XX. mendearen azken laurdenean dagozkien administrazioei lurralde hau egitura juridikoren bat erabiliz kontserbatzeko eta babesteko oso herri-mugimendu indartsua sortu zen.
1980. urtera aldera Eusko Jaurlaritzako Lurralde Politika, Garraio eta Turismo Sailak Aranzadi Zientzia Elkarteari Gernika-Mundaka itsasadarraren inguruan ikerketa ekologiko diziplinartekoa egiteko agintzen dio. 1984an ikerketa honen behin betiko memoria aurkeztu zen.
Estudio Ecológico de la Ría de Gernika-Mundaka (Gernika-Mundaka Itsasadarraren Ikerketa Ekologikoa) izenarekin aurkeztutako txosten honen 500 orrialdetatik ia 17tan ondorioak biltzen dira. Atal honetatik ondoko parragrafoa atera dugu: "La conservación de la naturaleza en el área Bermeo-Guernica-Múgica adquiere un matiz de interés, tanto desde el punto de vista del reconocimiento de los valores ecológicos como de la protección de los recursos ambientales (…)"
Horrela, 1984an Eusko Jaurlaritzak UNESCOri arestian aipatutako txostena aurkeztu zion eta espazio hau "Gizakia eta Biosfera" programan (MaB, "Man and Biosphere") barne hartzea eskatu zuen. Urte horren amaieran, Urdaibai Biosfera Erreserba izendatu zuten, sistema naturalak eta aniztasun biologikoa kontserbatzeko eta bertako baliabideen erabilera arrazionala zaintzeko helburu nagusiarekin. 1989ko uztailaren 6an, Eusko Legebiltzarrak Urdaibaiko Biosfera-Erreserbaren Babes eta Antolamenduari buruzko 5/1989 Legea onartu zuen. Honekin, espazio honetarako eta bertan garatutako jarduera guztietarako araubide berezia ezarri zuen.
1990ean, Urdaibaiko Biosferaren Erreserbarako Patronatua, autonomi gobernuaren adskribitutako kudeaketa-organoa eratu zen, estatu-, autonomi, foru eta toki-administrazio desberdinetako, hainbat talde eta elkartetako, Urdaibaiko zuzendari-artatzailea, eta UNESCOren "Gizakia eta Biosfera" programako ordezkariek osatuta. Aurrerago, Eusko Jaurlaritzako Hirigintza, Etxebizitza eta Ingurugiro Sailak Urdaibai Biosfera-Erreserbaren Erabilpenerako eta Kudeaketarako Egitamu Gidaria (EKEG) idatzi zuen araudia egituratu eta iharduketa-jarraibide orokorrak finkatzeko. Araudi hau 1993ko abuztuan onartu zen eta 2003an aldaketaren bat izan du.
Urdaibaiko Galtzagorriak © 2017. Kontaktatu gurekin: galtzagorriak@urdaibai.org
Babesleak: Eusko Jaurlaritza, Gernika-Lumoko Udala eta Urdaibai Biosfera Erreserba.