Busturialdeko baserri-etxeak bizkaitar deituriko taldean sailkatzen dira. Baserri-etxe hauek luzekako hiru habearte izan ohi dituzte eta egitura petralez egindako armadurari eusten dioten hargintzako fabrikarik gabeko pieza bakarreko pilare askeekin egindakoa da. Mota honetako etxeen ezaugarri bereizleetakoa da estalkiko petralak beren artean tiranteen lerrokatze lodiaren bidez lotuta agertzea, kontrapetralen azpian zepoz segurtatuta.
Fatxada nagusiaren orientazioa batez ere eguzkiaren eta topografiaren araberakoa izaten da, eta ez gizartearen edo ekonomiaren inguruko alderdien araberakoa. Baserri-etxeetan bizi direnek ahalik eta eguzki-ordu gehien izan gura dituzte eguneko, berotzeko eta beharrak eguzkiaren argi onarekin egin ahal izateko.
Garautegiak, lehenengo oinean, fatxadaren erdialdean, egon ohi denak, protagonismo handia izaten du eta gehienetan aurrealdean zentratutako ataripea izaten du. Fatxadaren erdialdeko egitura egurrezkoa da eta atzeraemana izaten da, harrizkoak izaten diren alboekin erkatuz. Baserri-etxerik landuenen kasuan, zeharkako suhesi gisako horma izaten da. Horiek lau arku ere izan ditzakete, abereen askak bertan jartzeko. Mehelin hori, gizakiak eta animaliak bereizten dituena alegia, izan da historian zehar Bizkaiko etxe onenetakoen elementurik iraunkorrenetakoa. Egitura horrek suteetatik babesteaz gain, espazioa higiene handiagorekin eta zentzuz antolatzea ahalbidetzen zuen. Oinak simetrikoak izaten ziren gehienetan eta etxebizitza iraunkorraren eremua beheko oinaren aurreko aldera mugatu ohi zen. Hala ere, noiz edo noiz udako logela moduan erabiltzen ziren fatxada nagusiko alboetara begira zeuden goiko oinak. Horiek ospearen adierazgarri izaten ziren, familiak horretarako baliabideak zituen neurrian, jakina.
Baserri-etxe mota hau, beraz eraikuntza trinko legez agertzen zen, ezaugarri beretsuko beste eraikuntza batzuetatik bereiztuta; gauzak honela, abelur jarduerarako beharrezkoak ziren elementu guztiak eraikin beraren inguruan biltzen ziren. Auzoko biztanleekin harremantzen da eta kasu askotan elkartasun-arau zorrotzetara mugatuta dago, baina harreman fisikorik eskatu gabe. Horregatik, baserri-etxea ez da sekula espezie bereko eraikinera lotzen.
Busturialdean, halere, aldi berean baserritar-familia bi baserri-etxe berean bizitzen ikus daitezkeen arren, gertaera hau ez doa aurreko baieztapenaren aurka. Izan ere, baserritarrarentzako etxebizitza ideala modulo bakuneko etxe isolatua da eta inork ez luke bere borondatez inorekin elkarbanatuko. Familia-leinu bi zapai berdinaren azpian bizi badira jabe nagusiari baserria alokatzearen ondorioz elkarrekin bizitzera derrigortuta daudelako da.
XVII. mendearen azken herenean Busturialdea osoan oso ohikoa da maiorazgoen landa-jabego zabala errentabilizatzeko asmoarekin, maiorazgoek sustaturiko baserri-etxe bikoitzak aurkitzea. Kanpotik ez dira etxebizitza bakarrekoenetatik bereizten, neurrietan izan ezik, handiagoak baitira; halere, barne-aldean, luzera osoan zama-horma sendoa dago eta etxebizitza bien arteko muga adierazten du.
Eskualde honetako baserri-etxearen ezaugarriak guztiz bat datoz bizkaitar motakoarekin, baina baditu inguruko eskualdeetako baserri-etxeetatik bereizten dituen xehetasun batzuk.
Laukizuzen oinplano sakonekoak dira, barrualdean ez dute patiorik eta bi edo hiru solairukoak gehi ganbaradunak izaten dira. Alde biko isurialdea ezin hobeto egokitzen da baldintza klimatikoetara eta ez dauka gehiegizko inklinaziorik (20º-40º); teilatuaren gailurra elkarzutik dago fatxada nagusiarekiko. Hegaldura aurrealdean nabarmentzen da balkoia edo galeria babesteko eta, kasu batzuetan, atzealdean alaka edo miru buztana agertzen da.
Zimentaziorik bakoak dira eta eraikina zein sasoikoa den kontuan izanik, egitura fatxadan zeharreko edo estalitako zurezko armadura batez euskarritzen da; baserri-etxe berrienetan, egitura harrizkoa izango da eta eraikinaren pisu gisa eraikina bera osatzen duen kuboak hartuko du.
Fatxada nagusian aurkitzen da eraikinerako sarbidea eta ataripe gisakoa izaten da; goialdean zurezko habea, hau da, imprenta dago, eta horren euskarritzat, baserri-etxea eraiki zen garaieran arabera zurezko paldoa edota kareharrizko zutabea du. Lehen solairuan, gela nagusietako baoak agertzen dira eta, baserri-etxe motaren arabera, oparotasun handiagoarekin edo txikiagoarekin. Kasu batzuetan, balkoi korritua zegoen eta goialdean ganbarako argizuloa. Alboetako eta atzealdeko fatxadak ez ziren oso interesgarriak baserri-etxe zehatz batzuetako elementu batzuk salbu. Gainerakoan, bilakaera eskasekoak ziren.
Eraikinaren barneko egiturari dagokionez, eskema berdintsua nabarmentzen da. Beheko solairuan, eskaratzea zegoen, fatxadaren ondoan eta sarrerako portaletik zuen sarbidea. Atzealdea, abereentzako korta eta nekazaritzarako tresna eta materialetarako biltegitzat erabiltzen zen. Eskaratzearen ondoan, lehen solairura igotzeko eskailerak zeuden; lehen solairuan, fatxadaren erdia hartuz, egongela kokatzen zen ataripearen goialdean. Eraikinaren kanpoaldean eta eraikinera itsatsita beste elementu batzuk izaten dira: labeak, dolareak, zorrotzarriak edo errota txikiak.
Historian zehar tokiko baserri-etxearen formen eboluzioaren sekuentzia gutxi aldentzen da inguruko eskualdeetako baserri-etxeetatik.
Bizkaia “nuklear” legez ezaguna den eremuaren baitan kokatutako Busturialdeko baserri-etxeen berezitasunak ezin dira elementu bakoitzaren azterketatik somatu; aitzitik, tipologia formal batzuen agerpena, aurrez erabakitako material batzuk erabiltzea eta ez beste batzuk, edota apainketa-praktika zehatz batzuk maiztasun handiagoz edo txikiagoz erabiltzea behatzen uzten duen taldearen ikuspuntutik egin behar da. Ez da ahaztu behar motak, ez materialak, ez apaindurak, ez direla eskualde honen bereizgarri edota ez direla eskualde honetan bakarrik erabiltzen.
Aurreko oharrak kontuan hartuta bakarrik egin daitezke ondoren datozen moduko baieztapenak: atarian edo etartean harlanduzko arkuak dituen baserri-etxeen azpimota oso ezaguna da Busturialdean. Gauza bera gertatzen da eraikuntzan erabilitako materialekin: egurra, harria eta adreilua. Azken honek, XVII. eta XVIII. mendeetan inguruko eskualdeetan izandako garrantzia ez zuen lortu hemen. Aldiz, beste eskualdeetan inoiz erabili ez den materiala erabiltzen da: Ereñoko eta Gautegiz Arteagako harrobietatik ateratako kareharri gorria, eta harrien edo egurrean egindako apaindura-tailua ohikoagoa da eta laboratuago dago inguruko eskualdeetan baino, Mungialdean salbu.
Xehetasun hauek baserri-etxearen heldutasunean eragina dute, euren bilakaera estilo barrokodun arkitekturarekin bat egiten duenean hain zuzen ere. Aurreko aleetan ezberdintasunak ez dira hain nabariak, eta erdi aroko herri-etxebizitzaraino atzerantz egiteko aukera balego pentsa daiteke eskualde mailako bereizketarik ezin izango litzatekeela egin.
Eraikin hauen bilakaera historikoaren arabera hiru taldetan multzoka ditzakegu:
Urdaibaiko Galtzagorriak © 2017. Kontaktatu gurekin: galtzagorriak@urdaibai.org
Babesleak: Eusko Jaurlaritza, Gernika-Lumoko Udala eta Urdaibai Biosfera Erreserba.