Urdaibai Biosfera Erreserba » Arkitektura » Zerbitzu eta azpiegitura-arkitektura » Talaia eta Seinero-postuak

Itsasoak bere biziko garrantzia izan zuen euskaldun guztien bizitzetan. Baliabide ugariren sorleku izatearekin batera, salgaiak garraiatzeko ingurune garrantzitsua izan da. Era berean, arrisku handiko lekua zen, bai galernengatik zein kortsarioen edo ontzidi etsaiengatik. Horrela bada, ezinbestekoa izan zen zeruertzari adi egotea. Behatutakoan berehala abisua emateko asmoarekin talaiak eta seinero-postuak sortu ziren. Busturialdean, guztira, 9 egon ziren, era honetara banatuta: Bermeon (4), Ean (1), Elantxobe (2) -antzinean Ibarrangeluko udal-mugapean- eta Mundakan (2). Oraindik orain, haien aztarna batzuk ikus daitezke. Atal hau prestatzeko Xabier Alberdi eta Jesus Manuel Perez egileen Itsasoari So. Euskal Herriko Talaiak eta Seinero-postuak lanean oinarritu gara.

Erdi Aroaz geroztik, gutxienez, itsasoak funtsezko papera izan zuen euskaldun guztien bizitzetan. Itsasotik iristen ziren atzerriko jakiak (zerealak, lekaleak, etab.), eta itsasoari esker areagotzen ziren herrialdearen ondasunak, Amerikarekin eta Europako herrialdeekin salerosten zutenek ekartzen zituztenak, edo itsasoari esker arrantzatzen zituzten baleak eta bakailaoak Ternuako eta Artikoko uretan.

Itsasoa, era berean, hondamendi ugari ekar zitzakeen, bai naturalak, ekaitzak eta galernak hain zuzen ere, bai eta gizakiek eragindakoak ere (kortsarioen eta ontzidi etsaien erasoak, inbasioak, etab.). Horiek ekiditeko, nahitaezkoa zen begi horiek zeruertzari adi egotea.

Garai hartan, portuen artean -bai eta herri bereko marinelen artean ere- lehia sortzen zen baleak harrapatu eta itsasoko arrainak arrantzatzeko, eta lehian aritzen ziren gure kostaldetik pasatzen zen itsas zirkulazioaren kopuru ahalik eta handiena erakartzeko. Hori horrela, berebiziko garrantzia zuen kostaldeko toki nabarmenetako talaien kokapenak; ikuspen handia izan behar zuten, balizko harrapaketen eta salgaiez beteta zetozen itsasontzien berri emateko. Era berean, gertuko portuetako herritarrek horien berri izan zezatela saihestu behar zen. Horrela, talaiariarentzat eta seineroentzat, funtsezko bihurtu zen "ikustea eta ikusia ez izatea" jokoa. Horregatik, herri bakoitzak estrategia bat landu eta aplikatu zuen informazioa eskuratzeko eta kudeatzeko. Komunikazio-politika hori zela eta egon zitezkeen talaia bat baino gehiago herri batean, funtzio espezifikoak betetzeko edo batetik bestera informazioa helarazteko, baina alboko herrietako biztanleen eskuetara iritsi gabe.

Talaia baten irudikapena, XVI. mendean.
Talaia baten irudikapena,
XVI. mendean.

Talai baten funtzio nagusia albisteak behatzea eta helaraztea zen, instalazio horiek eraikitzen eta mantentzen zituzten komunitateen biziraupen ekonomikorako funtsezkoak zirenak: balizko harrapaketak (baleak eta arrain-sardak) edo merkataritza-itsasontziak egotea, beren helmugako portura atoian eraman behar zirenak, arrisku naturalak edo antropikoak egotea, portu lehiakideetako itsas zirkulazioa kuantifikatzea eta kontrolatzea, etab. Aldiz, seinero-postuen funtzio bakarretakoa gerta zitezkeen arriskuen eta itsasoaren egoeraren berri ematea zen, askotan arazoak izaten baitzituzten euskal portuetako bokaleetan.

Eraikuntzari dagokionez, funtzio oso garrantzitsua bazuten ere, talaiak eta seinero-postuak azpiegitura sinpleak ziren. Askotan, lehenagotik zeuden eraikuntzak (baselizak, baserriak, gotorlekuak...) baliatzen ziren, beren funtzioak betetzeaz gainera, talaia baten funtzioak ere bete zitzaten. Beste batzuetan, paisaiako puntu nabarmenenak baliatzen ziren, esate baterako goraguneak eta harkaitz-muturrak, behatoki funtzioa bete zezaten, eta etxola edo txabola xume bat besterik ez zen jartzen, zurez egindakoa askotan, talaiaria babes zedin. Babesleku sinple horiez gainera, behatokia gisa azpiegitura konplexuagoak egiten ziren tokietan, dorre zirkular itxurako eraikuntza txikiak egiten ziren, edo eta balkoi edo begiratoki erdizirkularraren itxurakoak. XIX. mendeaz geroztik soilik eraiki ziren eraikin bakar batean behatokia eta talaiariaren babeslekua batzen zituzten talaiak. XX. mendean, eraikin horietako askoren diseinua konplexuagoa bihurtu zen, eta nolabaiteko intentzionalitate artistikoa eman zitzaien, itsasontzietako aginte-zubiaren itxura ematen baitzitzaien eraikinei.

Bizkaia ekialdeko portuetako bokaleak eta Kantabriako batzuk, Matxitxakotik (Bermeo) ikusita.
Bizkaia ekialdeko portuetako bokaleak eta
Kantabriako batzuk, Matxitxakotik (Bermeo)
ikusita.

Talaiak Euskal Herrian Itsas historian zehar

Ezagunak diren talaiek funtzio, kokapen eta eraikuntza-ezaugarri desberdinak izan dituzte, Euskal Herriko itsas historiak bilakaera handia izan duelako, eta kostalde honetako herrialdeetan bilakaera oso desberdina izan duelako.

Hurbileko kostaldeko arrantza-baliabideak ustiatzeko asmoz lehen aldiz itsasoratu zen historiaurreko gizonak zeruertzera begiratuko zuen arrain-sardak ikusteko, edo eguraldian gerta zitezkeen aldaketak sumatzeko, arrantza-espedizio primitibo eta mugatu horiek hondamendira eraman zitzaketelako.

Erroma euskal kostaldera iritsi zenean, ziurrenik, ezarri ziren lehen aldiz itsas ibilbide egonkorrak, kostalde honetako portuak euren artean lotzen zituztenak, bai eta sare inperial gero eta zabalagoko gainerako portuekin ere. Dakigunez, Erromak itsasargi handiak jarri zituen bere menpeko itsas ibilbideetan, nabigazioa errazteko. Hori horrela, pentsa liteke, tokian-tokian, euskal kostaldeko herriek izango zituztela jada talaia edo behaketa-puntu gisa erabiltzen zituzten tokiak.

Horren aztarnak, garbiagoak dira Goi Erdi Aroaren garaian, inperio erromatarra gure lurraldetik atzera egiten ari zeneko edo "herri barbaro" izenekoek gainditu edo asimilatu zuteneko garaian: garai hartan euskal kostaldean finkatutako komunitateak baleen arrantzan espezializatu ziren, eta, horretarako, ezinbestekoak ziren talaiak.

Izaro eta Ogoño lurmuturra Bermeoko Taleatik.
Izaro eta Ogoño lurmuturra Bermeoko
Taleatik.

Baleak harrapatzea izan zen, gero eta garrantzitsuago zen itsas merkataritzarekin eta garraioarekin batera, X. eta XV. mendeetan zehar euskal kostaldeko hazkunde ekonomikoa eragin zuten itsas jarduera nagusietako bat. Goren une hori zela eta, era berean, euskal kostaldean zenbait hiribildu berri sortu ziren, arrakasta handiz, XII. mendearen amaieratik aurrera.

Baleen arrantzari buruzko Euskal Herriko lehenengo dokumentu-erreferentziak 1200ekoak dira, Mutrikukoak. Talaiei dagokienez, 1310ean aipatzen dira lehen aldiz, hain zuzen ere Bermeoko Santa María de la Atalaya parrokia aipatzen da. Bizkaiko beste elizate batzuk ere, agertzen dira talaien jabe gisa.

Hori horrela, mendeetan zehar, talaiak mantentzeaz, hobetzeaz eta kudeatzeaz arduratu behar izan zuten horiek. Adibidez, Ogoñokoaz Ibarrangeluko elizatea.

Beste batzuetan, herri bakoitzeko itsasgizonen kofradiak arduratzen ziren instalazio horiek kudeatzeaz. Mundakako talaia, adibidez, kofradiak kudeatzen zuen.

Azkenik, ez kontseiluek ez eta kofradiek ere kudeatzen ez zituzten talaiak ere agertzen dira dokumentuetan. Adibidez, Izaro uhartekoa (Bermeo); frantziskotar komunitateko komentu bat zegoen uhartean, eta horiek arduratzen ziren talaiaz. Matxitxakoko talaia (Bermeo), berriz, Bizkaiko Jaurerriko Itsasontzien Ikuskaritza Zerbitzuak zaindu eta administratu zuen XIX. mendean zehar.

XVI. eta XVIII. mendean artean, tokiko arrantzaleen beharrak asetzeaz gainera, talaiak funtsezko azpiegitura izan ziren euskal kostaldeko portuetako merkataritza-zirkulazioa kudeatzeko. Egia da Bilboko portuak biltzen zuela nazioarteko zirkulazioaren zatirik handiena Bizkaian, baina, halere, Bizkaiko portu txiki gehienek zirkulazio horren zati bat mantentzen zuten, jakien inportazioei eta burdinoletako burdina-lanei esker. Horietan guztietan behar zen talaien laguntza, atoia behar zuten merkataritza-ontziak ikusteko. Zerbitzu hori ordainezina zen garai hartako itsasontzientzat, horien maniobrak motelak eta pisuak zirelako, eta, batez ere, itsas korronteen eta haizeen mende zeudelako. Horiek ekiditeko, arraun-ontzi txiki esperientziadunen laguntza behar zuten, gai baitziren ontzi handien itsasbidea kontrolatzeko horien itsasketako une larrienetako batean: hain zuzen ere, segurtasunez porturatzeko unean, normalean uharriz, baxuz eta bestelako arriskuz beteta egn ohi ziren kostaldeetan.

XIX. mendetik aurrera, lurrunezko motorrei eta barne-errekuntzako motorrei esker helize-propultsioa ezarri zenean, eskifaiek hobe kontrolatzen zituzten beren ontziak, eta, bestalde, merkataritza-zirkulazioa, Bizkaian, Bilboko portuan bildu zen ia erabat; bi arrazoi horiengatik, talaiek lehenago izandako merkataritza-funtzioa galdu zuten. Nola ez, talaiak eta seinero-postuak behar izaten jarraitu zuten arrantzaleek, baina, apurka, behaketa- eta komunikazio-instalazio horiek garrantzi gero eta txikiagoa izan zuten honako arrazoi hauek zirela eta: merkataritza-ontziekin gertatu zen eran, bela- eta arraun-propultsioaren ordezkapena, kostaldean itsasargi-sistema ezarri izana, telekomunikazioen garapena, eta azken batean, arrantza- eta nabigazio-prozeduren teknifikazioa eta modernizazioa. Horrela apurka-apurka, talaiak eta seinero-postuak erabiltzeari utzi zioten, eta, XX. mendearen erdialdera, bertan behera utzi zituzten azpiegitura horietako azkenak.

Ogoñoko lurmuturra Eako talaiatik.
Ogoñoko lurmuturra Eako talaiatik.

Funtzioak

Talaien eta seinero-postuen goieneko unean oso garrantzitsuak izan ziren euskal kostaldeko itsas ekonomiarako. Horietako batzuek funtzio bakar bat betetzen zuten. Beste batzuek, aldiz, zenbait funtzio betetzen zituzten eta zenbait zerbitzu ematen zioten talaia eta seinero-postua bera mantentzen zuen komunitateari edo korporazioari.

Gehiago edo gutxiago erabilia izatearen arabera, mende gehiagotan edo gutxiagotan iraun zuen talaia edo seinero-postu bakoitzak.

Lehenik eta behin, nabigazioan laguntzeko funtzioa betetzen zuten talaiek, portuko bertako itsasontziei zegokienez batez ere. Seinero-postuekin batera egin zuten lan hori. Portuetako bokaleetatik gertu jarri ohi ziren azken horiek, eta horien zeregin nagusia zen itsasontziak gidatzea portuetara sartzeko eta horietatik irteteko maniobra arriskutsuetan. Maniobra horiek are eta zailagoak ziren ibai-ahoetako portuetan. Horietan, gehienetan, sakonera eskasa egon ohi zen, estuarioen hondoan sedimentuak pilatzen zirelako, eta barra edo hondar-bankuak sortzen zirelako. Toki aproposak ziren portu horietako bakoitzera hurbiltzen ziren itsasontziak bertan enkailatu ez zitezen.

Askotan, talaiek berek betetzen zuten nabigazioan laguntzeko funtzioa; zeruertza behatzen zuten galernarik edo eguraldi-aldaketa zakarrik egongo ote zen aurreikusteko, bai eta kortsariorik edo gerra-ontzi etsairik ba ote zegoen jakiteko.

XX. mendeko lehengo hamarkadetan, telefono-zerbitzua jarri zen talaia modernoetan, Igeldoko meteorologia-behatokiak igorritako iragarpenak jasotzeko. Ondoren, informazio hori helarazten zitzaien seinale bidez itsasontziei talaietatik. Izan ere, euskal kostaldean sortzen diren bat-bateko galernen eraginez arrantzale ugari hil ziren mendeetan zehar.

Portua Elantxobeko Talaia Nagusitik, Ogoño lurmuturraren oinetan kokatuta.
Portua Elantxobeko Talaia Nagusitik, Ogoño
lurmuturraren oinetan kokatuta.

Bigarren, talaien funtzio ezagunena zen arrantzale-ontziak ohartaraztea arrain-sardak baldin bazeuden eta, batez ere, baleak baldin bazeuden. Bi kasu horietan, baina batez ere zetazeoak izanez gero, bizkor mugitzea funtsezkoa zen, bai horiek harrapatzeko, bai eta talaiatik baleak edo arrain sardak ikusitako puntura ahalik eta azkarren heltzeko ere.

Baleak harrapatzeari zegokionez, are eta garrantzitsuagoa zen bizkor ibiltzea, izan ere, alboko herrietako arrantzaleek eta, nola ez, talaiariek, aurrea har zezaketen arrain-sardak baino askoz ere ikusgarriagoak eta handiagoak ziren presa horiek ikusterakoan eta harrapatzerakoan. Zetazeoak zeuden bizkor jakinarazteak berebiziko garrantzia zeukan.

Hori ongi ulertzeko, kontuan hartu behar dugu, eskuratutako mozkinak harrapaketan parte hartutako itsasontzien artean banatzerakoan, kontuan hartzen zela bakoitzak zer ordenatan sartu zuen arpoia, eta banaketaren zati handi bat zetazeoari eutsi zion lehenengo itsasontziarentzat izan ohi dela.

Hirugarrenik, aurrekoarekin lotutako funtzio bat betetzen zuten talaiek: hau da, portu jakin batera iritsi nahi zuten itsasontziak, eta, horretarako atoian eraman behar zirenak, ikustea. Neurri jakin bateko itsasontzien zirkulazioa zuten portu guztiek eskaintzen zuten atoi-zerbitzua, eta garrantzi handiagokoa izan zen itsas propultsioa bela bidezkoa izan zen mende guztietan zehar. Belaontzi handienentzat, haizeaz gainera bestelako indar eragilerik ez zutenentzat, oso zailak eta arriskutsuak ziren porturatzeko eta portuetatik irteteko lanak eta maniobrak, batez ere, itsasoko baldintza txarrak zirenean. Baleen arrantzarekin gertatzen den eran, gertuko herrietako atoi-ontzi txikia lehian ibiltzen ziren beren kostaldera iritsi nahi zuten merkataritza-ontziak atoian eramateko, bai eta bestelako ontzi handi batzuk ere, hala nola arrantza-ontziak eta gerra-ontziak. Ontzi horietara lehenengo iristen zirenek eta horietako kapitainarekin harremanetan jartzen zirenek eskuratu ohi zuten hori atoian eramateko eskubidea, eta baldintzak adosten zituzten. Beraz, atoi-maniobretan ere funtsezkoa zen bizkortasuna, are eta gehiago kontuan hartuz gero portu jakin batera iritsitako ontzi bat atoian eramandakoek izango zutela hori berriz atoian eramateko eskubidea portu horretatik irteterakoan, portu horretako herritarrak izan, edo ez.

Laugarrenik, beste portu batzuetako merkataritza-zirkulazioa nolakoa zen jakitea ere bazen euren funtzioetariko bat. Mendeetan zehar, gure kostaldeko portu gehienek itsasontzi atzerritarren zirkulazio handia izan zuten. Gure kostaldera jotzen zuten elikagaiez beteta, bertako merkatuak erakartzen baitzituzten, zerealen, ardoaren edo, oinarrizko beste elikagai batzuen artean, olioaren uzta handiak ekoizteko oso desegokiak zirelako lurralde horiek. Itsasontzietatik saltzen ziren zuzenean salgaiak, eta, ondorioz, salmenta-prezioak aldatu egiten ziren portura iritsitako zerealen, lekaleen eta gatz kopuruaren arabera.

Mundakako bateria eta Santa Katalina Baseliza.
Mundakako bateria eta Santa Katalina
Baseliza.

Askotan, portu jakin batera iritsitako itsasontziek beren karga batere saldu gabe joaten ziren, toki berera itsasontzi ugari heldu izateak gehiegizko eskaintza eragiten zuelako, eta ondorioz, karga horien prezioak izugarri jaisten zirelako, salgaien jabeentzat batere errentagarri izan gabe. Merkatu-egoera berezi horiek beste negozio-aukera bat sortzen zuten talaien lan onaren mendeko itsasontzientzat: kapitainek arduratu behar izan zuten, beren armadoreen edo garraiatzen zuten kargaren jabeen aurrean zuten erantzukizuna zela eta, salmentarekin ahalik eta etekin handiena lortzeaz; horregatik, beren kargamentuaren zati bat, txalupetan edo beste itsasontzi txiki batzuetan, salgaiez asetutako portuetatik beste portu batzuetara bidaltzea erabakitzen zuten, okerrago hornitutako merkatuak, eta ondorioz, kargaren jabeentzat errentagarriago izango ziren prezioak ordaintzera behartutako merkatuak, aurkitzeko asmoz.

Kokapena

Nahitaezkoa zen kokapen egokia aukeratzea, talaiek eta seinero-postuek beren funtzioak behar bezala bete ahal izateko. Talaia baten kokapen optimoak honako baldintza hauek bete behar zituen:

1) Ikus-eremu zabala, kostaldeko portuen bokale gehienak ikusi ahal izateko, eta, ahal izanez gero, baita gertuko herrietako talaien seinaleak ere.

2) Ahal zen neurrian, bertatik igorritako seinaleak gainerako tailetatik ikustea ekiditea, edo, gutxienez, gertuko herrietako portuetatik.

3) Seinaleak ahalik eta bizkorren igorri ahal izatea bere herrira.

Bistakoa denez, oso zaila da, ezinezkoa ia, talaia batek baldintza horiek guztiak betetzea, baina, beti kokatu zituzten ahalik eta toki hoberenean inguruko ezaugarri geografikoak aintzat hartuz gero. Nola ez, talaia batzuek beste batzuek baino hobeto betetzen zituzten baldintza horiek, portuaren inguruko ezaugarri geomorfologikoen arabera, edo kokapen geografikoaren arabera. Edonola ere, ahal zen neurrian baldintza horiek betetzeko helburuz, zenbait talaiaz eta seinero-postuez osotutako sistemak eraiki zituzten herri gehienek, eta horietako bakoitzak funtzio espezifiko bat betetzen zuen, "ikustea eta ikusia ez izatea" helburu orokorra bete ahal izateko guztien artean.

Beste batzuetan, beren portuetako jarduera ekonomikoak sustatzeko sustatzeko, euskal kostaldeko herriek talaia-sistemak diseinatu zituzten ahalik eta informazio gehien biltzeko eta inguruko herriek informazio hori baliatzea ekiditeko. Bermeok, adibidez, talaia-instalazioen sare bat zeukan, ezaugarri horiek betetzen zituena, eta Matxitxakon, Izaron, Talaian (Talea) eta Talagutxian zeuden instalazio horiek. Horietatik lehenengoak, Matxitxakoko lurmuturrekoak, ikus-eremu pribilegiatua zeukan euskal kostalde osoko talaia guztien artean. Bertatik, Kantabriaren eta Higer lurmuturraren arteko portu guztietako bokaleak ikus zitezkeen. Era berean, Matxitxakoko lurmuturrak Ogoñoko talaiaren ikus-eremua mugatzen zuen mendebaldetik; Ogoñoko talaia Ibarrangelukoa zen, eta bertako herritarrak lehian aritzen ziren bermeotarrekin euskal kostaldeko zati horretako arrantza, baleak eta itsas zirkulazioa kontrolatzeko. Ogoñoko talaiaren ikus-eremua mugatzeak abantaila handia ematen zien bermeotarrei, eta, era berean, Ogoñotik ekialdera itsasoan zer gertatzen zen jakin zezaketen unean-unean Izaro uharteko talaia-portuari esker. Matxitxakon eta Izaron bildutako informazioa Bermeoko portura helarazten zen Talaiako –egungo Talea auzoan zegoen- eta Talagutxiko talaietatik –herri bereko portuaren gainean zegoen-. Bi talaia horien seinaleak, gainera, ezin ziren ikusi Mundaka herritik, eta herri horretako talaiariek igorritakoak, berriz, Izarotik ikus zitezkeen.

Eako Talako ermita.
Eako Talako ermita.

Beren kokapen geografikoa zela eta, ikus-eremu handirik ez zuten herriek, edo ondoko portu boteretsu baten lehiaren mende zeudenek, beren bizilagun indartsuetatik igorritako berriak "zelatatu" ahal izateko moduko tokietan jartzen zituzten talaiak, eta, era berean, berenak ezkutatzen zituzten haien ikus-eremutik. Horrelakoxea zen, adibidez, Eako Talako ermitako talaia; bertatik, Ogoñoko talaiatik (Ibarrangelu) igorritako seinaleak ikusten ziren, hobeto edo okerrago, baina bigarren horrek, berriz, ezin zituen lehenaren seinaleak ikusi.

Tipologia eta eraikuntza-ezaugarriak

Eraikuntzari dagokionez, mota askotako eraikuntza zeuden talaia-sare batean, azpiegitura horiek bilakaera historiko konplexua eta luzea izan baitzuten.

Talaiek egun dituzten eraikuntza-ezaugarriak aztertuz gero, zer bilakaera izan zuten suma dezakegu; hasierako kostaldeko puntu garai xumeetatik hasi (ikus-eremu zabala izaten zuten), eta XX. mendean eraikitako hormigoizko eraikin handietara arte (itsasoko behatoki gisa erabiltzen ziren). Hori horrela, talaia lekuen tipologia interesgarri bat ezar dezakegu horien eraikuntza-ezaugarrietan oinarrituta. Gaingiroki, lau taldetan bana daitezke.

1) Talaia gisa erabiltzen ziren naturako goraguneak.
Harkaitz-muturrak eta bestelako elementu geomorfologikoak dira, talaia gisa erabili direnak. Talaia naturalak dira, eta ez dute ia hobekuntzarik behar eman zaizkien funtzioak betetzeko. Adibidez, Ogoñoko talaia (Ibarrangelu) eta Mundakako Talea (Mundaka).

Mutur eta goragune horietako batzuk egokituta daude beren funtzioa hobeki betetzeko.

Mota horretako talaia naturaletan egin ohi zen egokitzapen arruntenetakoa zen talaiariak babesteko eraikuntzak egitea horietatik gertu. Normalean, eraikuntza suntsikorrak ziren, esate baterako zurezko etxolak edo estalpeak. Egun, ia ez da etxola horien arrastorik ikusten, zimendatzearen arrastoren bat ez bada.

Talaia baten irudikapena, XIX. mendean.
Talaia baten irudikapena,
XIX. mendean.

2) Beste eraikuntza batzuen erabilera talaia funtziotarako. Talaia jartzeko oso azpiegitura sinplea behar zen. Horregatik, mendeetan zehar, beste azpiegitura batzuk (baserri-etxeak, tenpluak eta gotorlekuak) erabili izan ziren talaiarien betebeharrak asetzeko; batez ere, eguraldi txarretatik babesteko beharra zegoen. Ez da erraza jakitea ea toki horiek talaia gisa erabiltzen ziren azpiegitura horiek eraiki baino lehen, edo eraikuntza horiek aurretik zeudela-eta erabaki ote zuten toki horiek talaia gisa erabiltzea, eraikuntzek talaiarien lanak erraz zitzaketelako edo beste arrazoi batzuengatik.

Baliteke inguruan azpiegiturak eta eraikuntzak jarri baino lehenagotik erabiltzea espazio jakin batzuk, eta ondoren eman izatea talaia-funtzioren bat. Halere, talaia-funtzioak betetzeko baliatutako eraikuntzei dagokionez, eraikin erlijiosoak erabili ziren batez ere. Adibidez: Izaro komentua eta Talaiako Santa Maria (Bermeo), Talako Ermitea (Ea) eta Santa Katalina (Mundaka).

Baina zein funtzio izan lehenago, erlijiosoa edo itsasoa behatzekoa? Seguruenez talaiak zeuden leku horietan, ondoan eraikin erlijiosoak eraiki baino lehenagotik. Hori ondorioztatzen da Bermeoko parrokia zaharraren izenetik: Talaiko Santa Maria, 1310ean aipatua.

Mundakako Santa Katalinako talaia, gune erlijiosoa baino lehenago, talaia izan zitekeen.

Ziurrenik, toki horiek espazio sakratutzat joko ziren talaia gisa erabiltzen hasi eta beranduago. Zenbait arrazoi egon daitezke toki horiek gurtza-toki bihurtzeko. Lehenik eta behin, esan daiteke espazio jakin bat sakratu egiteko elementu sakraturen bat jartzen zela bertan, itsasoko langileentzat erreferentzia izan zedin. Bigarrenik, talaia-funtzioei behar bezala eta merke arreta emateko, oso eraginkorra zen eraikin erlijiosoa eraikitzea, baseliza gehienetan. Hain zuzen ere, badakigu eraikin erlijiosoa gertu zeukaten talaietako askotan tenplu horietako lekaideek egiten zutela lan. Adibidez, Izaron, bertako komentuko komunitate erlijiosoko kideek betetzen zituzten talaiari-funtzioak.

Tokiko arrantzaleen eta marinelen debozioa izango litzateke talaien lurrak eta instalazioak sakratu egiteko hirugarren eta azken arrazoia. Itsasgizonek ingurune ezengokorrean eta arriskutsuan irabazi behar izan zuten beren bizimodua mendeetan zehar, eta beti bilatu izan dute Ama Birjinaren eta zenbait santuren babesa; horiek, hainbat arrazoi direla eta, debozio handia piztu dute itsasgizonengan.

Talaiak eta seinero-postuak oso lotuta zeuden marinelen segurtasunarekin eta ongizatearekin; beraz, ez da harritzekoa horietako asko sakratu egin izatea, horien babes-eragina handiagotzeko.

Matxitxakoko talaia.
Matxitxakoko talaia.

3) Otoitz egiteko eta talaia-funtzioetarako espazioak biltzen zituzten tenpluak.
Beren inguruan eraikin erlijiosoa duten talaiekin lotuta daude hauek. Barruti berean biltzen ziren kulturako zati bat eta talaia-funtzioetarako beste bat. Honen adibide bat Eako Talako ermita da. Baseliza xumea da. Bere oinetan, sarreraz gain, talaia-funtzioak betetzen dituen eliz ataria du. Eliz ataria behatoki xumea da eta talaiariari babesa ematen dio. Eliz ataria iparralderantz irekitzen da eta kartela dauka eguraldi txarretik babesteko. Babes-helburu berarekin, mendebaldeko horma itsua da. Barnealdean harrizko eserlekuak dauzka otoitz-gunera sartzeko atearen bi alboetan, bai talaiaria esertzeko, bai eta baselizara bertaratzen ziren fededunak esertzeko ere.

4) Fabrika-tailak.
Taila askotan eraikuntza jakin batzuk jarri ziren espezifikoki eta soilik talaia-funtzioak betetzeko. Eraikuntza horiek hiru multzotan bana daitezke, oro har: dorre zirkularraren formak talaiak, alboan talaiariaren etxola dutenak; balkoi formako talaiak, alboan talaiariaren etxola dutenak; eta talaia-funtzioetarako eta talaiariari babesa emateko espazioak biltzen dituzten eraikinak.

Dorre zirkularraren formako talaiak izango dira, eraikuntza-mota horien artean zaharrenak.

Dorre batzuetan labe edo sutegi txikiak egoten ziren, ke-seinaleak igorri ahal izateko, edo eta kanpaiak, seinale akustikoak igortzeko. Dorrearen alboan, batzuetan dorrearen aurka jarrita, etxola bat egon ohi zen talaiaria babesteko. Era berean, hasieran zurezko azpiegitura xumeak ziren, baina aurrerago –XIX. mendean zehar, gehienean- kare eta harriz egindakoak jarri ziren horien ordez.

XIX. mendean zehar, zenbait eraikin egin ziren, behaketarako espazioa eta talaiarien gela biltzen zituztenak. Hasiera batean, karez eta harriz egindako eraikuntza xumeak ziren, leihate handiak zituztenak itsasoari begira; XX. mendean, eraikin horiekin

eraikuntza-ezaugarriak hobetu egin ziren apur bat, benetako behatokien antza emateko asmoz. Horrelakoa da Matxitxakoko Talaia (Bermeo).

Bestalde, aztarna faltagatik, ezin sailka daitezkeen beste bi talaia hauek ere izan ziren: Talagutxia (Matxitxako auzoa, Bermeo) eta Talaia Nagusia (Hirigune Historikoa, Elantxobe).

Amaitzeko esan Xabier Alberdi eta Jesus Manuel Perez egileen Itsasoari So. Euskal Herriko Talaiak eta Seinero-postuak liburuan askoz ere informazio gehiago biltzen dela Bizkaiko gainontzeko zein Gipuzkoako talaia eta seinero-postuen inguruan. Beraz, jarduera horren inguruan gehiago jakin nahi izanez gero ezinbesteko erreferentzia izango duzue.

Urdaibaiko Galtzagorriak © 2017. Kontaktatu gurekin: galtzagorriak@urdaibai.org

Babesleak: Eusko Jaurlaritza, Gernika-Lumoko Udala eta Urdaibai Biosfera Erreserba.