Talako Andra Mari eliza Bermeoko eraikin esanguratsuenetarikoa bilakatu zen gizaldietan zehar. Hiribilduko alde altuenean egonik, itsaslabarraren gainean, itsasotik ikusten zen, eta horrela arrantzale herriaren buru eta erlijio bizitzaren gidaria zen. Hiribilduko hiri egituratik guztiz kanpo zegoen, Hiribilduko beste eliza legez: Santa Eupema. Hain zuzen ere, itsasotik hain gertu egotea izan zen hondamendiaren eragile zuena: bermeotarrek erabaki zuten eliza berriro eraikitzeko asmoa bertan behera utzi behar zela eta beste bat eraiki behar zela hobeto babestutako nonbait. XVIII. Gizaldiaren hasieratik bertatik nabarmena zen Talako eliza behera jausteko arriskuan zegoena. Behin eta berriro egin ziren konponketa lanak, nahiz eta XVIII. gizaldiko azken hamarkadetarako eliza guztiz narriatuta egon.
Talako Andra Mari eliza hareharrizko zen eta estiloz gotikoa. Heldu zaizkigun deskripzioen arabera, eliza hau arranditsuenetarikoa eta neurri handienetarikoa zen erlijio eraikinen artean Bizkaiko Jaurerri osoan. Gurutzadura nagusia eta kapera, kaperatxo eta sakristia asko zituen, eta hormetan hainbat hilobi. Kiribil-eskaileradun kanpandorre bi zituen: gainera, berdingida-horma masan jarraian eratuta tribuna ugari ere bazituen, elizako barru zirkunferentziatik jarraitzen zuen pasabidea osatuz, harri landuz zukatutako karel batez eta horma nagusietan sartuta zeuden arkuez estalita. Puntu kardinaletara zuzendutako lau sarbide zituen, eta nagusia hegoaldekoa zen. Sarbide honek arkupe bikaina zuen.
Agirietako aipamenek Talako Andra Mari elizako eraikin ezaugarriei eta altzairuei buruzko zehaztasun gehiago ematen dizkigu. 1608koak dira lehendabiziko berriak: dirudienez, ordurako eraikina narriatzen hasita zegoen. Horma-euste lanak urte horietan burutu ziren, hain zuzen ere Domingo de Uria eta Lope Martin Ormaetxearen eskutik; harginok 1605tik ibili ziren lanean elizan. 1631n Martin Ibañez Zalbidea arkitekto maisuak sakristia berria eraiki zuen; lan haiek 1660an amaitu zituzten, Bernardo Labueria Cara baionarrak egindako barrez eta Pedro Ibaik luzitutako leiho beirateak jarri zirenean. Lan hau amaitu baino urte batzuk lehenago, 1649an, ponte zaharra kendu zen. Konponketa hau gauzatzen zen bitartean, zenbait kapera bota behar izan ziren; ez dago argi hondamendiak edo eliztarrentzako tokia egin beharrak eragin zuen. Hain zuzen ere, San Telmo kapera bota zen, aulkiak ipintzeko asmoarekin.
XVIII. gizaldian, elizako zilarrezko lanpara biren lapurretari buruzko aipamen asko aurkitzen dira. Lanparok Francisco Lastarria kapitainak eta Domingo Goitiak eman zituzten dohaintzan; Mexikoko zilarrezkoak ziren eta Doniene kaperako aldare nagusian zeuden. 1741an izan zen lapurreta, eta lanpara biekin batera Ameriketako lau dobloi ere lapurtu zituzten. Lapurrak atxilotu egin zituzten, baina lanparak ez ziren agertu, ustez susmagarriak atxilotu baino lehen urtu, lingote bihurtu eta saldu egin zuelako. Bestetik, agiri horren bidez San Pedroren kaperaren berri jakin dugu; bada, dirudienez kapera honetako mezen eta konponketen ardura Arrantzaleen Kofradiarenak ziren, eta elkarte haiek Talan gordetzen zuen Kofradiaren Artxibo Kutxa, eta bertatik ere dirua lapurtu zuten. Talako Andre Mariako beste kapera Guadalupeko Andre Mariarena zen, Ameriketatik itzulitako bermeotarrek sortua seguruenik.
XVIII. gizaldiko 40 hamarkadan lan asko egin ziren elizan: 1774an Manuel Villalon margolari San Joseren kaperako alboak eta kutxak margotzeko eta urreztatzeko agindu zitzaion. 1747an beirineria konpon zen, eta 1751n Juan Antonio Bega jaunak elizako gangak aztertu zituen. 50eko hamarkadaren amaieran eta 60ko hamarkadaren hasieran ez zen beste lanik egin. Hala ere, 1759a. urtean Ramon Villalonek Kristo Santuaren kapera margotu zuen. 1762an, Vera Cruz kaperako lana egin zen. 1763-64 bitartean, Juan Gesala lan maisuak Talako elizako dorre berria eraiki zuen, eta kapera berria ere ipini zuen; lan hau Diego Suano Kanpaigile Maisuaren ardura izan zen.
Lanok 1769a. urterako amaitu ziren, burdinazko aulkiteria eta presbiterioko burdina-hesia egin zirenean; lan horrek Francisco Txopiteak Errementari Maisuak egin zuen.
Hainbeste konponketa egin arren, 1770an egin zen ikuskakoetan gangak hondatuta zeuden. 1722an organoa desarmatu zen. Gauzak nola zeuden ikusita, Gabriel Kapalastegi arkitektoari Andre Mariaren eliza berregiteko txostena eskatu zitzaion eta 1773ko irailaren 15ean aurkeztu zuen. Hala eta guztiz ere, guztia ez zen izan besterik Talako elizaren errauspenaren eta Jasokundeko Andra Mari eliza berriaren eraikuntzan lehen urratsa baino. Horrela, 1776an, elizako gangak beheratu ostean eta egunean baino egunean narriatuago zegoela ikusita, kabildoak beste txosten bat eskatu zion Jose de San Juan de la Cruz Fraide adituari. Peritaje berri horretan eliza berrirako kokapen berriak proposatu ziren, azkenean udaletxetik gertu zegoen bainuetxeko orubean lekutzea onartu zen.
Talako eliza eraisteko lanak 1782an hasi ziren; apirilaren 23an elizako dorrea berritzen hasi ziren. Hiribilduak Joaquin Urioste eta Manuel Aurrekoetxea arduradun izendatu zituen. Lanok 1783ko uztailean amaitu ziren, 1784ko otsailaren 16an eliza itxi zen eta parrokiaren elizkizunak Santa Eufemia edo Santa Eupeme elizara eraman ziren.
San Pedroren Kapera
Talako elizan dagoen San Pedroren kaperak arreta berezia merezi du. Bermeoko San Pedro Arrantzale Kofradiako Kontu-Liburuen bidez badakigu XVII-XVIII gizaldi kofradiakideak kapera honetan batzen zirela eta Talako Andra Mari elizako sakristian, kutxa baten, gordetzen zituztela taldeko liburu eta diruak. Kontu-Liburuotan, kaperan egindako lanei buruzko erreferentziak topatzen ditugu. Horrela, 1615 urtean Arrantzaleen Kofradiako Maiordomo izandako Martin Eskoikizek egindako ondasun-inbentarioan, San Pedroren irudia edertzen zuten apaingarri eta osagaiak ikusi ditzakegu: zilarrezko mitra bere gurutzearekin eta metal beraz egindako giltzak, santu arrantzalearen ezaugarri diren piezak; kaperako aldarean zilarrezko nabetadun intsentsu-ontzia, kalize bat “(...) en parte dorado de plata con su patena (...)”, eta irudia janzteko zenbait oihal. Hurrengo urtean, San Pedroren erretaulako atea konpondu zen eta Domingo Getxok zilargileak giltza, koroa eta San Pedroren irudiaren gurutzea ondu zituen. Ordutik 30eko hamarkadara arte izan ziren auzi eta gatazka armatuek Kofradiaren diru-baliabideak urritu zituen eta ez dugu kaperako lanei buruzko erreferentzi gehiagorik izango 1632 arte. 1631n sakristia berriaren lanak hasi ziren, eta ondorioz Kofradia- Maiordomoen etxeetan batzen hasi ziren kontu-emateak burutzeko. Lan hauekin batera, Domingo Getxok San Pedroren zilarrezko gurutzea konpondu zuen eta lau lanpara ipini ziren kaperan. Konponketak, eraikuntza osoaren kaperaren narriadura egoeraren ideia ematen digute. 1643an, beste konponketa bati zegokion, 1646ko aldarearen lanpara berria jarriaz.
Azkenik, 1661ean erretaula zaharra eta aldarea ordezkatu ziren. Juan Martinez Bolialdeak erretaula berria moldatu zuen 1659a eta 1661 artean. Juan Perez Zabala hargin-maisuak egindako harlanduzko aldarean jarri zen erretaula.
Ondorengo berriek, XVIII. gizaldian jada, Santuaren apaingarrien bedeinkapenak eta konponketa txikiak aipatzen dituzte.
Urdaibaiko Galtzagorriak © 2017. Kontaktatu gurekin: galtzagorriak@urdaibai.org
Babesleak: Eusko Jaurlaritza, Gernika-Lumoko Udala eta Urdaibai Biosfera Erreserba.