Urdaibai Biosfera Erreserba » Arkitektura » Arkitektura Erlijiosoa » Elizak, baselizak, komentuak eta klaustroak

Foruko Aita Frantziskotarren Komentua Elexalde auzoan kokatuta dago.

Kalagorriko gotzaina zen Diego Lopez Zuñiga Jaunak sortu zuen komentu hori 1422an, Bermeoko Hiribilduak Izaro irla dohaintzan eman ondoren. Uhartean zegoen komentuak arrisku handiak jasaten zituen, itsasoaren eraginez eraikinak erakusten zuen egoera txarra kontuan hartu gabe:

“(...) el año de mil quinientos y noventa y seis a primero de Sepre. siendo presidente de dho. Conbento de Yzaro el Pe. Fray Juan de Zabala llegaron catorce Navíos de erexes de la Rochela sobre Bermeo y saltando algunos soldados de ellos en dha. Isla de Yzaro quemaron el Conbento, dormitario, ordenación, Refitorio Cocina y Bodega (...)”.

Foruko Aita Frantziskotarren Komentua
Foruko Aita Frantziskotarren Komentua.

Horrela, 1714an, Francisca González Palacio eta Ángela Estalaio ama-alabak, biak Foruko bizilagunak, dohaintzan eman zieten “en quanto al dominio y propiedad” Goiko Bolialdea Etxea eta bi sail Izaroko Komentuko erlijiosoak bertara leku aldatzeko eta eliza eta komentua eraiki eta sor zezaten. Leku aldaketa 1719an egingo da. Frantziskotarrek Forun izan zuten lehen egoitza bota egin zen 1848. urtera aldera, Desamortizazioaren garaian saldu ostean. Komentuak zituen ondasunen tasazioa, besteak beste Komentuko eraikina, urte honetako da:

“Este edifico se compone de piso bajo y dos altos de habitación con su correspondiente iglesia. Cuya construcción tanto por su exterior como por su interior es de piedra sillería y mampostería, hallándose enlosado la mayor parte del pavimento del piso bajo; los machones y arcos que forman el cuadro del patio son de fábrica de ladrillo, así como también las divisiones interiores que en el día existen en los pisos los que se hallan entablados. La superficie que ocupa el todo de este edifico con inclusión de la huerta y arbolar que la circundan es de tres mil cuatrocientos cuarenta y cinco estados, cuarenta y nueve pies cuadrados (...)”.

1889an Frantziskotarrak Forura itzuliko dira, Dolores Calabria Galicia Andereak gaur egungo komentua eraikitzeko orubea dohaintzan eman eta gero. Komentua komentu-egoitzaz, elizaz eta frontoi estaliaz osaturiko taldea da. Egoitzak oin-plano errektangeluarra du. Bi solairuz osaturik dago. Hiru gorputzetan bananduta dago. Omenaldiaren gorputza ardatz hirukoitzean apur bat aurreratu egin da. Albokoak sei bao-ardatzetan, oso simetria perfektuan, antolatuta daude: eraikinaren horizontabilitatea eta sendotasuna fatxada osoan zehar hedatuta dauden moldurekin azpimarratu da. Horrela, barnealdearen banaketa kanpotik ikus daiteke.

Egoitzaren perpendikularrean eliza altxatzen da. Nabe bakarrekoa da eta sarreran, apur bat aurreratuta, arkupea du. Arkupea, bi zutaberen gainean oinarritutako frontoia du. Bere gainean hastiala dago. Hastialaren hegaletan pinakuluetan bukaturiko horma-bularrak daude. Erdian, bao termal handia zabalduta dago.

Burualdean kanpai-itxurako estalkia duen dorre paralelepipedikoa altxatzen da. Kanpai-dorrean puntu-erdiko lau bao zabaldu dira; pilastrekin apainduta daude. Gainean, okolu txikietan bukatutako frontoi kurbilineoak daude. Dorrearen hiru gorputzen trantsizioa moldura lodiekin adierazita dago.

Horrela bada, erabilitako elementu arkitektonikoak heterogeneoak dira: klasikoak -egurrean egindako arkitektura gogoratzen dutenak (kanpai-itxurako estalkia dorrean)-, dorrearen apainketan “barrokismo” ukitua...; beraz, ikusitakoan oinarrituta, XIX. mendearen amaierako korronte artistikoen artean sar daiteke: estilo klasiko-gotikoen berrindartzea edo Errenazimentuko jauregi frantziarrak birsortzeko ahalegina.

Altzariak

Agirietan komentuaren ondasunen inbentario ugari aurki daitezke; besteak beste, Lumoko parrokoa zen Bartolome Artetak luzatutako baimen-eskaera bat Komentuko gauzak batzuk Lumoko San Pedro Parrokiara eramateko, horien artean ondokoak:

“(...) un tabernáculo, altar, Púlpito, Cajones de Sacristía, enrejados del Presbiterio, dos campanitas, un pequeño organillo enteramente derrotado(...)”.

Ez zegoen altzari ugari eta egurrean margotutako hamahiru margo-lan zeuden, aipagarriena eskola flamenkoan koka daitekeen Quentin Metsys-ek margotutako Birjina Haurrarekin deiturikoa. Pintura hori Forutik Bilboko San Mames komentura eraman zuten. 1834an desagertu zen komentua eta margo-lana Bilboko Miserikordiako Etxe Santu eta Errealean agertu zen, Plasenciak eraberritu zuelarik seguruenik. Ez dakigu non dagoen gaur egun. Gaur egun gordetzen diren altzarien artean San Frantziskoren taila bat azpimarratu behar da.

Urdaibaiko Galtzagorriak © 2017. Kontaktatu gurekin: galtzagorriak@urdaibai.org

Babesleak: Eusko Jaurlaritza, Gernika-Lumoko Udala eta Urdaibai Biosfera Erreserba.