XV. mendearen amaierako eta XVI. hasierako baserri-etxe ugarik gaur egunera arte iraun dute, baina horietako gutxi dira jatorrizko itxura erakusten dutenak. Denak handitu, eraldatu edo hobetu dira; halere, bao zorrotzak edo puntu erdiko arkuak izateak, kasu guztietan, garai honetan datatzea baimentzen digu.
Gaur egungo baserri-etxeen ereduarekin ia erabat datozen etxebizitzak dira beti. Exentu daude lau angeluko oinean, eta sakontasunean garapen handiagoa dute fatxada nagusian baino. Bere barne-eskeletoa haritz-egurrez egindako zutabe lodiekin eraikita dago. Zutabeok landu gabeko pilare-harrien gainean jarrita daude eta azken horiek arrokaren gainean daude, inolako zimentaziorik gabe. Zutabeen artean goiko solairua eusten duten habe horizontalak ezartzen dira; agian, haberik ikusgarriena ataripea zehazten duen inprenta da. Egitura osoa kanpotik hormarekin jantzita dago. Atzealdekoa, iparreko haizeari aurre egiten diona, lodiagoa eta sendoagoa da; alboko hormak sarritan lehen solairuraino bakarrik heltzen dira, eta bere gainetik harriz edo oholtzaz betetako egur-zurtoinez ixten da. Fatxada nagusia hiru gorputz simetrikoki banatuetan bereizita ageri da; zatiketa hori lau zutabe bertikalek zehazten dute: bi hegaletakoak eta beste bi ataripearen alde banatara daudenak, soliben eta zubi horizontalen bidez egituratzen direlarik. Alboko gorputzetan behe-solairua badirudi aurreratu egiten dela, atariaren aldamenean dauden harrizko bi hormatalek zutabeei aurre hartzen dietelako, aipaturiko zutabeak estalita egoten direlarik. Goi-solairu osoa armazoiaren klabikulan jositako ohol bertikalez itxita egotea ohikoena da. Horrela, aurrealdea erabat hermetikoa du, paneletan ebakitako bao ñimiño batzuk izan ezik. Baoek edo huts-guneek oso marketeria-lan ona erakusten dute. Ganbarak hegal txikia izaten du besoetan euskarrituta.
Antzinako baserri-etxe hauetako gehienek eraldaketak pairatu badituzte ere, gehienetan bao berriak zabaltzeko eta egurrezko itxiturak ordezkatzeko asmoarekin, oraindik orain sarritan jatorrizko sarbideak edo leihoak aurkitu ahal izango ditugu eraikinotan. Ohikoena, kortaren alboetan edo atzeko horman aurkitzea da, agian jabeak baserri-etxearen alde horri arreta gutxiago eskaini diolako eta beraz gutxiago ukitu duelako. Zehatz-mehatz ondoko eraikinen arku zorrotzen (edo kasu batzuetan dobela zabaleko zirkuluerdikoak) aipua egitea merezi du: Axerreta Bekoa eta Urrieldu Erdikoa (Gorozika), eta Arteta (San Roman), Muxikan; Meaurio eta Bekoetxe (Kanala, Gautegiz Arteaga); Aiua (Ea); Gezuriaga (Nabarniz); Beaskoetxe, Andikoetxe eta Olakoa (Oma, Kortezubi); Andikoetxe eta Etxeandia (Gametxo, Ibarrangelu); Ugarene, Apraiz Barrengoa (San Kristobal), eta Musategi (San Bartolome), Busturian. Beste kasu batzuetan lehioak bakarrik kontserbatzen dira: Arteta (Besangiz, Muxika); Etxebarri (Lamikiz, Mendata); Biesko (Elexalde, Forua); Olarreta (San Kristobal, Busturia) eta Dolaretxe (Belendiz, Arratzu).
Gerrikagoiti baserri-etxean (Gerrika, Munitibar-Arbatzegi-Gerrikaitz), oraindik orain leiho geminatua aurki daiteke goiko solairuaren ekialdeko aldean. Mendatan Sagargaztek (Mendata-Uri) Errege Katolikoak zutabe tortsoa dauka, iltzeekin apainduta, ataripeko inprenta eusten duelarik, eta Ororoaurrek (Ororoa), bere hegaleko harlandu batean seguruenez jatorri gotikodun arrapala-lehoiaren irudia duen armarri txikia du.
Eraikinaren etxebizitzak bere jabearen aldetik betidanik zaintza berezia izan du eta horregatik unean uneko moden eta estiloen araberako aldaketa gehien jasan duen atala izan da, batez ere XVIII. gizaldian eta gutxiago XIX.ean. Hori dela eta, bi kasutan bakarrik kontserbatu da jatorrizko sarbide nagusia, ataripearen hondoan arku gotikoduna alegia, eta horietako batean, gaur egun, ia ezagutezina da. Hauexek dira: Tribis (Artika, Bermeo) eta Gaizko (Belendiz, Arratzu) eta beste lautan bakarrik errespetatu edo berrerabili dira leihoak, maiz konopialak, XVI. mendearen hastapeneko egoitza-estetikari dagokion legez: Urtza Goikoa (Merika), Gezuriaga (Nabarniz); Meaurio (Kanala, Gautegiz Arteaga) eta Undagoiti (Unda, Muxika).
Unda auzoa, Muxikako udalerrian, bertako herri-etxebizitzen kalitatean oinarrituta oso leku pribilegiatua da. Historiako une desberdinetan eraikitakoak dira eta ezaugarri komunak dituzte: amaiera zoragarria, materialen noblezia, egiturako eta apaindurako elementuen balio estetikoa. Bertan, Undajauregi eta, metro gutxira, Undagoiti, baserri-etxeak dauzkagu, Busturialdean XVI. mendean eraikitako landa-eraikuntza panoramako adibiderik erakargarrienetarikoak duda barik.
Ez du inolako zentzurik baserri-etxe gotiko eta errenazentisten artean bereizketarik egitea, biek antzeko egiturak baitituzte. Halere, arkuaren eboluzio estilistikoan oinarrituta (arku zorrotz erdizirkularra sortuko baita) desberdintasunak egon daitezke. XVI. mendearen bigarren herenean eraikitako baserri-etxe batek ere ez du gaur egunera arte gorde sarbide nagusia; atzekoa edo albokoa bakarrik Atarren (Elexalde) eta Madozena –gaur egun Zabal-Etxebarri- (Uribarri-Zabaleta) (Nabarniz), eta Etxebarri eta Beiti (Lamikiz, Mendata) baserri-etxeetan kontserbatu da. Anduitza Atzeko (Aingerutxu, Ea) baserri-etxeak ez du kontserbatu.
Halere, badirudi zorte hobea izan duela fatxadetako egurrezko-itxiturak, Muxikako Beitixe (Burdarias) baserri-etxeetako ganbarako hegalak eta Jauregizar Atzeko (Urberuaga, Foru) baserri-etxearen alboko fatxada osoa kontserbatu baitira. Albiz baserri-etxeko (Albiz, Mendata) zutabearen kapitelean inskribatutako armarri heraldiko errenazentista kasu berezia da.
Garai berekoa dela pentsa liteke Mendeletxa baserri-etxea (San Bartolome, Busturia), baina hala ere, orain arte deskribatu dugun ereduarekin zerikusi gutxi dauka. Goiko solairuko fatxada nagusia markoztatzen duten ezproi zintzilikatuak aipatzekoak dira, eskualdeko landa-etxebizitzatan ez baitira batere ohikoak ikustea, baina garai honetan mendi kantabriarrean zein zenbait hiriguneetan hedatzen diren bezalakoak dira. Beheko solairua, atari sakonekoa, harlanduan, eta goikoak, armazoi zarpiatuan, eginda daude. Baditu, gutxienez, jatorrizko lau bao, bi konopialak eta beste bi dinteldunak, denak XVI. mendearen lehen zatikoak, baina multzoa, esan denez, ez da oso ohikoa Busturialdean.
Horrelako egitura duten baserri-etxeen beste adibide batzuk ondokoak dira: Beaskoetxe (Lumoko San Pedro) eta Geurie (Amilla), Gernika-Lumon, eta Aldaola baserri-etxea (Berreño-Aldaka, Munitibar-Arbatzegi-Gerrikaitz).
Bestalde, Uriarte baserri-etxeko (Isla Bekoa, Gautegiz Arteaga) armarria oso interesgarria da.
Urdaibaiko Galtzagorriak © 2017. Kontaktatu gurekin: galtzagorriak@urdaibai.org
Babesleak: Eusko Jaurlaritza, Gernika-Lumoko Udala eta Urdaibai Biosfera Erreserba.