Urdaibai Biosfera Erreserba » Arkitektura » Arkitektura Erlijiosoa » Elizak, baselizak, komentuak eta klaustroak

Bermeoko Jasokundeko Andra Maria eliza Bizkaiko eta Euskal Herriko arkitektura neoklasikoaren barruko funtsezko lana da. Udaletxe eraikin barroko nabarmenaren aurrean kokatuta dagoen eraikin hau arrantza-hiribilduko enparantzaren alde nagusietakoa da.

Tenplua Euskal Herriko neoklasizismoko esanguratsuenetakoa da, bere antolaera bereziagatik baino gehiago –Bilboko San Nikolas elizan aurreko barroko hurbilak ditu- beraren elementuek erabiltzen duten lengoaia hotzagatik. Bereziki hotza da fatxada, birjina titularraren izenik ez apaingarririk ez baitu.

Andre Mari eliza
Andre Mari eliza.

Ataria Mutrikuko parroki elizarenarekin edo Atxuriko aitzinako ospitalearenarekin erkatu ahal den tenplu klasikoen imitazio da, Iruñeko katedralak eta beste lan garaikide batzuek dituzten proportzio egokiak iristen ez ditu baina.

Tenplu honen eraikitze-historia luzea eta katramilatsua da. Kolon Larreategi korrejidoreak 1783an txostenean proposatu zuen Talaiako Andre Maria eliza zaharra ordeztea. Eraikitzeko proiektu asko aurkeztu arren, egungo eraikinaren obrak ez ziren 1823ra arte hasi. Obrotan Silvestre Perez arkitektoaren trazei jarraitu zitzaien.

Gerra karlistak eta beste gorabehera batzuk zirela eta, tenplua ez zen 1858ra arte bukatu. Kanpandorrea 1898an jarri zen: Azebalek eraiki zuen.

Eraikina

Bermeoko Andre Maria eraikin handi-handia da, lengoaia akademiko, gogor eta glazialarekin eraikita.

Laukizuzen zabal honen erdian oktogonoa dago eta berari atxikirik daude mailakatutako lau bolumen kubiko. Latindarra den gurutze-planta osatzen dute. Ardatz nagusian gurutzearen besoak honakook dira: burua, presbiterioa zirkuluerdian bukaturik duela, eta korua sartzen den nabe sakon nagusia. Alboko besoak motzagoak dira eta gurutzaldia zehazten dute.

Tenpluaren barrualdea
Tenpluaren barrualdea.

Tenpluaren egitura lau pilare sendotan oinarrituta dago. Erretauletarako exedrak daude. Pilare horiek petxinen gaineko zortzi kaskoko kupulari eusten diote. Gainerako lekuak kanoi-gangaz estalita daude, absidea eta koruaren aldeei atxikitako kapera biak izan ezik: absidea labe-ganga batez estalita dago eta kapera biok ertz-gangak erabiltzen dituzte.

Kanpotik multzoen hierarkizazio hori ez da argi ikusten, fatxadak hura partzialki ezkutatzen duelako eta kupula trasdosatzen delako prisma ortogonaletan.

Argia gurutze-multzoaren besoetan eta koruaren gainean zeiharka irekitako hiru bao termal handitan zehar sartzen da barrura.

Fatxada nagusia alboko bi dorrek eta erdiko atariak osatuta dago. Harlanduan apainduta dago. Haren konbinazio kromatikoak (hareharri xigortua eta kareharri-grisa) bitxi samarrak dira. Atari hori apaindu gabeko tinpanoa duen frontoi triangeluar eta taulamendu lauari eusten dioten erromatar doriar ordenako pilastra eta zutabez egituratuta dago. Bertatik barrualdera sartzen da arkitrabeztaturiko sarbide neurritsuan zehar. Dorreak mota askotako baoetatik enparantzara ateratzen dira eta beraietariko bat ezkilategi ortogonalaz estaltzen da

Altzariak

Altzariei dagokionez, nabearen zokoetako erretaulak nabarmentzen dira. Bertako mazoneria Pedro Belaunzaran arkitektoaren (1869) eskuetatik atera zen; eta irudia, Jose Alkoberro eskultorearen (1871) eskuetatik

Interesgarria da erretaula nagusiko Jasokunde ere, taila erromanista bikaina dena, nonbait Talaiako eliza zaharretik berriz aprobetxatua. Lan hori Martin Basaberena da. Petxinetan Ebanjelarien freskoko pinturak eta tribunetan Kalbarioaren eta Afariaren freskoak daude. Hori guztia Pablo Uranga pintorearengan dokumentaturik dago.

Aldare nagusia
Aldare nagusia.

Urdaibaiko Galtzagorriak © 2017. Kontaktatu gurekin: galtzagorriak@urdaibai.org

Babesleak: Eusko Jaurlaritza, Gernika-Lumoko Udala eta Urdaibai Biosfera Erreserba.