Urdaibai Biosfera Erreserba » Arkitektura » Arkitektura Industriala » Errotak » Ur-olak edo burdinolak

Arrietako burdinola txiki bakarra Kornabiz izenez ezaguna dena da. Bazegoen izen bereko beste bat baina, kasu honetan, burdinola handia zen. Elkarrekin mende erdi baino gehiago egin zuten. Ola txikiaren azken urteak ez ziren oso errentagarriak izan eta bere azken berria 1612koa da. Ordutik aurrera, Kornabiz, Arrietaolea edo Arrietaolatxua deituriko burdinola handiak bildu ditu instalazio handien zein txikien ezaugarri eta betebehar guztiak.

Burdinola hau Arrietako lurretan eraikita zegoen, izen bereko auzoan seguruenez, baina Errigoitiko Hiribilduaren jurisdikziokoa zen.

XVI. mendean eta 1626tik 1635era bitartean zenbait momentutan Kornabiz burdinola txikiaren jabea elizatea zela dirudi. Gauza bera gertatu zen 1565etik aurrera izen bereko burdinola berri “handiarekin”, hots, jabea elizatea izan zela.

1506a baino lehenago, Arrietako udala, Kornabiz burdinolaren eta errotaren jabea zena, Fruiz-Etxebarria burdinolako jabeekin auzitan sartuta zegoen, azken hauek Kornabiz burdinolak eta errotak erabiltzen zuten ibaian egurrak jarri zituztelako Arrietako jurisdikzioan zegoen presaren bitartez ura biltzeko.

XVII. mendearen hasieran burdinola txikia bertan behera geratu zen ia erabat, bitartean, instalazio handiak, lanetan eta konponketetan erabili izan ziren 30 dukat sortu zituen.

1602an, María Jimenez Bertedona Andereak urak ibai behera egin ez zezan presan beharrezko baino egur gehiago jarri zituenean Kornabiz burdinola eta errota urpean geratu ziren.

1612rako, burdinola txikiaren 5enak Maria Jimenez Bertendona Anderearen eskuetara igaro ziren eta urte horretatik aurrera ez dago ola horren berririk, aldameneko errota eta izena iraun zutelarik. Bien bitartean, urte horietan, On Luis Butronek burdinola handiaren ardura hartu zuen. 1613an, Herritarrek 2.100 erreal zor zizkioten, urteko errenta 1616an 440 errealekoa zenean. 1617an, Herritarrek hainbeste diru zor zioten Butroni Kornabiz burdinola eta presa eta Villanza errota eman zizkiotela urte baterako inolako errentarik kobratu gabe. Hortik behin betiko salmentara eta pribatizaziora pausu bakarra zegoen. Jabe-aldaketak izen aldaketa ekarri zuen: orduz geroztik Arrietaolea edo Arrietaolatxua izango da.

Baina, 1678tik aurrera, udal-arduradunek burdinola-instalazioaren ardura hartu eta sortzen zituen errentak kobratzeari ekin zioten XVIII. mendearen 20. hamarkadara arte.

1668an, Erandioko eta Sondikako herritar batzuek Asuako portura “burdin sotila” deiturikoaren 200 kintal garraiatzeko ardura hartu zuten eta itzultzerakoan, Antonio Renteriari, Errigoitiolea eta Arrietaolatxua burdinolen jabea zenari, 200 kintal beta eraman behar zioten. Ez betetzeak 800 euroko galerak ekarri zizkion Renteriari, derrigorretarako aurreratuta baitzuen diru hori. Korregidoreak ez zuen inolako zalantzarik izan errudunetako biri zelabereak enbargatzeko eta subasta publikora ateratzeko.

Beranduago, 1731n, Pedro Antonio Arana Butronek Arrietaolea etxea, errota eta burdinola errentan eman zizkion Joseph Iturriagari; kontratuaren arabera Errigoitin eta Arrietan erosi beharreko mendiko herri-lurrak biontzako erdibana izango ziren. Gainera, Pedro Antoniok Errigoitiko herri-lurrak defendatu behar zituen beste Errepublika bateko burdinolak ez hornitzeko. Bitartean, Iturriagak gauza bera egin behar zuen Arrietakoekin eta norberaren jabegokoekin. Gainera, Pedro Antonio Arana Butronek beste ardura batzuk hartuko zituen eta Joseph Iturriagak bere kontura 7 ofizial jarri behar zituen burdinolan lan egin zezaten.

Arrietaolea burdinolaren agirietako azken aipamena 1803koa, zeren eta agiri horren arabera “en estos últimos pocos años se haya sin uso alguno, esto es sin que labre hierro ni otra cosa”.

Kornabiz
Kornabiz baserria (Arrieta).

Madozek, 1845 eta 1850 urteetan idatzitako bere Hiztegian ez du ezertxo ere jasotzen Arrietako burdinolaren inguruan.

Baina arestian aipatu dugunez Kornabiz izena zuen errota ere bazen.

1612an, esan dugunez, Kornabiz burdinola txikiaren 5enak Maria Jimenez Bertendonarenak ziren. XVII. mendearen bigarren hamarkadatik aurrera ez dago Kornabiz errotaren inguruko inolako aipamenik Kontu-Liburuetan, baina, badakigu bazela, baina ez nor zen bere jabea. Beranduago, 1635ean berriz aipatzen da.

Olatxua errotaren lehen aipamena 1683koa da, On Luis Butronek, Arrietaolea burdinolaren aldamenean eraiki zuenekoa.

1706an, Kornabiz eta Olatxua errotak On Antonio Arana Zollo Urrutiarenak ziren. 1730ean, bere semeak Pedro Antonio Aranak kaltze eta presa berria altxatu zituen Kornabiz errotarako.

1799an, Alejandro Egia (Bilbao), Kornabiz eta Olatxua erroten jabea zen. Biak errentan emanda zituen.

1810ean, Kornabiz errotaren errentariak 253 erreal ordaintzen zituen ibaiaren urak erabili ahal izateko.

Olatxu errota 1823z geroztik mantentzen da, izen bereko burdinola behin desagertu eta gero.

1863ko Lurralde-Estatistikak Olatxu errota badagoela dio eta 1910ean Olatxuerrota errotaren aipamena egiten da.

Gaur egun, Arrietan, Olatxuko Errota (begiratu Olatxu Errota errota) izeneko errota martxan dago.

Arrietako Kornabiz auzoan Kornabiz baserria dago. Bere inguruan, Butroe errekaren urak aprobetxatuz, Kornabiz burdinola biak egon zitezkeen. Gaur egun, ez dago eraikinen aztarnarik. Agertu direnak, eta horrela baieztatu digu baserri horretako baserritar batek, Butroe errekan gora zein behera eginez burdin-hondarrak izan dira. Hor egongo ote ziren kokatuta Kornabiz burdinola nagusia eta burdinola txikia? Gainera, baserri honen jabetzapean errota bat zegoen. Izango ote du zerikusirik?

Urdaibaiko Galtzagorriak © 2017. Kontaktatu gurekin: galtzagorriak@urdaibai.org

Babesleak: Eusko Jaurlaritza, Gernika-Lumoko Udala eta Urdaibai Biosfera Erreserba.