Baserri-etxeen eredu bera, zutabeekin egindako egitura orokorrekoa, XVII. mende osoan zehar iraungo du. Eraikuntza-tekniken inguruan eboluzio txikiak emango dira: horrela, adibidez, fatxada ixteko unean, horma zutabeen artean jarriko da, eta ez euren aurretik, zutabeak izkutatuz. Lehenengo eta bigarren solairuaren artean fatxadan sortzen zen maila desagertu egingo da, eta harria euskarri-funtzioa hartzen hasiko da. Hala ere, zenbait adibidetan, antzinakoenak seguruenez, behe horma aurrerago izaten jarraituko dute: Uribarren (Durikiz) eta Etxebarri (Garteiz), Ibarrangelun; Barrenengoa (Abaroa, Sukarrieta); Onaindi (Mendatauri, Mendata); Altamira (Ibarruri, Muxika); Bisko (Gabika, Ereño); Zierre (Oma) eta Enderika Aundi (Enderika), Kortezubin; Txertudi(Loiola) eta Mintegierdikoa (Uarka), Arratzun; Mendiolea (San Migel) eta Aldaola (Berreño-Aldaka), Munitibar-Arbatzegi-Gerrikaitzen; eta Elorreta (Jainko, Arrieta).
Garai honetan ere eredua hedatu egingo da. Orain arte ezin bagenuen esan baserritar gehienek ez zutela aukerarik aztertutako baserri-etxeetan bizitzeko eta soilik aberastutako baserritarrek izan zezaketela, sasoi honetatik aurrera zutabeak dituen baserri-etxea landa-mundu bizkaitarreko etxebizitza prototipikoa izango da. Tipologia honetako aurkikuntza-kopurua nabarmenki areagotzen da, tamaina handiko eraikin aberatsak zein apalagoak agertzen direlarik. Azken hauen ezaugarriak ondokoak lirateke: garapen bertikal txikiagoa, erabilitako materialak eta aparailuak pobreagoak, oinplano txikiagoa eta elementu arkitektoniko landurik ez. Baserri-etxe apalen ugaritasuna hain handia da, ezen mende amaieran herri-etxebizitzaren demokratizazioaren aldeko unean sartu garela esan dezakegula. Aipatutako garapena bat dator egoitza-arkitektura landuaren errekuperazioarekin, jauregi eta oinetxe tzar gehiago agertzen direlako.
Behingoz, baserri-etxe hauetako batzuk zehatz-mehatz datatu ahal izango dira, euren fatxadatan eraikuntza-data eta bere jabearen izena jartzeko ohitura hedatzen hasten baita. Horren adibide: Idoiaga (Bollar-Akorda, Ereño) (1682), Ozollo (Ozollo, Gautegiz Arteaga) (1694), Gardoi (Triñe, Forua) (1701) eta Akurio Erdikoa (Kanpantxu, Murueta) (1734).
Apurka-apurka oholtza bidezko itxiturak egiteko tradizioa bertan behera uzten dihoa. Horren ordez, ohikoena, harlangaitza erabiltzea izango bada ere, kasu batzuetan adreilua zein ola-zepa moduko material berriekin saiakerak egingo dira. Horren emaitza armazoi-egituradun fatxada zoragarriak dira, batzuetan koadrikula erregularizatu itzela dute, non ia bao barik hormatal zarpiatuak soliba-, zeharraga- eta zutoin-sistema konplexuarekin txandakatu egiten diren.
Tipologia honetako baserri-etxeen adibideak oso ugariak direnez esangarrien artean ondokoak aipa ditzakegu: Onaindi (Mendatauri), Solarren Bekoa (Solarren), Ororoetxe (Ororoa), Goskotxe (Zarra) eta Etxezarra (Lamikiz), Mendatan; Argiñene (Zelaieta), Bengoetxe (Arteaga Uria) eta Goitisolo (Isla Goikoa), Gautegiz Arteagan; Bidaurreta eta Intxuniz (Meakaur), Duo Goikoa eta Duo Bekoa (Flores), Barrengoetxe eta Leksorte (Lekerika) eta Leixartza (Morgakone), Morgan; Madalen (Madalen, Errigoiti); Pozueta Atzekoa (Pozueta), Mendiguren (Mendiguren), Pagai Goikoa (Agirre), Goiko (Ajuria), Muxikan; Martikone (Bollar), Zarragoiko (Akorda) eta Ziene (Zeeta), Ereñon; Olarta (Antzoras), Ibarra (Elexalde), Ibarrangelun; Agirrebekoa (Agirre, Mundaka); Longa (Natxitua), Zeleta eta Biarte (Aingerutxu), Mendiola Atzekoa, Mendiola Aurrekoa, Koskorrotza Erdikoa eta Koskorrotza Bekoa (Mendiola), Ean; Sagasta (Baldatika), Tolunburu, Azketa eta Gardoi (Triñe), Foruan; Ormaetxe, Aldekoa eta Mendigune, Nabarnizen; Enbeita eta Larruze Aurrekoa, Ajangizen; Zabaltxu eta Zabalerdi (Zabala), Miriategi (Loiola), Arestietagoikoa (Zubiate), Telletxe (Elizalde), Munduene eta Barroetabeko (Barroeta), eta Intxaurragazarra (Gorozika), Arratzun; Zierre (Oma), Barrutibasobeko (Barrutia), Garekabe (Elorriaga), Urriene (Enderika), Sakona (Terlegiz), Kurtziñe eta Rementería, Kortezubin; Oliene eta Ludoiene (San Bartolome) eta Arritxuzaga (nahiz eta 1880. urtean dataturiko zutabe sendoa izan) (Axpe), Busturian; eta Artiketxe (Artika, Bermeo); Barrenetxe, Etxebarri eta Ormetxe (Uriona), Astorki Bekoa eta Astorki Goikoa (Berreño) eta Larrinazarra (Totorika), Munitibar-Arbatzegi-Gerrikaitzen; Gerekatzekoetxea eta Gerekaetxebarria (Gereka, Arrieta); Arambarrene, Etxeandi (Arane), Mendiola (Zallo) eta Etxebarri (Zallo), Gernika-Lumon.
Urdaibaiko Galtzagorriak © 2017. Kontaktatu gurekin: galtzagorriak@urdaibai.org
Babesleak: Eusko Jaurlaritza, Gernika-Lumoko Udala eta Urdaibai Biosfera Erreserba.