Gauzak aldatzera zihoazela sustraitukako eraikuntza-forma neoklasikoek jasotako lehen abisua 1856koa da, eraikin paregabea agertu zenean, Arteagako gaztelua hain zuzen ere. Urte horietan Bigarren Inperioko estiloari forma ematen ari zitzaien joera arkitektoniko erromantiko historizisten adibide egokia da eta hemen bere alderdi neomediebalena erakutsi zuen. (informazio gehiagorako www.urdaibai.org/arkitektura militarra/dorretxeak).
Sarri nahasten diren forma eklektikoek eta revivalistek, behin onartu eta gero, aztarna sakona utzi zuten eskualdean. Horretan bi faktorek eragina izan zuten. Alde batetik, XIX. mendean, Urdabaiko itsasadarraren ezkerreko ertza uda igarotzeko gunea bihurtzea. Bilboko burgesiako sektore batek bere hondartza zabal eta lasaietan urtaro horretan atseden-gune ezinhobea aurkitu zuenez nortasun desberdineko txaletak eta mantsioak laster agertzen hasi ziren, momentu hortako joerak zein ziren argi zituztelarik gehienetan.
Bestalde, industrializazio-prozesua, gehien bat Bilboko itsasadarrean oinarrituta egon bazen ere, eskualdeko zenbait gunetan ere –batez ere Gernika-Lumon eta Bermeon- izan zuen eragina, bertoko familia-talde txiki batek haren onura jaso zuelarik. Hauek, euren egoitzei euren posizioa adieraziko zuketen nortasuna eman nahi izan zietenez, joera revivalistak berehala onartu zituzten.
Hasiera batean, eta berezko inspirazio-eredurik gabe, arkitektuek eta bere bezeroek, inportatutako tipologia batzuk kopiatu zituzten, batez ere Frantziako hotel neobarrokoak. Talde honetan Catarro Etxea eta Arriaga Etxea (Gernika-Lumo), eta Larrinaga Jauregia (Goikokale 39, Mundaka) leudeke. Bigarren Inperioaren estiloko hotels-ekin duten lotura, besteak beste, teilatuan beha daiteke, arbelez egindakoa baita eta oso inklinazio handia baitu.
Baina ia berehala agertu ziren tokiko desberdintasunak neopopulismoan. Proiektuak ez ziren oinarritzen hainbeste Europako akademietatik inportaturiko diseinuetan; aitzitik, eskualdeko arkitektura landuaren edo herri-arkitekturaren eraikuntza-elementuak baloratu eta deskubritu nahi zuen landa-ikerketan oinarritu ziren. Badirudi, ikuspuntu kronoligotik revivalismo historizistak lehenak izan zirela. Batzuetan, erdiarokoa bilatu nahi zen Torre Zurin bezala, besteetan, ordea, erabat barrokoa zena Unzeta jauregian bezala, biak Gernika-Lumon. Neopopulismoen artean ondoko adibideak aipa daitezke: Caballero Etxea, Matilde Etxea eta Palmira Etxea (Busturia); Eguzki Jaia Etxea (Ea); Maria Ibarraranen txaleta (Bermeo) edota Monasterio Etxea (Arrieta).
Arkitektura neoeuskaldunak, noski, baserriaren irudia imitatu nahi zuen. Ondorioz, ondoko ezaugarriak dituzten mantsioak eraiki ziren: teilatua bi uretara itxitako mantsioa, behe-solairua irekia erdiko edo hegaleko etartearekin, egoitza-solairuan balkoi handi luzeak, gehienetan burdinsare barrokodunekin, hastialak itxita ditu oholezko armazoi faltsuz eta baita betetako adreilu trinko faltsuz ere, usategiko baoak hiruki-formakoak... Dauden adibide ugariren artean hauek aipa daitezke: Felisa Etxea (Elexalde, Ibarrangelu); Txorrokopunta 1, Aldatz Erdi, Raimundo Abaroa 14, eta La Atalaya Hotela, Itxaropena 1, (Mundaka); Gautegiz Arteagako 56 zbkia; beranduagoko Aitz Gane –1948- (Busturia); Galdiz txaleta (Ea); eta izpiritu erromantikoa duten Toña Etxea eta Argentina Etxea (Gernika-Lumo).
Bere aldetik, neomenditarrak Cantabriako etxe tzarraren ezaugarriak berreskuratzen ditu. Bolumen kubikoa du eta aldamenean dorre angeluarra jartzen zaio, nahiz eta ia beti estilo klasizistako edo barrokoko elementuak, ohikoena, gehitzen zaizkion. Izan ere, eraikuntza hauek revivalismo landuen barruan ere sar litezke. Ondoko txaletetan estilo neomenditarrak eragin arina izan du: Madariaga, Elizgane eta Ezenarro (Gernika-Lumo); Etxe Aundi, Kale Nagusia 25, (Ea); Ibaialde, Txorrokopunta 6, eta Amaia Enea, Goikokale 2, (Mundaka).
1930etik aurrera arkitekturako ikusmolde dekoratibistak baztertzen hasi ziren. Eraikineei berez duten balio konstruktibista itzuli nahi zitzaien. Eraikinen edertasuna bolumenen zehaztasun argian eta berezko loturan, lerroen garbitasunean, masen jokoan eta material berrien kontrastean oinarritu gura zen. Fatxadek, eraikinaren barne-egitura zein zen berehala salatu behar zuten, azaleko apaindurekin ezkutatu gabe. Era berean, barneko guneak ahalik eta gehien aprobetxatzeko asmoa zegoen. Izan ere, zenbat eta erabilgarriagoa izan, hainbat eta garrantzi handiagoa izango du egindako lanak. Azken finean, arrazionalismoa zen.
Ikuspegi berri honek garrantzi bereziko ale batzuk sortu zituen eskualdean, eta batez ere Sukarrietan, Yako familiaren urbanizazioarekin, eta Bermeon, Kikumbera eraikinarekin. Azken eraikin hau, seguruenez, Bizkaiko lehen eraikin arrazionalista izan zen. Kikumbera, Fernando Arzadun Ibarraranek, 1930ean, proiektatutakoa alegia. "Itsasontzi-etxe" honetan, mastak, talaia, gelen bizkarra, errotonda, etabar ikus daitezke. Aizpurua eta Labayenek, urte bete lehenago, Donostiako klub nautikoan erabilitako irizpideak ondo biltzen ditu.
Baina, Kikumbera ez zen partikular baten enkarguz egin, Arzadunek bere familiarentzako eraiki zuen. Honek erakusten du, hasiera batean, estilo-mota hau ez zegoela oso onartuta. Onartuago zegoen industrian eta zerbitzuetan. Partikularren mantsioak eraikitzeko ordurarteko estilorik ezagunenak erabiltzen ziren, nobleziarekin eta dotorezia arkitektonikoarekin gehiago lotzen zutelako euren burua. Arrazionalismoa, berriz, lantegietara, Ormaza S.A. (Bermeo) –Pedro Ispizua bermeotarrak 1945ean diseintautakoa-, edo eraikin gutxi gorabehera publikoetara, Batzokia (Bermeo) eta aurrezki kutxaren koloniarekin (Sukarrieta), mugatzen zen.
Beste alde batetik, gerraosteak joera garbizale hauekiko lotura etetea ekarri zuen. Potere berriaren oinarri errotuenak iraganean bilatu zituenez, desagertzear zegoen revivalismoa berriz hasi zen balioa hartzen. Regiones Desvastadas erakundeak egindako eraberritzeek argi utzi zuten nondik norakoa izan behar zuen jarraitu beharreko bide arkitektonikoa. Horregatik, bertoko arkitektoek bide berri horri heldu behar izan zioten. Gernika-Lumoko Foruen enparantza klasizista, Artekale kalean zehar luzatu zena, etapa honetako adibiderik egokiena da inolako zalantzarik gabe.
Busturialdean badaude garrantzi txikiagoko beste eraikin garaikide batzuk, Gaztelu Zarra eraikina (Zelaieta, Gautegiz Arteaga) esaterako. Altxatu zeneko data ezezaguna da.
Urdaibaiko Galtzagorriak © 2017. Kontaktatu gurekin: galtzagorriak@urdaibai.org
Babesleak: Eusko Jaurlaritza, Gernika-Lumoko Udala eta Urdaibai Biosfera Erreserba.