1990 aldera hondartzak egoera kezkagarria zuen; itsasgoran, azaleraren %50 galtzen zuen, eta E.A.E. osoan oso urria den dunetako habitata desagertuta zegoen. Egoera horri aurre egiteko sortu zen Laidako dunak birsortzeko proiektua.
Laidako dunak birsortzeko proiektua 1999an hasi zen, esperimentu pilotutik abiatuta. Horren bidez, hondartzan harea nola jaso eta metatzen zen jakin nahi zen. Emaitza ona izan zen, eta berretsi zuen hondartzak har zezakeela Laidako hondartza egonkortzeko eta sendotzeko gai zen duna-sistema handi bat. Esperimentua bilakatuz zihoan heinean, ikerketa-proiektu sakona egin zuten Urdaibaiko Biosferaren Erreserbako Patronatuak eta Euskal Herriko Unibertsitateak. Azterlan horretan hainbat datu jaso zituzten: haizearen dinamika, inguruaren ingurune-ezaugarriak, harea-metaketen bilakaera eta harearen analisia, besteak beste.
Datu guztiak jaso ondoren, duna-sistema osorik birsortzeko proiektua idatzi zen, Laidako hondartza osoa sendotzeko helburuarekin. Harea metatzeko gune egokiak ezarri ziren, erliebea naturala izan zedin. Horren bidez, hondartzaren erabilerak eta ingurumen birsorkuntza bateragarri egingo ziren.
2001eko urrian, harea-jasogailuak instalatu zituzten lehen aldiz. Ilaratan jarritako sahats-adar lehorrez osatuta zeuden jasogailuak. Hori egin ostean, eremu osoaren perimetroa itxi zuten, berreskuratzen ari zen eremura inor sartu ez zedin. Haizeak hondartzaren alderdi batetik bestera eramaten du harea, eta jasogailuek oztopatu egiten dute mugimendu hori. Hareak jasogailuekin topo egiten duenean, talka egiten du, eta haien oinetan metatzen da. Prozesu hori errepikatuz doan heinean, harea-bolumenak gora egiten du, eta, beraz, dunaren garaiera handitu egiten da pixkanaka-pixkanaka. Horrenbestez, azkartu egiten da dunak birsortzeko prozesu naturala.
Harea fin nahikoa zuen bolumen finkoa lortu zenean, harea kaptatuko zuten espezieak landatu zituzten. Dunako 600.000 landare baino gehiago jarri dituzte orain arte egindako kanpainetan. Hona hemen landareak: harenondokoa (Ammophila arenaria) eta itsas askia (Elymus farctus). Harea-jasogailu naturalak dira dunetan. Dunaren lehen oztopoa, hasierako duna izenez ere ezagutzen dena, osatzen dute. Iparraldeko dunak 12.200 m3 harea bildu zuen proiektuaren lehen hiru urteetan. Landare horiek harea hartzeko gaitasun handia dute, baita lehenengo duna-oztopoak sendotzeko ere, sustrai luze eta sakonak baitituzte. Sustrai horiek lur azpiko sare zabala osatzen dute, eta dunaren egiturari eusten diote. Landare horiek gehiago garatu eta hazten dira harea azpian harea gainean baino.
Landareak jarri ondoren, naturak duna-sistema birsortzeko duen berezko erritmoan jarrai dezan uzten da. Une horretatik aurrera, prozesua monitorizatzeko bakarrik esku hartuko du gizakiak, eta duna modu erabat naturalean osatuko da. Prozesu naturalak azkarragoak izan daitezen lagundu besterik ez du egiten gizakiak; hortaz, duna-sistemari unerik kritikoenean laguntzen dio: hasieran. Aldi berean, informatzeko eta ingurumenaren aldetik hezteko lanak egin ziren; informaziorako hainbat material didaktiko sortu zen eta monitore espezializatuek informazio- eta dibulgazio-lanak egin zituzten dunetan bertan. Proiektua egin zen aldian (2004-2007), 12.000 pertsonak bisitatu zuten erakusketa.
Egindako azterketei esker, informazio zehatza dugu Laidako hondartzan nagusi den haize-motari buruz, hareatzaren karakterizazio sedimentarioari buruz eta Urdaibaiko estuarioaren dinamikari buruz. Berez, hori tresna garrantzitsua da eremu natural horiek ondo kudeatzeko. Esperientzia hori aitzindaria da Euskal Herrian, eta ezagutza zehatzak ematen ditu Laidako hondartzaren pareko ezaugarriak dituzten eremuetan antzeko proiektuak garatzeko.
Proiektua egiten ari zen bitartean, ingurumen-hezkuntza emateko kanpaina sakona egin zen, eta, horri esker, itsasertzeko ekosistemen balioa eta Natura 2000 Sarea ezagutu dituzte herriko biztanleek eta kanpotik etorritakoek.
Laidako dunak birsortzeko proiektuari esker, erabilera publikorako leku gehiago dago hondartzan, itsasgora dagoenean batez ere, aurreko urteetan ez bezala.
Garrantzi ekologiko bereziko ekosistema sendotu du dunak birsortzeko proiektuak, eta oinarriak ezarri ditu hurrengo urteetan pixkanakako berreskuratze biologikoa izan dadin.
Berreskuratze biologikoak emaitza ezin hobeak izan ditu, babeserako perimetro-hesiaren laguntzaz. Horren ondorioz, oso azkar birsortu dira landareak. Harenondokoak eta itsas askiak ingurune fisikoa sortzeko duten gaitasunean oinarritu zen landareen birsorkuntza lehenengo bi urteetan. Dena dela, 2005. eta 2006. urteetan biodibertsitateak izugarri egin du gora; taxonen kopurua asko hazi da, baita haien berezitasuna ere.
Laidako dunen birsortze-proiektua Europa Batasuneko LIFE-Natura finantzaketa-tresnaren laguntzaz egin da.
Urdaibaiko Galtzagorriak © 2017. Kontaktatu gurekin: galtzagorriak@urdaibai.org
Babesleak: Eusko Jaurlaritza, Gernika-Lumoko Udala eta Urdaibai Biosfera Erreserba.