Urdaibai Biosfera Erreserba » Ingurumena » Ekosistemak » Baso-ekosistemak » Hariztia » Harizti-lizardi mesofitikoak

Harizti horietan lizar mesofitikoak daude tarteka. Baso horiek limo hareatsuko edo limo buztintsuko lurzoru sakonak hartzen dituzte. Lurzoru horietan mantenugai mineral ugari dago; pH neutroa ematen diote mineral horiek lurzoruari, zertxobait basikoa eta zertxobait azidoa (neutro-basofiloa eta neutro-azidofiloa). Ur gabezia ere ez da ohikoa lurzoru horietan, inoiz denboraldi batean nolabaiteko hidromorfia gerta badaiteke ere (tenporihigrofilo izaera). Maldari dagokionez, mendi-magaletan eta ibarren behe-aldeetan hazten da baso hori, lurra lauagoa den lekuetan eta azidotasun-baldintzak eta mantenugaien eskasia arinagoak diren inguruetan. Nolanahi ere, substratu geologikoa onuragarria bada (kareharria edo tuparria) malda handiagoko lurzoruetan ere agertzen dira baso horiek. Laburbilduz, harizti-lizardi horiek lurraldeko lurzoru onenetan egoten dira, hots, sakonak, mantenugai oparokoak, ehundura egokikoak eta ura gordetzeko ahalmen handikoak direnetan, baina hauetan gertatzen diren hidromorfia-fenomenoak ez dira habitat lehorrenetakoak eta hezeenetakoak bezain nabarmenak. Lehorrenaren eta hezeenaren artean egote horrek adierazten du mesofitiko izenaren arrazoia (zerbaiten erdian esan nahi du meso-k).

Urdaibaiko harizti-lizardi handienak eta hobeto kontserbatutakoenak ondoko lekutan daude: Askari mendi-hegaletakoak, Oka errekako ur-jauzietakoak (Muxika); Elexalde auzoan (Arratzu), Golako errekaren sorburukoak, Albiz auzotik gertu (Mendata); Bermeoko Madari, Etxebarreka eta Berdentxako erreken troketakoak, itsasoaren hurbiltasunak eraginda; bat Atxarreko artadikoa, beste bat Burritxaganeko artadiaren barnean, Iruskietako dolinaren hondoan eta hirugarrena Arbolizen, hirurak Ibarrangelun; Ereñozarko artadian Oma eta Basondo haranetan (Kortezubi), eta Foruko Atxakoa Foruan eta Muruetan.

Atxarreko artadiaren barnean
Atxarreko artadiaren barnean, Gautegiz
Arteaga eta Ibarrangelu artean, harizti-
lizardiaren basoxkak ikus daitezke.

Polysticho setiferi-Fraxinetum excelsioris asoziazioari dagozkion basoak dira.

Trinkoa eta nahaspilatsua izateaz gain, baso-mota hori da dibertsitate handiena duenetako bat; baso horretan dago landare baskular espezie gehien, azalera unitateko. Bi bereizgarri horiek, trinkotasunak eta dibertsitateak, zerikusia dute baso horien lurzoruen emankortasunarekin. Aldeko baldintzetan garatzen dira baso horiek, eta horrek fitomasa oparoa eta espezie-dibertsitatea izatea eragiten du. Dibertsitate hori da, hain zuzen, baso horien bereizgarria; izan ere, gure geografia-eremuko basoko espezie ia guztiak bizi dira bertan. Ez pagadietan izan ohi den hotzak, ez artadietako idortasun edafikoak, ez haltzadietako lurzoruan ohikoak diren putzuak, ez substratu azidoetako mantenugaien urritasunak, ez dute mugatzen zenbait espezieren presentzia. Aipatutako baldintza horiei estu-estu loturiko landareak baino ez dira falta harizti mesofitikoan, baina orotarikoak eta eskakizun handikoak direnen artetik gehienak daude. Baso mota horretako flora EAEko baso-moten artean aberatsenetakoa da, bai zuhaitz eta zuhaixketan bai belarkaretan.

Basoa heldua denean, zuhaitzen estalduran gain hartzen duen espeziea haritz arrunta edo kanduduna (Quercus robur) da. Ondoan, oso sarri, ondoko beste zuhaitz-espezie hauek ere izaten dira: lizarra (Fraxinus excelsior), astigarrak (Acer campestre eta A. pseudoplatanus) eta ezkia (Tilia platyphyllos). Astigarrek zein lizarrek baso-aurrekoaren edo bigarren mailako basoaren lana egiten dute espezie horiek. Aldaketa arinen bat dagoenean –basoan soilgune bat, adibidez– edo heldutasunera iritsi aurreko egoera bat gertatzen denean –baso-orbanean bazterreko edo ertzeko posizio bat, bide batekiko gertutasuna eta abar, esaterako– bigarren mailako baso horrek ordeztu egiten du haritzen estaldura.

Bigarren geruzan tamaina txikiagoko zuhaitzez osatuta egoten da, gehien bat arestian aipatutako zuhaitz gazteak, eta horiekin batera ondoko espezie hauek: hurritza (Corylus avellana), gorostia (Ilex aquifolium), gereziondo basatia (Prunus avium) eta astigar arrunta (Acer campestre) espezieak. Altuera txikiagoko inguruetan, artadi kantauriarrak ere badiren lekuetan, ohikoak izaten dira ereinotza (Laurus nobilis) eta arkakaratsa (Rosa sempervirens). Zuhaixkak ugariak izaten dira, eta sasitza trinkoa osatzen dute, igarotzeko oso zaila. Hauek dira espezieetako batzuk: zuhandorra (Cornus sanguinea), elorri zuria (Crataegus monogyna), basaerramua (Euonymus europaeus), elorri beltza (Prunus spinosa), Rosa canina, sasia (Rubus ulmifolius) eta erratza (Ruscus aculeatus). Igokarien eta liana-itxurakoen espezieak ere aipatu behar dira. Huntza (Hedera helix) zuhaitz askoren enborretik gora hazi egiten da eta zuhaitzen muturrean edo azpian zabaldu egiten dira. Geruza honetan ez dira falta ahuntz-hostoa (Lonicera periclymenum), apomahatsa (Tamus communis), eta, altitude txikiagoko inguruetan, endalaharra (Smilax aspera) ere ager daiteke. Epifitoen artean, berriz, haritz-iratzea (Polypodium vulgare) eta mihura (Viscum album) dira ugarienak.

Harizti-lizardi mesofitikoa Oka auzoan
Klima atlantikoaren gozotasunak iratze-
espezie ugariren presentzia ahalbidetzen du.
Horietariko bat San Joan iratzea (Osmunda
regalis) da, berorren frondeak udazkenean
sarturik arre koloreko bilakatzen direlarik.

Iratzeak ere ugariak dira. Zenbait espezie, Stegnogramma pozoi edo Woodwardia radicans esaterako, tropikotik gertu dauden eremuetatik etorritakoak dira. Woodwardia radicans espeziea, makaronesikoa da eta 2,5 m arteko oso fronde handiak ditu. Urdaibain, erreken troketan bakarrik hazten dira. Aurrekoekin batera arruntagoak ondokoak dira: Lastrea limbosperma, iratze arra (Dryopteris filix-mas), iratze emea (Athyrium filix-femina), orein-mihia (Phyllitis scolopendrium), haritz-iratzea (Polypodium vulgare), Dryopteris dilatata eta San Joan iratzea (Osmunda regalis).

Belarren geruza oso zabala eta anitza da. Fronde handiak errosetan jarrita dituzten zenbait iratzez, gramíneos eta hosto zabaleko beste landarez osatuta dago. Bulboak dituzte landareak ere agertzen dira. Belarren atal hau zabalena da: Anemone hepatica, Ajuga reptans, Arum italicum, Athyrium filix-femina, Brachypodium sylvaticum, Carex sylvatica, Circaea lutetiana, Dryopteris borreri, Euphorbia amygdaloides, E. dulcis, Helleborus viridis subsp. occidentalis, Hypericum androsaemum, Lamium galeobdolon, Lysimachia nemorum, Melica uniflora, Mercurialis perennis, Oxalis acetosella, Polystichum setiferum, Potentilla sterilis, Pulmonaria longifolia, Ranunculus tuberosus, Stachys officinalis, Stellaria holostea, Symphytum tuberosum, Veronica chamaedrys, V. montana eta abar.

Amanita phalloides makromizetoa
Amanita phalloides
makromizetoa erraz aurki
daiteke baso hauetan.
(Ibarrangeluko 2012ko
erakusketa mikologikoan
ateratako argazkia).

Baina Urdaibaiko baso gehienetako zuhaitz-espezieak, Eskualde Epel osokoak oro har, ektomikorrizak sortzen dituzten onddoekin lotzen dira. Halakoetan, tartean diren espezie fungikoek, sarri, gorputz fruitu-emaile epigeoak eta begi-bistakoak eratzen dituzte. Hori dela eta, ezagunagoak dira. Talde horren barruan Basidiomizeto asko eta Askomizeto batzuk daude; batzuetan oso ezagunak dira gastronomian interes handikoak direlako. Urdaibaiko hostoerorkorren basoetan, honako espezieak azpimarragarri dituen flora fungikoa ageri da: Amanita rubescens, Amanita phalloides, Boletus erythropus, Cantharellus pallens, Russula aurea, Russula cyanoxantha, Russula vesca, Russula virescens eta Tricholoma sulphureum, besteak beste. Horiek guztiak espezie ektomikorrizikoak dira. Batzuk jangarriak dira, hala nola C. pallens eta R. virescens; eta beste batzuk, toxikoak; A. phalloides, esaterako. Hariztietan, espezie ektomikorrizikoez gain, espezie saprobioen segizio fungikoa ere ager daiteke (Agaricus impudicus, Clitocybe nebularuis, Xylaria hypoxylon, etab.), bai eta espezie parasitoena ere (Armillaria mellea). Nabarmentzekoa da gaur egun, nahiz eta Urdaibaiko hariztia hedaduraz oso txikia izan eta oso zatikatuta egon, 462 makromizete espezie bildu direla. Horrek erakusten du zein garrantzitsua den gune horiek babestea.

Laharrak edo sasitzak harizti mesofitikoaren berezko muga edo ertza osatzen du. Sasiz eta elorriz osatutako sasitzak edo laharrak harizti mesofitikoaren, muga edo berezko ertza osatzen du. Bertan, sasiak (batez ere Rubus ulmifolius espeziekoak), arkakaratsak (Rosa sp.), elorri zuriak (Crataegus monogyna) eta elorri beltza (Prunus spinosa) nagusi dira. Harizti mesofitikoren baso bat ebaki eta berehala inbaditzen dute lurzorua lahardiek. Gure begien aurreko paisaia gizatiar honetan, sasitza horiek lerroz lerro antolatzen dira sarri, eta bideak, errepideak eta zidorrak inguratzen dituzte, edo jabegoak banatzen dituzte hesi bizien antzera. Gizakiak landazabalaren betiko paisaia moldatu duelako gertatzen da hori; izan ere, onibarrak bereizteko eta igarobideak inguratzeko gordetzen zuen gizakiak landaredi hori. Laharrek bat-bateko banaketa sortzen zuten, oso eraginkorra gainera, babes handia ematen zutelako (arantzak, altuera) eta osagai bizia zelako (ezin zen mugitu). Sasitza horietan, baso bihurtzeko berezko garapenean, bestelako espezie batzuk agertzen hasten dira: hurritzak (Corylus avellana), lizarrak (Fraxinus excelsior), astigarrak (Acer campestre), bai eta haritzak (Q. robur) ere. Hala, bigarren mailako baso (heskaia eta zuhaitzak) bihurtzeko prozesuan sartzen da sasitza. Prozesu hori zorrotz kontrolatu du gizakiak egurra lortzeko; erregai gisa edo hesolak eta makilak egiteko erabili izan du egurra. Sasi-hesia balio handiko elementua da ekologia eta paisaia aldetik; merezi du, beraz, gordetzeko ahalegina egitea.

Sasiz
Sasiz (Rubus sp.), elorri zuriz (Crataegus
monogyna), arkakaratsaz (Rosa sp.) eta
elorri beltzez (Prunus spinosa) osatutako
sastrakadia.

Sasitzak eta elordiak desegindakoan lurzoruaren azidifikazioa gertatzen bada txilardi-otadi-garodiak agertuko dira, baina kareharria azaltzen bada txilardiaurreak (edo arestian aipatutako landa-multzoaren eta orain aipatutakoaren artekoa) izango dira. Sastraka baxuak degradatuz (mozten direlako edo behin eta berriro erretzen direlako) Brachypodium pinnatum subsp. rupestre gramineoz osatutako albitz-belardira igarotzen da. Zainketa egokiak emanez gero ebakitzeko zelai ederrak bihur daitezke.

Baso honetako sasitza guztietan endomikorrizak sortzen dituzten onddoak Glomales ordenekoak dira, eta nonahi ikus daitezke. Nolanahi ere, landare-formazio horien artean badira onddo handi saprobioak eta heliofiloak: besteak beste, Agaricus campestris, Clavaria zollingeri, Clavulinopsis helvola, Hygrocybe nitrata, Hygrocybe ovina, Hygrocybe pratensis, Lepista caespitosa, Marasmius oreades eta Tremellodendropsis tuberosa, besteak beste.

Urdaibaiko hariztietan bizi diren zenbait animalia-espeziek landazabalean, gizakiaren ondoan, aurkitu dute bizitokia, larre, txaraka-hesi, bihitegi edota erreka-bazterretan habiak eta gordelekuak eginaz. Zenbait hegaztik, hala nola sasi-txori arrunta (Hippolais polyglotta), zozo arrunta (Turdus merula), txantxangorria (Erithacus rubercula) edo azeria (Vulpes vulpes) eta erbinudea (Mustela nivalis) bezalako ugaztunak basoaren inguruetan edo ekotonoetan gusturago bizi dira, bertan jaki eta aterpe-mota desberdinak baitituzte aukeragai. Horrela azeriak udazken partean sasitzen edo elorri beltzaren fruituak jaten ditu, eta neguan bere lurraldearen inguruan padurarik egotekotan bertara hurbiltzen da karramarroak, neguko hegazti txikiak, bai eta arrainak ere harrapatzeko asmotan. Txinbo kaskabeltza (Sylvia atricapilla), txio arrunta (Phylloscopus collybita), euli-txori grisa (Muscicapa striata), gailupa (Pyrrula pyrrhula), txonta arrunta (Fingilla coelebs), kukua (Cuculus canorus), amilotx urdina (Parus caeruleus), kaskabeltz handia (Parus major) edo birigarro arrunta (Turdus merula) dira espezie ugarienak. Baina leku oroko espezie horiekin batera, Urdaibaiko baso hosto erorkorreko beste espezie tipikoek nolabaiteko heldutasuna eta konplexutasuna duten baso-multzoak behar dituzte era egonkor batez irauteko. Horixe bera gertatzen da okil berde (Picus viridis), okil handi (Dendrocopos major) eta okil txiki (Dendrocopos minor) okilekin, urubia (Strix aluco) bezalako gaueko harrapariekin edo zapelatza (Buteo buteo) bezalako egun argiko harrapariekin, bai eta baso hauetako ohiko habigileak diren garraztarroa (Turdus viscivorus), baso-txinboa (Sylvia borin), kaskabeltz txikia (Parus palustris), gerri-txori arrunta (Certhia brachydactyla), eskinosoa (Garrulus glandarius), erregetxo bekainzuria (Regulus ignicapillus), kaskabeltz handia (Parus major), buztanluzea (Aegithalos caudatus) eta oilagorrarekin (Scolopax rusticola).

Eskulapioren sugea da basoetako eta landazabaletako sugerik ugariena
Eskulapioren sugea da basoetako eta
landazabaletako sugerik ugariena.
Mikrougaztunen populazioen kontrolatzaile
bizkorra. Bestetik, gizakiaren bidegabeko
erasoak jasan behar izaten ditu.

Katagorria (Sciurus vulgaris), lursagu gorria (Clethrionomys glareolus), azkonarra (Meles meles), lepazuria (Martes foina), basakatua (Felis silvestris catus), askotan espezie basati moduan aritzen baita, Millet satitsua (S. coronatus), ur-satitsu hankazuria (Neomys fodiens) eta katajineta (Genetta genetta), besteak beste. Anfibioen artean, arrabioa (Salamandra salamandra) da garrantzizkoena, toki altuagoko eremuak gustokoen dituen arren. Apo arrunta (Bufo bufo) eta txantxiku arrunta (Alytes obstetricans) ere bizi dira baso-inguruetan; eta errekaren batek basoa zeharkatzen baldin badu, han ageri dira uhandre marmolaria (Triturus marmoratus) eta palmatua (Lissotriton helveticus), eta ur-igela (Rana perezi). Narrastien artean azpimarratzekoak dira: zirauna (Anguilis fragilis), suge gorbataduna (Natrix natrix) eta Eskulapioren sugea (Zamenis longissimus) eta inguru edo gune eguzkitsuenetan, horma-sugandila (Podarcis muralis), kantaurialdeko suge-gorria (Vipera seoanei) eta musker berdea (Lacerta bilineata).

Hariztiko fauna-aniztasun izugarria ornogabeen ugaltzea du oinarritzat. Moluskuen artean, ugariak dira Cepaea nemoralis bezalako marraskiloak, birigarroen eta zozoen jaki preziatuena, horiek trebetasun handiz harriaren gainean oskola apurtzen dutelarik. Era berean, Arion ater bezalako bareak ere ugariak dira. Horien tegumentu gizena hegaztientzat ez da batere gozagarri, baina azkonarra bezalako ugaztunentzat elikagai osagarri ezinhobea da. Zenbait lur-zizare espeziek oso eginkizun garrantzitsua dute hariztiko humus aberats hori ekoizten, eta satitsuek, sugandilek eta birigarroek jaten dituzte beroiek. Oso deigarria da baso hauetan bizi diren artropodoen aniztasun izugarria, lukanidoen familiako arkanbele (Lucanus cervus) eta Cerambyx cerdo zeranbizidoaren kopuru handiak bermatuz. Bi koleoptero espezie hauek xilofagoak dira, egurretaz elikatzen dira alegia, eta bertako hostogalkor basoei loturik agertzen dira. Hariztia (Quercus robur) izan beharko litzatekeen landaredi potentzialaren urritasunak markatzen du intsektu hauen kontserbazio-egoera desfaboragarria, egungo baso-ustiaketa ereduarekin areagotuz doana eta ondorioz irtenbide onik ez zaiona aurreikusten oraingoz.

Musker berdea
Musker berdea (Lacerta bilineata)
narrasti intsektujale arrunta eta
kaltegabekoa da, eta bere habitatean
orekako eginkizuna du. (Argazkia:
http://eu.wikipedia.org/wiki)

Azken urteotan koleoptero talde desberdinei buruzko ikerketak sustatu eta emendatu dira. Cerambycidae familiako ikerketa berri batek 46 espezie aipatzen ditu Urdaibai eta ingurutan, hain zuzen EAEn ezagun diren espezieen %35a, gehienak fauna eurosiberiarrari dagozkionak.

Artropodoen artean ematen den larba-ekoizpen handiari esker hegazti intsektujale guztiek jakia dute udaberrian, hala nola, kaskabeltzek, sasi-txoriek, txinboek eta txioek.

Urdaibaiko Galtzagorriak © 2017. Kontaktatu gurekin: galtzagorriak@urdaibai.org

Babesleak: Eusko Jaurlaritza, Gernika-Lumoko Udala eta Urdaibai Biosfera Erreserba.