Andra Maria Madaleneko eliza Mendatako Albiz auzoan dago.
Baserri inguruko eliza txikia da. 1412an sortu ei zen, baseliza modura. Gaur egungo eraikina, dorrea izan ezik, XVI. mendekoa da. Izan ere, 1767an Francisco Kareagak, bertako harginak, dorrea berriro eraiki zuen.
1798an berriztatze-lan garrantzitsuak egin zituzten tenplu barnean, hain zuzen, koruaren alderdian. Koruan aurrealde eta karel berriak egin zituzten. Gainera, Mendatako elizatik harrizko burdin langa flamigero bat ekarri zuten, gaur egungo bataiategiaren inguruan dagoena. Karel gotiko hori San Migelgo kaperak inguratzen duen antzeko da. Bere gainean egurrezko kalostra ipini zuten.
Geroago, 1819.ean, berriztatze garrantzitsu bat egin zuten gangetan. Gangen egurra konpondu eta zuritu zuten. Teilatuko teilak berritu zituzten eta zinkezko xaflekin sendotu zuten azpitik. Berritze horiek, guztira, 7.827 erreal balio zuten. Horietatik, 2.697 erreal kanposantuko hormei dagokie; hori kanponsatu hori tenpluaren jarraian egin zuten, gaur egun dagoen legez.
Azkenik, eraikiona oso egoera txarrean zegoenez, berriro ere berriztatu egin behar izan zuten.
Eraikin txikia da, nabe bakarrekoa eta angelu zuzeneko oinplanoa daukana. Estalki modura, egurrezko egitura, dauka, zurituta dago baina ez du ganga-itxurarik. Nabea zeharkatzen du alderik alde. Egitura indartzeko habe dago., teilatuaren ardatz luzean zehar. Horrezaz, gainera, hiru atal txiki daude, triangelu itxurakoak, horma bakoitzean ipinita sostengu modura.
Burdinazko burdin langa batek presbiterioa nabetik banatzen du. Presbiterioa goratuta dago eta bertara sartzeko harrizko harmaila hirukoitza dago.
Sakristiara sartzeko ateburua daukan atea txiki dago, presbiterioko aldean dagoena, erretaula nagusiaren ondoan. Angelu zuzeneko gune txikia da. Kanpoaldetik, ateburua daukan beste ate batetik ere sartu daiteke bertara. Bao txiki bi ditu, argia barnera sar dadin. Mendatako sakristiak legez, harrizko azpil polit dauka hormari erantsita. Nabe nagusiari erantsitako zati txikia da, elizpeko teilatuak estalita dagoena.
Tenplu txiki horretara argia polito sartzen da. Hiru leiho ditu eskumako horman. Ezkerrekoan ez dago leihorik. Baorik txikiena presbiterioaren parean dago, beste bat, txikiagoa dena, nabearen erdialdean dago, eta txikiena koruan. Hiru bao horiek kanpoaldetik leihoburua dute, baina barrualdetik presbiterioko arku eskartzanoa dago.
Azkenik, korua soila da. Egurrezkoa da. Eraikinaren oinetan dago. Habe handi batek dauka sostengu modura. Barrualdeko atalik nabarmenena da hori. Horren azpian, erdialdean eraikinak daukan sarrera bakarraren egurrezko kutxa dago. Horren eskumaldean bataiategi txikia dago. Ezkerraldean, elizatik sartzen goazela, "L" itxurako eskailera txikia dago. Lehen zatia harrizkoa dauka. Koruaren estalkia egurrezko oholtza da. Kalostra txiki bat badauka. Arku eskartzanoa duen ate batetik dorrera igo daiteke.
Kanpoaldean eraikin txikia da, elizpe perimetrala daukana. Ohikoa da hori baserri inguruetan, asko erabiltzen zuten-eta. Dorre-elizpe bat ere badu oinetan, gainean kanpai-horma daukana.
Nabearen estalkia hiru isurialdekoa da eta burualdean xaflan txikia dauka.
Elizpeak eraikuntza osoa inguratzen du eta egurrezko egitura du estalki modura. Nabearen harresietan dauka sostengua, harrizko zuburu txikien gainean. Beste alderditik buruan harrizko harlauza zabalak daude. Kanpoaldetik itxita dago, aurrealde nagusitik eta alboko hegaletik nabearen erdialderaino.
Sarrera nagusia dorrearen azpian dago, elizpeak estalita. Erdiko arku bat dauka baketoiz apainduta, erdi-puntuko hiru arkuz inguratuta dagoena. Horiek dobela handi-handiak dituzte ateburuetan eta harrizko ate-zangoetan ipinita. Harlanduzko gune bat osotzen dute. Horren gainean dorrea dago.
Dorre barrokoa Francisco Kareagak, bertako harginak, eraiki zuen 1767an. 1795ean konpondu behar izan zuten ostera ere, oinaztarri batek jo eta hondatu zuelako. Dorre-elizpea da. Hiru atal eta kanpai-horma ditu. Lehen atalak elizpea dauka, harrizko teilatu-hegal sendo batez estalita dagoena. Harlanduzkoa da eta bigarrenetik bereizita dago. Bigarren atalean bao bi daude alboetan, leihoburua dutenak. Azken atala harlanduzkoa da eta aurrekoetatik bananduta dago inposta-lerro batez. Leihoburua duen baoa dauka atzek aldean eta erlaitz polita du, molduraz atondutakoa. Horren gainean lau isurialdeko teilatua dago sostengatuta. Horrek kanpai-horma du aurrealdean. Kanpai-horma hori barrokoa da, harlanduzkoa da guztiz. Bao txiki bi ditu, erdi-puntuko arkuekin. Horien barnean kanpaiak daude. Akabera emateko, frontoi txikia du. Horrek erdian eta alboetan pinakulu txikerrak ditu.
Eraikin osoa harlanduzkoa da, izkinak, baoak, sarrerak, kanpai-horma eta dorrearen lehen atala kenduta.
Apaindurari dagokionez, erretaula errenazentista ederra dago erdialdean. Txikia izarraren bertikaltasuna nabarmentzen du.
Erretaula txikia da, hiru atal eta hiru kale dituena. Lehen atalak erdiko kalean arku eliptiko dauka. Horrek ganga-itxurako gunea eratzen du eta barruan Kristo Gurutziltzatua dago. Alboetako kaleek ateburua dute, eta ez daude zutabeetan ez pilastreen artean sartuta, baina plataformetan bermatuta daude. Plataforma horiek katea geometrikoen apaindurak dituzte. Baxuerliebeak daukate, Jaungoikoaren Pasioa irudikatzen dutenak. Eskumakoan, atxiloketa, eta ezkerraldean oliomendin egindako errezoa agertzen dira.
Bigarren atala joniar ordenakoa da. Alboetako kaleak zutabe joniarren artean daude. Zutabe horiek fuste ildaskatua dute eta ateburu bati eusten diote. Barrualdean erdi-puntuko arku bihurtzen da. Bertan Maria Magdalakoaren eskultura dago, lurrinen kopa dauka eskuan. Alboetako kaleetan, erliebeak daude eta horietan Magdalakoaren bizitza irudikatuta dago. Ezkerrean, Maisuaren oinak lurrinez zituenekoa; eskumakoan, Mariak zeruetara igo zuenekoa. Azken atalean, alboetako kaleetan, ateburua duen gunea dago eta barruan konkor biribileko aingeru batzuk. Horien gainean erlaitza dago, triglifoz apainduta. Ateburu azpiko gune horietan, aingeruen inguruan, erdi-puntuko arkuak daude, mentsulen bidez sostengatutakoak. Erlaitzari akabera emateko, pitxar txikiak daude izkinetan, edergarri gisa ipinita. Erdiko kalean, zutabe joniarrei eusten dieten pilastren artean, eskultura-multzoa dago; Kristo Gurutziltzatua, Birjina eta San Joan alboetan. Kale hori buru emateko frontoi klasikoa dago. Eguzki bat dauka erremate gisa. Alboko kaleak hegatsen bidez lotuta daude.
Erliebeen ezaugarriei dagokienez, ileetan eta bizar kizkurretan egindako lana nabarmendu behar dugu. Gorputzak sendoak dira oso, berbarako, Maria igotzen duten aingeruenak. Aurpegiek ez dute adierazkortasunik. Oihal jausietan lana polita egin da. Kolore askoz margotuta daude baita urreztatu ere, batez ere kapak eta aingeruen hegalak. Horregatik guztiagatik, Errenazimenduko sasoi erromanistan sartu behar dugu. Hala eta guztiz ere, oraindino ez du guztiz galdu sasoi marienistan hain ohikoa zen mugimendua. Erretaulan gailentzen den eskultura, Magdalakoarena da. Konkor biribilekoa da, mugimendurik bakoa, oihal likatsuek gorputz osoa betetzen dute. Erretaularen goialdean dagoen multzoan mugimendu handia sumatzen da. Itxura denez, 1660an Catalina Albizek testamenduan dohaintzan eman zuena da. Bertan dioenez, Albizko elizari erretaula bat eman zion. Kristo Gurutziltzatua agertzen zen bertan eta, alboetan, San Joan eta Maria zituen. Zioenez, orduan urreztatzen ziharduen, aldare nagusian ipintzeko gero.
Oro har, apaindura Mendatako San Migel elizakoaren modukoa da. Frisoetan aingeruen konkorrak eta katea geometrikoak daude.
Erretaula nagusiaren alde bietan, erretaula txiki bi daude, atal bakarrekoak. Zutabe toskanarrek eusten dute eta horien gainean ateburu mugitua dago. Frontoi txiki batek akabera ematen dio. Erretaulak basamenduaren gainean daude. Kate geometrikoak dituzte apaingarri. Barnean Birjinaren eta San Joseren gaur egungo eskulturak daude, interesik bakoak.
Azkenik, egurrezko pulpitu txikia dago. Eskailera apala dauka, egurrezkoa ere. Elizako Kontu-Liburuaren arabera, 1750ean egin zuten.
Urdaibaiko Galtzagorriak © 2017. Kontaktatu gurekin: galtzagorriak@urdaibai.org
Babesleak: Eusko Jaurlaritza, Gernika-Lumoko Udala eta Urdaibai Biosfera Erreserba.