Barrenolea burdinola Muxikako Ibarruri auzoan kokatuta zegoen, Oka ibaiaren ertzean, lurralde honetako ibairik handienaren ertzean hain zuzen ere.
Ibarruri auzoan kokatutako Barrenolea olak Oka ibaiaren urak erabiltzen zituen. Burdinola txikia zen.
1581ean Ibarruriko mugarrietara egindako bisitaldi baten berri ematean Okako Barrenolea burdinola eta Arbina aroztegia edo errementeria aipatzen dira. Lehenengoan, burdina ekoizten zen eta, bigarrenean, ekoitzitako burdinaren eraldaketa egiten zen.
1662ko agiri baten Kristobal eta Frantzisko Besangaiz Zaldunbide anai muxikarrek Frantzisko Belendiz jaunari Axangizko errenteriatik Okako Barrenolea burdinolara hirurehun kintal burdina-harri hogeitasei marai kintaleko ekartzeko kontratua aipatzen da.
Aurreko dokumentuan aipatutako burdina-harria Somorrostrotik zekartzaten. Gernikako portuko errenteriatik eta Axangizko Udal Batzarrekotik garraiatzen zen burdinolaraino.
1795ean jabea Manuel Maria Urdaibai zen eta errentan zuen. Jabea elizatetik kanpora bizi zen eta gizarte-mailarik altuenean zegoen (1.500 errial baino gehiagoko errenta). Beraz, jabe hau ekonomiaren baliabide nagusiak bere eskuetan bildurik zituen: lurrak, mendiak, burdinolak eta errotak.
XIX. gizaldiaren erdi aldera, Madozek ematen duen argibidearen arabera lanean ari zen burdinola hau, baina gainbeheran.
Barrenolea olaren lekuan geroago orain arte egoera onean iraun duen Bekoerrota edo Errotabarri errota eraiki zen.
Urdaibaiko Galtzagorriak © 2017. Kontaktatu gurekin: galtzagorriak@urdaibai.org
Babesleak: Eusko Jaurlaritza, Gernika-Lumoko Udala eta Urdaibai Biosfera Erreserba.