Urdaibaiko Galtzagorriak, ikuspuntu naturalistikoan oinarrituta, bi ibilbide autogidatu garatu ditu. Bata, ondare geologikoa deskubritzeko eta, bestea, padura eta hareatza deskubritzeko.
Bigarrenarekin arituko gara, Urdaibaiko ekosistemen bloke handi honekin lotuta dagoelako.
2001. urtean garatutako ibilbide autogidatu hau Busturiko San Kristobaleko hareatzan egin zen, batez ere irizpide naturalistikoetan –HBBE (Hegaztientzako Babes Bereziko Eremua) eremua, KBE (Kontserbazio Bereziko Eremua) eremua, Urdaibairen Kontserbaziorako eta Babeserako 5/1989ko Legearen arabera Babes Bereziko Eremua eta Ramsareko Hitzarmenean (hezeguneak babesteko nazioarteko akordiorik garrantzitsuena) sartuta egoteagatik-, paisajistikoetan (bertatik padura zabala, hareatza artifiziala, artadi kantauriarra, landazabal atlantikoa… ikus daiteke- eta irisgarritasunean –hareatza honen ondoan Bilbao-Bermeo trenbidearen geltokia dago- oinarrituta. Busturiko San Kristobaleko paduren zeharreko ibilbide ekologiko autogidatu honen helburua Urdaibaiko paduren ingurua ezagutaraztea da.
Ibilbide honen puntutariko baten lehendabiziko hegaztien behatokia eraiki zen bi aldiz. 2001. urtean boluntario-talde batek Urdaibai osoko lehendabiziko hegazti-behatokia eraiki zuen. Madalenetan, uztailaren 14aren inguruan, erre egin zen. Salaketa jarri genuen baino inoiz ez zen argitu nola erre zen, ez eta nor izan zen horren arduraduna ere. 2002. urtean, aurrekoa hobetuz, aurrekoaren leku berean beste bat eraiki genuen. Gaur egun, honekin batera, beste hegazti-behatoki gehiago daude.
Behatoki eta ibilbide honen eraikuntza egiteko Harri ta Lur Baserrilan S.L-ren laguntasun teknikoa izan genuen. Era berean, Maier Sdad. Coop.-ak, Eusko Jaurlaritzak eta Busturiko Udalak diruz lagundu zuten. Proiektuan parte hartutako boluntario-taldeak egindako lana eskertu beharra dago.
Hegaztien behatokien barnean hauen gaineko informazio-panela jarri genuen.
2001. urtean landare inbaditzaileen arazoaren inguruan sentsibilizazio-kanpaina martxan jarri genuen. Busturiko San Kristobaleko hareatzan, ibilbide autogidatuaren aldamenean, egin zen. Sartutako landare exotikoek lurraldearen zati handia hartuta zutela eta biztanleria osoaren arreta deitu nahi genuen. Baccharis halimifoliaren eta panpa-lezkaren (Cortaderia selloana) kontra aritu ginen. Bestalde, 2003an, Urdaibai Biosfera-Erreserbako landare arrotz inbaditzaileak ezagutu eta kontrolatzeko eskuliburua deituriko eskuliburua publikatu genuen. Eskuliburu honen helburuak landare inbaditzaileek sorrarazten dituzten eraginak ulertzea eta baloratzea zen. Halaber, landare horiek ondare naturalaren aurrean mehatxua direla agerian utzi nahi zen. Landare inbaditzaileek bertoko landaredia baztertu egiten baitute ondare naturala desagertarazi arte.
Urdaibaiko Galtzagorriak © 2017. Kontaktatu gurekin: galtzagorriak@urdaibai.org
Babesleak: Eusko Jaurlaritza, Gernika-Lumoko Udala eta Urdaibai Biosfera Erreserba.