San Lorentzo baseliza, herritarrentzat San Lontzo eta Sanlloente, Maume auzoan kokatuta dago, eskolaren eta abade-etxearen ondoan hain zuzen ere. Bere ingurutik Ardoaren eta Arrainaren Ibilbide Luzea GR-38 igarotzen da.
Herritarren arabera antzinako kokalekua gaur egun baseliza dagoen lekutik 600 m haratago da, Sanlloante baserri-etxearen aldamenean alegia. Iturrizarentzat Berroiako San Lorentzo da.
10,90 x 7,80 m-ko neurria duen nabe bakarreko oin errektangeluarra dauka; ez dauka gangarik eta kanpotik isurialde biko teilatua du, zertxa batek eusten diola. Harlangaitzez eginda daude hormak. Ekialdeko horman erdi puntuko arkua sarrera-atea. Argiteria bost leiho adintelatuk osatzen dute, bata iparraldeko horman eta lau hegoaldean. Aurrekoak legez, zurezko korua dauka eta elizapea oinetan eta Ebanjelioaren aldean. Eraikinaren gorengo muturrean zementuzko kanpai-horma dago, kanpai bana duen hiru huts-gunekin, eta tontorrean gurutzea eta piramide antzeko akroterak daude.
Barrualdean San Lorentzoren eta Fatimako Birjinaren irudiak gordetzen ditu.
Oso artapen-egoera onean dago.
Urdaibaiko Galtzagorriak © 2017. Kontaktatu gurekin: galtzagorriak@urdaibai.org
Babesleak: Eusko Jaurlaritza, Gernika-Lumoko Udala eta Urdaibai Biosfera Erreserba.