Jesus Gurutziltzatuaren baseliza, Guruztokiaren Baseliza moduan ere ezaguna dena, Busturiako Axpe auzoan kokatuta dago, eliza parrokialatik 50 m-ra hain zuzen ere. Ermitatik gertu antzinako galtzada dago.
Itxura denez, hauxe da ermitarik zaharrena udalerri honetan, Pareziko Andra Mari ermitaren ostean. Bizkaian egin ziren Guruztoki izeneko ermiten artean, ermita hau lehenengoa izango da, XVI. mendekoa. Horrelako ermitak herriaren sarreran, antzinako galtzaden ondoan eta elizetatik gertu altxatu zituzten. Esan izan da ermita 1496koa dela, sarrerako habe batek idazpuru hau zuelako: “1497-1499. KURTZIJJO”. Hala eta guztiz ere, ezin dugu datu hori egiaztatu, gaur egun idazpuruaren arrastorik, ez osterantzeko agiririk, ez dagoelako.
Ermitaren oina angeluzuzena da (6,25 x 5,75 m). Absidea harlanduzkoa da, eta horren ostean harlandua du. Estalkia egiteko teilak eta egurra erabili zituzten; hiru maldakoa da. Sarrerak harrizko zutabe bi dauzka albo bakoitzean, eta horien gainean apaindutako kapitelak eta burdina-hesia. Behegaina, osterantzekoen bezalakoa da: harri zabalekin eginda dago. Arkupea ermitaren luzera du ia. Oinean dago, hareharrizko sei zutaberen gainean.
Ermitak duen irudi bakarra Kristo Santuarena da. Egurrezko taila da, polikromatua; balio artistiko handikoa da.
1793ko bisita-autoaren arabera, Kurtzio ermita ondo zainduta zegoen:
“Asi bien visitó la Hermita titulada de la Santa Cruz que se halló decente, y quando se celebra en ella el Santo Sacrificio de la misa, la provee de ornamentos la Parroquia”.
Gaur egun ondo kontserbatuta dago. 1980an eraberritu zen auzo-lagunen laguntzaz.
Urdaibaiko Galtzagorriak © 2017. Kontaktatu gurekin: galtzagorriak@urdaibai.org
Babesleak: Eusko Jaurlaritza, Gernika-Lumoko Udala eta Urdaibai Biosfera Erreserba.