Urdaibai Biosfera Erreserba » Arkitektura » Arkitektura Industriala » Errotak » Ur-olak edo burdinolak

Urak eragindako instalazio guztiek ez zuten irinik egiten. Bazeuden lan metalurgikoetan aritzen zirenak, ur-olak edo burdinolak hain zuzen ere.

Burdinolen aipamen argi antzinakoenak 1357koak dira, hain zuzen ere Bermeoko Hiribilduko Frantziskotarren Komentuaren Fundazioaren Gutunean agertzen direnak. Alde batetik, “... la puerta de la Villa, que llaman de los ferreros” aipatzen zaigu, burdinaren eta landutako produktuen komertzializazioan eta esportazioan Hiribilduaren parte hartzearen froga eta, bestaldetik, dokumentu honetan ere aipatzen denez ibaitik gertu, hiribilduaren harresietatik at, “ferrerías” burdinolak daude. Geroago, Hiribildura heldutako burdinak, altzairuak eta landutako produktuak (aingurak...) Probestuari ordaindu beharreko eskubidearen inguruan bakarrik aurkituko ditugu aipamenak. Horrela, 1445eko dokumentuan, Juan Perez Ybeieta, Martin Yañes Bermeoko lagunaren semearen aldeko Bizkaitar Gutunean bere “albalá del fierro y el azero” eta zehazki, “las renterías d’esas villas de Bermeo y Bilbao” gainean dituenak aipatzen dizkigu, beste era batera esanda, komertzializazio- eta esportazio-aktibitateen iraupenaren inguruan hitz egiten digu, baina burdinolak aipatu gabe.

Olen ezaugarriak

XIII. mendetik aurrera gurpil hidraulikoa erabiltzen hasi zen, eta hori dela eta, ibaien ibilguetara lekualdatu ziren burdinolak. Honen oinarrizko egitura osatzen zituzten oinarrizko eraikinak edo instalakuntzak ondokoak ziren: alde batetik, presa, ubidea eta aldapara ur-maila igotzeko eta modu egokian bideratzeko gurpil hidraulikoa martxan jarri ahal izateko; beste alde batetik, ola-eraikinean labea, hauspoa, sua eta mailua edo gabia zeuden. Gainera, aldamenean beste eraikin batzuk izaten ziren ikatza gordetzeko, etabarrerako.

Ozollo Errota marea-errota (Gautegiz Arteaga).
Irudi bi hauetan burdinolaren elementu
ezinbestekoenak adierazita ageri dira.
(Hemendik hartu da: Burdinolak. Material
Didaktikoa. Burdinola)

Bost langilek osatzen zuten burdinola batean lan egiten zuen oinarrizko taldea: bi urtzailek, bi forjarik eta ikastun batek. Langileen jantziak, soingainekoak eta artilezko kapela zabalak, berotik zein txinpartetatik babesteko egokiak ziren. Gau eta egun lan egiten zuten txandaka, ura zegoen bitartean. San Joan egunetik San Migel egunera ez ohi zegoen urik.

Ola-motak

Ekoizpenaren arabera bi taldetan bana zitezkeen:

+ Handiak edo nagusiak: Garaiko industria astunak ziren. Industriotan mineral-kopuru handiak urtzen ziren burdin-totxo edo barrak egiteko. Kanpora saltzen zuten eta, batez ere, penintsulatik kanpora. Horren adibideen artean ondokoak dauzkagu: Olazarra (Mendata); Muxoa eta Uarka (Arratzu); Meakaur (Morga) eta Muxikolea (Muxika), Zelaia (Bermeo).

+ Txikiak edo Tiraderak: Burdin-totxoekin produktu erdi edo erabat landuak egiten ziren; esaterako, lanabesak, tresnak, armak edota inguruan kontsumitzeko burdinezko beste batzuk. Adibideen artean ondokoak aipa daitezke: Arestieta (Ajangiz); Zubiaur eta Arrandieta (Arratzu); Azkue (Bermeo); Maguna, Barrenolea, Zugaztieta eta Aurtenolea (Muxika), Arrola (Forua), Urtubiaga (Ea).

Burdin-ekoizpenaren hasieratik burdin-minerala burdin-totxo bihurtzen zen eta mota desberdinak (sotila...) zeuden. Ekoizpenok kintal izenez ezaguna zen ekoizpen-unitatean neurtzen ziren. Kintal bat 70 kg ziren. Horrela, Meakaurolea burdinolaren urteko bataz besteko ekoizpena XVIII. mendearen azkenengo hamarkadetan 800 kintalekoa zen.

Produktu siderurgikoen eskaera handiena nekazaritza-sektoreari zegokion. XVIII. mendearen erdialdeko labore-lurren gorakadak labore-tresnen beharrizan handiagoak ekarri zituen. Etxe berri ugari eraiki zirenez burdindegi-artikulu gehiago behar izan ziren horretarako: iltzeak, burdineriak, balaustreak...eta, azkenean, gurdiak, eta euretarako burdin-hagunak eta perrak animalientzat. Eako Urtubiaga burdinolaren burdin-totxoak Bordeleaino (Frantzia) eramaten zituzten.

Ozollo Errota marea-errota (Gautegiz Arteaga).
Batzuetan, Errigoitiko Errigoitiola edo
Olabarri burdinolaren kasuan adibidez,
burdin-mineraletik abiatuta burdinezko
tresnak egiten zituzten. Beste era batera
esanda, toki berean burdinola handiaren
eta txikiaren tresneria zen.

Garrantzia eta hedapena

XVIII. mendearen 50. hamarkadako ekoizpenaren bat-bateko igoera zela eta, 60. hamarkadatan hainbestekoa izan ez zena, euskal burdingintzak gizaldiko urterik onenak ezagutu zituen.

José Ángel Barrio Loza eta beste batzuen (Arqueología, Urbanismo y Arquitectura Histórica) aburuz XVIII. mendean "ehun eta berrogeitamar burdinola baino gehiago" zeuden funtzionamenduan Bizkaian eta ondorioz "milaka langile eta familia2 arituko ziren "lehengaien garraio-, ikaztu- eta eraldaketa-lanetan".

Burdinola-kopuruari dagokionez honela zeuden bananduta XVIII. mendean: Ajangizen 1 (Arestieta, gaur egun Goikoerrotako burdinola izan daiteke, errota ere bazen), Arratzun 4 (Muxoa, Zubiaur, Uarka eta Arrandieta), Arrietan 2 (Kornabiz burdinola txikia eta Kornabiz burdinola handia, Arrietaolea edo Arrietaolatxua burdinola nagusia); Busturian, 2 (Alarbin eta Olabarria); Bermeon, 3 (Azkue, Barruti, Zelaia); Ean, 1 (Urtubiaga); Foruan, 1 (Arrola); Kortezubin, 1 (Goikolea); Muruetan 1 (Busturia hasierako izena eta ondoren Olatxua), Errigoitin 1 (Errigoitiolea. XVIIan bazen Uriarrikoa, baina XVIIIan ez da aipatzen); Munitibar-Arbatzegi-Gerrikaitzen 2 (Munditibar eta Olatxua); Mendatan 3 (Ororoaga, Olazarra eta Olatxua); Morgan 1 (Meakaur edo Errotaolea); Muxikan 5 (Maguna, Barrenolea, Aurtenolea, Muxikaolea eta Zugaztieta).

Busturian olagintza noiz hasi zen ez dakigu, baina XVII. mendean bost burdinola zeuden: Arbe, Alarbin, Beotegi, Zeleta eta Olabarria. 1795eko Propio eta Arieletan Alarbin eta Olabarria bakarrik aipatzen dira.

Taula honetan Urdaibai eta Busturialdean ola-rekin edo burdinolen elementuren batekin osatutako zenbait toponimo eta oikonimo bildu dira. Ezer aurkitu ez denean marrak (---) jarri dira. Amorebieta-Etxanoren kasuan bakarrik begiratu da Biosfera Erreserban sartzen den eremua.

Mendatan badakigu oso antzinatik zazpi burdinola (Gogortza, Berrenondo, Lejartza, Olabarria, Olazarra, Ororoaga eta Olatxua) izan zirela, baina agirietan oinarrituta 1661era arte ezin izan dugu frogatu eta, gainera, bakarrik azken hirurena, udalerriko kontuen liburuari esker, Ororoagarena izan ezik, bere zortzirena Pedro Ortiz Olaetarena zelako 1593an. Ugaritasun honek olak kokatzeko leku egokia zela erakusten du. 1880rako ez zen batere funtzionamenduan.

Munitibar-Arbatzegi-Gerrikaitzgo olen aipamenak oso antzinakoak dira. Gerrikaitzgo hiriaren 1366ko sortze-gutunetik irakur daiteke: “e todos los pobladores del dicho lugar que taxen las ferrerías e tagen e pasen y hagan así como acostumbraron fasta aquí ellos e los de los dichos lugares...”. Honek argi uzten du aspaldiko aktibitatea dela hori. 1638an badago beste agiri garrantzitsu bat. Horren arabera, Ziortzako Kolejiatako ondasunak onartzen dira, nahiz eta “los señores de ferrerías del valle de Guerricáiz” kexatu ez dagokiena eskuratzeagatik. Dokumentu horretan sei ola (Gerrikaitzgo burdinola berria, Monditubar, Bengolea, Olaetxea, Aranola eta Goikolea) aipatzen dira. 1549aren inguruan Olabarria burdinola eta 1555aren inguruan hiribilduaren eskuetan beste burdinola bat bazirela erakusten dituzten dokumentuak badaude. Denak Lea errekaren inguruan. 1880rako ez zen batere funtzionamenduan.

Ozollo Errota marea-errota (Gautegiz Arteaga).
Mendatari dagokionez, badakigu oso
antzinatik, gutxienez, zazpi ola bazirela,
baina datu dokumentalik ez da ageri 1661.
urtera arte. Denak Golako eta Berrekondo
erreken inguruan daude. Olazarrako hau
Golako errekaren eskumako ertzean dago,
Arratzurekin mugan.

Morgari dagokionez, aktibitate siderurgikoa instalakuntza bakar batean eman zen, Meakaurgo burdinolan, alegia. 1663an eraiki zen eta besteen kasuan ez bezala bere jatorria ez da Behe Erdi Aroa, XVII. mendeko krisialdiaren gunea baizik. Juan Saez Duok, herriko ikazkin ospetsuak, eraiki zuen udalaren parte hartze txikiarekin batera. Halere, litekeena da XVI. mendean zehar beste gune txiki batzuk aktibo egon izana, nahiz eta gaur egun horien aztarnarik ez dagoen. Horren adibide izan daiteke Ibaizabalgo burdinola, bakarrik 1561eko dokumentu judizial batean aipatuta agertzen dena.

Muxikako ola guztiak Oka ibaiaren ertzeetan, hots, lurralde honetako ibairik handienaren ertzeetan kokatzen ziren. Bost burdinola horietatik hiru Ibarruriko auzoan zeuden.

Ereñon, Nabarnizen, Gautegiz Arteagan, Ibarrangelun, Elantxoben eta Gernika-Lumon ezin da dokumentalki frogatu burdinolak izan bazirela. Hala ere, Gautegiz Arteagan eta Gernika-Lumon toponimian eta oikonimian oinarrituta zenbait puntutan aktibitate horiek egon zirela baiezta daiteke. Gainera, Gautegiz Arteagako Errekalde edo Ereño errekan noizean behin burdin-zapak agertzen dira. Bestalde, Gernika-Lumon, Goikoerrota errotaren inguruan eraikin baten aztarnak daude, Bizkaiko Aldundiaren 1920ko mapa baten Olaerrota moduan agertzen dena. Era berean, inguruko errekan burdin-mineral hondakin ugari ikus daiteke.

Jabegoa

Busturialdeko burdinola guztiak pribatuak ziren, Arrietako Kornabizko biak izan ezik, Arrietako elizatearenak baitziren, nahiz eta XVII. mendean pribatizatu egin eta ordutik aurrera Arrietaolea edo Arrietaolatxua deitzen hasi ziren. Uriarriko burdinolaren erdia eta bertako errota bi, berriz, Errigoitiko udalarenak ziren. Jabeak inguruko maiorazko handietakoak ziren. Olazarrekoa (Mendata) Bañosko Kondearena, Arrandietakoa (Arratzu) Urdaibaitarrena, Errigoitiolea (Errigoiti) Pedro Antonio Arana Butroirena.... Bestalde, jabe ugariko burdinolak ere bazeuden, Muxoa (Arratzu), Arrietaolea (Arrieta), Urtubiaga (Ea), Meakaur (Morga)...

Burdinolen funtzionamendurako oinarrizko lehengaiak.

Burdinola ororen etorkizun oparoa oinarrizko hiru elementuren eskuragarritasunaren araberakoa zen: ura, budin-minerala eta ikatza. Azken hori zen mugatzaileena. Garestiagoa zen ikatza garraiatzea minerala baino. Hori dela eta instalazio siderurgikoek nahiago zuten horniketa prezio onean ekoiztea eragingo zuketen baso-masa handien inguruan kokatzea. Era berean, pentsaezina zen indar motriza eskainiko zion ur-emaririk gabe eraikitzea burdinola. Arrazoi bi horiek dira hain zuzen ere euskal sektore siderurgikoaren nortasunaren ezaugarriak azaltzen dituztenak: oso sektore atomizatua eta lurralde osoan zehar hedatuta egotea burdinolak.

Gure elizateek a priori burdinola-guneak eratzeko baldintza onak zituzten. Baso (haritzak, arteak, pagoak eta gaztainondoak) eta ibai edo erreka egokiak zeuden. Barneko herri asko komunikabide-nagusietatik alde batera kokatuta egotea desabantaila zen, burdin gehiena gure mugak baino haratago esportatzen baitzen.

Ozollo Errota marea-errota (Gautegiz Arteaga).
Oka ibaia, Oka auzoan (Muxika).

Busturialdea osoan zehar burdinolak izan arren, arro batzuk besteak baino hobeagoak ziren kokatzeko. Erreka guztiak ez ziren egokiak horretarako. Ur-emari handia ez izatea eta malda handiak eraginda bat-bateko uholde bortitzak izateko arriskuak asko mugatzen zuen. Ur-emariaren erregulartasun handiak edo txikiak ekoizpen-garaia eta beraz, produktu potentziala, mugatzen zuen. Gainera, udako ur-emariak lana geldiarazten zuen urte zati baten behintzat, erreka bakoitzaren arabera etenaldia luzeagoa edo laburragoa izango zelarik. Uraren aprobetxamendua, beraz, beste arrazoi-iturri bat zen. Horrela, 1663an Arrietako Errotakuriako errotak urtero ekainaren batetik urriaren azkenera arte ura bil zezala erabaki zen, Olabarriko burdinolako lan-aldia azarotik maiatzera zihoan eta.

Ozollo Errota marea-errota (Gautegiz Arteaga).
Burdin urak Arratzuko Zubiate auzoan.

Burdin-minerala Muskiztik eta Galindotik ekartzen zen itsasoz kontzejuraino eta eskualdeko errenterien bitartez, adibidez Ajangizko “Errenteriaren” (gaur egun izen bereko Gernika-Lumoko auzo bat) bitartez, banatzen zen. Munitibar-Arbatzegi-Gerrikaitzko olek Lekeitioko portutik lortzen zuten. Halere, bi meategi zeuden Arratzun Gregoriana (Zubiate auzoa), eta Elena, (Elorriaga auzoa), bat Ibarrangelun Uspiltza parajean eta beste bat Elantxobeko Larrazelai basoan, eta horiek bertatik bertara hornitzen zituzten burdinolak. Foruako Urberuaga auzoko Arrola olak bere inguruan burdin-mineralezko aztarnategia zuen. Dokumentalki erregistratuta dago burdin-minerala bazela Gernika-Lumon. Agirreazkuenagaren ustez, 1860an, Lumon, 10.000 kintal burdin ekoizten zen eta Frantziara saldu. Nahiz eta ikerle batzuk aipatu Gernika-Lumoko, Errigoitiko... aztarnategiak, betan, gainazala erdoildutako andesitenak direla, badaude denboraren batean mineral horren meategiren bat izango zela diotenak, gaur egun agortuta egon daitekeena. Halere, Carmen, Kruger, Iberaspi... Gernika-Lumoko burdin-meategi batzuen izenak dira.

Bizkaian erabiltzen ziren mineral desberdinen artean goethitak eta hematitek edo oligistok zuten burdinarik gehien (%70eko legea baino gehiago). Denboraren poderioz, sideritak %48 burdina duena, euskal burdingintza modernoan gehien erabiltzen zen minerala izan zen.

Ozollo Errota marea-errota (Gautegiz Arteaga).
Burdin mineral batzuk ezkerretik eskumara
eta goitik behera ordenatuta: oligistoa edo
hematitesa, goethita, limonita eta siderita.

Burdin-mineralaren kalitatearen garrantziaz ohartzeko Muxikako bi auzotan batutako hurrengo adibidea dugu. Ibarrurin lau kintal burdin-mineral urtu behar ziren kintal bat burdin lortzeko eta Gorozikan 2200 kintal mineral urtzen ziren 600 kintal lortzeko.

Errenterietatik zein inguruko meatzetatik lantegiko biltegiraino eramaten zen burdina animalien bizkarretan.

Ikatzak ez zuen horrenbesteko eragozpenik sortuko, inguruko basoetan baliabide ugari zegoelako. Burdinaren ekoizpen-gastuetan eragin zuzena izango zukeen eta badirudi portuetatik urrunago kokatutako burdinoletan karuago dela minerala eta merkeago ikatza, portuetatik hurbilago daudenetan baino. Erabat logikoa eta horregatik olagizonek nahiago zuten ikatza tokiko edo eskualdeko merkatuaren mugetan erostea, inguruko mendietatik lortuz. Ikatz-sama bakoitzaren prezioa aldatu egiten zen elizate baten leku batetik bestera burdinolarekiko distantziaren, bideen erabilgarritasunaren eta orografiaren arabera. Baso-baliabideek zenbat eta urrunago egon eta komunikazio txarragoa izan, hainbat eta merkeago zen egurra: Arrietako Uribe etxeak 7 urterik behin egiten zuen 240 ikatz-karga 4 errealetan ordaintzen zen 1799an burdinolatik urrun zegoelako; Otazua etxearen 40 kargak berriz 5 errealetan ordaintzen zituzten eurengandik gertu zegoelako.

Nabarnizen, XVII eta XVIII mendeetan, egur-ikatzaren ekoizpena oso garrantzitsua izan zen, gehiena Aulestiko burdinoletan erabiltzen zelarik. Udal-Ogasunak diru-sarreren % 50 aktibitate honetatik lortzen zuen. Nabarnizko Udalak, aktibitate hau etorkizunean ere mantentzeko, herriko mendietan urtero 300 haritz landatzera derrigortu zituen biztanleak. XVII. mendean sutegi-erroldako hiru zuhaitz landatu behar zituzten. Nabarnizen eta Ereñon gaztainondoa eta artea ere landatzen ziren.

Ozollo Errota marea-errota (Gautegiz Arteaga).
Egur-ikatza egiteko inusitutako
artea (Kanpantxu, Ajangiz).

Landatutako haritzak udalerriko haztegietatik lortzen ziren. Gehienetan, haztegiok, jabego pribatuko lurretan kokatzen ziren. Nabarnizen haritzen eta gaztainondoen haztegiak zeuden bitartean, Ereñon, udal-kontuetako liburuen arabera, soilik haritzenak zeuden.

Egur-kontsumoa oletan itzela zen. Burdin kintal bat lortzeko sei ikatz-zama behar ziren.

Lantegiko labean txikitu eta berotzen zen mea, pasta edo “agoa” sortu arte. Lotutako pasta hori mazoaz lantzen zen zepatik bereizteko eta itxura emateko.

Foruan, II eta III mendeetatik abiatuta aurki daitezke labeak. Foruako aztarnategi erromatarrean lurrean zulatutako egitura luze eta zirkularrak aurkitu dira, burdina urtzeko labeekin bat datozenak. Horietako batzuk, badirudi, fase desberdinetan erabili izan direla.

Ozollo Errota marea-errota (Gautegiz Arteaga).
Harrizko horma altxatzeko
bererabilitako burdin hondarrak.
Hondarrok inguruko harria baino
askoz ilunagoak dira. Argazkia,
Busturiako San Kristobal auzoan
aterata dago.

Olagizonen eta jabe partikularren arteko harremana zailtasunez beteta zegoen, azkenengoek ez zutelako adostutako ikatz-garraio edo salmenta betetzen. Horrela zegoen Francisco Borika, Arrietaolea burdinolaren errentaria, Arrieta, Errigoiti, Meñaka eta Morgako herritar batzuek berak aurreratutako 2.892 erreal eta erdi zor zizkiotenean ikatzetan.

Etorkizuna

Euskal Burdina, kalitate onekoa izan arren, garestia zen. Hala eta guztiz ere, mantendu egin zen XVIII. gizaldian zehar; mantendu ere, merkatu koloniala eta Espainiako probintzietakoa ia monopolista moduan gordetzen zuten arauak zeudelako. XVIII. gizaldiaren azken herenean, ikatzaren prezioek gora egin zuten, kostuak karutuz. 1782. urteko muga-zergarekin, atzerriko burdina ekartzea debekatzen zuen aurreko legea apurtu zen. Modu horretan, euskal burdina ez zen konpetitiboa; egoera hori, burdinoletako jabeen ardura ezak okertu egin zuen gehiago oraindik, ez zelako dirurik inbertitzen tresneria berrietan. XVIII. gizaldiaren amaierarantz euskal burdingintza tradizionala behin betirako krisialdian sartu zen.

Arestian aipaturiko autoreek diotenez "errotek eta burdinolek oso antzeko instalazio hidraulikoak erabiltzen zituzten. Honi esker, XIX. mendearen bigarren erdialdetik aurrera teknika industrialek zabalkunde handia izan zutenean artisautza-eran egindako burdingintzak jasandako beherakadari aurre egin eta antzinako olak arto-ehotzeari eta euren inguruko nekazaritza-eskaera berrietara egokitzeko aukera izan zuten. Industri-metamorfosi kasu paradigmatikoa Busturiako Altamira auzoko Alarbin Goikoa olak izandakoa da. Hasieran, burdin-zatiak urtzen zituen, ondoren bere auzokideek landutako laboreak ehotzen zituen, geroago Busturian kokatutako zeramikazko lantegirako kaolina birrintzen aritu zen eta azkenean ur-jauzi zaharrera egokitutako turbinaren bidez auzorako argi-indarra sortzen aritu zen".

Baina, Busturialdeko burdinolek ez dute beren ekipamendu mekanikoa kontserbatu. Gurpilak, ardatzak, mailuak eta sutegi-hauspoak desagertu egin dira.

Ozollo Errota marea-errota (Gautegiz Arteaga).
Arratzuko Uarkako burdinolak
argi-indarra sortzen du gaur
egun.

Halere, eraikin hidraulikoa oraindik ere bada Uarkan (Arratzu), Goikolean (Oma, Kortezubi), Goikoerrotan (Kanpantxu, Ajangiz), Urtubiagan (Ea), Zugaztietan edo Olazarren (Zugastieta, Muxika), Maguna Olean (Maume, Muxika) eta Olazarran (Olabe, Mendata).

Urdaibaiko Galtzagorriak © 2017. Kontaktatu gurekin: galtzagorriak@urdaibai.org

Babesleak: Eusko Jaurlaritza, Gernika-Lumoko Udala eta Urdaibai Biosfera Erreserba.