Urdaibai Biosfera Erreserba » Arkitektura » Arkitektura Erlijiosoa » Elizak, baselizak, komentuak eta klaustroak

Jaunaren Igokundea eliza Ajangizko Mendieta auzoan dago. Orain parrokia dagoen tokian lehen izen bereko baseliza zegoen. Andoaingo Juan Bautista Belaunzaran (1769-1849) arkitektoak diseinatu zuen.

Eraikin handia egitea pentsatu zuen eta hori ez zetorren bat udalerrian zegoen eliztar kopuru txikiarekin. Atariaren aurrean plaza handia diseinatu zuen, elizara sartzeko eskailera batzuekin baina ez zen inoiz egin. Gainera, elizarekin batera Belaunzaranek abade-etxe bi egitea pentsatu zuen.

Edonola ere, arkitektoak ez zuen bere obra amaituta ikusi eta bere seme Hermengildok jarraitu zuen. Ganga eta atariak Pedro Belaunzaranek egin zituen 1851n eta 1860an, hurrenez hurren. Amaitzeko, kanpandorrea XIX. gizaldiaren azken hamarkadan egin zen.

Abate Padua
Ajangizko Jaunaren Igokundea eliza.

Ia ehun urte behar izan ziren eliza eraikitzeko eta diseinua egin zuen arkitektoak ez zuen amaituta ikusi.

Eraikina

Eraikina Otxandategik diseinatu zuen Mañeruko eliza edo Mirandak egin zuen Narbarnizko eta Aramaioko elizen antzekoa da: zilindrikoa, lau kanoi perpendikular, inguruko errektangulua eta masen kanpoko taiuketa kubo oktogonal zentralarekin. Baina ezberdintasunak ditu lehen aipaturiko elizekin dorrearen kokapenean. Mutrikuko elizan gertatzen den legez dorrea burualdearen atzean dago, aurreko fatxada muga barik egin ahal izateko. Fatxada hori mentsuletan oinarrituta dagoen frontoi triangelatuarekin osatzen da eta ireki egiten da erdiko leiho handi itsutuari lekua egiteko. Pentsatuta zegoen plazatik ederto baten ikusiko zen fatxadaren edertasuna, elizak Antzinate, Errenazimendu eta Neoklasizismoko ezaugarriak biltzen ditu eta (estiloari dagokionez neoklasizismoan kokatu genezake).

Abate Padua
Tenpluaren barrualdea.

Elizaren oina basilika erakoa da, gurutzeria oso nabarmenduta dago oinean, gurutzaduran irekitzen den kupulari esker. Dorrea albo batera dago eta azpian hainbat atal ditu. Hor atari ia perimetrala hasten da sakristiako bolumenen besteko altuerarekin: sartzeko mailak eta erdi puntuko arkupe hirukoitza ditu. Sarrera nagusian ur bedeinkatu ontzi bi ditu eta eskartzanoan doa. “Laranja erdi” erako baoak ditu eta horma guztietan daude.

Parrokiaren gaineko informazio dokumentala Fabrika-Liburuen bitartez aztertu liteke. Liburuotan eraikitze-prozesua azaltzen da. Hamarrenen erdia eliza altxatzeko erabili zela dakarte. 1828rako zimenduak eginda zeuden, baina gero lana gelditu egin zen 1847ra arte. Urte horretan Kalagorriko Gotzainak bisita egin zuen eta horrek eman zuen obrak amaitzeko agindua.

Abate Padua
Erretaula nagusia.

Obrak parrokiaren Kontu Liburuetan ere agertzen dira eta inbertitu zen dirua aipatzen da (ez da oso argi zehazten gastuak zenbatekoak izan ziren). Edozelan ere, XIX. gizaldiaren hirurogeiko hamarkadako lehenengo urteetan elizaren arkupea eraikitzeko eta Burgoseko Juan Arraizi erositako zilarrezko kaliz bi ordaintzeko diru-kopuruak apuntatu ziren. Hamarkada horren amaieran Kapalategiri erretaula egitea ordaindu zitzaion eta geroago, Pablo Bilbaori kanposantuan eta elizaren arkupean egindako beharrak ordaindu zitzaizkion.

2011n teilatuaren zati bat berriztatu zitzaion.

Urdaibaiko Galtzagorriak © 2017. Kontaktatu gurekin: galtzagorriak@urdaibai.org

Babesleak: Eusko Jaurlaritza, Gernika-Lumoko Udala eta Urdaibai Biosfera Erreserba.