Urdaibai Biosfera Erreserba » Arkitektura » Arkitektura Erlijiosoa » Elizak, baselizak, komentuak eta klaustroak

Ez dakigu ia ezer Gerrikaitz hiriko parrokiaren bilakaeraren gainean. Daukagun lehenengo berriak 1402an eraiki zela diosku, horrela ikus dezakegu erroldatutako nekazarien atxikitze-idazkian. Bertan ageri denez, harategiaren, eta azokaren akurarekin irabazitakoa hiriko eliza egiteko erabili zen.

1628ko suteak, seguruenez, eragina izan zuen elizan. Behintzat, 1731ko sutean horrela gertatu zen, zati bat erre zelako eta eliza, dorrea eta kanposantua berritu egin behar izan zituztelako. Gero, 1737an horma berria egin zuen horma zaharraren hondakinen aurrean, elizaren zoruan Oitzetik ekarritako harlauzak ipini zituzten, eta barrualdea zuritu zuten.

1846 arte ez zen oinplano berririk egin. Hasieran, dorrea baino ez zuten berriro eraiki gura, dorrea jausteko zorian zegoelako eta, arkitektoaren ustez, egurrezko lau zutoinen gainean ipinitako usategia baino ez zelako. Baina, eraikin osoa oso zahartuta zegoenez, azkenean, goitik behera berritzea erabaki zuten.

Gerrikaitzgo Andra Mari eliza
Gerrikaitzgo Andra Mari eliza. Eliza honek
hiribilduaren besteko zoritxar jasan ditu. 1847an
berreraiki zen. Kanpandorrea da atalik
interesgarriena. Amaierako baoak ez dira oso
eraginkorrak.

Hermenegildo Belaunzaran (1847-48) arkitektoak egin zuen berreraiketa-lana, estilo neoklasikoan. Arkitekto horrek, elizaren gaineko txosten baten, eliza zaharra nola zegoen diosku. Paralelogramo angelu zuzena zen, 66 oineko luzera zuena. Aurrealde nagusia hego-mendebaldera begira zegoen. Elizpeak harlauzak zituen eta teilapez estalita zegoen. Ezkerretara dorrea zegoen. Aldare nagusia aurrealde horretan zegoen eta horren pareko horman koru garaia zegoen, egurrezkoa eta oso eskasa. Eraikina oso txarto zegoenez, dena botatzea erabaki zuten, ipar-ekialdeko horma izan ezik. Horma hori kalearekin lerroa osotzen zuen.

Berriro eraikitzeko honako baldintza hauek ezarri zituzten, besteak beste: eraikinaren kanpoko eta barneko izkinetan, presbiterioko erdi-puntuko arku handian eta arkuaren hasieran dauden erlaitzetan harlandua erabiltzea, trintxete lauarekin landutakoa. Kanpandorrea, aurrealde nagusiko eta alboetako leiho erdizirkularrak, teilatuko erlaitza, ateen eta leihoen markoak, lauzak eta beste atal batzuk harlanduzkoak izango dira.

Teilatuaren zurajea estalpe barik egitea, eta tiranteen buruak alboetako hormetan ipintzea, ondurako egurrezko almohadoien gainean.

Koruaren oholtza haritz edo gaztainondoaren egurrez egitea eta tirante batean ezartzea. Horren gainean, egurrezko karel bat ipintzea, balaustra-ebakiarekin.

Bataiarriaren aurrean, egurrezko kalostra bat egitea, egurrezko ate, pulpitu, eskailera eta guardabozarekin.

Elizpea zutoinen gainean ipintzea, eta zutoinak lauzak dituzten petril batean bermatzea.

Berreraikitze-lan hori egin ostean, gaur egun dugun eraikina sortu zen. Estilo neoklasikoko tenplua da, nabe bakarrekoa. Angeluzuzeneko oinplanoa du, akaberan lau angeluko abside zabala daukana.

Kanpoaldetik ikusita, eraikin handia, kubiko eta luzea dena sumatuko dugu. Soila da eta ez du apaindura askorik; kanpandorrea da joera horretatik ez doan atal bakarra. Estalki moduan, lau isurialdeko teilatua dauka. Teilatuaren aldeetako bat lau angeluko abside handian amaitzen da. Horren eskuinaldean dorrea dago, burualdea. Dorreak atal bi ditu. Lehenean absidearen hormari apur bat gailentzen zaio, eta teilatu nagusiraino luzatzen da. Bigarren atala kanpandorrea da. Harlanduzkoa da goitik behera. Oktagono itxura dauka eta lau beso txiki ditu, erdi-puntuko arkuan. Euren giltzarrian kanporantz irteten du. Baoak oktogonoaren alderdirik zabalenean daude. Erlaitza harrizkoa da eta kanporantz irteten du. Estalkia kupula oktagonala da.

Sarrera nagusia
Sarrera nagusia.

Sakristia oso txikia da eta dorrearen albo bati atxikituta dago. Bere teilatua elizpeko teilatuari lotuta dago. Eskumako alboko horma eta sarrera nagusia estaltzen du. Estalkia egurrezko egitura da eta egurrezko zutoinen gainean ipinita dago. Zutoinak petril baten gainean bermatuta daude. Petril horiek, 3,5 oineko garaiera eta 2 oineko zabalera daukan harlauzak ditu.

Arestian esandako moduan, harlandua erabili zen izkinetan, baoen eta ateen markoetan, eta batez ere, kanpandorrearen eta eraikin osoa inguratzen duen erlaitzean. Gainerako ataletan harri-horma erabili zuten.

Barrualdea nabe angelu zuzen bakarrekoa da. Amaieran, presbiterioa dago, nabea baino apur bat gorago kokatuta. San Bizenten legez, presbiteriora sartzeko erdi-puntuko arku zabal batetik igaro behar da. Arku horrek ganga-itxurako gunea sortzen du eta bertako aldarea eta erretaula nagusia daude. Ganga-forma daukan gune bakarra dugu hori, izan ere nabearen gainerako tokietan eta koruan, sabaia laua da. Lau arku karpanelek zeharkatzen dute alderdik alde.

Arku horiek inposta-lerrotik abiatzen dira. Lerro horiek nabe guztia inguratzen dute lurretik tertzio biko garaieran. Arkuak molduretaraino doaz zuzenean. Moldura horiek angelu zuzena daukate, igeltsuzkoak dira eta triglifoz atonduta daude.

Korua eraikinaren oinetan dago, sarrera nagusiaren gainean. Korua apala da, egurrezkoa. Sabai laua dauka, zutabe batean kokatuta dago, eta hori zutabe hori harrizko oin batzuk eusten dute, oktogono itxuran zizelkatuta daudenak. Oin hauek atal biko harroin oktogonal handien gainean daude. Oin bi horien artean sarrera nagusia dago, horma biren tartean sartuta. Korura heltzeko "L" itxurako eskailera dago. Egurrezkoa da, lehen bi harmailak kenduta, horiek harrizkoak dira-eta. Eskubanda dauka, balaustra-ebakiekin.

Argiari eta aireztapenari dagokionez, erdi-puntuko sei bao daude, hiru horma bakoitzean, nabe nagusiaren arkuen artean ipinita daudenak. Horrezaz gainera, beste bao txiki bi daude. Lehena bao eskartzanoa da eta koruan dago, sarrera nagusiaren gainean. Bigarrena, handia da eta leihoburua dauka; korura igotzeko eskaileraren bestaldean dago. Horrezaz gainera, tenpluak hiru ate ditu barrura sartzeko. Ate nagusia, arku eskartzanoa daukana, eta bigarren mailako beste ate bat eskumako horman daude. Azkenik, ateburua daukan sarrera txikia dago, dorrearen sarbidea dena.

Apaindurari dagokionez, hiru erretaula txiki dauzka. Erretaula nagusia erretaula neoklasiko txikia da, ordena konposatutakoa. Atal bakarra eta erremata dauzka. Zutabe handi bi daude, marmolaren antzekoa den margoz pintatuta, fuste biribilekoak eta kapitel konposatua dutenak. Erlaitzari eusten diote. Erlaitzaren gainean erremate klasiko bat dago. Bere azken zatia triglifoen eta modiloi txikien ilara bateraino doa.

Erretaula nagusia hondoan eta hegaletako erretaula soil bi
Erretaula nagusia hondoan eta hegaletako erretaula
soil bi.

Zutabe handi bi horien barnean gune laua dago, marmola imitatzen duen margoz apainduta dagoena. Horren erdian, erdi-puntuko arku batek, urrearekin azpilduta dagoenak Jaiotzaren irudia dauka. Hori irudi hori XVIII. mendekoa da. Urrezko koroa eta zilarrezko izpiak daude. Begirada galdua du eta eskuetan egindako lana zakarra da. Tailu barroko horretan, oihalak leunduta daude mauketan, baina kapa ihartuta dago.

Tailu horren azpian Kristo gurutziltzatua dago, zutabe joniar biren erdian. Zutabe horiek Jaiotzari eusten dieten ateburuaren bermea dira. Baliteke Kristo hori Jesus gurutziltzatuaren 1562. urteko otoiztegi zaharrekoa izatea. Ibarraren iritziz, oso gustu txarrez berriztatu zuten. Erretaularen alde bietan, irudi bi daude oinazpikoaren gainean ipinita, bata San Antoniorena eta, bestea, Asisko San Frantziskorena.

Barnealdea
Barnealdea.

Horrezaz gainera, erretaula txiki bi ditu alboetan, joniar ordenakoak. Pilastra biren inguruan antolatuta daude. Pilastrek kapitel joniarra dute eta euren kiribildurak elkartuta daude girlanden bidez. Erdian erdi-puntuko arkua dute, urrez azpilduta dagoena, eta atzealdea marmol antzera margotuta daudenak. Erretaula batean San Joseren eta Haurraren irudiak daude; oso tailu zakarra da. Ezkerraldekoan, Birjina Haurrarekin agertzen da; oso tailu leuna da hori, begietan naturaltasuna sumatzen zaie, kaparen izurrak leunduta daude, kolore askokoak dira eta urrezko listelak dituzte.

Sakristia txikiak ematen du dorrea elizarekin lotzeko korridorea dela. Bertan hainbat irudi daude. Batean Errosarioko Ama Birjina agertzen da Haurrarekin. Hori irudi hori gauzarik nabarmenetakoa da. XVII. mendekoa da. Biek aurpegiera hieratikoa dute. Haurra Birjina ezkerreko belaunaren gainean dago. Izur gogor eta hautsietan lan polita egin da. Anden gainean dago ipinita, prozesioetan ateratzeko, eta nahiko egoera kaskarrean dago.

Urdaibaiko Galtzagorriak © 2017. Kontaktatu gurekin: galtzagorriak@urdaibai.org

Babesleak: Eusko Jaurlaritza, Gernika-Lumoko Udala eta Urdaibai Biosfera Erreserba.