Urdaibai Biosfera Erreserba » Arkitektura » Arkitektura Industriala » Errotak » Ur-olak edo burdinolak

Mendatan, Arratzurekin mugan, kokatuta dago.

XVII. mendearen erdialdeko agirietan jasota dago Olazarrako burdinola. 1799. urtean, burdinola Arteagatarren leinuko Montijoko kondesarena zelarik, 703 burdin kintal eman zituen.

Burdinola nagusi garrantzitsua izan zen. Urmaela betetzen zuen ura uharkan biltzen zen –oraindik Golako ibaian gora dirauena- eta Santo Tomas eliza dagoen Arratzuko Elexaldeko mendixka inguratzen zuen ubidetik garraiatzen zen. XX. mendearen erdialdean utzi zion ibiltzeari.

Bere herena kontserbatzen da eta oraindik orain ura sartu eta ateratzen den guneetako arkuak eta barne egitura ikus daitezke. Bere ondoan errota izandako instalazioak daude.

Olazarra
Olazarra burdinola.

Euskal burdinaren krisiaren ondorioz errota bihurtu zen. Erantsitako eraikina, bi ardatzetako irin-errota izan zen XX. mendearen azken bi hamarkadetara arte. Eraikin lauangeluarra da eta teilatua lau isurialdetara dauka. Aurreko fatxadan bi solairu, hi bao-ardatz eta ateburudun sarrera dago.

Errota martxan egon zen 1975eko uholdeek barneko instalazioak hautsi zuten arte, presaren eta sangria-presaren egitura baino ez ziren osorik geratu, oso-osorik geratu ere.

Lehenago beste errota bat egon zen, burdinolaren garai berekoa, 1745ean “Arratzu errota” bezala erregistratu zena, eta 1799an lantegiaren izen eta jabe berak izan zituena.

2003ko Urdaibai Biosfera Erreserbako Erabilpen eta Kudeaketa Egitamu Gidarian aipatu egiten da III. Eranskinean, Ondare Kultural eta Historiko-Artistikoaren baitan hain zuzen ere, 69. zenbakiarekin eta 62-14(W) 5113.O erreferentziarekin.

Jabego pribatukoa denez ezin sar daiteke barrura.

Urdaibaiko Galtzagorriak © 2017. Kontaktatu gurekin: galtzagorriak@urdaibai.org

Babesleak: Eusko Jaurlaritza, Gernika-Lumoko Udala eta Urdaibai Biosfera Erreserba.