San Migel Goiaingeruaren baseliza Muxikako Gorozika auzoan kokatuta dago, Urrialdua baserri-etxetik oso gertu. Urrialdugoiko baserri-etxetik oso gertu Sanmikelalde toponimoa dago.
Ibarruriko Astuaburuko lepoan, Oiz mendiaren oinetan, aurkitutako zenbait taila-hondar izan ezik, XI. mendera arte itxaron beharko da lehendabiziko arkeologia-aztarna adierazgarria topatzeko, Urrialduko San Migel baselizak zuen huts-gunea alegia. XVIII. mendean baseliza hau desagertu zenean bere hondarrak Urrieldu Erdikoa baserri-etxea (Gorozika) eraikitzeko erabili ziren. Eraikin honetan, sarbidez abal gotikoa eta tradizio mozarabearen eredu baten arabera hareharrian landutako leiho prerromanikoa (gaur egun Bizkaiko Museo Arkeologikoan gordeta dago) kontserbatu dira. Zutabe txiki batek banandutako eta bi okoluz errematatutako bi hutsune bertikal ditu. Desagertutako baseliza honen inguruan Erdi Aroko nekropoli baten aztarnak aurki daitezkeela pentsa liteke, duela urte batzuk hilarria aurkitu baitzen.
1.753 urteko bisitaldi-autoan aipaturik dago baseliza hau, eta jasota dago bertan agindu zela egoki eta garbi zaindu behar zela, ateak eta zerrailak indarkeriaz ez zitezela ireki eta, batez ere, barrura itxurazko gauzak eta apaintzeko edo zerbitzuetarako ez zirenak ez zitezela sartu, eskumiku zigorpean. Beratako liburua eta legezko ondasun zerrenda egin zedila ere agindu zuen.
1.760 urtean, udalaren ordezkariek eta Etxanoko auzotar jabeek Kalagorriko Gotzaitegiko prebisoreari idatzi bat bidali zioten, Santiago, San Migel eta San Joan baselizak erauzteko baimena eman dezaten, eta santuen irudiak Bizkargiko Gurutze Santuaren baselizara eraman ditzatela eskatuz, era berean eskatzen zutela baselizen ondasun eta mendiak Gurutze Santuaren baselizari eman ziezaioten.
1.769 urteko urriko 19an Kalagorriko Gotzaitegiko prebisore eta bikario orokorrak egin zuen bisitaldian jasotako autoan zera adierazten da, Etxanoko eliza-aurrearen zerga-zainak eta auzotarrek aurkeztutako idatzia eta bikarioaren txostena irakurririk "dio su Mrd. licencia en foma a los dichos fieles y vecinos de Echano para que con la solemnidad y circunspección que se requiere y con intervención de persona Eclesiastica puedan trasladar las efigies que ai en las tres hermitas de Santiago, San Miguel y San Juan relacionadas en dicho Memorial, conduciéndolas a la Hermita de Santa Cruz de Vizcargui, para que se invierta todo en su utilidad y provecho y de que se llevara quenta formal para darla en la visita y demolidas que sean las tres hermitas de Santiago, San Miguel y San Juan se pondra una cruz en cada uno de sus sitios en señal de haver havido alli lugar sagrado".
Aipaturiko autoan ondoren hauxe irakur daiteke: "Que se ponga en ejecuzion la licencia. En cuia vista por todos los concurrentes se resolvio que luego y sin dilación se ponga en ejecuzion quanto se contiene en dicha licencia con lo que se disolvió este Aiuntamiento de que doy fe":
Urdaibaiko Galtzagorriak © 2017. Kontaktatu gurekin: galtzagorriak@urdaibai.org
Babesleak: Eusko Jaurlaritza, Gernika-Lumoko Udala eta Urdaibai Biosfera Erreserba.