen; Florentino Renteriari 15 egunen buruan 2.000 erreal emango zitzaiola onartu zen eta gainontzekoa beranduagoko epeetan; horrezaz gain elikadura gastuetarako 1.000 erreal luzatu zitzaion, Baina 2000 errealak kobratzeko epea pasatu zen eta ez zuen ezer jaso: hori zela eta, Jose Beitiari ahalmena eman zitzaion auzia jartzeko. Badirudi auzia bertan bera geratu zela, herriak ezarritakoa ordaindu egin zutelako azkenean.

1.863an, aterpea jarri zitzaion elizaren ateari eta landubako harrizko horma altxatu eserleku eta guzti. Lanok guztira 1.457 erreal eta 32 marai kostatu ziren, udal-kutxetan soberan zegoenetik hartuta.

Burdina-sareaz gain, elizpea eta alboko ataurrea 1.915ean burutu ziren. Bermeoko Teodoro Bidaetxea Jauna izan zen obra maisua. Udala eta parrokiaren artean gastuak erdibana ordaintzeko (1.692 pzta eta 1.983 pzta, hurrenez hurren) sinatu zen akordioari esker egin ahal izan ziren lanok.

Altzari-tresneria

Kofradiaren baliabide ekonomikoak urriak zirelako egin zen xumea eliza; altzari-tresnerian ere nabari daiteke xumetasuna.

Kalitate aldetik, interesgarriena urreztatutako egurrezko aldare nagusi barrokoa da. Zati bi daukaz: landare apainduradun lau zutabe salomonikoek hiru kaletan banatzen dute behealdea. Erdialdean, jagolea zin-oroigarriarekin; goialdean eta erretaula burutuz, gurutzatutako kristoa.

Sagrariotako atea ederra da eta kalitatezkoa: Kristoren Berpizkundearen gaiaren inguruan, sakontasun handiko erliebean egina; urre-azalaren azpian, zenbait lekutan polikromia bitxia antzeman daiteke.

Arantzazuko Santutegiari erosi zitzaion 1.892an “aldare nagusian zegoen hutsunea betetzeko”. 1.722 pezeta kostatu zen eta udalak ordaindu zuen.

Sagrarioko atea
Sagrarioko atea.

Urte bi beranduago, 1.894an, Timoteo Etxebarri izen oneko urreztatzailea kontratatu zuten erretaula urreztatu eta pintatu egiteko. Kostatu zen guztiaren 28.000 errealetatik 2.000, Filipinetan bizi ziren elantxobetarrak eman zuten eta gainontzeko 8.000ak udalak.

Aldare nagusiaren aldamenetako hormetan, irudi bi daude beste horrenbeste idulkiren gainean: Paduako San Antonio eta Alcalako San Diego. Irudiok Izaro irlako desagertutako Frantziskotarren komentutik eraman ziren.

Gainontzeko erretaulek (Errosario, Jesusen Bihotza, Sorkunde eta Kalbarioek) ez dute ezer nabarmentzeko.

Urdaibaiko Galtzagorriak © 2017. Kontaktatu gurekin: galtzagorriak@urdaibai.org

Babesleak: Eusko Jaurlaritza, Gernika-Lumoko Udala eta Urdaibai Biosfera Erreserba.