Lurgaia Fundazioa (lehen, Urdaibai Fundazioa) 2002an sortutako irabazi-asmorik gabeko erakunde pribatua da, eta EAEko natur-ondarearen kontserbazioa eta kudeaketa ditu xede. Biodibertsitatearen kontserbazioa eta ingurune naturalaren kudeaketa dira Lurgaia Fundazioaren jardueren ardatzak.
Hiru programa dituzte martxan: Quercus Programa, Aqua Programa eta Biodibertsitate Programa.
Quercus Programaren bidez baso autoktonoak babestu eta berreskuratu nahi dituzte. Programa honen oso esperientzia politak Bermeon, Busturian, Muxikan, Ibarrangelun… egiten ari dira.
Bigarrena Aqua Programa da. Hezeguneak (padurak, ibaiak, urmaelak, idoiak…) ingurune oso ahulak dira, eta zuzenean eragiten diete azalera-murrizketak (lehorketak) zein kondizio naturalen aldaketak (uren kutsadura, bideratze-lanek…).
Gune degradatuak lehengoratuz, ingurune palustre berriak sortuz eta lehendik daudenak zainduz euskal hezeguneen egoera hobetzeko diseinatu zen programa hau. Busturialderako, momentuz, hiru proiektu dituzte. Bata, Barrutiabasoko proiektua. Gernikako itsasadarra kanalizatzeko eta trenbidea eraikitzeko XX. mendearen hasieran itxitako eta aldatutako meandro baten ibai-dinamika eta marearteko dinamika ahal den neurrian lehengoratzea du helburu. Bigarrena, Atxaga proiektua, Urdaibaiko Biosferaren Erreserbako paduren 6 ha-ko sailean, bitarteko mekanikoen bidez, Baccharis halimifolia espezie inbaditzaile hori ezabatu eta gero berriro ugaltzea oztopatzeko, lursaila urez bete nahi da. Hirugarrena, Amunategi proiektua, Amunategi errekastoaren arroa berreskuratzea da.
Hirugarrena, Biodibertsitate Programa. Honen helburua espezie mehatxatuen edo ahulenen egoera hobetzean laguntzea da. Horretarako, espezie-aberastasunari, -banaketari eta –ekologiari buruzko azterketak egiten dira, eta populazioak sendotzeko eta lurraldea kudeatzeko proiektuak gauzatzen dira, fauna eta flora zaintzeko asmoarekin. Honen barnean, Busturialdean hiru proiektu jarri dituzte martxan orain arte. Bata, Ciconia proiektua. Bizkaiko amiamoko zuriaren (Ciconia ciconia) populazioa sendotu eta espeziea Urdaibai Biosferaren Erreserban berriro sartzeko proiektu hau 2003an jarri zuten abian. Bigarrena, Mikroerreserbak proiektua. Flora mehatxatuaren mikroerreserbak sortzeko proiektuari ekin zioten 2006an. Arratzun badute zohikaztegi txiki bat babestuta. Hirugarrena, Izaro proiektua, 2008an egindakoa. Bermeoko Izaro Uharteko landare-estalkia berreskuratzeko proiektua martxan jarri zuten Bermeoko Udalarekin uharte horretako bi espezie mehatxatu hauen egoera hobetzeko: lertxuntxo txikia (Egretta garzetta) eta zuhaitz-malba (Lavatera arborea).
Lurgaia Fundazioaren inguruan informazio gehiago aurkituko duzue www.lurgaia.org web-orrialdean. Eurekin harremanetan jartzeko 944052186, 656 70 34 96 eta 606 14 18 37 telefono-zenbakiak erabil ditzakezue edota bestela info@lurgaia.org korreo elektronikoaren helbidea.
Urdaibaiko Galtzagorriak © 2017. Kontaktatu gurekin: galtzagorriak@urdaibai.org
Babesleak: Eusko Jaurlaritza, Gernika-Lumoko Udala eta Urdaibai Biosfera Erreserba.