Babesleku honen 220,3 km2-etan aurki daitekeen ingurumen-dibertsitatea handia da, bere orografia oso malkartsua baita. Kantauri Itsasoaren eraginpean dagoen kostaldea du, baina baita barne-alde menditsua ere. Eremu biak nahiko garatutako sare hidrografikoarekin lotuta daude. Aurreko guztiagatik landareen, onddoen, animalien eta abarren espezie ugari aurkitu ahal izango ditugu. Gainera, gizakiaren eragina lurralde osoan oso garrantzitsua da. Horrela bada, eremu txiki honetan ekosistema-aniztasun handia aurkituko dugu. Uraren aurkako noranzkoan egingo dugun bidaia honetan Urdaibaiko itsas azpian hasiko gara. Ondoren, lehorreko itsasertzeko ekosistemak (padurak, dunak eta itsaslabarrak) aztertuko ditugu. Ur gazia alde batera utzi eta haltzadiak landuko ditugu. Ingurumen lehorrean artadia eta bi harizti-motak ezagutuko ditugu. Gizakiarekin oso lotuta dauden landazabal atlantikoari eta baso-landaketei erreparatuko diegu eta, amaitzeko, erakunde desberdinetatik ekosistemak edo bere elementu naturalistikoak aintzat hartzeko Urdaibain aurrera eraman diren ekintzak aztertuko dira.
Espezien aniztasunari dagokionez Urdaibairen garrantziari erreparatzeko sarrera honen hasieran landareen, onddoen eta animalien dibertsitatea gainetik aztertuko dugu. Ondoren, babes-eremu honetan zer ekosistema-mota dauden landuko dugu eta, azkenik, atal honen antolaketa zein izango den azalduko da.
Landareen eta onddoen dibertsitatea
Bizi diren alga bentoniko itsastarren mota morfologiko ugariengatik aukera-aukerako lekua da Urdaibai. Munduan deskribatu diren 10.000 alga-espezietik 200 bat babesgune honetan daude.
Kantauri ekialdeko Erlaitzeko behe-lurren floraren eta landarediaren erakusgarri egokia da Urdaibaiko Biosferaren Erreserba. Hori dela eta, Euskal Autonomia Erkidegoko gainerako eremu babestuen sareko landare-edukien osagarria da Urdaibai, neurri handi batean. Gainerako eremu horiek ingurune menditsuetan daude gehienbat, eta hango landaredia nagusiki mendikoa da. Lurralde honetako flora eta landaredia nahiko maiz ikertu izan da XX. mendearen erdialdetik: Guinearen (1949) eta Navarroren (1982) Bizkaiko monografiak dira Urdaibaiko botanikari buruzko ezagutzaren oinarria. Gerora, izan dira beste ekarpen batzuk lan orokorragoetan (Loidi et al., 1997); hala, basoak, esaterako, Loidi et al. (2005) lanean aztertu dira. Florari buruzko oinarria Aseginolaza et al. (1984) egileen hiru probintzietako katalogoa da batez ere.
Biotopo-dibertsitate handia dago Urdaibain, kostaldea hor dagoelako, litologia aldetik dibertsitate handia dagoelako eta lurraren orografia malkartsuak altitude-diferentzia handiak eragiten dituelako –1.000 m ingurukoak–, horrek sortzen dituen klima-gradienteekin. Ondorioz, azalera eta inguru biogeografikoa aintzat hartuta, flora baskularra oso aberatsa da: landare baskularren 1.000 espezie eta azpi-espezietik gora daude Urdaibain, Euskal Autonomia Erkidegoan zerrendatutako espezien ia %30 berton ikus daitezke. Europako leku epeletan banatzen diren elementuak eta elementu atlantikoak dira nagusi, lurraldearen kokapenari dagokion gisa. Nolanahi ere, Mediterraneoko flora ere nabarmena da; batez ere, artadi kantauriarrari lotutako habitatetan. EAEko eta inguruetako beste espezie endemikoen artean, aipatzekoa da Cytisus commutatus lekaduna. Espezie horren populazio oparoak daude Biosferaren Erreserbaren barruan. Beste lurralde batzuetatik etorri eta Urdaibain basatu diren landareek edo landare aloktonoek osatzen dute beste talde garrantzitsua. Horietako batzuk inbaditzaile bihur daitezke; Baccharis halimifolia, adibidez, arazo handia bihurtu da Biosferaren Erreserbako basa-landaredia kudeatzeko. Azken urteotan, bestalde, azken espezi horren hedadura-azalera txikitzeko eta padurak berreskuratzeko saiakera desberdinak egiten ari dira.
Galtzeko arriskuan | Kaltebera | Kaltebera | Interes berezikoa |
---|---|---|---|
Matricaria maritima | Culcita macrocarpa Chamaesyce peplis Festuca vasconcensis Honckenya peploides Medicago marina Salicornia obscura Salicornia ramosissima Suaeda albescens Suaeda maritima Zoostera noltii |
Armeria euscadiensis Juncus acutus Lavatera arborea Olea europaea oleaster Salicornia dolichostachya Salicornia lutescens Sarcocornia perennis Sonchus maritimus |
Frankenia laevis Herniaria robusta Ilex aquifolium Narcissus bulbocodium Ophioglossum vulgatum Pinguicola lusitanica Taxus baccata Trichomanes speciosum Woodwardia radicans |
Taula: Mehatxupean dauden Espezien Euskal Katalogoan zerrendatutako 28 landare-espezie aurkitu dira Urdaibain.
1980ko hamarkadan, izaera orokorreko zenbait lanetan agertzen dira onddoei buruzko Urdaibaiko lehen aipamenak. Alde batetik, onddo likenizatuak edo likenak aipatzen dira Agirre (1985) eta Renobalesen (1987) lanetan, eta, bestetik, Agaricales eta Aphyllophorales aipatzen dira Telleria eta Navarro (1980) eta Muñoz Sánchez eta Aranda (1988) egileek egindako lanetan. Nolanahi ere, Urdaibaiko mikofloraren ezagutza nabarmen hobetu zen Picón (2002) eta Picón et al. (2004) egileen lanekin. Azken lan hori amaitzean, Urdaibaiko 767 onddo-espeziez osatutako katalogoa aurkeztu zen.
Lurralde batean zenbat onddo egon daitezkeen kalkulatzean, aldeak daude landare:onddo erlazioan, baina behetik jota, koziente ohikoena 1:4-5 da eskualde epeletarako. Ingurune tropikaletan, berriz, askoz handiagoa da. Balio horiek oinarri hartuta, eta Urdaibaiko flora baskularrean 1.000 espezie inguru aurkitu direla kontuan izanda, pentsa daiteke aberastasun fungikoa 4.000-5.000 espeziekoa dela. Dena den, onartu behar da onddoak oso talde heterogeneoa direla eta talde guztiak ez direla berdin ezagutzen. Makromizetoak -2 mm-koak baino karpoforo handiagoak dituzten espezieak- dira ezagunenak. Horien artean, Askomizetoak eta Basidiomizetoak ezagutzen dira hoberen.
Iberiar penintsulan, deskribatutako espezieen %45 Basidiomizetoa da, eta, horrenbestez, estrapolazioa eginda, Urdaibaiko lurraldean 1.500-1.800 espezieko aberastasuna egon daiteke. Gaur egun, Salcedo et al. (2006, argitaratu gabea) egileek egindako lanaren ondoren, 1.271 makromizeto-espezie ezagutzen dira Urdaibain.
Animalia-aniztasuna
Biosferaren Erreserba izendatu bezain laster egin ziren lehen ikerketek (1991) erakutsi zuten Urdaibaiko animalia-dibertsitatea esangarriki altua zela, behintzat ornodunen kasuan. Ondoren egindako lanek, eta bidean daudenak, argi utzi dute horrela dela ere beste animalia-talde batzuetan, Urdaibairen garrantzia eta kontserbazio-ekintza aproposak hartzeko beharra azpimarratuz. Izan ere gure erkidegoan kontserbazio-arazo larriak dituzten espezieak agertzen dira Biosferaren Erreserban, hala nola bisoi europarra (Mustela lutreola), ferrasaguzar mediterranearra (Rhinolophus euryale) edo aurkitu berri den eta maila europarrean babestuta dagoen Oxygastra curtisii burruntzia –duela gutxi aurkitutakoa Urdaibain eta Europa mailan babestuta dagoena-, besteak beste.
Aberastasun honek hainbat faktoreri erantzuten dio. Bere kokapen geografikoak, itsaso eta lur lehorraren arteko trantsizioan, bestelako aldagai geologiko, hidrografiko, orografiko eta botanikoen konbinaketarekin batera habitat-unitate eta txoko ekologiko aniztasuna apartekoa izatea ahalbidetzen dute. Faunari dagokion bestelako faktore erabakigarria gizakiaren eragin zuzena izan ohi da. Gizakiaren presentzia historiaurretik hona -lur-lanketaren lehen aztarnak lurralde honetan duela 6000 urtekoak dira- iraunkorra izan arren, Urdaibaik jasan duen antropizazio-maila ertaintzat jo genezake faunari begira eta beti ere inguruko beste eskualdeekiko erreferentzia mantenduz. Honi esker hainbat espeziek babesleku aproposa aurkitu dute bertan, adibide onena Oka ibaiak sortzen duen Mundakako itsasadarreko habitat urtarrena dugularik, bestelako lekuetan gainbera larria jasan duten habitatak baitira. Hala ere, erdiko mailakotzat hartu behar dugu giza eskuartze hori, kasuan kasu aldaketa larri eta sakonen erantzule izan baita. Esaterako inguruko mendietan egiten den baso-ustiaketa, ia soilik pinuzko eta eukaliptuzko landaketetan oinarritzen dena. Horren ondorioz bertako baso hostogalkor helduen gabezi nabarmena agertzen da eta hartatik habitat honi loturiko faunarena. Gizakiak bestalde landazabala bezalako paisaiaren agerpena bultzatu izanak beste hainbat espezieren mesedetan gertatu izan da.
Urdaibaiko ornodun kontinentaletara mugatzen bagara, 319 espezie aipatu dira, ugarienak hegaztiak direlarik 245 espezierekin, jarraian ugaztunak 41 espezierekin, 14 narrasti espezie, 9 anfibio eta 10 arrain. Ornogabeen fauna zabala zenbakitan jartzea eta zerrendatzea ezinezkoa da oraingoz. Nahiz eta ikerketa sakonak urriak izan, orain arte egin diren lanen kopurua esanguratsua dela iradokitzen dute, besteak beste, 46 espezie Cerambycidae familian, 34 espezie koleoptero koprofago, orain arte Bizkaiko lurralde osoan Urdaibain bakarrik aurkitu den Oreina alpestris espeziea...
Urdaibaiko Biosferaren Erreserban ornogabe dibertsitate eta kopuru altuko lekurik badago hori itsasondoan aurkituko dugu zalantza barik. Urdaibaiko kostan, ezagunago dugun gainazalean gertatzen den legez, aniztasun faunistikoak habitaten dibertsitate altuari erantzuten dio, haitzezko itsasondoetatik eremu hareatsuetara hedatzen dena, ur azpian aurki dezakegunaren adibide txiki bat aipatzearren besterik ez. Urdaibaiko kostaldean espezie bitxirik egon ez arren, bere fauna ez da gutxiesteko modukoa ikusiko dugun gisa.
Arestiko paragrafoetan ikus daitekeenez lurraren eta itsasoaren arteko muga muturreko eremua da beti; itsasoaren eraginak –gazitasunak, olatuek, haizeak, sedimentazio-erregimenak– habitat-mosaiko zabala sortzen du eremu horretan, eta horren ondorioz, habitat horietan oso flora eta fauna espezializatua bizi da. Horrela, eremu jakin batek berezko bizidunen komunitateak -landareak, animaliak, onddoak…- dituenean, eremu batek erregulatzeko berezko gaitasuna -tenperaturen erregulazioa, ur-ekarpenen erregulazioa…- eta eremu bat gizakiaren eraginik jasan gabe bere kabuz funtzionatzeko gai denean oso sistema dinamikoz, hau da, eboluzionatzen duen sistemaz hitz egiten ari gara. Oso kontzeptu garrantzitsua erabiltzen ari gara, ekosistema alegia. Eta honetan ere, Urdaibaik garrantzia du, berton aurki dezakegun ekosistema-dibertsitatea oso handia delako.
Ekosistemen aniztasuna
Urdaibain biltzen dira existitzen diren hiru kostalde motak: altua edo itsaslabarra; hareatsu-legartsu baxua (energia handikoa), hondartza eta duna-sistemak dituena bereizgarri; eta buztintsu-lohitsu baxua (energia gutxikoa), padurak dituena bereizgarri. Aipatutako hiruretatik txarren kontserbatutakoa duna-sistemena da eta, hala ere, Bizkaiko eta Gipuzkoako kostaldeko adibiderik onenetakoa da.
Mendi eta bailara konplexuek osatzen dute Urdaibaiko barneko lurraldea. Azken bost mendeetan zeharo aldatu da bertako paisaia. Urdaibai janzten zuten basoetariko gehienak moztu edo beranduago zuhaitz exotikoez landatu izan direneko sastrakadi zabalez ordezkatu izan dira. Gaur egun gune honetan aspaldiko basoen aztarnak ere ikus daitezke. Kareharrizko muinoen gainean zuhaitz hostozabal beti berdeak dira azpimagarrienak; bailaretan eta mendi hezeagoetan, berriz, harizti azidofiloen eta harizti-lizardi mesofitikoen unadak ikus daitezke, urtaro bakoitzean paisaiari kolore desberdinak ematen dizkiotenak.
Barneko lurraldea eta itsasbazterreko eremua garrantzi txikiagoko edo handiagoko ibai-kantitate ugariz osatuta dago. Kantauri Isurialde osoan gertatzen den legez, Urdaibaiko ibaiek oso ibilbide laburra egiten dute itsasoarekin bat egin arte. Golako, Mape, Artike eta Laga ibaiak izan ezik, beste ibai guztiak Oka ibaiaren ibaiadarrak dira eta, gainera, zenbaitek ura zuzen-zuzenean isurtzen dute Mundakako itsasadarrera. Ibai hauek ibaiertzeko basoekin, hots, haltzadiekin, babestuta daude. Oraindik orain zenbait unada interesgarri badaude.
Gizakiak lurralde honetan baso-soiltzeari ekiten zion bitartean, hark oso interesgarria eta produktiboa zen belardi, zuhaizti, sastrakadi eta baserrien mosaikoa gauzatu zuen. Egun landazabal atlantikoa -desagertzeko arrisku bizian dagoen ekosistema- eta baso-landaketa modernoak dira Biosferaren Erreserbaren egungo barneko paisaiaren zati, berde koloreko hamaika mota desberdinez osatua.
Antolaketa
Atal honen sarreran espezien aniztasunak garrantzi handia izan du. Halere, lehendabiziko lau azpiatalak ekosistemen arabera antolatuta daude. Lehenengo atalean Urdaibaiko kostaldeko itsaspeko mundua ezagutuko dugu. Bigarrenarekin itsasoa eta lur lehorra lotuko ditugu. Hirugarrena eta laugarrena ingurumen lehortarrari dagokio. Euretariko bakoitzean, bertan bizi diren zenbait bizidun aipatzeaz gain bizidunen arteko hartu-emanak eta bizidunen eta bizigabeen arteko harremanak ere landuko dira. Faktore abiotikoen, hots, bizigabeen arteko zenbait hartu-eman ere bildu dira.
Gizakiaren eragina eremu honetan horrenbestekoa izan da zenbait ekosistemen bizi-iraupena kinka larrian dagoela. Gainera, nekez aurki daitezke zuhaitz zaharrak. Horregatik, azken urteetan, administrazio eta erakunde desberdinetatik proiektu desberdinak, batzuk berriagoak besteak baino, aurrera eramaten ari dira Urdaibain, egoera iraultzeko asmoarekin. Horiek ezagutuz gero ingurumenarekiko beste era batean erlazionatzeko aukera izan dezakegu. Bosgarren atalean aurrekoa lantzen da.
Atal honen eskeletoa hiru argitalpenetatik jasotako informazioak osatzen du. Bata Urdaibaiko Kostaldeko Itsaspeko Mundua da eta, beste biak Urdaibai: Biosfera-Erreserba eta Urdaibaiko Gida Zientifikoa dira Hiru hauek eta beste zenbait bibliografian aipatuta daude.
Amaitzeko esan atal hau ondoko azpiataletan banandu da:
Urdaibaiko Galtzagorriak © 2017. Kontaktatu gurekin: galtzagorriak@urdaibai.org
Babesleak: Eusko Jaurlaritza, Gernika-Lumoko Udala eta Urdaibai Biosfera Erreserba.