Urdaibai Biosfera Erreserba » Arkitektura » Arkitektura Industriala » Errotak » Ur-olak edo burdinolak

Gregoriana meategia Zubiate auzoko Zubiate baserriaren aurrean zegoen eta Elena meatza Elorriaga auzoan Arratzu eta Kortezubiren artean.

Zeru libreko meategi bietan modu berean erauzten zen burdina. Arratzu Ugaritasunaren Harana liburuan Jesus Otazua meatzari ohiak honela kontatzen du:

"Minerala erauzteko eta eraldatzeko pozesua metodikoa zen, eta hainbat zereginetan zegoen banatuta: erauzketa, garbiketa, ehotea eta zamatzea. Gregoriana meatzean 10 behargin baino gehiago ere egon ziren, eta minerala atxurrarekin atera eta burdinezko errailetan zihoazen orgetara kargatzen zuten. Orga hoiek garbitokiraino heltzen ziren, bertan deskargatzeko. Gregoriana meatzak tunel moduko galeria bat ere bazuen eta, bertatik, minerala otzaratan ateratzen zen. Gaur egun itxita dago, istripurik egon ez dadin. Tunel hori iragan horren lekuko isila da. Landu bako materiala ur-laster batetik pasatzen zen, garbitzeko eta mineralaren zepa kentzeko. Landu bako harriek uretan zuten mugimendua ikustean, kalitaterik oneneko minerala totxoen pisuagatik bereizten zuten. Minerala laba batek berotutako txapa batetik pasatzen zen, sikatzeko. Behin sikatu eta gero errotara eramaten zen eta, bertan, minerala burdin-hauts bihurtzen zen. Danborrak Idigatik ekarri nuen diesel motorraren trakzioarekin funtzionatzen zuen.

Burdin hautsa orgetan kargatzen zen, eta, gehienez, 12 kintal burdin eramaten zuten bidaia bakoitzean. Hainbestekoa izan zen meatzako jarduera, ze gaur meategiaren inguruko landa berdeak diren mendi-hegaletako parte handi bat “brozie” burdinaren zepa piloekin osatuta dago. Denborarekin hor pinuak hazi ziren eta gero indaba ere batu izan da. Meatza itxi zenean mineral-garbitokia irekita egon zen denbora batez."

Oraindik ere, beraz, ikusi daitezke meatzaritzak inguru horretan utzi zituen loratz sakonak. Meatzak 40ko hamarkadaren azkeneko urteetara arte egon zen martxan, baina mineral-garbitokiak beste urte batzuk ere iraun zuen.

Zubiateko meatzetako burdinaz hornitzen zen Zubiateko burdinola.

Bestalde, argitalpen berean aipatzen denez Juan Luis Bilbaok gogoan dauka landu bako minerala astogurdietan ekarten zutela Bilboko Bolueta auzotik, gero Arratzun lantzeko. Gogoan dauka, era berean, idi-gurdiak ere heltzen zirela, Bizkaiko begiratokitik, eta landu beharreko minerala Golako errotetan banatzen zutela.

Gregoriana meategia
Gregoriana meategia.
mendi-hegala
Burdinaren zepa eta hautsarekin beteriko
mendi-hegala Gregoriana meategiaren
inguruan.

Urdaibaiko Galtzagorriak © 2017. Kontaktatu gurekin: galtzagorriak@urdaibai.org

Babesleak: Eusko Jaurlaritza, Gernika-Lumoko Udala eta Urdaibai Biosfera Erreserba.