1665eko agiri batean aipatzen denez Bustriako elizateak lau haritz-oin saldu zien Diego Landiari eta Cristóbal Repideri burdinola honetarako 16 errealen truke.
1720 aldera, Busturiako ola-gizon nagusienak Andrés Madariaga eta Francisco Ignacio Albiz Portuondo ziren. Apur bat beranduago, azken hori hil zen eta bere emaztea Josefa Ugartek ardura berarekin jarraitu zuen.
1730ean, On Andrés Madariagak eta bere emaztea Angela Arostegi Andereak, azken honen nebari, Julian Arostegi bilbotarrari, Arbe burdinola eman zioten; izan ere, Julian Arostegik 45.000 errealeko mailegua egin zien. Urtean, eta utzitako epea amaitu arte, 1.350 erreal ordaindu behar zioten interesengatik, egindako mailegua urteko %3ko interesean eginda baitzegoen. On Andresek bere koinatuarengadik jaso zuen mailegua Arbe, Olabarria eta Olatxua burdinoletarako. Modu horretan, burdinola horiek, edo gutxienez zati bat, bereak izango ziren.
1795ean jabetza banatuta zegoen: burdinola honen herena, Busturiako jauregia, Olatxuako burdinola eta errota On Blas Maria Mezetarenak (Haroko semea) ziren, eta On Manuel Francisco Foruriak erabiltzen zituen 3100 errealeko eta zazpi anega gari urteko ordaintzen zituen. Olabarria burdinolaren erdia Prado Alegreko Markizarena zen eta administratzailea Gernikako On Juan Manuel Fruiz zen. Urtero 850 erreal kobratzen zuen. Burdinolaren azken seirena On Joaquín Municharena zen eta 254 erreal kobratzen zuen alokairuagatik.
1810eko Lurralde Estatistikan ez da aipatzen burdinola hau, baina lanean jarraitzen zuen elizateko Kontu-Liburuan burdinola horiei saldutako ikatzaren berri ematen delako.
Baina 1823ko Lurralde-Estatistikan ez da berriz agertzen burdinola hau. Horrela: “En la Estadística de esta anteiglesia estavan incluidas las ferrerías de Olachua y Olavarria con su molino que oy por estar paradas sin esperanzas de reposición nada producen...”.
Orain arte ikusi denez idatzizko agiri ugari dago burdinola honen inguruan, baina guk ezin izan dugu aurkitu.
Urdaibaiko Galtzagorriak © 2017. Kontaktatu gurekin: galtzagorriak@urdaibai.org
Babesleak: Eusko Jaurlaritza, Gernika-Lumoko Udala eta Urdaibai Biosfera Erreserba.